Edukira joan

Ituriko gatazka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ituriko gatazka
Irudi
Motagatazka armatu
Honen parte daKongoko Bigarren Gerra
Denbora-tarte1999 - 2003
Data1999
KokalekuIturi
HerrialdeaKongoko Errepublika Demokratikoa
FRPI miliziako soldaduak eta NBEren MONUSCO misiokoak, elkarrizketa batzuen markoan

Ituriko gatazka (frantsesez: Guerre d'Ituri) gisa izendatzen da Kongoko Errepublika Demokratikoko (hemendik aurrera, KED) ipar-ekialdeko Ituri probintzian lendu nekazari eta hema abeltzain talde etnikoen artean dagoen gatazka. Aldeak alde, Ruandan edo Burundin hutu nekazari eta tutsi abeltzainen artekoaren antzekoa. Kasu honetan, KEDen barruan Ugandak izan duen esku hartzeari lotua [1], beste interes geopolitiko eta ekonomikoak beste[2].

Ituritik hegoaldera ematen den Kivuko gatazka paraleloarekin ere lotuta dago [3]. Intentsitate baxuko gatazka gisa aipatua izan arren, hamarkadetan luzatu da, adar ugaritan hedatuta, eta jazoera eta ondorio larriez.

Lendu-hema gatazka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ituri probintzia, Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) ipar-ekialdean, Ugandako mugan

Lendu  eta hema taldeen arteko tentsio etnikoa garai kolonialean sakondu zen, eskualdea Kongo Belgikarraren parte zenean. Belgikako administratzaile kolonialek hema abeltzainen alde egin zuten bai hezkuntzan, bai administrazioan, eta horrek desberdintasunak areagotu zituen bi taldeen artean. Gaur egun arte jarraitu dutenak. Historikoki, bi komunitateek hainbat alderdi kultural partekatu izan dituzte, ezkontza mistoak egoten ziren, eta tirabirak instituzio lokalen bidez konpontzen zituzten.

Hema eta Lenduek lurraren inguruko kexak dituzte aspalditik, eta KEDek independentzia lortu eta hurrengo hiru hamarkadetan hiru aldiz piztu zen gatazka: 1972, 1985 eta 1996an. Interes ezberdinen talkaren parte bat 1973ko lurzoruaren erabilerari buruzko legearen inguruan datza. Lege hark jendeari bizi ez diren lurrak erosteko aukera ematen zien, eta bi urtez jabetza zalantzan jartzen ez bazen, jendea beren lurretatik kanporatzekoa. Hema aberats batzuek lege hura erabili zuten jende lendua kanporatzeko, eta horrek gero eta herra handiagoa sortu zuen.

Ituriko gatazkaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lendu eta hema talde etnikoek 1972tik borroka aldiak izan dituzten arren, "Ituriko gatazka" deituak 1999 eta 2003 arteko indarkeria handiko aldiari egiten dio erreferentzia, batez ere, baina gatazka armatuak gaur egun arte jarraitzen du. Neurri handi batean Kongoko Bigarren Gerran piztu zen, eta horrek kontzientzia etnikoa areagotu egin zuen, arma txikien hornidura handia, eta hainbat talde armatuen sorrera.

Gerra hartako testuinguruan, RDC (Rassemblement congolais pour la démocratie) koalizioa bitan banandu zen; batetik, Ugandaren aldeko RDC-Kisangani (RDC-K), eta bestetik, Ruandaren aldeko RDC-Goma (RDC-G). James Kazini, Ugandako armadako (Uganda People's Defense Force, UPDF) komandanteak, RDC-K barnean egon ziren protesten gainetik, Ituri banandu zuen Orientale probintziatik, eta hema etniako kide bat izendatu zuen gobernadore. Horrek lendu komunitatearen susmoak piztu zituen, Uganda eta RCD-K hema komunitatearen alde ari zirelakoan, eta bi komunitateen arteko gatazka berpiztu zen.

Epe luzeko faktoreen artean, lurren inguruko auziak, baliabide naturalen erauzketa eta merkaturatzea, eta eskualde osoan zehar zeuden tentsio etnikoak daude. Lendu etnia gehienbat Fronte Nazionalista eta Integrazionistak (Front des Nationalistes et Intégrationnistes, FNI) ordezkatu zuen, eta Kongoko Patrioten Batasunak (Union des Patriotes congolais, UPC) hemaren alde borrokatzen ari zela aldarrikatu zuen.

Gatazkaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
FARDC, KEDeko armadako soldaduak, Aveba eskualdean

Bi urteko su-eten moduko bat egon zen, RDC-Kren gobernadore neutral bat izendatu zenean. Baina 2001ean UPDFk hema bat jarri zuen, berriz, eta RDC-K beraren barnean beste fakzio bat sortu zen, RDC-Mouvement de Liberation (DRC-ML). 2001-2003 urteen tarteko gatazka oso bortitza izan zen. Hema eta lendu talde etnikoetako kideek sarraski handiak egin zituzten. 50.000 heriotza baino gehiago eragin zituen, 500.000 zibil desplazatu baino gehiago, eta 1999tik hilkortasun-tasa ikaragarri altu bat [4]. Ehunka mila pertsona beren etxeetatik kanporatu zituzten, errefuxiatu bihurtuz, Uganda aldean, batez ere [5].

Hagako Auzitegiak milizietako buruzagi batzuk epaituko zituen, urte haietan egindako gerra krimenenegatik, eta gizateriaren kontrakoengatik. Hala nola Mathieu Ngudjolo Chuimiliziar lendua [6], Thomas Lubanga UPCko buruzagi hema [7], edo Bosco Ntaganda, M23 mugimenduan sartu aurretik, UPCren adar armatuan zegoenean egindako gerra krimenengatik, 2002 eta 2003an.

2003ko ekainean, Europar Batasunak Artemis Operazioa hasi zuen, Frantziak zuzendutako bake-indar bat bidaliz Iturira. EBren indarrek Bunia hiriburua kontrolatzea lortu zuten. Hala ere, borrokek eta sarraskiek jarraitu zuten landa-eremuetan. Gertakari larri bat aipatzeagatik, 2005eko otsailaren 25ean NBEren MONUC misioko 9 soldadu bangladeshtar erailak izan ziren, segada batean [8]. Erantzun gisa, FNIren base bati eraso zioten, eta UPCko Lubanga buruzagia atxilotua izan zen, eta gero kondenatua.

Nahiz eta Bigarren Kongoko Gerra 2003ko uztailean amaitu, ofizialki, eta 2006 eta 2007ko su-etenak sinatu eta UPC eta FNI miliziak desegin, gatazkak jarraitu zuen. Alderdi etnikoa alde batera, autoritate zibil sendorik ez egoteari leporatu izan zaio. Milizia armatuek hainbat eskualde kontrolpean dituzte, eta baliabide naturalak kontrolatzeko pizten dira haien arteko lehiak.

2008–2017: FRPIren matxinada

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Milizia haien artean handiena da Ituriko Erresistentzia Patriotikoaren Frontea (Force de résistance patriotique d’Ituri, FRPI), Bunia aldean 2002an sortutako talde lendua. 2006an su-eten bat sinatu arren, FRPIko talde zatitu batek gobernuaren indarren eta zibilen aurkako eraso esporadikoak egin zituen 2008tik aurrera. Eraso horien artean zibilen kontrako hainbat bortxakeria egon ziren, besteak beste, bortxaketak, sutea eta lapurretak [9].

FRPIren erasoak areagotu ahala, 2012tik aurrera KEDeko aramadak (FARDC) operazio handi batzuei ekin zien. Poliki-poliki, FRPIko miliziarrak errenditzen hasi ziren, eta haietako asko FARDCen sartu ere egin ziren [10].

2014ko irailean, NBEren MONUSCO misioak bulego bat ireki zuen Aveba herrian, militanteei errenditzeko leku bat eskaintzeko helburuarekin [11]. Baina erasoek jarraitu zuten gerora ere [12] [13].

Gatazkaren 2017ko berpiztea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ituri, Ipar Kivu eta Hego Kivuko milizia nagusien kokapena, 2025 hasieran

2017ko ekainean apez lendu bat eraila izan zen, hema komunitatearen kontrako salaketak piztu ziren, eta berriz eta azkar lehertu ziren sarraskiak. Herri hema osoak suntsitu eta ehun biktima baino gehiago izan ziren. Hamarnaka mila lagun ihes egin zuten Ugandara. Errefuxiatu eremuetan kolera agerraldi bat egon zela esan zuen Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak [14].  

Nahiz eta lendu miliziek egindako sarraski haiek 2018ko martxoaren erdialdean amaitu ziren, "uzta suntsiketak, bahiketak eta hilketak" jarraitu zuten. NBEk kalkulatu zuen lendu miliziek 120 hema herriri eraso egin ziela 2017ko abendutik 2018ko abuztura arte [15].

2018ko abuztutik zonaldeko egoera larriagotu egin zen, gainera, ebola gaitzaren agerraldi batez, Ipar Kivun, gero hegoaldera eta Iturira ere hedatua [16].

Gatazkako beste milizia batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020tik aurrera CODECO (Coopérative pour le développement du Congo) milizia beterano lenduak hartu zuen protagonismoa. Nekazari kooperatiba gisa sortua 1970ko hamarkadan, 1999an milizia armatu bihurtu zen.

Zaïre-FPAC (Front populaire d’autodéfense en Ituri) milizia hema da, 2020an eratua.

UPLC (Union des patriotes pour la libération du Congo), nande komunitateko milizia handia, Ipar eta Hego Kivun ere ari da.

FPP-AP (Force Patriotique pour la Paix-Armée du peuple): hau ere talde handienetako bat da [17], Ipar Kivuko Luberoko hegoaldean hedatua, eta Ituri probintzian ere bai, 30 bat meategi artesanal edo eskala txikiko kontrolpean, tasak ezarriz, finantziatzeko [18].

Bestalde, Ituri aldean baseak jarri izan dituzten Ugandako gobernuaren kontrako beste milizia batzuen esku hartzea, hala nola Joseph Konyren LRA (Lord's Resistance Army), mundu mailan oihartzun handia izandakoa; edo ADF (Alliance of democratic forces) islamista, batez ere Ipar Kivun ari dena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Background to the Hema-Lendu Conflict in Uganda-Controlled Congo (Human Rights Watch Press release, )» www.hrw.org (kontsulta data: 2025-09-25).
  2. «Gold and Ethnic Conflict in the Ituri Region» mandalaprojects.com (kontsulta data: 2025-09-25).
  3. (Ingelesez) Action, the Center for Preventive. «Conflict in the Democratic Republic of Congo» Global Conflict Tracker (kontsulta data: 2025-09-25).
  4. Ahoua, L.; Tamrat, A.; Duroch, F.; Grais, R. F.; Brown, V.. (2006-10-01). «High mortality in an internally displaced population in Ituri, Democratic Republic of Congo, 2005: Results of a rapid assessment under difficult conditions» Global Public Health 1 (3): 195–204.  doi:10.1080/17441690600681869. ISSN 1744-1692. PMID 19153907. (kontsulta data: 2025-09-25).
  5. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2018-06-02). «CAOS EN EL CONGO: «NI SIQUIERA SABEMOS POR QUÉ NOS MATAN»» GARA (kontsulta data: 2025-09-25).
  6. Makazaga, Xabin. (2012-12-19). «Lendu leinuko milizianoburua» Berria (kontsulta data: 2025-09-25).
  7. Epelde, Elixabet. (2012-07-11). «Lubangari hamalau urteko zigorra jarri dio Hagak, haurrak errekrutatzeagatik» Berria (kontsulta data: 2025-09-25).
  8. «Gunmen Kill 9 Peacekeepers in Congo (washingtonpost.com)» www.washingtonpost.com (kontsulta data: 2025-09-25).
  9. (Frantsesez) «Bunia: le FRPI arrache deux localités aux FARDC» Radio Okapi 2008-09-29 (kontsulta data: 2025-09-25).
  10. (Frantsesez) «Bunia : chef spirituel du FRPI, Kakado Barnaba désormais poursuivi pour crime de guerre» Radio Okapi 2010-02-06 (kontsulta data: 2025-09-25).
  11. (Frantsesez) «Ituri: la Monusco aménage un site d’accueil pour les ex-FRPI à Aveba» Radio Okapi 2014-09-18 (kontsulta data: 2025-09-25).
  12. (Frantsesez) «Ituri: échec de la tentative de négociations pour la reddition de Cobra Matata» Radio Okapi 2014-09-11 (kontsulta data: 2025-09-25).
  13. (Frantsesez) «RDC: une attaque d’hommes armés dans une boîte de nuit fait 14 morts à Aru» Radio Okapi 2015-02-01 (kontsulta data: 2025-09-25).
  14. (Ingelesez) «DRC/Uganda: Violence in Ituri province forces tens of thousands from their homes | MSF» www.msf.org (kontsulta data: 2025-09-25).
  15. (Ingelesez) «How a brutal ethnic cleansing campaign in DRC was made worse by Trump's "America First" policies» VICE News (kontsulta data: 2025-09-25).
  16. (Gaztelaniaz) «Ébola en República Democrática del Congo: actualización diciembre 2019» Médicos Sin Fronteras en México y Centroamérica (kontsulta data: 2025-09-25).
  17. (Ingelesez) «Photos: ‘Living in fear’ amid relentless battle for eastern DR Congo» Al Jazeera (kontsulta data: 2025-09-25).
  18. (Ingelesez) «Delve | Analysis of the interactive map of artisanal mining areas in…» Delve (kontsulta data: 2025-09-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]