Iwo Jimako gudua, Bigarren Mundu Gerrako Ozeano Bareko Frontean jazo zen gudu garrantzitsua. Estatubatuarrek Iwo Jima japoniar irla konkistatzeko operazio militarrak abiatu zuen Bigarren Mundu Gerrako gudurik ezagun eta aldi berean odoltsunetakoa. Gudua 1945eko otsailaren 19an —estatubatuarrak irlan lehorreratu zirenean— hasi zen, eta martxoaren 26an amaitu.
Gudu hura zinez gogorra izan zen. Izan ere, Iwo Jima garrantzi estrategiko handiko kokagunea zen aliatuentzat, han zeuden hiru aerodromoetatik Japonia bonbardatzeko beharrezko sostengua bidal baitzitekeen. Japoniarrentzat, berriz, kokagunearen estrategikotasunaz gain, irlak garrantzi sinboliko nabaria zuen, gerran lehen aldiz benetako lur japoniarra jokoan baitzegoen. Irlaren defentsa Japoniako Armada Inperialaren esku zegoen, gudarien buruzagia Kuribayashi jenerala ardurapean. Japoniarrek trinko-trinko antolatu zuten irlaren defentsa, posizio indartuak, bunker handiak, artileria ezkutatua eta 18 km baino gehagoko tunel sare bat erabiliz. Suribachi mendia bereziki indarturiko kokagune bat izan zen, handik estatubatuarrek egin behar zuten lehorreratze guztia kontrola baitzitekeen. Estatubatuarrak lehorreratutakoan, japoniarrak sutsuki borrokatu ziren. Borrokaren krudetasunean, hasierako 21.000 japoniarretatik, 20.000 pasatxo hil ziren, besteak beste, ez errenditzeko agindu espresua jaso baitzuten. Guduaren amaieran, estatubatuarrek 216 preso besterik ez zuten egin.
Iwo Jimako gudua bereziki ezaguna egin zuen Joe Rosenthalek ateratako argazkiak: hainbat marine ageri dira, Suribachi mendiko tontorrean AEBetako bandera altxatzen.