Edukira joan

Izaskun Ellakuriaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izaskun Ellakuriaga

Bizitza
JaiotzaIurreta, 1972ko otsailaren 14a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza2025eko uztailaren 16a (53 urte)
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
ingelesa
Jarduerak
Jarduerakkazetaria eta komunikazioa
Enplegatzailea(k)Bizkaia Irratia
Gerediaga Elkartea

Facebook: Lekukom Twitter: lekukom Instagram: Izaskun Ellakuriaga Bustinza Inguma: izaskun-ellakuriaga-bustintza-00 Edit the value on Wikidata

Izaskun Ellakuriaga Bustintza (Iurreta, Bizkaia, 1972ko otsailaren 14a - 2025eko uztailaren 16a)[1][2][3][4][5] bizkaitar kazetaria izan zen. Prentsa idatzian eta irratigintzan jardun zuen batez ere. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna eta Durangoko Azokaren komunikazio taldeko kidea izan zen.[6]

Izaskun Ellakuriaga Iurretan jaio zen 1972ko otsailaren 14an. Hasierako ikasketak Iurretako eta Durangoko ikastoletan egin zituen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean kazetaritzan lizentziatu zen 1995ean. Unibertsitate berean Multimedia Negozioen Zuzendaritza Masterra egin zuen 2003an, eta komunikazioaren arlo diferenteei buruzko formakuntza jaso zuen hurrengo urteetan, harreman publikoak, protokoloa, ekitaldien antolaketa, gizarte-sareak... eta halako gaietan sakonduz.[7]

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaldunon Egunkarian praktikak egin zituen urte batez, eta jaietako kronikak eta kultur kronikak egin zituen. Egunkarian bertan bertsolaritzari eskainitako orri bat martxan jarri zen, eta Ellakuriaga astero-astero bertsolaritzari buruzko kronika argitaratzeaz arduratu zen. Bertsolari txapelketei ere jarraipena egin zien orri berezi horretan. Bertsolari aldizkarian ere hainbat zenbakitan erredakzio kontseiluan parte hartu zuen eta artikulu batzuk ere idatzi zituen. Bertsotan ere ibili zen; Jon Lopategi Kanpantxu-ren barnetegietan parte hartu zuen, plazara ere inoiz irten zen, eta gai jartzaile eta epaimahaikide lanak ere egin zituen, herri mailan gehienbat.[8]

Mikel Laboarekin jardun izan zuen Kiromantzidxa (Leketio 10) errezitatzen. 1998ko azaroaren 29an Donostiako belodromoan Gara egunkariaren aurkezpenean irten zen lehen aldiz eszenatokira. Gero, hurrengo bi-hiru urteetan ere Laboaren kontzertuetan parte hartu zuen. 2000. urtean Zuzenean II- Gernika, Donostiako orfeoiaren parte hartzeagaz, Donostiako Hamabostaldiaren barruan Victoria Eugenian Antzokian emandako kontzertuko diskoan jasota dago bi-hiru urteko kolaborazio horren lekukotza.[9]

1994tik 2003ra Durangaldeko Eraz astekarian (Anbotoren aurrekaria) jardun zuen hainbat urtez erredaktore eta zuzendari lanetan, eta ondoren komunikazioko beste esparru batzuetan lan egin zuen. 2004tik 2011ra Berrizko Udaleko komunikazio aholkularia izan zen, prentsa kabinetearen ardura hartuta. Durangoko Kurutziaga Ikastolak antolatutako Ibilaldia 2005, Bizkaiko ikastolen jaiko komunikazio arduraduna izan zen, baita 2009ko Euskal Herriko Bertsolaritza txapelketako komunikazio taldeko kidea ere, ekitaldiaren komunikazio eta marketin estrategia diseinatu eta kudeatuz.[7][10]

Izaskun Ellakuriaga Gerediaga Elkarteko bulegoetan

Ingelesa hobetzeko asmoz 2012an Zeelanda Berrira joan zen, eta han 18 hilabete pasa ondoren Australiara ere pasatu zen. Zeelanda Berrian, Aucklanden hainbat ekitalditan parte hartu zuen zerbitzari, laguntzaile, interprete edo bestelako lanak burutuz. Ingelesa sakondu ahala, bertako kultura eta bizitza ezagutzeko aukera izan zuen.[7][11][12]

Lekukom komunikazio agentziaren sortzaileetako bat izan zen Marijo Deograciasekin batera. Ekitaldien antolaketaz, sare sozialetako proiektuen estrategiaz, komunikazioaren kudeaketaz aholkatzen zuen.[7]

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren Komunikazio eta Marketin arduraduna izan zen hainbat urtez eta lan horretan jarraitu zuen heriotzera arte.[13][14] Horrekin batera Bizkaia Irratian esatari eta Gerediaga Elkarteko komunikazio lanetan ziharduen.[15]

2025eko uztailaren 16an hil zen, 53 urte zituela, minbiziak jota.[16]

Aurkeztutako irratsaioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Izaskun Ellakuriaga kazetari iurretarra hil da - Durangaldea» Anboto.org (kontsulta data: 2025-07-16).
  2. SL, TAI GABE DIGITALA. (2025-07-17). «Izaskun Ellakuriaga hil da, euskaltzale eta kultura sustatzaile porrokatua» naiz: (kontsulta data: 2025-07-21).
  3. «Izaskun Ellakuriaga hil da, kazetari eta euskal kulturaren bultzatzailea» Berria 2025-07-17 (kontsulta data: 2025-07-21).
  4. Irratia, Radio Popular-Herri. (2025-07-17). «Izaskun Ellakuriaga hil da, komunikazinoan, euskeran eta euskal kulturan lan zoragarria eginda» Radio Popular de Bilbao (kontsulta data: 2025-07-21).
  5. Merino, Leire. (2025-07-17). «Fallece la periodista Izaskun Ellakuriaga a los 53 años» El Correo (kontsulta data: 2025-07-21).
  6. ««Ia-ia urte osoko azoka da antolakuntza aldetik»» Berria 2024-12-05 (kontsulta data: 2025-02-15).
  7. 1 2 3 4 Izaskun Ellakuriaga Bustinza. Linkedin.
  8. Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Izaskun Ellakuriaga - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (kontsulta data: 2025-02-15).
  9. Zuzenean II - Gernika. 2023-01-02 (kontsulta data: 2025-02-15).
  10. «Bertsolari Txapelketa hedabideetara iristea xede» Argia (kontsulta data: 2025-02-15).
  11. «Australiatik #mundiala proiektuan parte hartu du Ellakuriagak» EITB (kontsulta data: 2025-02-15).
  12. «'Maoriak jende eskuzabala dira eta dena emateko prest egoten dira'» EITB (kontsulta data: 2025-02-15).
  13. «Izaskun Ellakuriaga: "Inoizko Durangoko Azokarik bereziena izango da"» hamaika telebista 2020-12-01 (kontsulta data: 2025-02-15).
  14. «Izaskun Ellakuriaga: “Durangoko Azoka aurrez aurre bizitzeko esperientzia da”» hamaika telebista 2023-12-05 (kontsulta data: 2025-02-15).
  15. «Izaskun Ellakuriaga: "Ikasleen eguna oso garrantzitsua da Azokaren eta euskal kulturaren transmisiorako"» Kurutziaga Ikastola 2019-12-05 (kontsulta data: 2025-02-15).
  16. «Izaskun Ellakuriaga hil da, komunikazinoan, euskeran eta euskal kulturan lan zoragarria eginda» Bizkaia Irratia 2025-07-16 (kontsulta data: 2025-07-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]