Jean-Baptiste Colbert

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean-Baptiste Colbert
Jean-Baptiste Colbert
Datu pertsonalak
Izen osoa Jean-Baptiste Colbert
Jaio 1619ko abuztuaren 29a
Reims (Frantzia)
Hil 1683ko irailaren 6a
Paris (Frantzia)

Jean-Baptiste Colbert (1619ko abuztuaren 29a, Reims - 1683ko irailaren 6a Paris) politikari eta ekonomista frantziarra izan zen. Botere handia izan zuen Luis XIV.a erregearen agintaldian. 1665 eta 1683 artean Frantziako Finantza Ministroa (contrôleur général des finances) eta 1669 eta 1683 artean Errege Etxearen Estatu Idazkaria eta Itsas Armadaren Estatu Idazkaria izan zen. Aurrera eraman zuen doktrina ekonomikoa, colbertismoa, merkantilismoan oinarritzen zen.

1651tik aurrera Mazarinoren idazkari pertsonala izan zen eta hura hil zenean (1661ean) Luis XIV.ak finantza intendente izendatu zuen. Nicolas Fouquet superintendentearen kargugabetzea lortu zuen eta, handik aurrera, boterea metatuz joan zen. Politika ekonomiko protekzionista erabili zuen, inportazioak zergapetuz eta esportazioak sustatuz. Frantziako industria eta merkataritza sustatzeko estatuaren fabrikak sortu zituen, hala nola Manufacture royale de glaces de miroirs (Saint-Gobain), beira-fabrika, eta Manufacture royale des Gobelins, tapiz-fabrika. Errepide, ubide eta portuen eraikuntza bultzatu zuen. Merkataritza-konpainia berrien sorrera sustatu (Compagnie française des Indes Orientales, Compagnie française des Indes Occidentales) eta itsas armada handitu zuen, Frantziaren hedapen koloniala, Kanada, Antillak, Ekialde Urruna aldera, ahalbidetuz[1]

Frantziako Ogasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean-Baptiste Colbert Reimseko familia burges bateko kidea zen. Jatorriz merkatariak baziren ere erregeren ofizialak ere bazituzten senitartean. 1661ean, Luis XIV.ak Ogasuneko intendente izendatu zuen. Erresuma guztiko administrazioaz arduratu zen, atzerriko eta militar arazoez salbu. Postu hartatik, ondasun askoren jabe egin izanaz gainera, bere ahaideak jarri zituen estatuko eta elizako posturik erabakigarrienetan, eta ezkontzen bidez, Frantziako goi nobleziarekin ahaidetzea lortu zuen.

Colberten gorakada ez zen giza banako baten garaipen soila izan, aldiz, bere familiaren eraginaren emaitza ere bazen, familiari esker igo baitzen aginpidearen gailurrera. Colbertek estatuan lortu zuen postua, bere familak mendetan zehar garatutako estrategiaren emaitza zen, edozein egoeratara egokitzeko prest baitzeuden familiaren ongizatea eta hedakuntza lortzeko.

Lehen urteetan, 1660tik 1672ra, Colbertek lortu zuen Ogasuna antolatzea eta aurrekontu orekatuak ziurtatzea. Horretarako, kontuak zorrotz eramateaz eta karguak gutxitzeaz gainera, arrazoizko zergak ezarri zituen.

Estatuaren kargak arintzeko, Richelieu eta Mazarinoren garaian estatuari egindako maileguen interesak murriztu, eta zenbait kasutan, ezabatu ere egin zituen. Holandako gerrarekin etorri ziren finantza arazoak eta bere hartan jarraituko zuten aurrerantzean. Hiru ziren, batez ere, gastuen gorakadaren arrazoiak: erregeak Europan zuen politika erasokorra, Versaillesko jauregiaren eraikuntza, eta Gorteko gastuak.

Hala, aurrekontuetako defizita arau bihurtu zen. Egoera horri aurre egiteko, Colbertek zergak igotzea erabaki zuen, bai zerga arruntak eta bai apartekoak, nola ziren, karguen salmentak, partikularren arteko maileguak, erregearen ondarearen zenbait besterentze, eta monopolio berriak: tabakoa eta paper tinbratua, adibidez.

Colbertek ezarritako ekonomia politikari merkantilismoa esaten zaio. Colbertek, garai hartako gainerako ekonomilariek bezala, uste zuen munduan batetik bestera zebiltzan urre eta zilar kopuruak oso gutxi aldatzen zirela eta estatu batek zuen diru kopurutik neurtzen zela estatu horren aberastasuna.

Erresuma aberasteko bidea, esportazioak gehitzea eta inportazioak gutxitzea zen, beraz.

Eskulangintza produkzioa hobetzeko eta gehitzeko, Colbertek arautu eta babestu egin zuen sektore hori. Zenbait eskulangintza pribilegiodun ere sortu ziren, batez ere esportaziorako lan egiten zutenak. Frantziako manufakturen babesa berriz, 1667an gauzatu zen, urte hartan aduana tarifa berri bat sortu baitzen Frantzian sartzen ziren atzerriko produktuak zamatzen zituena. Produktu horiek Ingalaterratik eta Holandatik zetozen gehienak eta neurriaren ondorioa, praktikan, atzerriko manufakturak debekatzea izan zen.

Handik gutxira, Nimegako itunaren ondoren, aduana tarifak bertan behera uzi beharra izan zen. Itun harekin amaitu zen Frantziaren eta Holandaren arteko gerra.

Ogasun publikoak Frantziako ekonomiari eusteko zituen zailtasunak alde batera utzita, beste arrazoi asko zeuden 1672tik aurrera colbertismoak lur jotzeko. Lehenik, erresuma barruko aurkakotasuna; bigarren, atzerriko lehiakideen indarra: Ingalaterrak eta Holandak manufaktura hobeak eta merkeagoak ekoizteaz gainera, banku eta ontzidi indartsuak zituzten; eta hirugarren, Europa osoa jasaten ari zen ekonomia eta demografia beheraldia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Biografias y vidas: Jean-Baptiste Colbert

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-Baptiste Colbert Aldatu lotura Wikidatan
Biografia Artikulu hau biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.