Izter hernia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Izter hernia
Deskribapena
Mota abdomeneko hernia
Espezialitatea digestio aparatuaren medikuntza
Identifikatzaileak
GNS-10 K41
GNS-9 553.0
DiseasesDB 4793
MedlinePlus 001136
eMedicine 001136
MeSH D006550
Izter hernia izeter aldetik hesteak abdomenetik irtetzea da.

Hernia bat organo edo ehun baten protusioa da, bere ohiko barrunbetik kanpo dagoena. Hernia ohikoenak abdomeneko hormaren bidez garatzen dira, zulo natural edo artifizialen bidez, hernia eratzeko prozesua hasten duten ahulguneak direnak.

Iztai-hernia bat ehun bat, hesteen zati gisa, puntu ahul batetik abdomeneko barrunbetik irteten denean gertatzen da. Emaitza mingarria izan daiteke, batez ere eztul egiten duzunean, makurtzen zarenean edo objektu astun bat altxatzen duzunean.

Zertan datza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen argi ikusten da non zulo muskularretik psoas iliakoa eta nerbio femorala igarotzen diren eta nola barneko zuloak hiru atal dituen barnetik kanpora: linfatikoa, benosoa eta arteriosoa.

Hernia femorala edo krurala edo izter hernia hainbat gune desberdinetan sor daiteke. Mota hauek ulertzeko lehenik iztai lotailuaren azpiko anatomia ulertu behar da.

Iztai lotailua gandor iliakotik sinfisi pubikora doa lerro zuzen bat osatuz eta honen azpian hutsune bat gelditzen da. Hutsune edo pasabide hau bitan banatzen da iztai lotailutik gandor pektineora doan lotailu ileopektineoaren ondorioz. Bi hutsune edo pasabide hauek hainbat egiturek betetzen dute:

  • Kanpoko hutsunea edo bidea (muskularra), nondik muskuluak pasatzen diren. Psoas iliakoa eta nerbio femorala igarotzen diren.
  • Barneko hutsunea (baskularra). Honen paretak iztai lotailuak, gimbernat lotailuak, Cooperren lotailua eta lotailu ileo-pektinoak osatzen dituzte. Muskulu pektineoa ere hemendik igarotzen da. Gainera, hutsune hau bi tabike anteroposteriorrei esker hirutan banatuta dago. Barrukoa linfatikoa da (Cloqueten gongoilaren kokalekua), erdikoa benosoa (bena femorala hortik igotzen da) eta kanpokoa arteriala (arteria femorala hemendik jaisten da).

Gimbernat lotailuaren eta bena femoralaren arteko hutsuneari infundibulu femorala deritzo, batzuetan Cloqueten gongoila ez da hemen kokatzen eta ondorioz, izter hernien %90a infundibulu honetatik ematen dira.

Baina Gimbernaten lotailuaren atzetik (Laugierren hernia), odol hodien gainetik (hernia prebaskularra), azpitik (retrobaskular) edo alboetatik (laterobaskular, edo Hesselbachena) eta muskulu pektineoaren azpitik (Cloqueten hernia) ere izan daitezke hernia hauek, baina askoz ezohikoagoak dira.

  • Hernia hauek ohikoagoak dira emakumeetan (6:1) pelbis zabalagoa dutelako; eta, era berean, ohikoagoak dira eskuineko aldean (3:1).

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gainerako hernia abdominalak bezala, hernia femoralaren agerpena presio abdominalaren handipenarekin eta hodi femoralaren ehunaren ahultasunarekin dago erlazionatuta. Gehienetan, ez dago herniaren kausa argirik. Hernia batzuk, sortzetikoak dira; hau da,  jaiotzetik daude; dena den,  beranduago nabaritzen dira.

Badaude faktore batzuk hernia hauen agerpenean laguntzen dutenak:

  • Idorreria kronikoa: kaka eta txis egiterakoan abdomen zonaldean gehiegizko esfortzua egitea eragiten du; urratzea eta herniak agertzea erraztuz.
  • Eztul kronikoa; izan ere, eztul egitean abdomena indartzen dugu.
  • Objektu astunak altxatzea
  • Obesitatea
  • Adina: pertsonak helduak egiten diren heinean, abdomen aldeko muskuluak ahultzen dira urratzeak eta ondorioz herniak agertzea eraginez.
  • Haurdunaldi anizkoitzak izan dituzten emakumeak alde abdominalean ahulguneak izateko joera handiagoa dute herniak izateko probabilitatea handituz.

Hernia krural baten agerpena bat batean ager daiteke esfortzu fisiko intentso edo ezohiko baten ondorioz, eta horri hernia krural akutua esaten zaio, bestalde, gutxinaka aurreko faktoreak agertzean ager daiteke.

Sintomatologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Izterraren goiko aldean, inglearen azpian, protuberantzia bat ikus daiteke. Baina hernia oso txikia bada gerta daiteke protuberantzia hura ez hautematea.
  • Hernia femoral gehienek ez dute inolako sintomarik sortzen, gehienbat txikiak edo tamaina ertainekoak dira. Hala ere, alde inginalean min txiki bat somatu dezake pazienteak.
  • Ondoezak okerrera egin dezake zutik egoterakoan, objektu astunak altxatzerakoan edo ahalegin bat egiterakoan.
  • Batzuetan, sintomak hauek izaten dira. Ondorengo sintomak agertuz gero, hesteak hernia barruan buxatuta daudela esan nahi du. Izan ere, hesteetako irrigazioa geldiarazi daiteke kasuaren larritasuna asko handituz. Hauek dira horietako sintoma batzuk
    • Izter-mina, bat-batekoa
    • Sabeleko mina
    • Goragalea
    • Gorakoak

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hernia txikia baldin bada: izter-hernia txikia bada eta sintomarik sortzen ez baditu, agian ez da beharrezkoa modu oso zehatz batean tratatzea eta medikuak agian, sintomak hobetu arte kontrolatzea erabakiko du.
  • Hernia handia bada: ebakuntza egin behar da, gehien bat mina eragiten badu. Horretarako, anestesia orokorra erabiliko da. Ebakuntza hau bi modutan egin daiteke:
    • Irekia: lehenik eta behin gune inginalean ebaketa bat egin behar da. Ondoren hernia aurkitzen da eta inguruko ehunetik banatzen da.  Kasu batzuetan herniak ehun gehiago sortzen du, ehun hau kendu egin daiteke. Herniako beste osagai guztiak astiro bultzatu egingo dira abdomenera, guztiak barruan geratu arte. Ondoren, kirurgilariak josteko puntuak erabilita, ahulduta dauden abdomeneko muskuluak itxi egingo ditu. Sarritan sare zati bat josten da bertan abdomeneko pareta indartzeko. Honek sabeleko hormaren ahulezia konpontzen du. Amaitzeko, kanpoaldean egindako mozketa josteko puntuekin ixten da. Ebakuntza irekietan, ebakia handiagoa izango da eta sendatze denbora luzeagoa izango da.
    • Laparoskopiaren bidez: (Gailu hau zunda mehe bat da, muturrean kamera bat duena. Zirujauari sabelaldean ikusten uzten dio). Kirurgilariak 3-5 mozketa egiten ditu gune inginalean eta sabelaldearen beheko gunean. Egindako mozketa txiki hauetatik laparoskopia izeneko gailu medikoa sartzen da.  Laparoskopiaz gain, beste instrumentu batzuk sartzen dira ebaki hauetatik, hernia konpontzeko. Kasu honetan, ebakuntza irekian egin diren konponketa berdinak egingo dira. Amaitzeko, sartu diren gailu guztiak aterako dira eta egindako ebakiak josteko puntuekin itxiko dira.

Kasu honetan, egindako ebakiak begi baten zabalera izango dute, hortaz ez da ia odolik galtzen eta denbora gutxiago behar da sendatzeko.

Ebakuntzarako erabiliko den metodoa, faktore hauen mepekoa da: medikuaren esperientzia, hernia mota, anestesia,  sendatzen denbora eta kostua. Horretaz gain, badaude "Tentsiorik gabeko konponketak" izeneko ebakuntza batzuk ia kalterik sortzen ez dutenak eta ez dutenak anestesiarik behar.

Gomendioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat gomendio daude izter hernia pairatu duten paziententzat eta interbentzio kirurjikoa pairatu dutenentzat. Gomendioak hainbat alorretan sailkatu daitezke:

  • Dieta.
    • Lehen 24 orduetan elikagai leunak hartu ahal izango dituzu (arrain egosia, zopak, purea, arroz egosia, urdaiazpiko gozoa, jogurtak, etab.).
    • Kafea, tea eta edari alkoholdunak saihestu behar dira.
    • Pixkanaka, hurrengo egunetan dieta normalari ekin berriro.
    • GARRANTZITSUA!: ur gehiago edan behar da.
  • Medikazioa
    • Minik EZ izateko, alta-txosten medikoan adierazitako lasaigarri-jarraibideari jarraitzea gomendagarria da.
    • GARRANTZITSUA!: agindutako orduetan hartzea, min handia agertu arte itxarotea baino.
  • Ebakuntza ondoko sendabidea
    • Zaurian hematoma bat agertzea saihesteko, gomendagarria da azpiko arropa elastikoak (kuleroak edo galtzontziloak), boxer motakoak eta pixka bat estutuak eramatea baino.
    • Medikuak hala agintzen dionean dutxatu ahal izango da.
      • Orduan, lehenik eta behin, zauria estaltzen duen gasa atera behar da, urarekin eta xaboiarekin garbitu, kontu handiz garbitu; eta kontu handiz lehortu, toalla garbi bat edo aire hotzeko ile-lehorgailua erabiliz.
      • Zauria ondo desinfektatu pobidona iododunaren soluzio batekin (farmazietan saltzen dena), eta estali gasa esteril batekin, paperezko esparatrapuarekin eutsiko diona.
      • 48h igaro ondoren, ez da beharrezkoa izango zauria gehiago estaltzea.
    • Jarduera fisikoa
      • Jardueraren mugak dauden moduaren araberakoak izango dira, baina, oro har:
        • Saiatu lehenengo 24 orduetan atseden hartzen.
        • Ez gidatu medikuak adierazi arte.
        • Mugatu gehiegizko esfortzu fisikoa eta pisua altxatzea dakarten zereginak.
        • Ez ibili ibilaldi luzeetan ezta igo eskailerak ere.
        • Medikuak alta eman arte ezin izango du berriro lan egin.
        • Eztulik sartuz gero, jarri eskua zauriaren gainean eta sakatu pixka bat.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]