Jean-Paul Sartre



Jean-Paul Charles Aymard Sartre (Paris, Frantzia, 1905eko ekainaren 21 – 1980ko apirilaren 15) frantses idazlea eta filosofoa izan zen, existentzialismoaren adar marxistaren erakusgarria, eta XX. mendeko intelektual politikoki konprometituaren irudi nagusietakoa. Halaber, existentzialismoaren ordezkari ospetsuena izan zen[1] , Martin Heideggerrekin eta Albert Camusekin batera.
1964an, Literaturako Nobel Saria jaso zuen hamargarren idazle frantsesa izan zen, uko egin bazion ere. Suediako Akademiari gutun[2] batean azaldu zionez, errekonozimendu eta saririk ez onartzeko araua jarri zion bere buruari, bere ustez gizakiaren eta kulturaren arteko loturak zuzen-zuzenean garatu behar baitziren, instituzioetatik igaro gabe[3]. Beste emakume batzuen artean, Simone de Beauvoir filosofoaren bikotekidea izan zen.
Haren filosofiaren muina askatasunaren kontzeptuan eta erantzukizun pertsonalaren zentzu konkomitantean zetzan. Hil baino urte gutxi batzuk lehenago egindako elkarrizketa batean, behin eta berriz esan zuen: beti sinetsi zuela «Gizakiak bere burua egiten duela»[4].
Euskal literatura eta pentsamenduan ere eragin handia izan du Sartrek, beste batzuen artean Txillardegirengan.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jean-Baptiste Sartreren, Frantziako Itsas Armadako ofiziala eta Anne-Marie Schweitzerren (Albert Schweitzerren arreba eta alemaniar jatorrikoa) semea zen, zeinak matematika irakatsi eta oso gaztetatik literatura klasikoan sartuko baitzuen Jean-Paul.
Filosofiak hogeiko hamarkadan nerabe zenetik erakarri zuen, Henri Bergsonen Essai sur les données immédiates de la conscience (Kontzientziaren berehalako datuei buruzko saiakera) irakurri zuenetik. Immanuel Kant, Georg Wilhelm Friedrich Hegel, Friedrich Engels, Søren Kierkegaard, Edmund Husserl eta, bereziki, Martin Heidegger eta Karl Marxen eragina izan zuen.
Parisko École Normale Supérieure ikastetxe elitistan ikasi zuen, non 1929an graduatu zen Filosofiako doktoretza batekin. Ikasten ari zela, Simone de Beauvoir eta Raymond Aron ezagutu zituen. Sartre eta Beauvoir, bizitza osorako, elkarren lagun egin ziren harreman ireki eta anizkoitz batean[5].
| « | Zalantzarik gabe, Simone de Beauvoir funtsezko zutabe izan zen Sartreren bizitzan. École Normale Supérieure eskolan ezagutu zuen 1924 eta 1929 artean. Harekin bizi izan zen bizitza osoan. Ez zen harreman arrunt eta ohikoa izan; irekia zen, nolabait esateko. Hark zioenez, hura zuen beharrezko amodioa, eta bidean gurutzatzen zen beste edozein maitale kontingentea zen. Sartrek, beraren adimenari esker, laguntza handia izan zuen filosofiaren munduko gailurrik garaienera iritsi ahal izateko. Sartrek, pentsalari bikaina izan arren, emaztearen iritzia oso aintzakotzat hartu izan omen zuen beti; inoiz ez zuen lan bat argitaratu hark irakurri, kritikatu eta onartu gabe». | » |
Friburgoko Unibertsitatean sartu zen, eta, geroago, Berlingo Frantses Institutuan. Behin ikasketak amaituta, irakaskuntza lanetan aritu zen Bigarren Mundu Gerra hasi zen arte. Gerra denboran, kartzelan egon zen, eta, atera eta gero, Frantziako erresistentziarekin bat egin zuen.
Frantziako Armadan egin zuen soldadutza 1929 eta 1931 artean. Ondoren, 1959an adierazi zuen frantziar bakoitza Aljeriako Independentzia Gerran (Frantziako kolonia zena) egindako krimenen erantzule kolektibo zela[7].
Bigarren Mundu Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1939an, Bigarren Mundu Gerran, meteorologo gisa aritu zen Frantziako Armadan[8][9]. 1940an, Alemaniako tropek harrapatu zuten Padouxen[10]; bederatzi hilabete gerra-preso gisa eman zituen Nancyn eta gero Stalagen, Alemaniako Treveris hirian. Ez zuen filosofia alde batera utzi aldi hartan, eta, haren testigantzaren arabera, egunero idazten zituen apunteak kartzelan egon zen bitartean gorde zuen libreta batean.
Tropa alemaniarren konfinamendu garai horretan irakurri zuen Sein und Zeit (Izatea eta denbora), Martin Heideggerren lana, geroago, eragin handia izango zuen fenomenologiari eta ontologiari buruzko bere saiakeraren. Osasun txarragatik (ikusmen txarrak eta exotropiak orekari eragiten ziotela zioen), 1941eko apirilean askatu zuten. Beste iturri batzuen arabera, oftalmologoari bisita egin ostean ihes egin omen zuen[11].
Egoera zibilarekin, irakasle postua berreskuratu zuen Pasteur Lizeoan, Paristik gertu, eta Mistral hotelean jarri zen bizitzen. 1941eko urrian, Vichyko Legeak irakastea debekatu zion irakasle judu batek betetzen zuen lanpostua eman zioten Parisko Condorcet Lizeoan.
1941eko maiatzean Parisera itzuli ondoren, «Socialisme et Liberté» (Sozialismoa eta Askatasuna) talde klandestinoaren sorreran parte hartu zuen beste idazle batzuekin batera, hala nola Simone de Beauvoir, Maurice Merleau-Ponty, Jean-Toussaint Desanti, Dominique Desanti, Jean Kanapa eta École Normale-ko ikasleak. 1941eko udaberrian, Desantik «ankerkeria alaiz» iradoki zuen taldeak gerrako kolaboratzaile garrantzitsuak erail behar zituela, hala nola Marcel Déat, baina Beauvoirrek adierazi zuen bere ideia baztertu egin zela: «gutako inor ez baitzen gai sentitzen bonbak egiteko edo granadak jaurtitzeko»[12]. Ian Ousby historialari britainiarrak adierazi zuen frantsesek askoz ere gorroto handiagoa izan zietela kolaborazionistei naziei berei baino, seinalatuz Sartrek hil nahi zituenak Deat gisako frantsesak zirela eta ez Otto von Stülpnagel jenerala (Frantziako gobernadore militarra), eta herri-leloa beti izan zela «Heriotza Lavali!» «Heriotza Hitlerri!» izan beharrean[13]. Abuztuan, Sartre eta Beauvoir Frantziako Rivierara joan ziren André Gide eta André Malraux-en babesa bilatzera. Hala ere, Gide eta Malraux zalantzati agertu ziren, eta hori izan zitekeen Sartreren etsipen eta uzkurduraren arrazoia. Sozialismoa eta Askatasuna laster desegin zen, eta Sartrek idaztea erabaki zuen erresistentzia aktiboan parte hartu beharrean. Orduan, L'Être et le Néant (Izakia eta ezereza), Les Mouches (Euliak) eta Huis clos (Ateak itxita) idatzi zituen, eta Alemania naziak ez zuen bat bera ere debekatu, eta aldizkari literario legal eta ilegaletan ere kolaboratu zuen.
Paris okupaziopean saiakeran, Sartrek idatzi zuen alemaniarren jokabide zuzenak paristar gehiegi harrapatu zituela okupazioarekiko konplizitatean, naturala ez zena naturaltzat onartuz:
| « | Alemanak ez ziren kaleetan barrena ibiltzen errebolberra eskuan. Ez zituzten zibilak espaloietan bidea irekitzera behartzen. Emakume edadetuei eserlekuak eskaintzen zizkieten metroan. Umeekiko, afektu handia erakusten dute, eta, masailean, txaplatatxoak ematen dizkiete. Zuzen jokatzeko esan zitzaien, eta, ongi diziplinatuak zeudenez, lotsati eta kontzienteki jokatzen saiatzen ziren. Haietako batzuek, gainera, onberatasun xaloa erakusten zuten, adierazpen praktikorik aurkitzen ez zuena»[14]. | » |
Sartre ohartu zen Wehrmacht-eko soldaduek frantsesez, aleman doinuarekin, helbide batengatik galdetzen zietenean paristarrei, jendea lotsatuta eta estututa sentitzen zela haiei laguntzeko, Horrek honako hau esatera eraman zuen Sartre: «Ezin ginen naturalak izan»[15]. Frantsesa asko irakasten zen Alemaniako eskoletan, eta alemaniar gehienek hitz egin zezaketen apur bat frantsesez. Sartreri berari ere zaila gertatzen zitzaion Wehrmacht-eko soldadu batek argibideak eskatzen zizkionean; normalean, soldaduak nora joan nahi zuen ez zekiela esaten zuen, baina, hala ere, ez zen eroso sentitzen, Wehrmacht-ekin hitz egite hutsak okupazioaren konplize izan zela esan nahi baitzuen[16]. Ousbyk idatzi zuen:
| « | Baina, oso apala izan arren, denek erabaki behar zuten nola egingo zioten aurre bizitzari gizarte zatikatu batean (...) Beraz Sartreren kezkak (...) soldadu aleman batek kalean gelditu eta, maitekiro, helbide batez galdetzen zionean nola erreakzionatu, ez zen hasieran uste bezain garrantzirik gabea. Enblematikoak ziren okupazioaren dilemak nola agertzen ziren eguneroko bizitzan[16]. | » |
Sartrek esan zuen alemaniarren zuzentasunak berak ekarri zuela jende askoren ustelkeria morala, alemanen jokabide zuzena pasibotasunerako aitzakia gisa erabili zutela, eta okupazioa desafiatu gabe eguneroko bizitza bizitzen saiatzeak berak lagundu ziola «Ordena Berria Europan» delakoari, bere helburuak lortzeko jende arruntaren pasibotasunaren mende baitzegoen[14].
Nazien okupazioan, Alemaniaren politika Frantzia arpilatzea izan zen, eta elikagaien eskasia beti izan zen arazo handia, Frantziako landako elikagai gehienak Alemania nazira joaten baitziren[17]. Sartrek paristarren «existentzia ilunari» buruz idatzi zuen, jendeak obsesiboki itxaroten baitzuen alemaniarrek landetako elikagaiekin astero iristen zen kamioi bakarra, esanez: «Paris makurtu eta gosez aharrausi egiten zuen zeru hutsaren azpian. Munduko gainerako lekuetatik isolatua, errukiak edo ondorengo arrazoiren batek bakarrik elikatua, hiriak bizitza abstraktu eta sinboliko hutsa zeraman»[17]. Sartre bera Anjoun bizi zen Beauvoirren lagun batek bidaltzen zion untxi dieta batekin bizi zen[18] . Untxiak ustelduta egon ohi ziren, harrez beteta, eta, goseak egon arren, untxi bat bota behar izan zuen jan ezin zelako, haragia baino har gehiago baitzeuzkan[18]. Cafe de Flore-ko intelektualen arteko elkarrizketak aldatu egin zirela ere esan zuen. Izan ere, haietako bat mouche (salatari) edo corbeaux (salaketa-gutun anonimoak) idazle izateko beldurrak esan nahi baitzuen jada inork ez zuela benetan esaten esan nahi zuena, autozentsura inposatuz[19]. Sartrek eta Cafe de Floreko bere lagunek bazituzten beldur egoteko arrazoiak; 1940ko irailean, «Abwehr»ek bakarrik 32.000 frantses errekrutatu zituen mouche gisa lan egiteko; 1942an, Parisko Kommandanturrek, batez beste, corbeauxek bidalitako 1500 bat gutun jasotzen zituen egunean[20].
Sartrek ikusi zuen alemanen okupaziopean Paris «fartsa» bat bilakatu zela (erakusleihoetan erakusten ziren ardo botila hutsen antzekoa, ardo guztia Alemaniara esportatua baitzen) Paris zaharraren itxurarekin, baina hustua, Paris berezi bihurtu zuena desagertua baitzen[21]. Okupazioak iraun zuen bitartean, ia ez zegoen autorik kaleetan, petrolioa Alemaniara eramaten baitzuten eta okupatzaileek gaueko etxeratze-agindua ezartzen baitzuten. Horrek esan nahi zuen Paris «ez zeudenek populatzen zutela»[22]. Jendea, okupaziopean, desagertzen hasi zela ere adierazi zuen:
| « | Egun batean lagun bati dei zeniezaiokeen eta telefonoak luzaroan jotzen zuen hutsik zegoen pisuan. Txirrina jotzen zenuen, baina inork ez zuen erantzuten. Atezainak atea bortxatzen bazuen, atondoan bi aulki elkarren ondoan aurki zenezakeen zigarro alemanen muturrak lurrean hanken artean zeudela. Desagertutako gizonaren emaztea edo ama atxiloketaren unean bertan izan bazen, esango zizun oso ondo hezitako alemaniar batzuek (kalean bideaz galdetzen zutenen antzekoak) eraman zutela, eta Foch etorbideko 84ara edo Foch etorbideko bulegoetan edo Saussaien kalean zer gertatu zitzaion galdetzera zihoanean, adeitasunez hartu eta hitz lasaigarriekin agurtzen zuten» (Saussaien kaleko 11. zenbakia Gestaporen Parisko egoitza zen)[23]. | » |
Sartreren iritziz, Wehrmacht-eko feldgrau (zelai grisa) uniformeak eta Ordnungspolizeiren (Ordenako Polizia) uniforme berdeak, 1940an hain arraroak ziruditenak, onartutako zerbait bihurtu ziren, izan ere, jendea logaletuta baitzegoen, eta onartzen zuen «berde zurbil eta itzalia, tentsio diskretukoa, begiak zibilen arropa ilunen artean ia aurkitzea espero zuena»[24]. Okupaziopean, frantsesek alemanei les autres (besteak) deitu ohi zieten; horrek Ateak itxita antzerki-obran sartuta zegoen bere aforismo ospetsua inspiratu zuen: «l'enfer, c'est les autres» (infernua, besteak dira)[25]. Sartreren asmoa zen «l'enfer, c'est les autres» lerroa, hein batean bederen, alemaniar okupatzaileekiko zipla bat izatea[25].
Combat aldizkariko kolaboratzaile oso aktiboa izan zen. Albert Camus filosofo eta idazle aljeriar-frantsesak eta nazismoaren aurkako erresistentzia frantziarrarekin bat egin zuenak, klandestinitatean sortu zuen egunkaria. Sartrek eta Beauvoirrek 1951ra arte mantendu zuten Camusen adiskidetasuna, bada, Camusen L`homme Révolté (Gizon errebeldea) (1951) lanak doktrina marxistak eta komunismoa zalantzan jartzen baititu, eta horrek Sartre doktrinario eta militantea haserrarazi zuen. Hala ere, Albert Camusen alabak, Catherine Camus Faurek, bi idazleen arteko desberdintasunen eta urruntzearen arrazoiak beste elementu batzuetan ezartzen ditu.
Sartrek asko idatzi zuen gerraostean arreta gabeko talde minoritarioei buruz, zehazki judu frantsesei eta beltzei buruz. Aurreko urtean Les Temps Modernes aldizkariaren hirugarren zenbakian saiakeraren lehen zatia, Portrait de l'antisémite, argitaratu ondoren, 1946an, Antisemita eta judu argitaratu zuen. Saiakeran, gorrotoaren etiologia azaltzean, Frantziako antisemitismoari eraso egiten dio[26], kontzentrazio esparruetatik itzultzen ziren juduak azkar alde batera utziak ziren garaian[27]. 1947an, afro-amerikarrek Estatu Batuetan zuten egoerari buruzko hainbat artikulu argitaratu zituen –bereziki herrialdean pairatzen zuten arrazakeria eta diskriminazioari buruz– Situations bigarren bilduman. Gero, 1948an, Léopold Sédar Senghor-en L'Anthologie de la nouvelle poésie nègre et malgache (Poesia beltz eta malgaxe berriaren antologia) lanean sartzeko, Orfeo beltza idatzi zuen (Situations III-n berrargitaratua), kolonialismoari eta arrazakeriari egindako kritika Izatea eta Ezereza lanean garatutako filosofiaren baitan. Geroago, autore batzuek erresistentetzat jotzen bazuten ere, Vladimir Jankelevitx frantziar filosofo eta erresistenteak Sartreren, alemaniar okupazioaren garaian, argitasun eta konpromiso politiko falta kritikatu zuen, eta askatasunaren aldeko ondorengo borrokak erredentzio pertsonalerako saiakeratzat interpretatu zituen. Camusen arabera, Sartre erresistentzia egiten zuen idazlea zen; ez idazten zuen erresistentea[erreferentzia behar].

1945ean, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Parisera joan zen Bonaparte kaleko apartamentu batera, Bertan ekoitzi zuen bere ondorengo obraren zatirik handiena eta bertan bizi izan zen 1962ra arte. Hezkuntza utzi, eta, Simone de Beauvoirren laguntzaz, Les Temps Modernes politika- eta literatura-aldizkaria sortu zuen, hiru hilean behingo aldizkari literario eta politikoa, hein batean, bere pentsamendua jendarteratzeko[28]. Eskolak emateari ondoren, idazketan eta aktibismo politiko maoistan aritu zen. Gerra-esperientzietan oinarrituko zen bere Les Chemins de la liberté (Askatasunaren bideak) eleberri-trilogia handirako, 1945 eta 1949 artean idatzia.
Gerra Hotzaren politika eta kolonialismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere ibilbideko lehen aldia, hein handi batean Izatea eta Ezereza (1943) lanak definitua, bigarren aldi bati bide eman zion —Gerra Hotzaren garaian, mundua Mendebaldeko (kapitalista) eta Ekialdeko (sozialista) blokeetan zatituta ikusten zenean— non parte-hartze politiko oso hedatua duen. Gerra ostean, Sartrek erresistentzia ekintzazko moralaren adierazpen zorrozki loriatzeko joera zuen, eta gogoratzen zuen résistantak «anai-arreba talde» bat zirela, «benetako askatasunaz» gozatu zutenak gerra aurretik eta ondoren ez zegoen modu batean[29]. Bihozgabea izan zen alemaniarren okupazioan lagundu edo pasibo iraun zuen edonori eraso egin zionean; adibidez, Camus kritikatuz Robert Brasillach idazle kolaborazionista exekutatua izan ez zedin deialdia sinatzeagatik[29]. 1948an idatzitako Les Mains sales (Esku zikinak) antzezlanak bereziki aztertzen zuen politikoki konprometitua zen intelektuala izatearen arazoa. Marxismoa besarkatu zuen, baina ez zen Frantziako Alderdi Komunistan (PCF) afiliatu. Denbora batez, 1940ko hamarkadaren amaieran, frantziar nazionalismoa «probintziano» gisa deskribatu zuen, eta, 1949ko saiakera batean, «Europako Estatu Batuak» aldarrikatu zituen[30]. Politique Étrangère aldizkarian 1949ko ekainean argitaratutako saiakera batean, Sartrek zera adierazi zuen:
| « | Frantziar zibilizazioak bizirautea nahi badugu, europar zibilizazio handi baten markoan sartu behar du. Zergatik? Zibilizazioa egoera partekatu baten inguruko hausnarketa dela esan dut. Italian, Frantzian, Beneluxen, Suedian, Norvegian, Alemanian, Grezian, Austrian, nonahi aurkitzen ditugu arazo eta arrisku berberak... Baina kultura-politika horrek soilik du Europaren kultura-autonomia Amerikaren eta Sobietar Batasunaren aurrean defendatzen duen politikaren elementua, baina baita bere autonomia politikoa eta ekonomikoa ere blokeen artean Europa indar bakar bihurtzeko helburuarekin, ez hirugarren bloke bat, baizik eta indar autonomo bat optimismo amerikarraren eta errusiar zientifizismoaren artean txikitzen utziko ez dena [31]. | » |
Literatura Nobel saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1964an, literaturari uko egin zion bere bizitzako lehen hamar urteei buruzko kontakizun autobiografiko, burutsu eta sardoniko batean, Les Mots (Hitzak). Liburua Marcel Prousten aurkako kontraeraso ironikoa da, haren ospeak André Gide-rena estali baitzuen ustekabean (Sartreren belaunaldirentzat, littérature engagée eredua eman zuena). Literaturak, azkenean, munduarekiko benetako konpromisoaren ordezko burges gisa funtzionatzen zuen[erreferentzia behar].
1964ko urrian, Literaturako Nobel Saria jaso zuen, «bere lanagatik, zeinak, ideietan aberatsa eta askatasun-izpirituaz eta egiaren bilaketaz betea, gure garaian eragin handia izan duen», baina baztertu egin zuen, onartzeak bere filosofo-nortasuna galtzea ekarriko zuela argudiatuz[3][32]. 1945ean, Ohorezko Legioa errefusatu zuen[3][33]. Bere borondatez sariari uko egin zion lehen Nobel sariduna izan zen, eta hori egin duen bi sarituetako bat izaten jarraitzen du[34]. Nobel saria 1964ko urriaren 22an iragarri zen; egun batzuk lehenago, urriaren 14an, gutun bat idatzi zion Nobel Institutuari, izendatuen zerrendatik kentzeko eskatuz, eta, emanez gero, ez zuela saria onartuko ohartarazten zuen, baina gutuna hilabeteko atzerapenarekin iritsi zen[35]. Urriaren 25ean, albistea izan eta hiru egunera, Le Figarok Sartreren ezezkoa azalduz adierazpen bat argitaratu zuen. Ez zuela sariak «eraldatzea» nahi esan zuen, eta ez zuela parte hartu nahi Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko kultura-borroka batean Mendebaldeko kultura-erakunde ospetsu baten sari bat onartuz[3][36]. Hala ere, urte horretako sariduna izan zen[37]. Nobel saria jaso ondoren, komunikabideetatik ihes egiten saiatu zen Simoneren ahizparen, Hélène de Beauvoir-en etxean ezkutatuz, Goxwiller-en (Alsazia)[8]. Lars Gyllenstenen arabera, 2000. urtean argitaratutako Minnen, bara minnen (Oroitzapenak, soilik oroitzapenak) liburuan, 1975ean, Sartre bera edo haren gertuko norbait Suediako Akademiarekin harremanetan jarri zen sariaren dirua eskatzeko, baina ukatu egin zioten[38] .
Azken urteak eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1974an egindako gose-greba batean, Armada Gorriaren Frakzioko kidea bisitatu zuen Stammheimeko presondegian eta espetxeratze baldintza gogorrak kritikatu zituen[39].
1977an (Frantziako filosofo ugarirekin batera eta Versaillesko kasu ezagunaren ondorioz) sinatu zuen adin txikikoekin adostutako sexu-harremanak despenalizatzeko eskaera polemikoa, baita sexu-onarpenerako adina murrizteko eskaera ere. Kasu horretan, hiru heldu zigortu zituzten 15 urtetik beherako mutilekin indarkeriarik gabeko harremanak izateagatik[40].
Bizitzaren azken aldera, bere burua anarkista «mota berezitzat» deskribatzen hasi zen[41].
1980ko apirilaren 15ean hil zen, hirurogeita hamalau urterekin, Broussaiseko ospitalean, urte batzuk lehenago Libération egunkariko zuzendaritzatik aldendu zuen gaixotasun baten ondorioz. Apirilaren 20an lurperatu zuten, jendetza ikaragarriz inguratuta. Hogei mila pertsonak baino gehiagok lagundu zuten hilkutxa Montparnasseko hilerriraino, Parisen, non bere gorpuzkiak atsedena hartzen duten.
Sartreren existentzialismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sartrek gizakia libre izatera kondenatuta dagoela jotzen zuen, hau da, bere bizitzan akzioa izatera eta horren erantzule ere izatera, aitzakiarik gabe.
Era berean, Sartreri otu zitzaion gizakiaren existentzia kontziente gisa: gizakia izateak beste izaki bizidun guztietatik bereizten gaitu kontzienteak garelako. Gizakien existentzia fenomeno subjektiboa da. Teoria existentzial horretan atzeman dezakegu Sartrerengan gauzatzen zen «arrazionalismo kartesiarra».
Sartre Husserlen fenomenologian eta Heideggerren filosofian oinarritzen zen. Bigarren Mundu Gerraren[42] erdialdean, Frantziako Armadako meteorologo lanetan zebilela, preso hartu zuten, eta luzaro izan zen nazismoaren pean preso. Haren ondorioz, hainbat ideia berri sortu zituen, eta beste batzuk birformulatu zituen.
Sartreren existentzialismoaren teoria adibide honekin azal daiteke: eskulangile batek lan bat egin nahi du; lehenik, pentsatu egiten du zer egin nahi duen, eta bere buruan eraikitzen du (hori izango da ideiaren esentzia, existentzia baino lehen datorrena). Baina gu, gizakia, ez gara inoren diseinua, eta ez daukagu gure barruan «naturalki gaiztoak» edo «naturalki onak» egiten gaituen ezer. Sartreren ustez, gure esentzia, definituko gaituena, gure baitan osatuko dugu gure ekintzen ondorioz.
Psikologia existentziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sartrek inoiz ere ez zuen Sigmund Freudek planteatutako inkontzientea bazenik sinetsi. Sartrek argudiatzen zuen inkontzientetasuna irrazionalismo alemaniarraren ezaugarri zela. Arrazoi horrengatik, irrazionalismoan oinarritutako psikologiaren kontra zegoen. Ondorioz, Sartrek psikoanalisi arrazionalista bat saiatu zuen, psikoanalisi existentziala deitu zuena.
Sartreren argumentua soila da: «Gizaki heldu batek ezin ditu bere hutsegiteak defendatu gaztaroan gertatu ziren gertaerak baliatuz; hori fede txarrekoa eta heldutasun falta da».
Izatea eta Ezereza liburuko Begirada kapitulua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]L’Être et le Néant (Izatea eta Ezereza, 1943) existentzialismoaren zutabe teorikoak ezarri zituen tratatua da.[43]
Juanmari Agirreurretak 2017an aurkeztu zuen doktorego-tesian, Jean-Paul Sartreren L'Être et le Néant tratatu filosofiko horren idazkera aztertzen du, eta, horrela, fikzioa erabiliz, interpretazio berri bat eskaintzen du. Zehatzago esanda, «Le Regard» (Begirada) izeneko kapituluaren eginkizun nagusia ulertzea da helburua, beti ere, diskurtsoaren analisiaren esparrutik helduta.[44] Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia izan zen. «Begirada» testuaren itzulpena Jakinek argitaratu zuen 2017an; itzulpen horri hitzaurre luze bat egin zion. Ikerketak bietatik edaten du, Filosofiatik eta Hizkuntzatik.[45]
Sartre eta Burgosko auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burgosko Auzian, zenbait nazioarteko begiralek hartu zuten parte, Gisèle Halimi izan zen haietako bat. Halimik Burgosko auziari buruzko liburu bat idatzi zuen, Le procès de Burgos (Gallimard, 1971). Liburuak baino ospe handiagoa du, ordea, Jean-Paul Sartrek egindako hitzaurreak. Sartrek hankaz gora jarri zituen artean estaturik gabeko herrien borrokari buruz giro ezkertiarretan nagusi ziren ideiak:
«Biolentzia errepresiboa saihestezina baita, kolonizatuentzat ez da beste irteerarik biolentziari biolentziaz aurka egitea baino. Tentaldi erreformista tokiz kanpo dagoenez, Euskal Herriak ezin du erradikalizatu baino: orain, badaki independentzia ez dela lortuko borroka armatuaz baino. Horri dagokienez, Burgosko Auzia argia da; espainolei aurre eginez, "akusatuek" bazekiten zein arrisku zuten: espetxeratzea, tortura, heriotza-zigorra».
«Independentzia ala hil: atzo Kuban, Aljerian esaten ziren hitz hauek, gaur egun Euskal Herrian errepikatzen dira. Euskal Herri independente eta sozialista baten aldeko borroka armatua, horra egungo egoeraren exijentzia osoa. Hori edo bestela men egitea –zeina ezinezkoa baita–».
«Horretan gaude: guri frantsesoi, beti apur bat jakobinoen oinordeko –nahi izan gabe ere– herri heroiko batek, alderdi iraultzaile batek gidatua, bestelako sozialismo bat sumarazi digu, deszentralizatzailea eta konkretua: halakoxea da euskaldunen unibertsaltasun berezia, hain zuzen ETAk zapaltzaileen zentralismo abstraktuari kontra-jartzen diona».
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La Nausée (1938) (Goragalea, Monika Etxebarriak euskaratua, 2004)
- Le Mur (1939) ipuinak (Le mur, La chambre, Érostrate, Intimité, L'enfance d'un chef)
- (Paretaren kontra, Mikel Lasak euskaratua, 1983)
- Les chemins de la liberté (1945) :
- L'âge de raison
- *Le sursis
- *La mort dans l'âme
- Œuvres romanesques (1981)
Antzezlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baronia (1940)[46][47][48]
- Les Mouches (1943)
- Huis clos (1944)
- La Putain respectueuse (1946)
- Morts sans sépulture (1946)
- Les Mains sales (1948)
- Le Diable et le Bon Dieu (1951)
- Kean (1954)
- Nekrassov (1955) (Xabier Olarrak euskaratua, 1985)
Autobiografia, memoriak eta gutunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Les Mots (1963-1964)
- Les Carnets de la drôle de guerre (1983)
- Lettres au Castor eta beste batzuk, I eta II liburukiak (1983)
Saiakerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Situations I (1947)
- Situations II (1948)
- Situations III (1949)
- Situations IV (1964)
- Situations V (1964)
- Situations VI (1964)
- Situations VII (1965)
- Situations VIII (1972)
- Situations IX (1972)
- Situations X (1976)
Saiakera politikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Réflexions sur la question juive (1946)
- Entretiens sur la politique (1949)
- L'Affaire Henri Martin (1953)
- Frantz Fanon-en Damnés de la Terre lanaren hitzaurrea (1961)
- On a raison de se révolter (1974)
Literatura kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La république du Silence (1944)
- Baudelaire (1946)
- Saint Genet, comédien et martyr (1952)
- L'Idiot de la famille (1971-1972) Flauberti buruz
- Un théâtre de situations (1973)
- Critiques littéraires
- Qu'est-ce que la littérature ?
Idazlan filosofikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- L'imagination (1936)
- La Transcendance de l'Ego (1937)
- Esquisse d'une théorie des émotions (1939)
- L'imaginaire (1940)
- L'être et le néant ontologia fenomenologikoaz (1943)
- L'existentialisme est un humanisme (1945)
- Conscience et connaissance de soi (1947)
- Critique de la raison dialectique I : Théorie des ensembles pratiques (1960)
- Cahiers pour une morale (1983)
- Critique de la raison dialectique II : L'intelligibilité de l'histoire (1985)
- Vérité et existence (1989)
Euskaratutako lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Paretaren kontra (Mikel Lasak euskaratua, 1983)
- Nekrassov (Xabier Olarrak euskaratua, 1985)
- Goragalea (Monika Etxebarriak euskaratua, 2004)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Arnau, Juan. (2022-01-28). Jean-Paul Sartre, entrevista con la nada. Babelia, El País (kontsulta data: 2022-01-28).
- ↑ El País. (2015-01-05). Sartre pidió por carta que no le dieran el Nobel que finalmente ganó en 1964. (kontsulta data: 2015-01-05).
- ↑ a b c d Álvarez, Ramón. (2021-09-03). «El ‘je refuse’ de Sartre al premio Nobel de Literatura» La Vanguardia.
- ↑ Audi, Robert. Diccionario Akal de Filosofía. Ediciones Akal S.A. ISBN 84-460-0956-0..
- ↑ a b Salmerón, Víctor. (2020-11-18). «¿Por qué escribí Sartre: un filósofo peligroso e incómodo?» Irrupción Filosófica (kontsulta data: 2021-09-19).
- ↑ (Ingelesez) Stumpf, Samuel Enoch. (1986). Elements of philosophy : an introduction. (2.. argitaraldia) McGraw-Hill ISBN 0-07-062309-0. OCLC .12720776 (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Ingelesez) Le Sueur, James D.; Bourdieu, Pierre. (2005). Uncivil war intellectuals and identity politics during the decolonization of Algeria. (2.. argitaraldia) University of Nebraska Press, 8-178 or. ISBN 978-1-4962-2677-8. OCLC .1245905683.
- ↑ a b (Ingelesez) Van den Hoven, Adrian; Leak, Andrew N.. (2005). Sartre today : a centenary celebration. Berghahn Books ISBN 978-1-84545-166-0. OCLC .61240761.
- ↑ Fulton 1999, 7 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Boulé, Jean-Pierre. (2005). Sartre, self-formation, and masculinities. Berghahn Books ISBN 1-57181-742-5. OCLC .55044634.
- ↑ (Ingelesez) Bakewell, Sarah. (2016). At the existentialist café : freedom, being, and apricot cocktails with Jean-Paul Sartre, Simone de Beauvoir, Albert Camus, Martin Heidegger, Karl Jaspers, Edmund Husserl, Maurice Merleau-Ponty and others. , 158 or. ISBN 978-1-59051-489-4. OCLC .934101905.
- ↑ Ousby 2000, 218 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 225 orr. .
- ↑ a b Ousby 2000, 54 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 57-58 orr. .
- ↑ a b Ousby 2000, 151 orr. .
- ↑ a b Ousby 2000, 70 orr. .
- ↑ a b Ousby 2000, 127 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 148 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 146 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 161 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 172 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 173 orr. .
- ↑ Ousby 2000, 170 orr. .
- ↑ a b Ousby 2000, 168 orr. .
- ↑ Cohen-Solal, Annie; Cabanel, Patrick; Simon-Nahum, Perrine; Jaduken, Jonathen; Melinge, Yoann. (2013-06-07). ens.fr//expose.php?id=1245 «Mesa redonda en torno a "Sartre, el judaísmo y el protestantismo" : Sartre et ses contemporains" (à l'occasion de la Nuite Sartre 2013 à l'ENS)» savoirs.ens. fr (kontsulta data: 2020-12-08).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Frantsesez) Wieviorka, Annette. (1995). id=-RNWAAAAYAAJ Déportation et génocide: entre la mémoire et l'oubli. Hachette, 168-173 or. ISBN 978-2-01-278737-7..
- ↑ Fulton 1999, 12 orr. .
- ↑ a b Bondy 1967, 26 orr. .
- ↑ Bondy 1967, 29 orr. .
- ↑ Bondy 1967, 29-30 orr. .
- ↑ (Ingelesez) «The Nobel Prize in Literature 1964» NobelPrize.org (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Frantsesez) de Tappie, Raphaëlle. (2015-01-01). «Ces personnalités qui ont refusé la Légion d'honneur» Le Figaro (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Ingelesez) «Nobel Prize facts» NobelPrize.org (kontsulta data: 2019-05-26).
- ↑ «Quiénes son los autores que rechazaron el Premio Nobel de Literatura» Infobae 2020-10-08 (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ Amiguet, Teresa. (2019-10-20). «Sartre rechaza el Nobel» La Vanguardia (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Ingelesez) «All Nobel Prizes in Literature» NobelPrize.org (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ (Suedieraz) Schueler, Kaj. (2015-01-02). «Sartres brev kom försent till Akademien» Svenska Dagbladet (kontsulta data: 2016-12-01).
- ↑ La lenta muerte de Andreas Baader. Marxists.org 1974-12-07 (kontsulta data: 2010-03-02).
- ↑ «Historia de la polémica petición que firmó Foucault en defensa de tres hombres que tuvieron sexo con menores de edad» Infobae 2021-04-01 (kontsulta data: 2022-11-09).
- ↑ R.A. Forum > Sartre par lui-même ( Sartre por sí mismo). 2011-09-30 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2011-09-30) (kontsulta data: 2019-09-19).
- ↑ Sartre today : a centenary celebration. Berghahn Books 2005 ISBN 978-1-84545-166-0. PMC 61240761. (kontsulta data: 2020-02-18).
- ↑ «Juanmari Agirreurreta: "Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da… Betoz hamaika ikerketa eta betoz euskaraz guztiak" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (kontsulta data: 2020-11-16).
- ↑ Aguirreurreta Elosegui, Juan Maria. (2017). [Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan: Fikzioaren antolamendua L'Être et le Néant obra filosofikoaren "Begirada" kapituluan Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan: Fikzioaren antolamendua L'Être et le Néant obra filosofikoaren "Begirada" kapituluan. ] UPV/EHU (kontsulta data: 2020-11-16).
- ↑ «Juanmari Agirreurreta: "Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da… Betoz hamaika ikerketa eta betoz euskaraz guztiak" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (kontsulta data: 2020-11-16).
- ↑ «Barioná, El Hijo del Trueno. Un mensaje de esperanza.» YouTube (kontsulta data: 2020-02-18).
- ↑ Sartre, Jean-Paul, 1905-1980.. (2004). Barioná, el Hijo del Trueno : misterio de Navidad. (1. ed. argitaraldia) Vozdepapel ISBN 84-934023-4-6. PMC 57637227. (kontsulta data: 2020-02-18).
- ↑ Sartre Jean-Paul.. (1985). Writings of jean-paul sartre : selected prose.. Northwestern Univ Press ISBN 0-8101-0709-0. PMC 961310839. (kontsulta data: 2020-02-18).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Agirreurreta, Juanmari (2017): "Begirada, Sartreren funtsezko testu bat" in Jean-Paul Sartre: Begirada, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-95234-98-8
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sartre euskaraz
- (Frantsesez):Sartreri buruzko erakusketa birtuala., Frantziako Liburutegi Nazionala
- (Frantsesez):Groupe d'Études sartriennes.
- Wikipedia:Kanpo esteka hautsiak dituzten orriak from abuztua 2025
- 1905eko jaiotzak
- 1980ko heriotzak
- Jean-Paul Sartre
- Montparnasse hilerrian lurperatutakoak
- Parisen hildakoak
- Filosofo sozialak
- Gogamenaren filosofoak
- Sexualitatearen filosofoak
- Frantziako komunistak
- Maitasun askearen defendatzaileak
- Bigarren Mundu Gerrako Frantziako Armadako pertsonala
- Paristarrak
- Frantziako ateoak
- Aforismoegileak
- Frantziako literatura kritikariak