Edukira joan

Jakin-min

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espazioa eta teleskopioak jakin-minaren sinbolorik nabarmenenak izan dira.

Jakin-mina gizaki eta animalietan agerikoa den[1][2] eta jakin-nahizko pentsamenduari, hala nola miaketari, ikerketari edo ikasketari, lotuta dagoen ezaugarria da. Jakin-mina gizakiaren garapenaren alderdi guztiekin loturik dago, eta hortik dator jakinduria edo trebetasuna lortzeko desira edo ikasketa prozesua.[3]

Horrez gain, «jakin-min» hitzak informazioa edo jakinduria lortzeko jokabide, ezaugarri edo emozioak adieraz ditzake, eta giza-garapena bermatzen du; adibidez, zientzia, hizkuntza eta industria-garapena.[4]

Espezie askok (tximinoek, katuek, karraskariek...) jakin-mina dute[2], eta gizakiengan ohikoa da haurtzarotik[5] heldutasunera[1] arte. Bestalde, ikerketa batek erakutsi du jakin-mina ez dela ezaugarri fisiko bat gizakiengan, aitzitik, sustatu eta garatu egin daitekeela.

Hasiera batean, jakin-mina informazioa lortzeko desira bezala definitzen zen, eta dirudienez, desira hori jakinduriak, informazioak eta ulermenerako pasio edo gogoak eragiten du[6].

Umeek jakin-minez begiratzen dute laguna irakurtzen ari dena.

Nolanahi ere, jakin-minaren ikuspegi tradizionala hedatu egin da, eta honako kontzeptu hauek desberdindu ditu: alde batetik, «jakin-min hautemangarria», hau da, animaliek jaiotzetik duten esplorazio jokabidea; eta, bestetik, «jakin-min epistemikoa», hots, jakinduriarako desira, bereziki gizakietan aurkitzen dena[7].

Daniel Berlyne [8]psikologoak jakin-mina eragiten duten hiru aldaera-mota identifikatu zituen: aldaera psikofisikoak, aldaera ekologikoak eta aldaera konbinatorioak. Aldaera psikofisikoak intentsitate fisikoarekin lotuta daude; aldaera ekologikoak, aldiz, motibazioaren garrantziarekin eta zereginen egokitasunarekin. Aldaera konbinatorioen kasuan, oroimeneko estimulu edo ezaugarri desberdinen arteko konparaketa dira. Gainera, Berlynek lau aldaera konbinatorio mota desberdindu zituen: berritasuna, konplexutasuna, ziurgabetasuna eta gatazka (edonola ere, aldaera konbinatorio mota guztiek gatazka izan lezaketela adierazi zuen). Horrez gain, berritasunaren hiru aldaera ere bereizi zituen: aldaketa, harridura eta inkongruentzia. Azkenik, jakin-mina ez dute aipatutako aldaeren estimuluek bakarrik eragiten («esplorazio zehatza»); izan ere, asperduraren estimulu-gabeziak ere eragin dezake jakin-mina («esplorazio dibertsifikatzailea»)[8].

Jakin-minak bultzatutako jokabidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin-minak bultzatutako jokabidea  jakinduria lortzeko erabiltzen den jokabidea bezala definitzen da sarritan, hau da, esplorazio-jokabide mota bat. Beraz, informazio sensoriala ahalbidetzen edo areagotzen duten jokabide guztiak hartzen ditu barne. Berlynek[8] hiru mailatan banatu zuen jakin-minak bultzatutako jokabidea: orientazio-erantzunak, lokomozio-esplorazioa eta erantzun ikertzailea edo manipulazio ikertzailea. Aurrez, Berlynek[9]proposatu zuen jakin-minak ahozko ekintzak (galderak egitea, adibidez) edo jarduera sinbolikoak (buruko prozesuak; esate baterako, pentsatzea) ere barne hartzen dituela («esplorazio epistemikoa»).

Jateko gogoarekin zerikusia duten beste desira edo beharrek bezala (adibidez, janaria/gosea), jakin-mina esplorazio-jokabidearekin edo onuragarriak diren esperientziekin lotuta dago: jakin-mina emozio positibo bezala deskriba daiteke, baita jakinduria bereganatzea ere; izan ere, norberaren jakin-mina piztea onuragarritzat zein atsegingarritzat jotzen da. Informazio berria aurkitzea ere onuragarria da, interesa estimulatu beharrean, desatseginak diren zalantza momentuak gutxitzen lagundu dezakeelako. Bestalde, sortu diren teorien jomuga gehiago izan da ziurgabetasuna gutxitzeko beharra ulertzea eta esplorazio-jokabideei lotutako esperientzia onuragarrietan parte hartzeko desira ulertzea.

Jakin-minaren senaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin-minaren senaren teoriak ziurgabetasunarekin eta  anbiguotasunarekin lotutako bizipen desatseginak lantzen ditu; teoria horren arabera, sentimendu horiek murriztea atsegina da gizakientzat, pertsonek koherentzia eta ulermena desiratzen baitituzte prozesu mentaletan. Hori dela eta, ezezaguna, zalantzazkoa edo anbiguoa den zerbaitek koherentzia eteten duenean, jakin-minaren senak ezezaguna denaren inguruko informazioa eta ezagutza bilatzera bultzatzen du gizabanakoa, prozesu mental koherenteak berrezartzeko. Hortaz, jakin-mina inguruneko alderdi ezezagunak ulertzeko desirak eragiten du, eta horretarako, gizakiok esplorazio-jokabidea dugu. Ezezaguna dena ulertzerakoan eta koherentzia berrezartzean, jokabide eta desira horiek gutxitu egiten dira.[10]

Jakin-minaren senaren teoriak adar ugari ditu, eta bakoitzak bere planteamenduak ditu: esate baterako, batzuek pentsatzen dute jakin-mina lehen mailako sena dela; beste batzuek, aldiz, bigarren mailakoa[11]. Sen horren jatorriari dagokionez, ez dago argi ea ingurunea ulertzeko eta erregulatzeko beharrak edo kanpoko estimuluek eragiten duten; izan ere, kausak izan daitezke asetu beharreko beharrak (egarria, gosea…), baina baita beldurrak eragindako egoerak ere.[11] Jatorria edozein dela ere, jakin-mina ziurgabetasun-sentsazioaren edo ondoezaren ondorioz agertzen da, eta, horregatik, jakin-minak ziurgabetasun hori desagerrarazteko balio du. Hain zuzen ere, esploratzeko eta jakiteko jokabidearen bidez, gizabanakoak ezezaguna dena ezagutu eta ziurgabetasuna eta ondoeza murriztu ditzake.[12] Bestalde, teoria horrek ez du aipatzen jakin-mina egoera berri edo ezezagunik gabe ager daitekeenik, eta, haurren kasuan, haiek interesa pizten dien zerbait bilatzen dute aspertuta daudenean eta estimulurik ez dutenean. Hori dela eta, estimulu berririk gabe agertutako jakin-mina teoria horren hutsune handienetarikoa da. Horrez gain, beste espezie ugarik ere badute esploratzeko jokabide hori.

Kitzikapen optimoaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esploratzeko jokabidea egoera zalantzagarri edo anbiguorik gabe ere agertu daitekeela ikusi zutelako sortu zen teoria hau. Horren arabera, gizabanakoak kitzikapen-sentsazio atsegina mantentzeko nahia izan dezake, eta, horretarako, esploratzeko jokabideak erabiltzen ditu. [8]

Konplexutasunarekin, ziurgabetasunarekin, gatazkarekin edo berritasunarekin lotutako estimuluen eraginez, kitzikapenak maila optimoak gainditzen ditu. Orduan, esploratzeko jokabideak estimulu horren inguruan ikastera bultzatzen du gizabanakoa, eta, ondorioz, kitzikapen-mailak behera egiten du. Aitzitik, ingurunea aspergarria eta zirrararik gabekoa bada, maila optimoen azpitik egongo da kitzikapena, eta, ondorioz, esploratzeko jokabideak informazioa eta estimuluak handitzen lagunduko du. Horri esker, kitzikapena igo egingo da. Beraz, egoera zalantzagarriek edo ezezagunek jakin-mina eragin dezaketen arren, posible da horrelako egoerarik gabe agertzea.

Koherentzia kognitiboaren teoria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koherentzia kognitiboaren teoriaren arabera, kitzikapena handitu egiten da aldi berean aktibo dauden egitura kognitiboak logikoki kontraesankorrak direnean, eta horrek martxan jartzen ditu koherentzia handitzeko eta kitzikapena txikitzeko prozesuak.[13] Kitzikapen optimoaren teoriaren antzera, Koherentzia kognitiboaren teoriak ere gizakiek espero den kitzikapen-maila mantentzeko joera dutela dio; nolanahi ere, espero den egoera baten eta benetako egoeraren arteko kitzikapen-maila eta inkontsekuentzia lotuta daude. Inkontsekuentzia hori txikia denean, jakin-minak eragindako esplorazio-jokabideak informazioa bilatzera bultzatzen du gizabanakoa, eta horrela, espero denak eta pertzepzioak bat egiten dute, eta inkontsekuentzia murriztu egiten da. [13][14][15]

Ikuspuntu horrek agresibitatearekin eta beldurrarekin lotzen du jakin-mina. Inkontsekuentzia handia bada, gizabanakoak beldurra edo agresibitatea erabil ditzake pertzepzioa aldatzeko eta pertzepzio horren eta espero denaren arteko aldea desagerrarazteko, beti inkontsekuentziak duen tamainaren eta testuinguruaren arabera. Aipatu bezala, jokabide agresiboak pertzepzioa aldatzen du, hautematen duena espero den egoerarekin bat egin dezan manipulatzen baitu gizabanakoak. Beldurrak, aldiz, ihes egitea eragiten du, eta horrela, estimulu inkongruentea desagerrarazi eta inkontsekuentzia desagertu egiten da.[13]

Sari-bidea kontuan hartzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sariaren, nahiaren eta plazerraren alderdi neurobiologikoak jakin-minaren teorian kontuan hartu daitezen saiatu dira zenbait ikertzaile. Ikerketen arabera, informazio berria nahi izateak martxan jartzen ditu garuneko bide mesolinbikoak, eta horrek dopamina aktibatzen du. Horren ondorioz, garunak informazio berria balioesten du, eta, horregatik, saritzat hartzen du.[16][17][18] Ondorioz, neurobiologiak proposatutako teoria honek jakin-minaren senaren teoria osa dezake, esploratzeko jokabidearen motibazioa azaltzen baitu. [13]

Alderdi eta egitura neurologikoen eginkizuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin-minak interes handia pizten duen arren, haren jatorria enpirikoki ezezaguna da. Hala ere, zenbait ikerketek «sari-bidea» izenekoaren mekanismo neurologikoak aztertu dituzte. Hain zuzen ere, sari-bideak[19] eragina izan lezake jakin-minarekin lotutako ezaugarrietan, hala nola jakintzan, memorian eta motibazioan. Jakin-mina fenomeno konplexua denez, hiru ezaugarri horiei erreparatzen dieten prozesu neuronalen gaineko ikerketek jakin-minaren fenomenoa osorik ulertzen lagun dezakete.

Honako hauek dira jakin-minaren ezaugarrien deskribapenak. Halaber azalduko dugu zein lotura duen ezaugarri bakoitzak esplorazio-jokabideak sortzeko oinarrizkoak diren alderdi neurologikoekin:

Motibazioa eta saria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informazio berria bereganatzeko edo ekintzaren bat egiteko sena sariak eragin dezake. Beraz, motibazioa eta sariaren inguruan ikasitakoak jakin-mina ulertzen lagundu diezaguke.

Garuneko dopamina bidea

Saria ekintza baten errefortzu positiboa da. Errefortzu horrek, lasaitasuna, plazera eta poztasuna bezalako emozioen bidez, zoriontasunarekin lotuta dagoen jokabide jakin bat sustatzen du. Horrela, garuneko hainbat eremuk saria prozesatzen dute, eta jarraian elkarren artean elkartzen dira sari-bidea sortzeko. Dopamina, serotonina edo opioideak[20] bezalako hainbat neurotransmisorek hartzen dute parte sariaren sentsazioaren aktibazioan.

Esate baterako, dopamina jakin-minarekin lotuta dago; izan ere, bereganatutako informazioaren sari-balioak egokitu eta gordetzen ditu. Gainera, ikerketa baten arabera, saria ezezaguna denean, dopamina kantitate handiagoa isurtzen da.[20]

Accumbens nukleoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Accumbens nukleoa izeneko neurona-multzoa funtsezkoa da sari-bidea aktibatzeko (adibidez, estimulu berri edo zirraragarri baten ondorioz dopamina isurtzen denean). Haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen den dopamina-isurketa azkarra garrantzitsua da hazkuntzarako; izan ere, esplorazio-jokabidea eta jakin-mina ikasketa-prozesuko eragile handienak dira haurtzaroko lehen urteetan.

Zerbait «gustoko izatearen» sentsazio atsegina accumbes nukleoak eragin dezake, opioideak isurtzen dituenean. Horri esker, norbanakoak arrotza den egoera edo ingurunea aztertu eta objektu berriari balioa erantsi diezaioke. Gustuko izatearen eta nahi izatearen prozesu bi horiek eginkizun garrantzitsua betetzen dute garuneko sari-sistema aktibatzerakoan, eta beharbada, informazioa bilatzeko joera edo jakin-mina estimulatzeko orduan ere bai. [21][22][20]

Caudate nukleoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Caudate nukleoa garuneko eta sari-bideko eremuetako bat da. Dopaminak asko eragiten dio, eta, ikerketek diotenez, nukleo horrek esplorazio-jokabidea izateko eta informazioa batzeko aukerak eta horien sariak aurreikusten ditu. Gainera, jakin-minaren alderdiei laguntzen die.

Aurreko zinguluaren kortexa

Aurreko intsularen zein aurreko zinguluaren kortexaren eremuak gatazkarekin eta kitzikapenarekin bat datoz, eta, dirudienez, jakin-minaren zenbait esplorazio-eredu indartzen dituzte.[23][22]

Kortisola estresa erregulatzen duen gai kimikoa da. Hala ere, esplorazio-jokabidearekin edo jakin-minarekin zerikusia izan dezake, eta hori iradokitzen duten ikerketek kitzikapen teoria optimoarekin bat datoz. Hain zuzen ere, kortisol kantitate jakin bat askatzeak estres apur bat eragiten du, eta horrek jakin mina sustatzen du. Nolanahi ere, estres gehiegi izateak erantzun negatiboa eragin dezake.[23][24]

Arreta funtsezkoa da jakin-mina izateko, gizabanakoari estimulu jakin batean konzentratzea ahalbidetzen baitio. Hain zuzen ere, estimuluak ulertzeko eta aztertzeko baliabide kognitibo eta sentsorialak murritzak direnez, garunak arreta behar du estimulurik garrantzitsuenean hobeto kontzentratzeko (gizabanakoak bereziki estimulatzaileak edo erakargarriak diren estimuluetan kontzentratu ohi dira). Horrela, zenbat eta arreta gehiago jaso estimulu batek, orduan eta energia eta arreta gehiago zuzenduko du gizabanakoak estimulu horretara. Beste modu batera esanda, ezezaguna den hori hobeto ulertzeko, gizabanakoak arreta gehiago jarriko dio berria edo arrotza den estimulu bati, ezaguna edo ohikoa denari baino.[25]

Striatuma motibazioa gorputzaren mugimenduarekin koordinatzen duen garuneko eremua da, eta litekeena da arretan eta sariaren antizipazioan ere parte hartzea. Bi horiek garrantzitsuak dira jakin-mina eragiterakoan.[26]

Prekuneoa arretarekin, oroimen episodikoarekin eta prozesatze bisuoespazialarekin lotuta dagoen garuneko atala da. Prekuneoko materia grisaren kopurua jakin-min edo esplorazio-jokabideekin lotuta dago, hau da, prekuneoaren dentsitateak eragina du jakin-min mailan.[27]

Oroimena eta ikasketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oroimenak eginkizun garrantzitsua betetzen du jakin-minean; izan ere, oroimenaren bidez, garunak informazioa gordetzen du, behar duenean berreskuratu ahal izateko. Jakin-mina arrotzak edo berriak diren estimuluak bilatu eta ulertzeko desira baldin bada, oroimenak estimulu horiek benetan arrotzak diren ala ez zehazten laguntzen du. Hortaz, estimulu bat berria den ala ez zehazteko, gizabanakoak estimulu horrekin aurretiaz topo egin duen gogoratu behar du.

Jakin-minak oroimenean ere eragin dezake, berriak diren estimuluei arreta gehiago jartzen baitiegu. Gainera, estimulu berriek sari balio bat dakarte, alegia, informazio berri hori bereganatzeak ekar dezakeen saria. Bestalde, gero eta arreta handiagoa jarri estimulu bati, orduan eta irankorragoa izango da estimulu horren oroitzapena, eta horrek ikastea erraztuko du.

Hipokanpoa eta parahipokanpoko zirkunboluzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hipokanpoa garrantzitsua da oroitzapenak eratzeko eta estimuluen berritasuna zehazteko.[28] Gainera, ikerketek diotenez, hipokanpoak esploratzeko eta ikasteko motibazioa eragin dezake.[29][30][31]

Parahipokanpoko zirkunboluzioa (PHG) hipokanpoa inguratzen duen eta materia grisez osatuta dagoen eremua da, jakin-mina areagotzen duena.[32]

Amigdala prozesu emozionalarekin lotuta dago, batez ere beldurrarekin eta memoriarekin. Gainera, garrantzitsua da estimulu berrien eta ustekabekoen erreakzio emozionalak prozesatzeko eta esplorazio-jokabidea bultzatzeko, eta horrek agerian uzten du amigdalaren eta jakin-min mailaren arteko lotura. Hala ere, korrelazio zuzen horren inguruan gehiago ikertu beharra dago.[33]

Garapen goiztiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Piagetek esan bezala, jaioberriak eta haurrak errealitatea etengabe ulertzen saiatzen dira, eta horrek mesede egiten dio beren garapen intelektualari. Piageten arabera, haurrek hipotesiak garatzen dituzte esperimentuak egin aurretik, eta gero hipotesiak berraztertzen dituzte ikusitakoaren arabera. Piaget lehena izan zen haurren ekintzak gertutik dokumentatzen eta haien sendotasuna ulertzen, eta haurrek azterketak egiteko eta ingurunea aztertzeko egiten zituzten ahaleginak ere kalkulatu zituen.[34]

Ez dago haurren jakin-mina zehazteko definizio unibertsalik, jakin-minari buruzko ikerketa gehienek helduengan jarri baitute arreta, eta, gainera, erabilitako neurriak ezin daitezke haurrengan baliatu. Jakin-mina, orokorrean, pertsona helduei egozten zaie, eta haur txikien kasuan, munduari buruz duten ikuspegiaren ezaugarri heldugabetzat jotzen da.[35]

Jarrera esploratzailea ohikoa da haurrengan, eta jakin-minaren garapenarekin lotuta dago. Haurren jakin-mina aztertu duten hainbat ikerketek jostailu berri eta ezagunekin duten elkarreragina behatu dute.[35]

Dirudienez, lotura egon liteke haurren antsietatearen eta jakin-minaren artean. Ikerketa batek azaldu duen moduan, 11 urteko haurrek objektuekiko azaltzen duten jakin-mina moldapen psikologiko txar baten adierazle izan liteke, hortaz, ikasgelan antsietatea erakusten duten haurrek jakin-min gutxiago izan ohi dute. Hori dela eta, antsietateak baldintzatu egin ditzake jakin-minaren menpe dauden ikaskuntzaren zenbait alderdi.[35]

Jakin-mina izateko joerak errendimendu akademiko handiagoa ekar dezake nerabeengan. Hain zuzen ere, ikerketa batek azterketa akademiko estandarizatu bat egin zuen bigarren hezkuntzako 568 ikasleren artean, eta jakin-mina, motibazioa eta sormena erakutsi zuten ikasleek % 33,1eko aldea izan zuten matematikako emaitzetan; natur-zientzietako emaitzetan, berriz, aldea % 15,5ekoa izan zen.[35]

Haurren jakin-mina neurtzeko egindako ikerketek jokabide-esploratzailea hartu izan dute oinarri bezala, baina bakoitzak jokabidearen atal ezberdin bati erreparatu dio. Ikerketa batzuek haurrek konplexutasunaren/ezezaguna denaren aurrean duten lehentasuna aztertu zuten jakin-mina neurtzeko; beste batzuek, aldiz,  berritasunaren lehentasuna izan zuten oinarri.[35]

Horrez gain, ikertzaileek haur batek ustekabe baten aurrean izandako erreakzioaren eta jakin-minaren arteko lotura aztertu zuten. Ondorioa zera izan zen, haurrak ikasteko gogotsuago egon ohi direla ziurgabetasunari aurre egin behar badiote. Gainera, espektatibak ez betetzeak jakin-mina piz diezaiekete, objektu berri edo konplexu bat jasotzean baino gehiago.[35]

Jakin-mina bertute gisa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filosofoei betidanik interesatu izan zaie jakin-mina, eta jakinduria eta ulermena lortzeko pizten duen motibazioa dela eta, bertute intelektual edo epistemikotzat hartu izan da.[35]Bertute moral garrantzitsutzat ere jo izan da, jakin-minak gizakiei beren bizitzaren zentzua eta besteekiko eta munduko gauzekiko ardura sentimendua garatzen laguntzen dielako.[36] Gazteen kasuan, jakin-minak jakinduria biltzera bultzatzen dituztenean, positibotzat hartzen da.[37]

Jakin-minaren garrantzia dela eta, gaur egungo gizarteak jakin-min mota egokia lantzen ote duen eztabaidatzen du jendeak.

Batzuen ustez, hezkuntza formalak haurren jakin-mina gogogabetzen du: «Haurrak zientzialari jaiotzen dira. Bai airera haien lehen pilota botatzen dutenean, bai ogi apur bat daraman inurri bat ikusten dutenean, haurrek zientziaren tresnak baliatzen dituzte (gogoa, hipotesiak, probak eta ondorioak) munduko misterioak argitzeko, baina badirudi ikasleak lehen modu naturalean agertzen zen hori galtzen ari direla».[38]

Gaixotasunaren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ezkerra: garun arrunta. Eskuina: Alzheimerra duen garuna. Jakin-mina izateko beharrezkoak diren eremuak gainbehera etortzen dira.

Gaixotasun neurodegeneratibo eta desoreka psikologikoek jakin-minaren hainbat ezaugarriri eragin diezaiekete. Adibidez, alzheimerrak eragin txarra duenez memorian eta depresioan, motibazioan eta sarian ere ondorio txarrak ditu. Hain zuzen ere, alzheimerra gaixotasun neurodegeneratiboa da, eta oroimena degradatzen du. Bestalde, depresioa umorearen desoreka  da, eta inguruarekiko interes eza, tristura eta etsipena ditu ezaugarri. Hala ere, estimulu berriekiko jakin-min ezak gaixotasun horiek zein beste batzuk iragarri ditzake.[39]

Jakin-min soziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakin-min soziala ingurua eta besteekin harremantzeko modua ulertzeko desira da. Jakin-min horrek elkarreragin sozialetan arrakastaz mugitzeko gaitasunean du eragina, norberaren eta besteen jarrera hautematen eta prozesatzen laguntzen baitu. Gizarte egoera anitzetara egokitzeko ere lagungarria da.[40]

Jakin-min morbosoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jende-talde bat Txekoslovakian gertatutako auto-istripu baten inguruan bilduta (1980).

Jakin-min morbosoa heriotzarekin eta indarkeriarekin lotuta dago, baita min fisiko edo emozionala eragin dezaketen beste edozein gertakarirekin ere.[41] Mendekotasun sentimendu gisa deskribatu izan da maiz, eta minarekin, indarkeriarekin edo heriotzarekin lotutako gaiak ulertzeko beharrarekin ere lotzen da. Gainera, horrek lotura izan lezake egoera zailak eta ezohikoak emozio edo bizipen primarioekin erlazionatzeko beharrarekin (meta-emozioak).[42]

Gizakiek egoera zailekiko duten jakin-mina Aristotelesen Poetikaren garaikoa da: «Gogaitu egiten gaituzten edo nazka ematen diguten objektuen pinturak gozatzen eta miresten ditugu.»[43]

Egoeraren eta norbanakoaren araberako jakin-mina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi jakin-min mota daude: egoeraren araberakoa eta norbanakoaren araberakoa. Alde batetik, egoeraren araberako jakin-mina kanpo faktoreen menpe dago, hau da, jakin-min hutsagatik gauzak zergatik gertatzen diren galdetzea; adibidez, denda gehienak goizeko 8:00etan zergatik zabaltzen diren galdetzea. Bestetik, norbanakoaren araberako jakin-mina ikasteko interesa duten pertsonekin lotuta dago; adibidez, kirol edo janari berria probatzeko edo leku ezezagun batera bidaiatzeko interesa izan dezakete. Jendea bere konfort-eremutik ateratzen duen grina da jakin-mina, eta beldurra, berriz, eremu horien barruan mantentzen duen agentea.[44]

Jakin-mina adimen artifizialean (AA)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AA (adimen artifizial) tresnek jakin-mina erakutsi dezakete berezko motibazioaren bitartez, eta horrek AAren arrakasta hobetu dezake hainbat zereginetan. Adimen artifizialean, jakin-mina kuantitatiboki definitzen da, agenteak bere ekintzak iragartzeko duen ziurgabetasunaren arabera eta bere egoera kontuan hartuta.[45]

2019an, ikerketa batek bideo-jokoetara jolasteko prestatu zituen AA agenteak, eta jakin-mina izan zen sari bakarra. Emaitza gisa, agenteek modu fidagarrian ikasi zituzten jokoaren jarrera onuragarriak.[46]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Ingelesez) Berlyne, D. E.. (1954-08). «A THEORY OF HUMAN CURIOSITY» British Journal of Psychology. General Section 45 (3): 180–191.  doi:10.1111/j.2044-8295.1954.tb01243.x. ISSN 0373-2460. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  2. a b (Ingelesez) Berlyne, D. E.. (1955). «The arousal and satiation of perceptual curiosity in the rat.» Journal of Comparative and Physiological Psychology 48 (4): 238–246.  doi:10.1037/h0042968. ISSN 0021-9940. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  3. Zuss, Mark. (2012). The practice of theoretical curiosity. Springer ISBN 978-94-007-2117-3. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  4. Keller, Heidi, ed. (1994). Curiosity and exploration. Springer ISBN 978-0-387-54867-8. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  5. (Ingelesez) Ofer, Gila; Durban, Joshua. (1999-01). «Curiosity: Reflections on Its Nature and Functions» American Journal of Psychotherapy 53 (1): 35–51.  doi:10.1176/appi.psychotherapy.1999.53.1.35. ISSN 0002-9564. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  6. (Ingelesez) Loewenstein, George. (1994-07). «The psychology of curiosity: A review and reinterpretation.» Psychological Bulletin 116 (1): 75–98.  doi:10.1037/0033-2909.116.1.75. ISSN 1939-1455. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  7. (Ingelesez) Kidd, Celeste; Hayden, Benjamin Y.. (2015-11). «The Psychology and Neuroscience of Curiosity» Neuron 88 (3): 449–460.  doi:10.1016/j.neuron.2015.09.010. PMID 26539887. PMC PMC4635443. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  8. a b c d Berlyne, D. E.. «Toward a Theory of Exploratory Behavior: II. Arousal Potential, Perceptual Curiosity, and Learning.» Conflict, arousal, and curiosity. (McGraw-Hill Book Company): 193–227. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  9. (Ingelesez) Berlyne, D. E.. (1957-11). «Uncertainty and conflict: A point of contact between information-theory and behavior-theory concepts.» Psychological Review 64 (6, Pt.1): 329–339.  doi:10.1037/h0041135. ISSN 1939-1471. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  10. (Ingelesez) Mahama, Inuusah; Yusuf Dramanu, Bakari; Asamoah-Gyimah, Kenneth. (2023-02-22). Gobinath, Ravindran ed. «Predictive Abilities of Curiosity, Creativity, and Motivation on Academic Performance of High School Students in Ghana» Education Research International 2023: 1–10.  doi:10.1155/2023/4626945. ISSN 2090-4010. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  11. a b VOSS, HANS-GEORG; KELLER, HEIDI. (1983). «Exploration, Curiosity, and Intelligence» Curiosity and Exploration (Elsevier): 121–125. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  12. (Ingelesez) Litman, Jordan. (2005-09-01). «Curiosity and the pleasures of learning: Wanting and liking new information» Cognition and Emotion 19 (6): 793–814.  doi:10.1080/02699930541000101. ISSN 0269-9931. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  13. a b c d (Ingelesez) van Kampen, Hendrik S.. (2019-02). «The principle of consistency and the cause and function of behaviour» Behavioural Processes 159: 42–54.  doi:10.1016/j.beproc.2018.12.013. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  14. (Ingelesez) Loewenstein, George. (1994-07). «The psychology of curiosity: A review and reinterpretation.» Psychological Bulletin 116 (1): 75–98.  doi:10.1037/0033-2909.116.1.75. ISSN 1939-1455. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  15. Provencher, Claudine. (2011-05-12). «Towards A Better Understanding of Cognitive Polyphasia» Journal for the Theory of Social Behaviour 41 (4): 377–395.  doi:10.1111/j.1468-5914.2011.00468.x. ISSN 0021-8308. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  16. VOSS, HANS-GEORG; KELLER, HEIDI. (1983). «Exploration, Curiosity, and Intelligence» Curiosity and Exploration (Elsevier): 121–125. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  17. Costa, Vincent D.; Tran, Valery L.; Turchi, Janita; Averbeck, Bruno B.. (2014). «Dopamine modulates novelty seeking behavior during decision making.» Behavioral Neuroscience 128 (5): 556–566.  doi:10.1037/a0037128. ISSN 1939-0084. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  18. (Ingelesez) Kakade, Sham; Dayan, Peter. (2002-06). «Dopamine: generalization and bonuses» Neural Networks 15 (4-6): 549–559.  doi:10.1016/S0893-6080(02)00048-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  19. «How Grading Destroys Curiosity» Passionate Learners (Routledge): 103–114. 2015-08-27 ISBN 978-1-315-68932-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  20. a b c (Ingelesez) Costa, Vincent D.; Tran, Valery L.; Turchi, Janita; Averbeck, Bruno B.. (2014). «Dopamine modulates novelty seeking behavior during decision making.» Behavioral Neuroscience 128 (5): 556–566.  doi:10.1037/a0037128. ISSN 1939-0084. PMID 24911320. PMC PMC5861725. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  21. (Ingelesez) Kakade, Sham; Dayan, Peter. (2002-06). «Dopamine: generalization and bonuses» Neural Networks 15 (4-6): 549–559.  doi:10.1016/S0893-6080(02)00048-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  22. a b (Ingelesez) Kang, Min Jeong; Hsu, Ming; Krajbich, Ian M.; Loewenstein, George; McClure, Samuel M.; Wang, Joseph Tao-yi; Camerer, Colin F.. (2009-08). «The Wick in the Candle of Learning: Epistemic Curiosity Activates Reward Circuitry and Enhances Memory» Psychological Science 20 (8): 963–973.  doi:10.1111/j.1467-9280.2009.02402.x. ISSN 0956-7976. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  23. a b Itch/Itch Fibers. Springer-Verlag (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  24. (Ingelesez) Parker, Karen J.; Rainwater, Kimberly L.; Buckmaster, Christine L.; Schatzberg, Alan F.; Lindley, Steven E.; Lyons, David M.. (2007-08). «Early life stress and novelty seeking behavior in adolescent monkeys» Psychoneuroendocrinology 32 (7): 785–792.  doi:10.1016/j.psyneuen.2007.05.008. PMID 17604913. PMC PMC2716798. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  25. (Ingelesez) Zola, Stuart; Manzanares, Cecelia; Levey, Allan; Lah, James. (2011-07). «P3‐109: Predicting the onset of Alzheimer's disease with a behavioral task» Alzheimer's & Dementia 7 (4S_Part_16)  doi:10.1016/j.jalz.2011.05.1549. ISSN 1552-5260. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  26. Jepma, Marieke; Verdonschot, Rinus G.; van Steenbergen, Henk; Rombouts, Serge A. R. B.; Nieuwenhuis, Sander. (2012). «Neural mechanisms underlying the induction and relief of perceptual curiosity» Frontiers in Behavioral Neuroscience 6  doi:10.3389/fnbeh.2012.00005. ISSN 1662-5153. PMID 22347853. PMC PMC3277937. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  27. (Ingelesez) Phillips, Kimberley A.; Subiaul, Francys; Sherwood, Chet C.. (2012-06). «Curious monkeys have increased gray matter density in the precuneus» Neuroscience Letters 518 (2): 172–175.  doi:10.1016/j.neulet.2012.05.004. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  28. (Ingelesez) Saab, Bechara J.; Georgiou, John; Nath, Arup; Lee, Frank J.S.; Wang, Min; Michalon, Aubin; Liu, Fang; Mansuy, Isabelle M. et al.. (2009-09). «NCS-1 in the Dentate Gyrus Promotes Exploration, Synaptic Plasticity, and Rapid Acquisition of Spatial Memory» Neuron 63 (5): 643–656.  doi:10.1016/j.neuron.2009.08.014. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  29. (Ingelesez) Berlyne, D. E.. (1955). «The arousal and satiation of perceptual curiosity in the rat.» Journal of Comparative and Physiological Psychology 48 (4): 238–246.  doi:10.1037/h0042968. ISSN 0021-9940. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  30. (Ingelesez) Sahay, Amar; Scobie, Kimberly N.; Hill, Alexis S.; O'Carroll, Colin M.; Kheirbek, Mazen A.; Burghardt, Nesha S.; Fenton, André A.; Dranovsky, Alex et al.. (2011-04). «Increasing adult hippocampal neurogenesis is sufficient to improve pattern separation» Nature 472 (7344): 466–470.  doi:10.1038/nature09817. ISSN 0028-0836. PMID 21460835. PMC PMC3084370. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  31. (Ingelesez) Leussis, Melanie P.; Berry-Scott, Erin M.; Saito, Mai; Jhuang, Hueihan; de Haan, Georgius; Alkan, Ozan; Luce, Catherine J.; Madison, Jon M. et al.. (2013-04). «The ANK3 Bipolar Disorder Gene Regulates Psychiatric-Related Behaviors That Are Modulated by Lithium and Stress» Biological Psychiatry 73 (7): 683–690.  doi:10.1016/j.biopsych.2012.10.016. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  32. (Ingelesez) Kang, Min Jeong; Hsu, Ming; Krajbich, Ian M.; Loewenstein, George; McClure, Samuel M.; Wang, Joseph Tao-yi; Camerer, Colin F.. (2009-08). «The Wick in the Candle of Learning: Epistemic Curiosity Activates Reward Circuitry and Enhances Memory» Psychological Science 20 (8): 963–973.  doi:10.1111/j.1467-9280.2009.02402.x. ISSN 0956-7976. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  33. (Ingelesez) Montgomery, K. C.. (1955). «The relation between fear induced by novel stimulation and exploratory drive.» Journal of Comparative and Physiological Psychology 48 (4): 254–260.  doi:10.1037/h0043788. ISSN 0021-9940. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  34. (Ingelesez) Engel, Susan. (2011-12-01). «Children's Need to Know: Curiosity in Schools» Harvard Educational Review 81 (4): 625–645.  doi:10.17763/haer.81.4.h054131316473115. ISSN 0017-8055. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  35. a b c d e f g (Ingelesez) Jirout, Jamie; Klahr, David. (2012-06). «Children’s scientific curiosity: In search of an operational definition of an elusive concept» Developmental Review 32 (2): 125–160.  doi:10.1016/j.dr.2012.04.002. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  36. Baumgarten, Elias; Philosophy Documentation Center. (2001). «Curiosity as a Moral Virtue:» International Journal of Applied Philosophy 15 (2): 169–184.  doi:10.5840/ijap200115215. ISSN 0739-098X. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  37. Liben, Lynn S.. (2022-10-11). «Conceptual Issues in the Development of Spatial Cognition» Spatial Cognition (Psychology Press): 167–194. ISBN 978-1-315-78546-2. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  38. (Ingelesez) Jirout, Jamie; Klahr, David. (2012-06). «Children’s scientific curiosity: In search of an operational definition of an elusive concept» Developmental Review 32 (2): 125–160.  doi:10.1016/j.dr.2012.04.002. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  39. (Ingelesez) Zola, Stuart; Manzanares, Cecelia; Levey, Allan; Lah, James. (2011-07). «P3‐109: Predicting the onset of Alzheimer's disease with a behavioral task» Alzheimer's & Dementia 7 (4S_Part_16)  doi:10.1016/j.jalz.2011.05.1549. ISSN 1552-5260. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  40. (Ingelesez) Fitri, Rani Agias; Asih, Sali Rahadi; Takwin, Bagus. (2020-03). «Social curiosity as a way to overcome death anxiety: perspective of terror management theory» Heliyon 6 (3): e03556.  doi:10.1016/j.heliyon.2020.e03556. PMID 32195392. PMC PMC7078517. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  41. (Ingelesez) Scrivner, Coltan. (2021-12). «The psychology of morbid curiosity: Development and initial validation of the morbid curiosity scale» Personality and Individual Differences 183: 111139.  doi:10.1016/j.paid.2021.111139. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  42. (Ingelesez) Zuckerman, Marvin; Litle, Patrick. (1986-01). «Personality and curiosity about morbid and sexual events» Personality and Individual Differences 7 (1): 49–56.  doi:10.1016/0191-8869(86)90107-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  43. Aristotle. (1968-01-01). «Poetics» Aristotle: Poetics (Oxford University Press) (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  44. Lakdawalla, Emily. (2018). «How the Rover Works» The Design and Engineering of Curiosity (Springer International Publishing): 138–184. ISBN 978-3-319-68144-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  45. Pathak, Deepak; Agrawal, Pulkit; Efros, Alexei A.; Darrell, Trevor. (2017-07). «Curiosity-Driven Exploration by Self-Supervised Prediction» 2017 IEEE Conference on Computer Vision and Pattern Recognition Workshops (CVPRW) (IEEE)  doi:10.1109/cvprw.2017.70. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  46. Oudeyer, Pierre-Yves. (2018-06-18). «Computational Theories of Curiosity-Driven Learning» dx.doi.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]