Jaizkibelgo Estazio Megalitikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jaizkibel II harrespila.
Jaizkibel IV trikuharria.

Jaizkibelgo Estazio Megalitikoa Jaizkibel mendian dagoen megalito multzo bat da. Aztarna megalitiko batzuk ikus daitezke Jaizkibel mendian, guztiak Hondarribia aldean. Guztira, gaur egun arte, bost aurkitu dira, baina uste dute adituek gehiago azaleratuko daitezkeela; beste batzuk, giza presioa dela eta, desagertu ziren. Gelditzen direnak, lurperatuta ez daudenak, oso kaltetuta daude.[1]

Estazio megalitiko hau Luis del Barrio historiaurrelaria eta etnografoak eta Iñigo Txintxurreta megalito-bilatzaileak, eta Hilarriak elkarteko kideak, aurkitu zuten.

Kokapen geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoako ipar-ekialdean dago, Pasaiatik Higerrera doan mendian. Gelditzen diren monumentuak Hondarribiko udalaren lurretan daude. Estazio hau hareharritan kokatzen da, itsasotik gertu eta, ondorioz, altura txikian.

Historiaurreko monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Periodo orokorra: Brontze Aroa, Kalkolitoa / Eneolitoa, Burdin Aroa, Neolitoa, K.a. 3000 eta 900 urte artekoak. Inguru honetan gaur egun ere artzaintzaren presentzia dago. Gizakiaren presentzia inguru horretan intentsiboa izan da. Inguru honetan sukarriz egindako tresna asko agertzen dira eta horrek inguru honek izan zuen aktibitatea adierazten du.

Sailkatutako monumentuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak aurkitu dira:

Jaizkibel V harrespila induskatu aurretik.

Trikuharriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira bost trikuharri dira, bat desagertuta:

  • Iskulin
  • Jaizkibel III
  • Jaikibel IV
  • Atxiñar
  • Santa Barbara (desagertuta). Jose Miguel Barandiaranek aztertutakoa, frankismo garaian, Jaizkibelgo paradorea eraikitzeko bota zuten.[2]
Jaizkibel V mairu-baratzea 2023ko irailean, leheneratu ondoren

Harrespilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira hiru harrespil identifikatu dira oraingoz, bat desagertuta:

  • Jaizkibel I (desagertuta). Jose Miguel Barandiaranek aztertutakoa, frankismo garaian, paradorea eraikitzeko bota zuten.[2]
  • Jaizkibel II
  • Jaizkibel V

Egoera legala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estazio Megalitikoa Monumentu Multzoa eta Kultura Ondasuna deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak 2003an. Bertan sei monumentu jasotzen dira.[3]

Jaizkibel V-eko mairu-baratze berezia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaizkibel V mairu-baratzea induskatzean, egitura konplexuagoa topatu ahal izan da; izan ere, arkitektonikoki berezia den monumentua azaleratu dute arkeologoek, Manu Ceberiok, zuzendutako indusketan[4].

2002 amaiera eta 2003 hasiera artean aurkitu zuten Luis del Barriok eta Iñigo Txintxurretak. Joera zirkularra duen harrizko perimetro bat du eta handiagoak diren bi harri (edo zutarri) bereizten dira (1,80 eta 2,10 metro)[5], forma bereziak dituzte eta aurrez aurre jarrita daude. Ardatz horrek, Zeberioren hitzetan, norabide bat markatzen du. Horrez gainera, bi harri horiek berariaz cromlecherako hautatuak direla ere uste da, garaiak izateaz gainera forma aldetik ere bereziak direlako, Bigarrenak, esaterako, itxura antropomorfikoa duela dirudi[5].

Harrizko zirkulu hau Brontze Aroaren amaieran eta Burdin Aroan datatu da (K.a. I mendea – K. 1.000 urte). Monumentu megalitiko honen erdigunean kamera txiki bat eraiki zuten eta bertan jartzen zituzten erraustutako pertsonaren errautsak. Une ezezagun batean arpilatu zuten eta ganbara desegin zuten. Aurkitutako aztarnek hilobi hau eraikitzeko erabili ziren harriak nabarmenak zirela erakusten dute.

Normalean pertsona bakoitzarentzat monumentu bat egiten zuten eta Jaizkibel V harrespilaren inguruan horrelako egitura gehiago daude, oraindik induskatu gabe. Induskatzen hasi zirenean ikusi zuten harri asko erorita zeudela, baina ikerketaren zuzendariaren hitzetan "lauzen jatorrizko posizioa bertikalean izango litzateke. Cromlech hauen helburua, hilobi gisa erabiltzeaz gain, bizi ziren lurraldea markatzea ere bazen”[4].

2023an monumentua leheneratu zen: harri gehienak berriz zutik jarriz enkofratua erabiliz. Ezin izan dira denak bertikalki jarri ezin delako ziur jakin zein zuten jatorrizko posizioa[6][7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]