Izarrarteko gorputz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
1I/`Oumuamua izarrarteko gorputzak 2017an gure Eguzki-sistematik igarotzean burutu zuen ibilbidea.

Izarrarteko gorputz bat izarrarteko espazioan kokatzen den, izar bati grabitazionalki loturik ez dagoen eta izar edo azpiizar bat ez den argizagi bat da. Horretaz gain, izarrarteko gorputzat har ditzakegu izarrarteko ibilbidea duten baina behin-behinean planeta-sistema batetik igarotzen ari diren argizagiak ere (exokometak ere bai).[1][2] Halako bi gorputz aurkitu ditu gizakiak gure Eguzki-sistematik igarotzen zeudela: 1I/`Oumuamua eta 2I/Borisov.

Egungo teknologiak ezartzen dizkigun mugengatik, izarrarteko gorputz bat gure Eguzki-sistematik igarotzean baino ezin dugu atzeman. Izarrarteko gorputz bat erraz desberdindu daiteke gorputz arrunt batengandik, izan ere, halako gorputzek abiadura hiperboliko oso handiak dituzte, Eguzkiari grabitazionalki lotuak dauden argizagiak ordea, km/s gutxi batzuk baino azkarrago ez dira mugitzen.[2][3] Gainera, grabitazionalki lotuak dauden argizagiek Eguzkiaren inguruan orbita eliptikoak burutzen dituzte eta ez hiperbolikoak. Hala ere, badira zenbait gorputz orbita parabolikoa edukitzetik hurbil daudenak eta hauek Eguzkiarekin duten ustezko lotura grabitazionala zalantza ugariren iturri da oraindik.

Planeta-sistema batean orbitatzen diharduen gorputz bat izarrarteko gorputz bihurtu daiteke, beste gorputz batek, grabitazionalki, izarraren eremu grabitatoriotik ihes egiteko beste indar ematen badio. 1980ko hamarkadan halako gertakizun bat behatu zen, C/1980 E1 gorputza, hasieran Eguzkiari grabitazionalki lotuta zegoena, Jupiterrengana hurbildu zen eta honek Eguzkiaren eremu grabitatoriotik ihes egiteko nahikoa abiadura eman zion, katapulta bailitzan. Ekintza honek gorputz ihesleari eszentrikotasuna nabarmenki handitu zion (1.057koa zuen ekintzaren ondoren) eta hala, haren orbita hiperbolikoa bihurtu zen.[4] Gaur egun gorputza izarrarteko espaziora bidaiatzen ari da.

Nomenklatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen izarrarteko gorputzaren aurkikuntzarekin batera, IAUk halako argizagiak izendatzeko sail berri bat sortu zuen, gorputz txikien sail nagusiaren barnekoa. Izarrarteko gorputz orori I zenbakia ezarri behar zitzaiola adostu zen, kometen zenbaketan egiten den bezala, gutxi gorabehera. Hau da, izarrarteko gorputz berri bat aurkitu eta izendatzen denean, ondorengo ezaugarriak eduki beharko ditu izenak: lehenik, aurkikuntza-zenbakia "I" letraren atzetik eta ondoren, "/" ikurra eta deitura berezia, deitura hori mitologiatik hartua edo aurkitzailearen abizena izan daiteke (Borisov), besteak beste. Planeta Txikien Zentroak ezartzen ditu zenbakiak. Izarrarteko gorputz baten behin-behineko izenek C/ edo A/ aurrizkiak eduki ditzakete, kometa edo asteroidea den kontuan hartuta, hurrenez hurren.[5]

Egiaztatutako izarrarteko gorputzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun egiaztatutako bi izarrarteko gorputz ezagutzen dira: 1I/`Oumuamua eta 2I/Borisov. Jarraian bakoitzaren xehetasunak:

1I/ʻOumuamua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1I/ʻOumuamua»

2017ko urriaren 19an gorputz ilun bat aurkitu zuten zientzialariek Pan-STARRS teleskopioarekin, 20ko itxurazko magnitudea zuena. Behaketei esker jakin zen gorputzak orbita hiperboliko bat jarraitzen zuela eta eguzki-sistemako ihes abiadura baino azkarrago zebilela. Hori zela eta, zientzialariek berehala susmatu zuten gorputza ez zela gure eguzki-sistemakoa eta ziurrenik, izarrarteko gorputza zela.[6] Hasiera batean, kometa gisa sailkatu eta C/2017 U1 izena jarri zitzaion, baina laster aldatuko zioten, urte bereko urriaren 25eko azterketetan ez zelako kometa zantzurik aurkitu.[7][8] Azterketa horien ondoren asteroidetzat hartu eta A/2017 U1 izena jarri zitzaion, baina berehala izarrarteko gorputza zela adierazten zuten frogak aurkitu ziren, era horretan, azkenik, 1I/ʻOumuamua izena ezarri zitzaion, behin betirako.[9] Izena hawaiierazko hitzetik dator eta "urruneko mezularia lehena iristen" esan nahi du.

Gorputzaren jatorriari dagokionean, haren kometa-aktibitate eskasa ikusirik, litekeena da edozein planeta-sistemaren barnealdean sortu izana. Hala bada, gainazaleko konposatu lurrunkorrak antzigar lerroaren barnean galduko zituen, gure eguzki-sistemako asteroide harritsuei, iraungitako kometei eta damokloideei gertatu zitzaien moduan. Argi utzi beharra dago esandakoa hipotesi bat baino ez dela, izan ere, ezin dugu ahaztu gorputza eonetan zehar izarrarteko espazioan egon dela eta hortaz, baliteke aipatutako konposatu lurrunkorrak hainbeste denboran zehar izpi kosmikoen erradiazioa pairatzeagatik galdu izana. Hori horrela bada, gorputza jatorrizko planeta-sistematik kanporatua izan zenean beste itxura batekoa izango zen eta aipatutako izpi kosmikoengatik da gaur dena, hau da, harrizko geruza mehedun argizagi bat.

2018ko irailean, ʻOumuamua izarrarteko gorputzaren jatorria jakin nahian, astronomoek haren jatorrizko izar-sistema bilatzeko ikerketak egin zituzten eta plazaratu zituzten emaitzetan, hainbat hautagai aurkeztu zituzten.[10][11] Guztira lau hautagai aurkeztu zituzten: HIP 3757 nano gorria, HD 292249 Eguzkiaren antzeko izarra eta momentuz ezizenik jarri ez zaien beste bi izar.[11]

Sarritan lotu izan da izarrarteko gorputz honen itxura arraroa (luzea eta mehea da, puru baten tankerakoa) jatorri artifizial posiblearekin.[9] Alde batetik ez da harritzekoa, izan ere, gure eguzki-sistemako gorputzik luzeenen (eta hortaz, arraroenetakoen) parekoa da ʻOumuamua eta aurkitzen den lehena izanik, oso arraroa da halako ezaugarri bereziak edukitzea. Hala ere, ez da inolako froga ez ebidentziarik aurkitu aipatutako tesia mahai gainean jartzeko. Alabaina, zenbait zientzialarik, hala nola, Jorge Zuluagak, aukera ezin dela erabat baztertu diote, haren ezohiko orbita eta itxura azaltzen ez diren bitartean behintzat.[9]

2I/Borisov[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2I/Borisov»

Gennadiy Borisov krimear astronomoak aurkitu zuen 2019ko abuztuaren 30ean.[12] 2019ko irailaren 13an Kanarietako Teleskopio Handiak aurkikuntza egiaztatu eta gorputzaren bereizmen txikiko espektro ikusgai bat eskuratu zuen, horrela jakin zen izarrarteko gorputzaren osaera Oorten hodeiko beste argizagienaren, bereziki kometen, antzekoa zela.[13][14] Izarrarteko argizagi honen abiadura ʻOumuamuarena baino azkarragoa da, zehazki, segundoko hogeita hamabi kilometro inguru egiten ditu eta 2019ra arte ez zen halako abiadura zuen izarrarteko gorputzik inoiz aurkitu.[15][16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Valtonen, Mauri J.; Zheng, Jia-Qing; Mikkola, Seppo (1992) «Origin of oort cloud comets in the interstellar space» Celestial Mechanics and Dynamical Astronomy (1-3): 37–48 doi:10.1007/BF00049542 ISSN 0923-2958 . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  2. a b Francis, P. J. (2005-12-20) «The Demographics of Long-Period Comets» The Astrophysical Journal (2): 1348–1361 doi:10.1086/497684 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  3. Marcos, C. de la Fuente; Marcos, R. de la Fuente; Aarseth, S. J. (2018-05-01) «Where the Solar system meets the solar neighbourhood: patterns in the distribution of radiants of observed hyperbolic minor bodies» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society: Letters (1): L1–L5 doi:10.1093/mnrasl/sly019 ISSN 1745-3925 . Noiz kontsultatua: 2019-11-28.
  4. (Ingelesez) «JPL, NASA», JPL, . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  5. «MPEC 2017-V17 : NEW DESIGNATION SCHEME FOR INTERSTELLAR OBJECTS» www.minorplanetcenter.net . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  6. «MPEC 2017-U181: COMET C/2017 U1 (PANSTARRS)» minorplanetcenter.net . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  7. «MPEC 2017-U183: A/2017 U1» minorplanetcenter.net . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  8. (Ingelesez) «We May Just Have Found An Object That Originated From OUTSIDE Our Solar System» IFLScience . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  9. a b c Gallego, Juanma «Izarrarteko opari bitxia» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  10. Bailer-Jones, C. A. L.; Farnocchia, D.; Meech, K. J.; Brasser, R.; Micheli, M.; Chakrabarti, S.; Buie, M. W.; Hainaut, O. R. (2018-10-18) «Plausible home stars of the interstellar object 'Oumuamua found in Gaia DR2» The Astronomical Journal (5): 205 doi:10.3847/1538-3881/aae3eb ISSN 1538-3881 . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  11. a b (Ingelesez) Science, Meghan Bartels 2018-09-25T18:00:42Z; Astronomy «'Oumuamua Isn't from Our Solar System. Now We May Know Which Star It Came From» Space.com . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  12. (Ingelesez) «Another Interstellar Visitor Is Headed Our Way» Sky & Telescope 2019-09-11 . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  13. (Ingelesez) «The Gran Telescopio Canarias obtains the visible spectrum of C/2019 Q4 (Borisov), the first confirmed interstellar comet» Instituto de Astrofísica de Canarias • IAC . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  14. de León, Julia; Licandro, Javier; Serra-Ricart, Miquel; Cabrera-Lavers, Antonio; Serra, Joan Font; Scarpa, Riccardo; de la Fuente Marcos, Carlos; de la Fuente Marcos, Raúl (2019-09-19) «Interstellar Visitors: A Physical Characterization of Comet C/2019 Q4 (Borisov) with OSIRIS at the 10.4 m GTC» Research Notes of the AAS (9): 131 doi:10.3847/2515-5172/ab449c ISSN 2515-5172 . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  15. «FAQ for gb00234 = C/2019 Q4 = 2I (Borisov)» projectpluto.com . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.
  16. «MPEC 2019-S72 : 2I/Borisov = C/2019 Q4 (Borisov)» minorplanetcenter.net . Noiz kontsultatua: 2019-12-05.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]