Edukira joan

Jainkoaren Agerpena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eraztunetarako sinboloan Jainkoaren eta gizakien artean Jainkoaren Agerpena agertzen da

Jainkoaren Agerpena edo manifestazioa (persieraz: مظهر ظهور‎, maẓhar ẓohūr) Bahá’í fedearen kontzeptu teologiko nagusi bat da.[1][2]

Bahá'í fedearen arabera, Jainkoa edo existentziaren iturburua erabat transzendente eta zuzenean eskuragaitza da. Hori dela eta, garai historiko bakoitzean gizaki baten bidez agertzen da munduan. Gizaki berezi horiek ez dira Jainkoaren inkarnazioa, ez profetak soilik, baizik eta Jainkoaren eta gizateriaren arteko bitartekariak, Jainkoaren atributuak mundu fisikora islatzen dituzten ispilu perfektu gisa jarduten dutenak. Garai historiko bati hasiera ematen diote eta une horretan beharrezkoak eta egokiak diren irakaspen espiritual eta sozialak igortzen dituzte. [3][4] [5] [6]

Agerpenaren izate-maila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baháʼí doktrinan, Jainkoaren eta gizateriaren arteko bitartekaritza azaltzeko erabiltzen den kontzeptu nagusia Jainkoaren Agerpena da.[7][8] Baháʼíen arabera, Jainkoa bakarra, betierekoa eta sortzaile unibertsala da.[2] Gizakiak ezin du zuzenean ezagutu, baina Jainkoaren borondatea historian zehar bidalitako mezularien bidez agertzen da. Mezulari horiei Jainkoaren Agerpen esaten zaie, eta haien bidez erlijioak sortzen eta berritzen direla ulertzen da.[7]

Baháʼí ikuspegiaren arabera, Jainkoaren Agerpenak ez dira Jainkoaren haragitze literalak, Jainkoa zatiezina eta transzendentea baita. Aldi berean, ez dira gizaki arrunt hutsak ere. Baháʼí teologiak Agerpenengan bi maila uztartzen direla azaltzen du: gizatasunarena eta jainkozko ordezkaritzarena. Gizatasunaren ikuspegitik, giza izaera eta baldintza fisikoak dituzte; ikuspegi jainkotiarretik, berriz, Jainkoaren borondatea eta atributuak adierazten dituzte.[9]

Harreman hori azaltzeko, Baháʼí idazkietan maiz ispiluaren metafora erabiltzen da. Jainkoa eguzkiarekin alderatzen da, eta Jainkoaren Agerpenak eguzkiaren argia islatzen duten ispilu perfektuekin. Ispiluak ez dira eguzkia bera, baina haren argia eta propietateak modu garbian erakusten dituzte.[10]

Baháʼí idazkien arabera, Jainkoaren Agerpenek gizakiengandik bereizten dituen ezagutza eta gaitasun espiritual bereziak dituzte. Ez dira soilik filosofo edo pentsalari handitzat hartzen; beren izaeragatik bertatik dute Jainkoarekiko harreman berezia eta jainkozko errebelazioa transmititzeko eginkizuna.[11] Tradizioaren arabera, existentzia espiritual bat dute jaiotza fisikoa baino lehenagotik, eta beren ezagutza ez da soilik ikasketa edo esperientziaren emaitza.[12]

ʻAbdu'l-Baháren arabera, Jainkoaren Agerpenek gizakiak hezi eta gidatzeko beharrezko gaitasun moral eta espiritualak izan behar dituzte; horregatik, beste pertsonengandik bereizten dira beren eginkizun erlijiosoaren izaeragatik.[12]

Baháʼí teologiaren interpretazio garaikideak, oro har, Jainkoaren Agerpenaren kontzeptua Jainkoaren atributuen agerpen edo isla gisa ulertzen du, eta ez Jainkoaren inkarnazio literal gisa. Hala ere, zenbait ikertzailek adierazi dute Baháʼu'lláh-ren idazki batzuetan formulazio anbibalenteagoak aurki daitezkeela gai horri dagokionez.[13]

Sakontzeko, irakurri: «Bahá'í Fedea eta gizadiaren batasuna»

Baháʼí sinesmenaren arabera, Jainkoaren Agerpenen eginkizun nagusia gizateriaren heziketa da.[8][1] Agerpen horiek hezitzaile jainkotiar gisa ulertzen dira: Jainkoak bidalitako pertsonaiak dira, gizakia gidatzeko eta haren borondatea historian adierazteko.[2] Haien bidez erlijioak sortzen eta berritzen direla ulertzen da.[8]

Baháʼí doktrinaren arabera, Jainkoaren Agerpen bakoitzak irakaspenak eta legeak ematen ditu agertzen den garai eta gizartearen beharretara egokituta.[14] Baháʼu'lláh-k errebelazio hitza erabili zuen Agerpen bakoitzaren etorrerarekin lotutako fenomenoa azaltzeko. Haren arabera, Jainkoaren Agerpenen idazkiak Jainkoaren hitzaren adierazpen autoritatibotzat hartzen dira, eta horregatik dute garrantzi nagusia Baháʼí tradizioan.[14]

Irakaspen horiek hainbat mailatan ulertzen dira. Alde batetik, gizabanakoaren garapen morala eta espirituala sustatzeko printzipioak eskaintzen dituzte; bestetik, gizartearen antolaketa eta zibilizazioaren garapena bideratzeko lege eta arauak.[1] ʻAbdu'l-Baháren arabera, gizateriari aldizka hezitzaile espiritualak bidaltzen ez balitzaizkio, giza gizartea gatazka, gorroto edo jeloskortasunak menderatuko luke.[8]

Baháʼu'lláh-k eta ʻAbdu'l-Bahá-k hainbat testutan azaldu zuten Jainkoaren Agerpenen eginkizun hezitzailea. Baháʼu'lláh-ren arabera, profetak eta mezulariak gizateria «egiazko bidera» gidatzeko bidaliak izan dira, eta haien eraginari egozten zaio munduaren eta zibilizazioaren aurrerapena.[15] ʻAbdu'l-Bahá-k ere adierazi zuen erlijio guztien helburua gizakien artean maitasuna eta batasuna sustatzea dela.[16]

Izenik Handienaren kaligrafia, Wilmetteko Baháʼí Gurtza Etxearen barrualdean.

Baháʼí Fedearen arabera, Jainkoaren Agerpen guztiak Jainko beraren adierazpenak dira eta izate-maila espiritual eta metafisiko bera dute.[8] Horregatik, funtsezko berdintasuna dago haien artean.[17] Baháʼu'lláh-ren arabera, Agerpen bakoitzaren irakaspenen arteko desberdintasunak ez dira haien izaera edo garrantzi desberdin baten ondorio, baizik eta agertu ziren gizarteen premia, ahalmen eta testuinguru historikoetara egokitzearen emaitza.[17]

Baháʼí idazkien arabera, Jainkoaren Agerpenek «batasunaren izate-maila» eta «bereizketaren izate-maila» dituzte aldi berean.[1] Baháʼu'lláh-k Kitáb-i-Íqán lanean idatzi zuen ezen, batasunaren ikuspegitik, Agerpen guztiei izen bera eta atributu berak ematea ez dela okerra.[18] Ikuspegi horren arabera, guztiek eginkizun bera betetzen dute: Jainkoaren eta gizateriaren arteko bitartekari izatea.[8]

Aldi berean, Baháʼí doktrinak dio Agerpen bakoitzak bere nortasun historikoa, misio berezia eta errebelazio propioa dituela.[18] Horregatik, irakaspenak eta legeak desberdinak izan daitezke garaiaren eta gizartearen beharretara egokitzeko. Baháʼu'lláh-ren arabera, desberdintasun horiek ez dira kontraesan gisa ulertu behar, errebelazio progresiboaren adierazpen gisa baizik.[1]

Baháʼí idazkietan, Jainkoaren Agerpenek iraganeko Agerpenen «itzulera espirituala» osatzen dutela ere adierazten da, Jainkoaren atributu berak agertzen dituztelako.[1] Horrek ez du esan nahi pertsona bera hainbat gorputz edo garaitan berraragitzen denik. Baháʼí Fedearen arabera, Agerpen bakoitza pertsona historiko desberdina da, baina guztiek Jainkoaren ezaugarriak neurri berean adierazten dituzte.[17]

Baháʼu'lláh-k hainbat testutan adierazi zuen Jainkoaren Agerpen bat ukatzea beste guztiak ukatzearen parekoa dela.[18] Ildo berean, ʻAbdu'l-Bahá-k azaldu zuen baháʼí batek ez lukeela profeta handietako bakar bat ere baztertuko —Moises, Jesus edo Mahoma kasu—, guztiek jatorri jainkotiar bera dutelako.[19]

Erlijioaren jarraikortasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikus, gainera: «Agerkunde progresiboa»

Baháʼu'lláh-ren irakaspenen arabera, Jainkoaren Agerpenak historian zehar etengabe bidali izan dira eta etorkizunean ere bidaltzen jarraituko dute.[20] Baháʼí doktrinaren arabera, agerkunde horiek guztiak Jainkoarengandik datorren erlijio progresibo bakar baten parte dira; horren bidez, gizateriaren garapen espiritual eta sozialerako egokitutako irakaspen berriak ematen dira aro bakoitzean.[21] Ikuspegi horren arabera, Jainkoaren Agerpenen segidak ez du hasierarik ez amaierarik.[20]

XX. mendearen lehen erdian Baháʼí Fedearen buru izan zen Shoghi Effendik azaldu zuen Jainkoaren Agerpen berriak etorkizunean ere etorriko direla, milaka urtez behin, «oraindik sortu gabeko etorkizuneko aro askotan barrena».[22][23]

ʻAbdu'l-Bahá-ren arabera, prozesu hori ziklo handitan antolatzen da. Ziklo bakoitzak ehunka mila urte hartzen ditu, eta hiru fase nagusi ditu: lehenik, gizateria prestatzen duten Jainkoaren Agerpenen segida bat; ondoren, «agerkunde unibertsala» ekartzen duen Agerpen nagusi baten etorrera; eta azkenik, haren ondoren datozen Agerpenak.[1] Baháʼí interpretazioaren arabera, gaur egungo zikloa Adam profetarekin hasi zen eta Báb-en garaira arte hedatu zen; Baháʼu'lláh, berriz, ziklo horretako agerkunde unibertsal gisa ulertzen da. ʻAbdu'l-Bahá-k adierazi zuen ziklo horrek beste 500.000 urte iraungo duela gutxienez.[8]

Baháʼí Fedearen arabera, Baháʼu'lláh-ren errebelazioa ez da gizateriaren garapen espiritualaren azken etapa. Baháʼí idazkiek diote gutxienez mila urte igaro ondoren beste Jainkoaren Agerpen bat etorriko dela giza zibilizazioaren garapena gidatzeko.[20][24][25]

ʻAbdu'l-Bahá-k Lawh-i-Aflákiyyih («Unibertsoaren Taula») izeneko testuan adierazi zuen Jainkoaren mundu infinituetan Jainkoaren Agerpen infinituak daudela.[26]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 Smith 2008, 108–109 or. .
  2. 1 2 3 Hutter 2005, 737–740 or. .
  3. ↑ Encyclopaedia Britannica, “Baha’i Faith”.
  4. ↑ Bahá’í Reference Library, “Manifestations of God”.
  5. ↑ Cole, Juan. (1982). «The Concept of Manifestation in the Baháʼí Writings» Baháʼí Studies (Ottawa) monograph 9: 1–38..
  6. ↑ Hatcher, W.S.; Martin, J.D.. (1998). The Baháʼí Faith: The Emerging Global Religion. San Francisco: Harper & Row, 118 or. ISBN 0-87743-264-3..
  7. 1 2 Smith 2008, 106–112 or. .
  8. 1 2 3 4 5 6 7 Iranica-Manfestation.
  9. ↑ Hatcher & Martin 1998, 118–120 or. .
  10. ↑ Hatcher & Martin 1998, 118 or. .
  11. ↑ Hatcher & Martin 1998, 120 or. .
  12. 1 2 ʻAbdu'l-Bahá 1972, 111 or. .
  13. ↑ MacEoin 2009, 500 or. .
  14. 1 2 Hatcher & Martin 1998, 82 or. .
  15. ↑ Baháʼu'lláh 1976, 156–157 or. .
  16. ↑ ʻAbdu'l-Bahá 1995, 106 or. .
  17. 1 2 3 Hatcher & Martin 1998, 116–117 or. .
  18. 1 2 3 Baháʼu'lláh 2003, 152–177 or. .
  19. ↑ ʻAbdu'l-Bahá 1982, 56–57 or. .
  20. 1 2 3 Hatcher & Martin 1998, 128–129 or. .
  21. ↑ Bahai-org-Changeless.
  22. ↑ Effendi 1970, 202 or. .
  23. ↑ ʻAbdu'l-Bahá 1978, 66–67 or. .
  24. ↑ McMullen 2000, 7 or. .
  25. ↑ ʻAbdu'l-Bahá 1978, 67 or. .
  26. ↑ Hatcher 2005, 150–151 or. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]