Edukira joan

Jagellondarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dinastiaren armarria

Jagellondarrak[1] (lituanieraz: Jogailos), euskaraz batzutan ere Jagiellondarrak, Jogaliarrak edo Jogailarrak, Lituanian jatorria zuen errege dinastia izan zen, XIV. eta XVI. mendeen artean Erdialdeko Europako hainbat herrialdeetan (gaur egungo Estoniako hegoaldea, Letonia, Lituania, Kaliningrad, Polonia, Bielorrusia, Ukrainako ipar mendebaldea, Errusiako mendebaldeko muturra, Txekia, Eslovakia, Austriako ekialdeko muturra, Hungaria, Kroaziako iparraldea, Serbiako iparraldea eta Errumaniako ipar mendebaldea besteak beste) erreinatu zuena. Familia, Gediminda lituaniar dinastiaren adar bat zen.

Jagellon dinastia honetako partaideak Lituaniako duke handiak izan ziren 1377-1392 eta 1440-1572 bitartean. Ladislao II.a Jagellondarra, Lituaniako lehen duke goren katolikoa, dinastia horretako Poloniako lehen erregea izan zen ere, 1386an Luis I.a Hungariakoaren alaba Eduvigis edo Hedwige (polonieraz: Jadwiga, jadˈvʲiɡa) erreginarekin ezkondu ondoren. Horrela, Polonia eta Lituaniaren arteko dinastia batasuna lortuz (Krewoko Batasuna, 1386).[2][3]

Etxe honek 1386-1572 bitartean erreinatu zuen Polonian, ondoko errege hauekin: Ladislao II.a, Ladislao III.a, Kasimiro IV.a, Joan I.a Alberto, Alexandro I.a, Sigismundo I.a eta Sigismundo II.a. Poloniatik kanpora, Hungariako Erresuman 1440-1444 eta 1490-1526 bitartean (Ladislao II.a, Ladislao VI.a eta Luis II.a) eta Bohemiako Erresuman 1471-1526 bitartean (Ladislao VI.a eta Luis II.a) gobernatu zuen Jogalia dinastiak.

Luis II.a Bohemiako eta Hungariakoaren heriotza, 1526ko abuztuaren 29an, Mohácseko guduan, Jagiellon dinastiari amaiera jarri zion Bohemiako nahiz Hungariako erresumetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindiaren 182. araua
  2. N. Davies. Europe: A History. Oxford, 1996, 392. or.
  3. «Sortaldeko Europa (XIV. eta XV. mendeak)» Lur Entziklopedia Tematikoa (Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentzia) (kontsulta data: 2017-9-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]