J'accuse…!

Wikipedia, Entziklopedia askea
J'accuse…!
Jatorria
Egilea(k)Émile Zola
Argitaratze-data1898
IzenburuaJ’Accuse…! (Lettre au Président de la République)
Ezaugarriak
Hizkuntzafrantsesa
Egile-eskubideakjabetza publiko eta jabetza publiko
Argumentu nagusiaDreyfus afera

J'accuse…! (euskaraz: «Salatzen dut...!») Emile Zola idazleak L'Aurore egunkarian 1898ko urtarrilaren 13an idatzi zuen eskutitz bat izan zen.

Eskutitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

L'Aurore egunkariaren 300.000 kopiek eragin handia izan zuten Frantziako iritzi publikoan. Azalean, J'accuse izenburuko artikulua zekarren. Félix Faure Errepublikako presidenteari zuzendutako eskutitza zen eta Frantziako armadak lau urte lehenago kapitain errugabe bat zigortu izana salatzen zuen. Kapitaina Alfred Dreyfus zen, armadako goi karguen arteko judu bakarra[1].

Alfred Dreyfus[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Dreyfus afera»

1894an Frantziako Inteligentzia Zerbitzuak Alemaniako enbaxadaren zakarrontzi batean dokumentu sekretuen bidalketa frogatzen zuen eskutitza aurkitu zuen. Giro antisemitiko gero eta zabalduago hartan, antzekotasun kaligrafiko txiki bat nahikoa izan zen ikerketak Dreyfus judua erruduntzat jo zezan. Dreyfus urriaren 15ean izan zen atxilotua; Cherche-Midiko espetxean gerra kontseilua egin zioten; abenduaren 22an traizioagatik kondenatu zuten eta, horren ondorioz, 1895eko urtarrilaren 5ean armadatik egotzi eta Deabruaren Uhartera (Frantziako Guiana) deportatu zuten bizi guztirako.[1]

Prozesuaren irregulartasunak ikusita, kasua ikertzen segitu zuten Dreyfusen aldekoek. Gainera, 1895ean bertan, Alemaniak artean ere dokumentuak jasotzen zituela frogatu ahal izan zuten. Berehala ondorioztatu zuten filtrazioak Ferdinand Walsin Esterhazyk egiten zituela, baina eskuin muturrari esker —armada kontrolpean zuen— errugabetzat jo zuten. Dreyfusen aldeko eta kontrakoak baziren lehenago ere, baina Zolak artikulua idatzi zuenean hasi zen gizartearen benetako zatiketa. Dreyfusarden artean liberalak ziren nagusi: Zola bera, Georges Clémenceau, Jean Jaurès, Anatole France... Eskuinak (boterean zen), berriz, kapitainaren aurkako jarrera hartu zuen. Emile Zola difamazioagatik akusatu zuten eta urtebeteko espetxe zigorra eta 7.500 liberako isuna ezarri zizkioten. Londresera alde egin zuen idazle naturalistak.[1]

Erbestetik itzulitakoan, 1902ko irailaren 29an tximiniako keak itota hil zen; dirudienez eta frogarik inoiz azaldu ez bazen ere, ez zen istripua izan eta Dreyfusen aurkakoen eskua ikusi zuten askok gertakizun hartan. Baina eskutitzak piztutako metxak bere bidea egin zuen, kapitain presoaren aldeko kanpaina indartuz, eta 1906ko uztailean, azkenean, Dreyfus errugabetzat jo zuten, armadan berriro onartu, baita Ohorezko Legioa eskaini ere.[1]

J'accuse…!en erabilera geroztik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ordutik izenburu bereko artikulu mordoa argitaratu da eta esaldia hainbat bidegabekeria salatzeko erabili dute. 18/98+ auzian ere erabili izan zen.[1]

J'accuse…!en zati aipagarrienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Lehendakari jauna: Onartuko al didazu, egun batez egin zenidan harrera onaren esker onez, ongi merezia duzun ospeaz ardura nadin eta esan diezazudan zure izarra, hain zorionekoa orain artean, dagoen orbainik lotsagarrienaren eta ezin kenduzkoenaren mehatxupean dagoela? Onik atera zara gezur beltzetatik, bihotzak hartu dituzu. (...) Baina nolako lokatz plapa zure gainean -zure erregetzaren gainean esatera nindoan- Dreyfus afera itsusi hau!

(...) Eta kito, Frantziak aldean du lohia, eta historiak idatziko du zure agintaldian burutu zela krimen sozial hau (...).

Salatzen dut Billot jenerala Dreyfusen errugabetasunaren froga zehatzak esku artean edukita, hauek baztertzeagatik, eta horrela, asmo politikoz eta Agintaritza Gorena Babeste aldera, gizateriaren eta justiziaren kontrako krimenak burutu dituelako. Salatzen ditut Boisdeffre eta Gonse jeneralak, krimen beraren konplize bihurtu direlako, bata sukar elizkoiak berotuta, eta bestea ausaz armakidetasun horrek bultzatuta, gerra bulegoak kutxa santu, erasogaitz bilaka dituztelako. (...)

Salatzen ditut gerra bulegoak, prentsan, eta batez ere L´Eclair eta L´Echo de Paris egunkarietan, iritzi publikoa bideratzeko eta euren errua estaltzeko kanpaina lotsagarria egin dutelako. Eta azkenik, salatzen dut lehenbiziko gerra kontseilua, dokumentu sekretu bat erabilita zigortu duelako akusatua; eta salatzen dut bigarren gerra kontseilua, legez kanpo jarrera hori estaltzeagatik eta jakinaren gainean egonik, errudun bat errugabe jotzean eginiko krimen juridikoa burutu duelako. (...)

(...) Hemen betetzen ari naizena ez da egiaren eta justiziaren leherketa bizkortzeko egindako ekintza iraultzaile bat baino. (...).Nire protesta sutsua ez da nire arimaren oihua besterik. Ausart daitezela epaitegira eramatera eta jendaurrean epaitzera. Zain nago.

»
Émile Zola, J'accuse…!, 1898ko urtarrilak 13

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2006-12-24). «J'accuse» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]