Jakueren epistola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Jakueren epistola Bibliako Itun Berriko liburu bat da.

«Santiago, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzaria» bezala ageri da egilea (1,1). Seguruenik, ez da hamabi apostoluen zerrendan agertzen diren bi Jakue haietako bat bera ere. Litekeena da «Jaunaren anaien» taldekoa izatea (Mk 6,3; 15,40) eta Jerusalemgo elkartearen buru moduan azaltzen den Jakue (Santiago) izatea (Eg 12,17; 15,13; 21,17-18; Ga 1,19; 2,12); ez da, ordea, segurua. Askok uste dute beste norbaitek idatzi zuela, Jakueren irakatsien tradizioa hartuz eta haren izenaz eta aginpideaz baliatuz.

Idazlana nori zuzendua den jakitea ere ez da erraza. «Atzerrian zabaldurik dagoen Jainkoaren herriko guztiei» dio agurrean. Ez dirudi eliz elkarte jakin bati idatzia denik, helenismoko kultur giroan bizi ziren kristau-komunitateei baizik. Haietan, Pauloren irakaspena urrutiegi eraman dute, fedeari garrantzi handia emanez, baina horrek dituen ondorio moralak ahaztuz (2,14-26); era berean, aberatsek behartsuak zapaldu egiten dituzte (2,5-7; 5,1-6).

Idazkia K.o. I. mendeko 80ko hamarkadan kokatu ohi da.

Epistolaren hari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epistola edo gutun moduan azaltzen bada ere, homilia edo katekesi gisako idazlana da. Ez du Pauloren edo Joanen idazkien teologia sakonik. Harrigarria bada ere, ez ditu erabiltzen lehen gizaldietako kristauen gai nagusiak, eta Jesu Kristoren heriotzaren eta piztueraren aipamenik ere ez du egiten. Bi aldiz bakarrik aipatzen du Jesu Kristo. Gutunak Itun Zaharreko profeten eta jakinduriaren tradizioetan eta Jesusen irakaspenetan oinarrituriko mezu etikoa dakar gehienbat.

Testuak ez du egitura handirik. Puntu nagusitzat hauek aipa daitezke:

1. Bereizkeriarik ez egitea (2,1-13): Zorrotz eta hizkera biziz adierazten du norbait honelakoa edo bestelakoa izateagatik bereiztea fedearen aurka doala.

2. Fedea eta egintzak (2,14-26; ik. 1,22-25.27): Idazkiaren puntu nagusia da. Fedeak, egiazkoa izateko, egintzak behar ditu lagun; egintzarik gabeko fedea hila da, hutsa da. Jainkoaren mezua entzun eta bete egin behar da. Hori argitzeko irudi eta alegia xumez eta Itun Zaharreko zenbait pertsonaiaren adibideez baliatzen da.

3. Mihia hezi beharra (3,1-12; ik. 1,19-20.26): Beste gai askotarako bezala, Itun Zaharreko jakinduria-liburuetatik hartzen du ikasbidea.

4. Egiazko jakinduria (1,5-8; 3,13-18): Goiko jakinduria eta lurrekoa bereizten ditu. Goikoa bere maitasunezko fruituez ezagutzen da; Jainkoaren dohaina da, konfiantza osoz egindako otoitzaz lortzen dena.

5. Aberatsen aurkako mehatxuak (5,1-6; ik. 2,7; 4,13-17): Aberatsen aurka jardunaldi gogorra egiten du, aberastasunak segurtasun faltsua sortzen duela eta behartsuen gupidarik ez duela salatuz.

Antzeko beste zenbait gai ere ageri dira epistolan, logika handirik gabe nahasturik. Dena den, idazlan honetan gizarte-justiziaren ardura begi-bistakoa da; agian, ardura horixe du alderik nabarmenena. Fedea eta bizitza, lagun hurkoarekiko maitasuna batik bat, bata bestetik banaezinak direla azpimarratzen du.

Eskema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Agurra (1,1).
  • Probaldietan sendo iraun. Tentaldia (1,2-18).
  • Hitza entzun eta bete (1,19-27).
  • Sinesmenak bereizkeriarik ez. Fedea eta egintzak (2,1-26).
  • Mihia hezi. Goiko jakinduria (3,1-18).
  • Jaunaren menpean jarri. Bat bakarra epailea (4,1-12).
  • Harropuzkeriaren aurka. Aberatsen aurka (4,13–5,6).
  • Pazientzia. Otoitza (5,7-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biblia

Itun Berria

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • [1] Biblia euskaraz

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]