Edukira joan

Izturitze eta Otsozelaiko harpeak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°21′10″N 1°12′22″W / 43.3528°N 1.2061°W / 43.3528; -1.2061
Wikipedia, Entziklopedia askea

Izturitze eta Otsozelaiko harpeak
sailkatutako monumentu historiko (Frantzia)a
erregistratutako monumentu historiko (Frantzia)a
Motahistoriaurreko artea duen haitzuloa, arkeologia-aztarnategia eta kobazulo turistikoa
Geografia
Map
Koordenatuak43°21′10″N 1°12′22″W / 43.3528°N 1.2061°W / 43.3528; -1.2061
MendikateaPirinioak
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
BarrutiBaionako barrutia
KantonamenduBastidako kantonamendua
Frantziako udalerriIzturitze

Izturitze eta Otsozelaiko harpeak (frantsesez: Grottes d'Isturitz et d'Oxocelhaya) Nafarroa Behereko haitzulo multzo bat dira; Izturitze eta Donamartiri udalerrien artean daude, Arberoan. Kareharrizko mendi batean daude, Arberoako errekaren gainean. Guztira hiru harpe daude, bata bestearen gainean: Izturitze, Otsozelaia eta Arberoa izenekoak.

Pirinio aurrean duen kokapen estrategikoaren ondorioz, gutxienez orain dela 80.000 urte Neandertalek okupatu zuten, eta suharriz egindako tresna ugari utzi zituzten. Ondoren, gizaki anatomikoki modernoa iritsi zenean, orain dela 40.000 urtetik 10.000 urte ingurura okupatu zuen, eta tresna ugari, labar artea, Izturitzeko txirula bezalako musika-tresnak eta dekoraziorako milaka objektu utzi zituen bertan. Akitaniako lautaden eta Kantauriko kobazuloen arteko lotura estrategikoa zela pentsatzen da.

1929an aurkitu zituzten, eta 1953an, monumentu historiko izendatu zituzten.[1] Paleolito Ertainetik erromatarren garaira arte duen sekuentziarengatik, eta aurkitutako 33.000 objektu baino gehiagorengatik, Mendebaldeko Europako haitzulo arkeologiko garrantzitsuenetako bat da[2].

Geologia eta topografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izturitzeko harpeen zehar-ebakiaren eskema.

Haitzuloak Izturitze eta Donamartiri artean daude, Nafarroa Behereko Arberoa eskualdean. Hiru haitzuloak dauden mendiak Gaztelu izena du, eta gainean Nafarroako Erresumaren gaztelu bat du. Gaztelu izeneko mendia kareharrizkoa da, urgoniar motako mikritaz osatutakoa[3]. Kobazuloaren eremurik handiena Donamartirin dago, baina garai historikoetan Izturitzera ematen zuen sarbidea soilik zegoen ikusgai, eta horregatik darama iparraldean dagoen herriaren izena[2].

Eskualdean ipar-hego norabidea duen faila garrantzitsu bat dago, Donoztiritik mendebaldera igarotzen dena, eta altxamendu tektonikoa eragiten duena[4].

Izturitzeko kobazuloa sistema karstiko baten goiko maila ezartzen du, eta kobazulo bakoitzak bailarak izan duen maila erakusten du, Pleistozenoan izan diren glaziazioen eraginez nabarmen aldatu direnak. Mendiaren azpitik igarotzen da Arberoako erreka, eta horrek induskatu ditu goitik behera antolatuta dauden hiru haitzuloak:

  • Izturitzeko haitzuloa, altuena dena eta sortu zen lehena.
  • Otsozelaiko haitzuloa, 20 metro behera dagoena, eta bere kaltzitazko konkrezioengatik nabarmena dena.
  • Erburuako haitzuloa, gaur egun errekak okupatzen duena.

Hiru haitzulo horiek giza okupazioak izan zituzten (Neandertalak lehenengo, Homo sapiens aurrerago) gure aroa baino 80.000-10.000 urte inguru lehenago.

Izturitzeko haitzuloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izturitzeko haitzuloaren plano orokorra. Bi gela handiak (goian San Martin; behean Areto Handia) eta gela txikiagoak (fosfatoak eta rinolofoak) agertzen dira. Gorriz, labar-artea aurkitu diren lekuak[2].

Izturitzeko haitzuloa 120 × 50 m-ko galeria zabal bat zen, oro har ipar-mendebalde-hego-ekialdera orientatua eta jatorriz bere bi muturretan irekia. Azken glaziazioaren ostean hego-ekialdeko sarreratik luiziak izan ziren[5]. Paleolitoan sarrera handia izango zen, 15-20 metroko zabalerakoa eta hamar metro inguruko altuerakoa, eta horrek urrunetik ondo ikustea zekarren[2]. Barrunbearen zati handi bat Donamartiri udalerriaren gainean dago, baina hego-mendebaldeko sarrera estalita zegoenez, eta Izturitze aldekoa irekita zegoenez, izen hori du[2]. Bi espazio handi nabarmentzen dira: San Martin aretoa hegoaldean (bi metro inguruko altuerakoa) eta Areto Nagusia edo Isturitzeko aretoa iparraldean (1.500 m2 eta 15 m arteko altuerakoa). Txikiagoak, Rinolofoen eta Fosfatoen gela deiturikoek osatzen dute multzoa[2].

Grabatutako pilarearen oinean eskailera bat egin zuten 1953an, Otsozelaiko haitzulorako sarbide turistikoa ahalbidetzeko.

Otsozelaiko haitzuloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Otsozelaiko haitzuloaren sarrera, gaur egun bisita turistikoaren irteera gisa erabiltzen dena.

Otsozelaiko haitzuloa (maiz, Oxocelhaya) bere formazioengatik nabarmena da, estalaktita, estalagmita eta konkrezio ugari dituzten zutabez osatua. Sistemak bere gaineko kobazulotik iragazitako uraren bidez ditu formazio horiek. Bi sistema gisa zatitu da, Hariztoia eta Otsozealaia. Laplace eta Larribau galeriak izendatu dira. Bisita turistikoan estalaktiten soinuarekin egindako litofono baten soinua entzun daiteke.

Erberua haitzuloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreka haitzuloaren hondoan isurtzen da 300 m-ko luzeran eta bertan ezkerreko ibaiadar txiki bat jasotzen du. Haitzuloa bi sifoik babesten dute, bata sarreran eta bestea, irteera puntuan. Hormen zatia errekaren gainetik hamabost bat metrora dago. Areto txiki bat da, galeria nagusira korridore batetik irteten dena, eta bertatik sei bide edo korridore irradiatzen dira[6].

Ikerketaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen aurretik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izturitzeko harpearen sarrera ondo ezaguna izan da historian zehar, Erdi Aroko objektuak aurkitu baitira. Hala ere, sarrera hura ez da gaur egun erabiltzen dena, aurrerago sortu zena. XIX. mendean jada historiaurreko objektuak aurkitu ziren bertan.

XVII. mendean Charles Hautin de Villarsek eta Jean Hellotek aipatzen dute «Isturie» izeneko lekuan urre meatzeak zeudela[7]. Mezu horiek ikertzeko, etorkizunean Estrasburgoko alkate izango zen Philippe-Frédéric de Dietrichek ikerketa abiatu zuen 1785ean, meatzeen errege-inspektorea zela probestuz. Urrerik ez, baina kobazuloen sarrerak mapan aipatu zituen. 1860an Napoleon III.ak eta Eugenia de Montijo emazteak kobazuloa bisitatu zuten.

Hourcastagné et Lacau-Barragué abizeneko bi enpresarik guanoa ustiatzeko proiektua sortu zuten. 1884an, ustiaketa horren baitan suharrizko objektuak eta tailatutako beste batzuk aurkitu zituzten. 1895eko abuztuaren 10ean Akizeko Borda elkartean aurkikuntzaren berri eman zuten, eta Édouard Piette arkeologoak hitzaldia entzun zuen. Pierre Lotik 1893an kobazuloa bisitatu zuen.

Mende hasieran, Izturitzeko haitzulotik datozen fosfatoen ustiapena eten egin zen, bi jabeen arteko desadostasunaren ondorioz. 1912an Donamartiri aldera ematen duen haitzuloaren sarrera ireki zen. Lehen indusketa-kanpaina bat egin zen 1913tik 1920ra, Emmanuel Passemardek zuzendua, 1917an Kanbo gertu Olha harpea aurkitu zuena[8]. Lehen kanpaina horretan batez ere Areto Handia induskatu zen, eta San Martin Aretoa ez zen hainbeste ukitu[2]. Laster (1928tik 1949ra) bigarren kanpaina bat izan zuen, Suzanne-Raymonde eta René de Saint-Périer buru zituena. Raymondek (Suzanne de Saint-Périer ezkon-izenarekin) indusketekin segitu zuen 1954ra arte, senarra hil ondoren[9].

Izturitzeko Areto Handia eta grabatutako zutabea, eguzki argiarekin, hegoaldeko atea itxi aurretik. Saint-Périerrek 1936an egindako argazkia da, eta zutabearen gainean zeuden estalagmitak ere ikus daitezke, Passemardek kendu aurretik[5].

1929an, J. P. Etchegaray errotariak Otsozelaiko sistema aurkitu zuen, baita objektuak eta giza hezurrak ere. Kobazulo horretan bi sektore identifikatu ziren: bati Otsozelaia izena eman zitzaion, Etchegarayren baserriaren izena, eta besteari Hariztoia, errotaren izena[2]. Aurkitutako elementuen artean, Brontze Aroko ontziak zeuden, horietako bat kanpai-formako kulturakoa[2]. Bi leizeak monumentu historiko izendatu zituzten 1953an, bi leizeen arteko lotura sortu zen urtean. 1996an muino osoa izendatu zen monumentu historiko[10].

1955etik 1956ra, Jose Migel Barandiaranek, P. Bouchetek eta Georges Laplacek Izturitzeko haitzuloa induskatu zuten, eta haitzuloetako hartz-hondar ugari argitu zituzten. 1952an Saint-Périerrek puntu gorriak aurkitu zituen paretatan, eta horregatik ehorzketa funtzioren bat zuela proposatu zuen[11]. Barandiaranek eta Laplacek Otsozelaia haitzuloaren amaierako aldean lan parietalak aurkitu zituzten. Bi leizeen arteko lotura galeriari Georges Laplace izena jarri zioten. Arlette Leroi-Gourhan paleopalinologoa arduratu zen aztarnategiaren analisi polinikoaz, eta 1959an argitaratu zituen emaitzak[12].

Erberuako leizea 1973ko abuztuaren 15ean aurkitu zuten Jean-Daniel Larribauk eta Claude Barroumesek[13]. Bi urte geroago, eta 1982an ere bai, J.-D. Larribauk argitaratu zituen bertako labar-artearen txostena, baita grabatuak eta margolanak ere. Otsozelaian aurkitutako labar-artedun galeria batek bere izena darama[2].

1992an Akitaniako Arkeologia Zerbitzu Erregionalari babes neurriak eskatu zitzaizkion, Gaztelu muinoaren tontorrean zegoen gaztelu nafar baten hondarrei ere eragiten zietenak. 1997an grabatu eta margo berriak aurkitu ziren sare horretan, eta 1999an Jose Migel Barandiaranek eta Christian Normandek Isturitzeko San Martin aretoa miatzeari ekin zioten, ikusi ostean Paleolito Ertainaren eta Goi Paleolitoaren zein Aurignac aldiaren lehen faseak ikus zitezkeela bertan[2].

2000tik 2010era Christian Normandek, hogei bat arkeologoz osatutako talde baten buru, indusketa kanpainak egin zituen aretoetan. Aldi berean, 2001etik 2003ra, Aude Labarge historialari plastikoak Izturitze eta Otsozelaiko sareen berrirakurketa artistikoari ekin zion. 2010etik Diego Garatek zuzendu arte parietala ikertzeko lantalde bat, eta Joëlle Darricau, Aude Labarge, Christian Normand eta Olivia Riverorekin[5]. Ikerlari horien arabera, Kantauriko, Périgordeko eta Ariègeko artearen arteko loturako leku garrantzitsua da Izturitze[5].

Haitzuloen giza okupazioaren lehen aztarnak Mousteriarrekoak dira, orain dela 80.000 inguru. Isturitzeko leizeak garaiari buruzko estratigrafia osoa du. Neandertalgo gizakiak duela 80.000 urte inguru okupatu zuen aztarnategia eta, ondoren, duela 50.000 urte inguru berriro. Bitartean, hartzak hibernatu zuen haitzulo horietan. Neandertalen ostean, Protoaurignac aldia deritzon garaia etorri zen, jada Homo sapiensen (gizaki anatomikoki modernoen) lehen okupazioarekin.

Izturitzeko leizea ospetsua da Goi Paleolitoko historiaurreko txirula sail garrantzitsu bat aurkitu delako bertan (Aurignac zaharretik Madeleine aldia artekoa), gutxi gorabehera 35.000 eta 10.000 urte bitartekoak. Europako zaharrenetakoak dira, Hohle Felsekoen atzetik. Historiaurreko arte higigarriaren artean daude, halaber, hezurrezko arpoiak, bisontearen iruditxoak hareharrizko plakatxoaren gainean (Madeleine ertaina), elur-oreinen propultsatzaileen zurezko buruak (Madeleine ertaina).

Kobazuloetan eskulturak eta bestelako labar-artea ere badago, baina Izturitzeko zutabe grabatua da publiko orokorrak bisitatzen duen bakarra.

Objektu arkeologikoekin osatutako kronologia honakoa da[14]:

  • Behe Mousteriarra (-80.000 urte): San Martin aretoak silexezko ehundaka pieza ditu (ezpalak, harraskagailuak eta kuartzitazko lanabesak), eta zaldiak, oreinak, hartzak eta hienak zeudela adierazten duten zatiak.
  • Goi Mousteriarra (-65.000 eta -45.000): San Martin aretoan ohikoa zen okupazioa. Garai hartakoak dira silexezko ehunka pieza. Orduko fauna oreinek, zaldiek, errinozeroek osatzen dute, eta elur-oreina agertzen da.
  • Protoaurignaziarra: San Martin aretoaren okupazio bakan batzuk. Garai horretako hezurrezko tresnarik ez da aurkitu, baina suharrizko 223 pieza aurkitu dira, horien artean nukleo bat eta 156 tresna (karrakagailuak, zulakaitzak). Klima hozten ari zela nabaritzen da, inguruko landarediaren osaketari jarraituz.
  • Aurignac tipikoa (-35.000): Izturitzeko aretoan okupazio arrasto batzuk antzematen dira, ugariagoak San Martin aretoan. 578 hezurrezko tresna (puntzoiak, azagaiak, apaingarriak) eta 5.506 pieza litiko (nukleoak, karrakagailuak, tartean karenatu batzuk, zulakaitzak, ukitutako xaflak) atera dituzte, baita artelanak ere (hezur dekoratuak). Zaldiak, uroak, elur-oreinak eta oreinak osatzen zuten fauna, klima ez oso hotzean.
  • Gravettiarra (-30.000 eta -25.000): Izturitzeko aretoak jendetza ugariaren aztarnak erakusten ditu. Hezurretako 2.008 tresna aurkitu dira (puntzoiak, azagaiak, apaingarriak), baita silexezko 15.497 pieza ere (164 nukleo; gainerakoak karrakagailu (% 28), zizel (% 45) eta La Gravette motako beste punta batzuen artean banatzen dira). Grabatu batzuk eta hezur asko ere aurkitu dira. Faunaren aztarnek zaldiak, uroak, elur-oreinak eta oreinak eta saiga antilopeak ere ikusten uzten dituzte. Garai hartako klima hotzik handienera iritsi zen.
Amodiozko jazarpena deitutako grabatua, Madeleine aldikoa. (MAN 84 772).
  • Solutrearra (-20.000): Izturitzeko aretoa gutxi erabiltzen da. Bertan, hezurrezko 177 tresna (azagaiak, puntzoiak, orratzak eta apaingarriak) eta silexezko 628 objektu (nukleoak, karrakagailuak, zulakaitzak, ukitutako xaflak eta erramu-hostoak) aurkitu dira. Artelan gutxi daude. Zaldiak, bisonteak, elur-oreinak eta saigak osatzen dute fauna. Klimak leuntasun txiki bat markatzen du, garai heze samarrean.
  • Erdi Madeleine (-17.000): Izturitzeko eta San Martingo aretoak erruz erabiltzen dira. 3.502 hezurrezko objektu ateratzen dira lurpetik (azagaiak, puntzoiak, makila erdi biribilak, lisagailuak, zulatutako makilak, orratzak, apaingarriak), baita 7.542 pieza litiko ere (nukleoak eta tresnak, hala nola karrakagailuak, zulakaitzak eta ukitutako xaflak). Artelanak izugarri ugariak dira. Fauna zaldiek, uroek, oreinek eta elur-oreinek osatzen dute. Klima nahiko hotza zen.
Izturitzeko azagaia puntak, Goi Madeleinekoak.
  • Goi Madeleine (-15.000): Izturitzeko aretoak oso okupazio oparoa du. Bertan, hezurrezko 1.324 objektu (azagaiak, puntzoiak, arpoiak, zulatutako makilak, lisagailuak, orratzak eta apaingarriak) eta silexezko 2.412 pieza (369 nukleo eta 1.534 erreminta –karrakagailuak (% 17), zizelak (% 53) eta ukitutako xaflak) aurkitu dira. Elur-oreina nagusi da, eta zaldiek eta uroek laguntzen dute. Palinologiak klima hotz eta hezea erakusten du.
  • Neolitoa (-5.000): San Martin eta Izturitzeko aretoak hilobi-eremu gisa erabiltzen dira, eta giza hezur ugari eta zeramika-zatiak aurkitu dira.
  • Kalkolitoa: kobrezko aizkora lauak eta leundutako aizkorak aurkitu dira Izturitzeko aretoan.
  • Erromatarren garaia: txanpon ugari eta pitxer zatiak aurkitu dira Izturitzeko aretoan;
  • Erdi Aroa: balezta baldosa bat eta pitxer bat aurkitu dituzte Izturitzeko aretoan.

Arte higigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Izturi­tzeko al­txor higigarria»
Izturitzeko altxor higigarrian dekoratutako elementuak.

Izturitzeko kobazuloa bereziki garrantzitsua da objektu higigarrien kopuruan, eta adituek uste dute produkzio zentro bat zela. Saint-Germain-en-Layen dagoen Arkeologia Museo Nazionalak Passemarden eta Saint-Périerren bildumak ditu, estatuaren jabetzakoak direnak. Museoaren bilduman 7.831 hezur tresna, 33.814 objektu litiko (26.652 tresna barne), ehunka pieza grabatu eta margotu eta milaka hezur zati ditu. Estatuarenak ez diren objektuak Hazparneko departamentuko arkeologia zentroan daude.

Gravettiar artea ez da oso ikusgarria, pieza asko apurtuta daudelako, baina gertuko beste haitzulo batuetan aurkitutakoarekin loturak egiteko aukera ematen du. Pirinioetako hainbat kokalekurekin (adibidez, Gargas) eta Aizpitarten eta Alkerdin hormetan agertutako labar-artearekin loturak egin dituzte adituek.[15]

Izturitzeko txirulak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izturitzeko txiruletako bat.
Sakontzeko, irakurri: «Izturitzeko txirulak»

Izturitzeko txirulak musika tresna paleolitiko multzo bat dira. Zaharrena Aurignac aldikoa da eta berriena Madeleine aldikoa, baina gehiengoa Gravette aldikoak dira. Europan aurkitutako Paleolitoko musika tresnak ez dira asko, baina aurkitutako herena baino gehiago Isturitzen egindakoak dira. Txirulak sai hezurrekin egindakoak dira, baina ez dago argi nola jotzen ziren: zuzenean putz egiten, ezpainen bidez airea botatzen edo mihi bat erdian jarrita, klarinete batean bezala[16]. Gaur egun, Saint-Germain-en-Layen dagoen Arkeologia Museo Nazioalean gordetzen dira[17]. Gizaki anatomikoki modernoak musika egiten du munduan zehar, eta pentsatzekoa da iraganetik datorren ohitura dela, baina zaila izaten da musika instrumentu horiek aztarnategietan aurkitzea. Arkeologoek zulatutako hezurrak aerofonotzat hartzen dituzte, ez delako bestelako funtziorik ezagutzen, eta soinua egiteko aukera dutelako. Munduan aurkitutako zaharrena Divje Babekoa da (Eslovenia), leize-hartz baten femurrean egindako lau zulokoa[18], orain dela 43.000 urte inguru egina. Hala ere, tresna hori Neandertalei egozten zaie, eta eztabaida iturri nabarmena da[19][20][21]. Eztabaidagarria den kasu hori kenduta, beste guztiak gizaki modernoei egozten zaizkie, eta Europan 54 inguru aurkitu dira, horietatik % 37 Izturitzen[16].

Euskal Herrian aurkitutako beste kasu bakarra Bolinkobakoa da, datazio arkeologiko argirik ez duen txilibitu batekin[22]. Akitanian hainbat aurkitu dira: Lespaux, Pair-non-Pair, Peyrat, Les Roches, Blanchard, La-Roque-Saint-Christophe, Laraux edo Le Placarden aurkitutako hirurak. Europan aurkitutako gainontzeko gehienak Alpeen iparraldekoak dira[16]. Izturitzeko alerik interesgarriena IF3α 1914 75252 – A3–Ist. III 1939 83888 da, lau zulo dituelako, eta berregiteak baimendu dituelako.

Labar artea hiru haitzuloetan aurkitu da, eta adituen arabera, harrigarria da erabilitako teknika kopurua (margoa, marrazkia, grabatua, buztinaren erabilera...), irudikatutako gai kopurua (animalia kopuru handia, zaldi, bobido, ahuntzak, oreinak eta agian felinoak, irudi antropomorfoak, eskuen inpresioak eta zeinu abstraktoak), zein markatutako elementuak (hareharri zein buztinezko paretak, lurrak). Gainera, paretetan txertatutako hezur ugari aurkitu dituzte, eta lurrean egindako egitura zirkularrak, maiz hezur edo hortz batekin erdian[2].

Zutabe grabatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zutabe grabatua Areto Handiaren erdian dago, iparraldeko atetik 30 bat metro ingurura. Lau metroko diametroa du eta hiru metro eta erdiko altuera kaltzita plakatik gora[5]. 1912an ikerketa hasi zenean, ez zuten labar-arterik aurkitu, baina 1913an dagoeneko Areto Handiaren erdian dagoen zutabe grabatuaren berri eman zuten, 15 animalia identifikatu ostean. Hala ere, identifikazioa lausoa zen, eta soilik argienak zerrendatu zituzten lehen txosten hartan[2]. 1972an, Otsozelaira doan tunela egiten ari zirela, grabatuak hobeto ikusteko aukera izan zuen Ignacio Barandiaranek, eta berak zazpi animalia identifikatu zituen ziurtasunez: elur-orein bat, bi zerbido, hartz bat, basahuntz bat, orrazi baten antza duen ikur bat, eta zaldi baten gorputza[23]. Estratigrafia zehatzik gabe, 1913an kendu baitzen, zaila da jakiten noizkoa den, baina paraleloetan oinarrituta Madeleine ertainean egin zela uste da[5].

Zutabe grabatuaren gune nabarmenena panel nagusia da. Bertan zerbidoak dira nagusi, elur-orein bat eta identifikazio zailagoa duten beste bi oreinekin. Izokin bat (edo bere familiako besteren bat) eta hegazti bat dirudiena agertzen dira. Zerbidoak eskumarantz begira daude, baina arraina eta hegaztia ezkerrerantz daude, eta euren gainean ikusten dira[5]. Denboran, hegaztia izan zen egiten lehenengoa, baina zaila da bere identifikazioa. Ondoren, bururik ez duen zerbido bat, identifikatzen ere zaila egiten duena. Bere gainean elur-orein handi bat dago, paneleko irudirik handiena dena, eta kalitaterik handiena duena. Panel osoan bi hanka pare dituen animalia bakarra da, eta xehetasun izugarria du. Berari lotuta beste zerbido bat dago, agian elur-oreinaren bizkarreko lerroa luzeegia zela eta konpondu nahian. Azkenik, guztien gainean, arrain bat irudikatu zuten, izokinen familiakoa[5].

Panel nagusiaren eskuma aldean B panela dago, bost elementu dituena, horietatik lau animaliak eta, bestea, identifikatzen zaila. Figura guztiak banatuta daude, eta goitik behera dauden bi lerro ere badira, Passemardek mamut baten tronpa gisa pentsatu zuena, baina gaur egungo ikerlariek ukatzen dutena[5]. Beherago orein baten edo ahuntz baten gorputz ikusten da, baina bururik ez duenez, zaila da zer den jakiten. Bere eskuman beste buru bat dago, jarraipenik ez duena, eta bere eskuman amaitu gabeko beste gorputz bat, animalia ezezagun batena. Panelaren azkeneko irudia berezia da, ez baita ohikoa Paleolitoko irudigintzan: jatun bat. Bere buru handia eta isatsaren formagatik posible izan da identifikatzea, Barandiaranen hartzaren hipotesia alboratuz[5].

C panela panel nagusiaren eskuman dago, goiko aldean. Lau animalia ikusten dira, eta agian zeinu abstraktu bat. Lehenengo irudia bobido handi baten atzeko aldea da, ezkerrerantz orientatua. Bere gainean, uro baten aurreko aldea dago, nahiz eta ez duen adarrik. Panelaren beheko aldean zaldi bat dago, baina ez da oso argia. Bere atzeko aldean (edo aurrekoan, zaldiaren beste interpretazio baten arabera) hegazti baten burua ikusten da. Azkenik, D panela deitzen dena dago, moxal baten aurpegia baino ez dena[5].

Hormetako irudiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lau lerro bertikal gorri, Izturitzeko haitzuloan.

Hasiera batean, Izturitzen ezagutzen zen labar-ate bakarra zutabea zen, Otsozelain eta Erberuan ezagutzen zirenez gain. 1994an konplexu osoko irudiak ikertzeko proiektua abiatu zen, eta 1996an F. Rouzauden taldeak gizakien markak aurkitu zituen Izturitzeko paretetan. San Martin aretoan topografoek bisonte baten bizkarreko lerroa aurkitu zuten, marka gorriak sarreratik gertu, eta bobido baten hortza pareta batean sartua. Hilobiratze zona baten ondoan hiru lerro bertikal aurkitu zituzten, eta Rinolofoen aretoan bizkar bat irudikatzen zuen lerro beltz bat.[24]

2010retik aurrera ikerketa sakon bat egin zen modu sistematikoan pareta guztietako marken inbentarioa osatzeko. Horrela, 22 entitate grafiko eta hamalau grabatu aurkitu ziren Izturitzeko haitzuloan. San Martin aretoan sarrera ondoan daude puntu taldeak, eta baliteke baten bat animalia baten marrazkitik geratzen dena izatea. Fosfatoen gelan jatorrizko zoruaren altueran daude puntu ugari. Areto Handian, oso handia izanagatik ere, puntu bakarra aurkitu da, baina bertan dago zutabe grabatua. Gela sepulkralean barrak eta puntuak agertu dira, hormetan txertatutako objektu ugari dauden leku batean.

Otsozelain 1929an ikusi ziren lehen puntu gorriak, baina ez zen izan 1955ra arte Laplacek azken gelan hainbat irudi aurkitu zituela, tartean zaldien friso bat, hegazti buru bat, margo beltzarekin egindako zaldi eta bisonte bana eta grabatutako zaldi eta orein bat[25]. 1982an Larribauk bisonte bat aurkitu zuen eta amaierako gelan zaldi bat aurkitu zuen buztinarekin eginda. 1989an Prudhommek 22 animalia eta hemezortzi abstrakzio zerrendatu zituen, baina ez zuen ikerketa artistikorik egin[26]. Larribau gelan dauden zaldiek teknika ugari erakusten dituzte, aurkitutako paretaren egoeraren arabera aldatu zena[27]. Otsozelaian gai nagusia zaldiak direla ematen du, Ekainen den bezala[28]. 2010reko hamarkadan hasitako ikerketa ziklo berrian, Otsozelaiko irudiak berriro ere katalogatzeari ekin zioten[29]. Aurkitu zituzten ehunka marka gorri bazirela, bereziki gunerik estuenetan, eta ondorioztatu zuten sartzen zirenak gorputz okrez estalia zutela, eta markak bidean paretak ukitzearen ondorio zirela[30]. Bestetik, buztinarekin egindako lerro abstraktuen gune batean emakume alu baten errepresentazioa ere katalogatu zuten, Euskal Herrian aurkitutako lehena (geroago, Aizpitarteko leizeetan aurkitu zen handiago bat)[30].

1975ean Erberuako sifoia gainditu eta lehen margoak ikusi zituen M. Larribauk. 1977an katalogatzen lana egin zen eta 124 irudi sartu zituzten katalogoan, tartean animaliak, forma abstraktuak eta bost esku negatibo[25][31]. Hala ere, sarbide zaila duenez, oraindik ez da katalogazio modernorik egin[30].

Hormetan txertatutako objektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Objektuak Izturitzeko horman sartuta: suharria, hezurra, okrea eta hortza.

Izturitzeko haitzuloaren ezaugarri espezifikoenetako bat hormetan txertatutako objektu kopuru handia da[32]. Guztira, 280 objektu txertatu zituzten lau aretoetan. Areto bakoitzean hiru gune bereiz daitezke: gune nagusi bat, biltegi gehienekin; bigarren mailako gune bat –berta metaketek elkartuta segitzen dute, nahiz eta sakabanatuagoak izan–; eta gune txikiago bat, non metaketak isolatuta dauden eta ez diren oso ugariak edo bakarrik ere badaude. Lau depositu mota daude: silexezko tramankuluak (% 3,57), denak zizelkatuak, hezur zati oso txikiak (% 93,54), gutxitan landuak eta batzuetan puskatuak, tonu ezberdinetako eta partikula tamaina nahiko lodiko material koloratzaileak (% 2,14) eta, salbuespen gisa, animalien hortzak (% 0,71)[32]. Paretako zein zulotan sartzen zituzten ausazkoa dela dirudi[2].

Objektuen multzoak hormetako margoetatik hurbil egoten dira. Hala ere, depositu hauetako batek ere ez du kolorerik, ez oinarrian, ez gailurrean, ezta estalita ere. Batzuetan, pitzadurek kolore-garbiketaren hondarrak izaten dituzte, baina objektuak ez du kolorerik izaten, beraz ondoren gertatutako zerbait da[2]. Objektuen funtzioa eztabaidan da: batzuek uste dute lotura xamanistikoren bat duela, beste batzuek funtzio praktikoa esleitzen diote (adibidez, larru bat paretan eskegitzea), baina funtzio bat baino gehiago eduki zezakeen jarduera zen[32].

Beste ikerketa eremu batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izturitzeko sekuentzia luzeak beste ikerketa eremu batzuk egiteko aukerak ematen ditu. Paleoklimatologia eremu horietako bat da, klima aldaketa zaharren berri ematen duena. Pleistozeno Ertainean, Neandertalak iritsi aurretik, saguzarren jarduera garrantzitsuak guanoa metatu zuen, baina klima hozten joan zenean, saguzarrek alde egin eta leize-hartzak hartu zuen bere lekua[27]. Polenarekin egindako ikerketek[33] eta Aurignac aldiko ugaztunen hortzetan egindakoek[34] klima hotz eta lehorra iradokitzen dute Aurignac garaiaren hasieran, gizaki modernoa iritsi zenean, eta ondoren hotzago eta are lehorragoa. Hala ere, zaldia eta elur-oreina ehizatzen segitu zuten inguruan.

Izturitze, euskal bidegurutzean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denbora luzez, inguruko lurraldeetan ezagutzen ziren labar-arte kasu ugariekin alderatuta, euskal lurraldean hutsune erlatiboa zegoen. Hutsune horri "euskal hutsunea" deitu izan zaio[31], eta XX. mendearen amaierara arte ikuspegi nagusia zen. Geroztik aurkitu diren labar-artedun haitzulo ugariek ikuspegia aldatu dute, eta "euskal bidegurutzea" terminoa erabiltzen hasi da, ulertuta Kantauri itsasoko mendebaldeko, Ariège eskualdeko eta Dordoinako artearen mugimenduek pasabide naturala zutela euskal kostaldetik ekialde-mendebalde norabidean, baita Gaztelako ordokira iristeko ere[35]. Ikuspegi horretan, Izturitzen paper garrantzitsua jokatu du, bai Aurignaciarretik aurrera okupatua egon delako, zein bertan aurkitutako milaka objektuen arte-estiloarengatik[30].

Zutabe grabatuaren kasuan, erabilitako teknika (behe-erliebe bat dena, ez marratze soil bat) Dordoinan ikusten direnaren antzekoak dira, baita irudi motak ere. Beste animalia batzuek Ariège ingurukoekin dute harreman handiagoa, Gipuzkoako hainbat puntutaraino hedatzen den eredua. Asturias inguruan aurkitutako objektu batzuek antza dute estiloan eta teknikan Izturitzen aurkitutakoekin[30]. Gravetteko Izturitze motako punten estiloan oinarrituta, Askondo, Amalda edo Bolinkobako populazioak eta Dordoinakoak nolabait lotuta zeudela ikusi da[36]. Eta Gravetteko tekniketan ere antzeko loturak egin dira Gargas, Roucadour, Pech Merle eta Aizpitarterekin[37].

Ez dago argi eragin kulturalaren ondorioz zen (pertsonen mugimenduak Izturitzen bateratzen ziren) edo truke kateen ondorioz (objektuak Izturitzen ekoizten ziren eta leku urrunetara iristen ziren)[30]. Izturitzeko eremua agregazio kobazulo gisa ezaugarritu da[35], hau da, eremu zabal batean bizi zen komunitate baten noizbehinkako bilkura leku gisa. Isturitzeko txirulen kopuruarengatik, bilkura horietan musika jotzeak esanahi errituala zuela ere iradoki da[38]. Edonola ere, Izturitzekoa da epe luzeko okupaziorik nabarmenena Euskal Herriko Paleolitoan, baita ikerketa zentro garrantzitsua ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mérimée, Frantziako Kultura Ministerioa. Site archéologique des grottes d'Isturits, d'Oxocelhaya et d'Erberua. .
  2. a b c d e f g h i j k l m n o (Ingelesez) Garate, Diego; Labarge, Aude; Rivero, Olivia; Normand, Christian; Darricau, Joëlle. (2013-11-14). «The Cave of Isturitz (West Pyrenees, France): One Century of Research in Paleolithic Parietal Art» Arts 2 (4): 253–272.  doi:10.3390/arts2040253. ISSN 2076-0752. (kontsulta data: 2025-09-01).
  3. Boissonnas J., Destombes J.P., Heddebaut Cl., Le Pochat G., Lorsignol S., Roger Ph., Ternet Y. et Thibault Cl. 1974 – Carte géologique à 1/50 000 d'Iholdy. Orléans : B.R.G.M., service géologique national.
  4. (Frantsesez) Lenoble, Arnaud; Texier, Jean-Pierre. (2016-12-30). «Geological formation processes of the site of Isturitz (South-western France).» PALEO. Revue d'archéologie préhistorique (27): 235–252.  doi:10.4000/paleo.3273. ISSN 1145-3370. (kontsulta data: 2025-09-01).
  5. a b c d e f g h i j k Garate Maidagan, Diego; Rivero, Olivia; Labarge, Aude; Normand, Christian. (2016). «Le pilier gravé de la grotte d’Isturitz (Saint-Martin-d’Arberoue, Pyrénées-Atlantiques) : cent ans après sa découverte» Bulletin de la Société préhistorique française 113 (3): 501–522.  doi:10.3406/bspf.2016.14651. (kontsulta data: 2025-09-01).
  6. Labarge, Aude. (2010). «Synthèse des nouvelles découvertes d'art pariétal et mobilier des grottes d'Isturitz et Oxocelhaya (64) : 1996/2009» Préhistoire, art et sociétés: bulletin de la Société Préhistorique de l'Ariège (65-66): 48–49. ISSN 1954-5045. (kontsulta data: 2025-09-01).
  7. Joëlle Darricau, , dans , Bayonne, Société des Amis du Musée Basque, coll. « Bulletin du Musée basque » (sailetik kanpo), 2003, 406 p., p. 45-66, 77-88.
  8. «Passemard, Emmanuel - Persée» www.persee.fr (kontsulta data: 2025-09-01).
  9. Buisson, Dominique. (1990). «Les flûtes paléolithiques d'Isturitz (Pyrénées-Atlantiques)» Bulletin de la Société préhistorique française 87 (10): 420–433.  doi:10.3406/bspf.1990.9925. (kontsulta data: 2025-09-01).
  10. «Site archéologique des grottes d'Isturits, d'Oxocelhaya et d'Erberua (également sur commune de Saint-Martin-d'Arberoue)» pop.culture.gouv.fr (kontsulta data: 2025-09-01).
  11. Saint-Périer, René de; Saint-Périer, Raymonde-Suzanne de. «La grotte d'Isturitz. 3, Les Solutréens, les Aurignaciens et les Moustériens» ccbmn.culture.gouv.fr (kontsulta data: 2025-09-01).
  12. Leroi-Gourhan, Arlette. (1959). «Résultats de l'analyse pollinique de la grotte d'Isturitz» Bulletin de la Société préhistorique française 56 (9): 619–624.  doi:10.3406/bspf.1959.3615. (kontsulta data: 2025-09-01).
  13. (Gaztelaniaz) ARTEHISTORIA. «Los Pirineos - Contextos - ARTEHISTORIA V2» ARTEHISTORIA (kontsulta data: 2025-09-01).
  14. Darricau, Joëlle. (2003). «Harria et herria, Pierre et pays» Bulletin du Musée basque: 81-83..
  15. River, Olivia; Garate, Diego. (2016). «Nouveaux éléments pour l’art mobilier figuratif sur support osseux des couches ante-magdaléniennes de la grotte d’Isturitz (Saint-Martin-d’Arberoue, Pyrénées-Atlantiques, France)» Paléo 26: 361-379..
  16. a b c (Alemanez) Mazo, Carlos; Gracia, Marta Alcolea; Benito, Carlos García. (2014). Flute of Isturitz? Experimental Reproduction and Archaeomusicological Analysis..  doi:10.13140/2.1.2586.0484. (kontsulta data: 2025-09-01).
  17. (Frantsesez) «La grande flûte gravettienne d'Isturitz» musee-archeologienationale.fr (kontsulta data: 2025-09-01).
  18. Turk, I., Dirjec, J., Kavur, B. 1995, The oldest musical instrument in Europe discovered in Slovenia? Razprave 4. Razreda Sazu 36, 287–293
  19. (Ingelesez) Morley, Iain. (2006-11). «MOUSTERIAN MUSICIANSHIP? THE CASE OF THE DIVJE BABE I BONE» Oxford Journal of Archaeology 25 (4): 317–333.  doi:10.1111/j.1468-0092.2006.00264.x. ISSN 0262-5253. (kontsulta data: 2025-09-01).
  20. (Ingelesez) Turk, Matija; Turk, Ivan; Otte, Marcel. (2020-02-12). «The Neanderthal Musical Instrument from Divje Babe I Cave (Slovenia): A Critical Review of the Discussion» Applied Sciences 10 (4): 1226.  doi:10.3390/app10041226. ISSN 2076-3417. (kontsulta data: 2025-09-01).
  21. (Ingelesez) D'Errico, Francesco; Villa, Paola; Llona, Ana C. Pinto; Idarraga, Rosa Ruiz. (1998-03). «A Middle Palaeolithic origin of music? Using cave-bear bone accumulations to assess the Divje Babe I bone ‘flute’» Antiquity 72 (275): 65–79.  doi:10.1017/S0003598X00086282. ISSN 0003-598X. (kontsulta data: 2025-09-01).
  22. Altuna Etxabe, Jesús; Mariezkurrena Gastearena, Koro. (2018). Hueso trabajado: adornos y arte mobiliario en la prehistoria paleolítica vasca. Argitalpen Zerbitzu Nagusia (kontsulta data: 2025-09-01).
  23. Laplace, G. Grotte d’Isturitz. L’art des cavernes 1984, 280–282.
  24. Normand, Christian; Turq, A. (2006). Bilan des recherches 1995-1998 dans la Grotte d'Isturitz (communes d'Isturitz et de Saint-Martin-d'Arberoue, Pyrénées-Atlantiques). .
  25. a b Larribau, J.-D.; Prudhomme, S.. (1983). «La grotte orné d'Erberua (Pyrénées-Atlantiques Note préliminaire» Bulletin de la Société préhistorique française 80 (9): 280–284. ISSN 0249-7638. (kontsulta data: 2025-09-02).
  26. (Frantsesez) Labarge, Aude. (2013-01-30). «Synthèse des nouvelles découvertes d’art pariétal et mobilier des grottes d’Isturitz et d’Oxocelhaya (Pyrénées‑Atlantiques) : 1996 / 2009» Palethnologie. Archéologie et sciences humaines (5)  doi:10.4000/palethnologie.2264. ISSN 2108-6532. (kontsulta data: 2025-09-02).
  27. a b Vanara, Nathalie; Rabanit, Manon; Camus, Hubert; Muth, Xavier; Rivero, Olivia; Garate, Diego. (2022-07). «État de surface du panneau orné des Chevaux sur argile de la grotte d'Oxocelhaya (Pyrénées-Atlantiques, France)» Karstologia Mémoires V: 279–282. (kontsulta data: 2025-09-03).
  28. Gárate Maidagán, Diego. (2015). «Arte parietal paleolítico en el País Vasco después de Jose Miguel de Barandiaran: una visión actualizada» Kobie. Paleoantropología (34): 169–184. ISSN 0214-7971. (kontsulta data: 2025-09-02).
  29. (Frantsesez) Ferullo, Olivier; Gárate Maidagán, Diego. (2021-06-09). «Les grottes ornées de la colline de Gaztelu : Isturitz et Oxocelhaya» ADLFI. Archéologie de la France - Informations. une revue Gallia ISSN 2114-0502. (kontsulta data: 2025-09-02).
  30. a b c d e f Garate, Diego. (2025). Un tesoro bajo la colina, Diego Garate | XXIII. Arkeologia Jardunaldiak. San Telmo Museoa (kontsulta data: 2025-09-03).
  31. a b (Ingelesez) Maidagan, Diego Garate. (2018-06). «New Insights into the Study of Paleolithic Rock Art: Dismantling the “Basque Country Void”» Journal of Anthropological Research 74 (2): 168–200.  doi:10.1086/695721. ISSN 0091-7710. (kontsulta data: 2025-09-03).
  32. a b c (Ingelesez) Garate, Diego; Labarge, Aude; Rivero, Olivia; Intxaurbe, Iñaki; Barshay-Szmidt, Carolyn; Normand, Christian. (2019-12). «Another bone in the wall: towards a characterisation of the objects placed in wall fissures at Isturitz cave (Pyrénées-Atlantiques, France)» Archaeological and Anthropological Sciences 11 (12): 6875–6887.  doi:10.1007/s12520-019-00948-8. ISSN 1866-9557. (kontsulta data: 2025-09-03).
  33. (Frantsesez) Normand, Christian; Beaune, Sophie A. de; Costamagno, Sandrine; Diot, Marie-Françoise; Henry-Gambier, Dominique; Goutas, Nejma; Laroulandie, Véronique; Lenoble, Arnaud et al.. (2007). Nouvelles données sur la séquence aurignacienne de la grotte d'Isturitz (communes d'Isturitz et de Saint-Martin-d'Arberoue. Pyrénées-Atlantiques). Mémoires de la Société préhistorique française, 277 or. (kontsulta data: 2025-09-03).
  34. Berlioz, E.; Fernández-García, M.; Soulier, M. -C.; Agudo-Pérez, L.; Amorós, G.; Normand, C.; Marín-Arroyo, A. B.. (2025-05-01). «Aurignacian groups at Isturitz (France) adapted to a shifting environment upon their arrival in Western Europe ∼42,000 years ago» Journal of Human Evolution 202: 103665.  doi:10.1016/j.jhevol.2025.103665. ISSN 0047-2484. (kontsulta data: 2025-09-03).
  35. a b Arrizabalaga, Alvaro; Iriarte-Chiapusso, María-José; Garcia-Ibaibarriaga, Naroa. (2021-04-20). «Gravettian and Solutrean in the Basque Crossroads: Climate changes and human adaptations in the western Pyrenees» Quaternary International 581-582: 52–60.  doi:10.1016/j.quaint.2020.07.004. ISSN 1040-6182. (kontsulta data: 2025-09-03).
  36. (Frantsesez) Rios-Garaizar, Joseba; Garate, Diego. (2014-12-28). «Actualisation de l’inventaire des pointes de type Isturitz de la région cantabrique» PALEO. Revue d'archéologie préhistorique (25): 233–245.  doi:10.4000/paleo.2811. ISSN 1145-3370. (kontsulta data: 2025-09-03).
  37. (Ingelesez) Garate, Diego; Rivero, Olivia; Rios-Garaizar, Joseba; Arriolabengoa, Martín; Intxaurbe, Iñaki; Salazar, Sergio. (2020-10-28). Petraglia, Michael D. ed. «Redefining shared symbolic networks during the Gravettian in Western Europe: New data from the rock art findings in Aitzbitarte caves (Northern Spain)» PLOS ONE 15 (10): e0240481.  doi:10.1371/journal.pone.0240481. ISSN 1932-6203. PMID 33112862. PMC 7592797. (kontsulta data: 2025-09-03).
  38. Jimenez Pasalodos, Raquel; Alarcón Jiménez, Ana María; Santos da Rosa, Neemías; Díaz Andreu, Margarita. (2021). «Los sonidos de la Prehistoria: Reflexiones en torno a las evidencias de prácticas musicales del paleolítico y el neolítico en Eurasia» Vínculos de Historia Revista del Departamento de Historia de la Universidad de Castilla-La Mancha 10: 17–37.  doi:10.18239/vdh_2021.10.01. ISSN 2254-6901. (kontsulta data: 2025-09-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]