Jean Bernard Jauregiberri
- Artikulu hau Itsasgizon eta politikari lapurtarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Jauregiberri».
Jean Bernard Jauregiberri | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1879ko maiatzaren 27a - 1887ko urriaren 21a
1871ko otsailaren 12a - 1876ko martxoaren 7a Barrutia: Pirinio Atlantikoak Hautetsia: National Assembly (en)
1861eko urria - 1863ko maiatzaren 13a ← Louis Faidherbe (en) - Louis Faidherbe (en) →
| |||||||||
Bizitza | |||||||||
Jaiotza | Baiona, 1815eko abuztuaren 26a | ||||||||
Herrialdea | Lapurdi, Euskal Herria | ||||||||
Heriotza | Paris, 1887ko urriaren 21a (72 urte) | ||||||||
Hobiratze lekua | Montparnasseko hilerria | ||||||||
Familia | |||||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||||
Hezkuntza | |||||||||
Heziketa | École Navale (en) | ||||||||
Hizkuntzak | frantsesa | ||||||||
Jarduerak | |||||||||
Jarduerak | politikaria, Officer of the French Navy (en) eta colonial administrator (en) | ||||||||
Lantokia(k) | Paris | ||||||||
Jasotako sariak | |||||||||
Zerbitzu militarra | |||||||||
Gradua | almiranteorde | ||||||||
Parte hartutako gatazkak | Frantzia-Prusia Gerra | ||||||||
Jean Bernard Jauregiberri, ofizialki frantsesez Jauréguiberry (Baiona 1815eko abuztuaren 26 – Paris 1887ko urriaren 21) itsasgizon eta politikari lapurtarra da.
Politika arloan senatari eta ministro, arlo militarrean berak 1870ean egindakoagatik 1914an Lehen Mundu Gerran berrartu zen ideia baten aitzindaria izan zen: lurrean ere itsas-fusilariak erabiltzearena. Oro har frantses Itsas armadan berebiziko ibilbidea egin zuen.
Karrera Itsas-armadan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bresteko Itsas-eskolan sartzea lortu zuen 1831eko azaroan.
- 1832an Melpomène 60 kanoiko fragata batean ontziratua, Anbereseko blokeoan esku hartu zuen.
- Urte berean "gai" bihurtu zen eta Mendebaldeko Afrikan ibili zen 1834tik 1836ra Inconstant ontzian lehen, Bordelaise delakoan gero eta Créole korbetan beranduago.
- 1837tik 1840ra Brasilera joan zen eta bertan Sapho itsasontzitik Paraná eta Uruguai ibaietan burututako operazioetan zein Buenos Aireseko blokeoan parte hartu zuen eta Louise cutterraren agintea izan zuen zenbait hilabetez.
- 1839ko otsailean "itsasontzi-iragarle" gradua erdietsi zuen eta 1840-1841ean Ekialde Hurbilean egin zuen lan Embuscade ontzian.
- 1841-1842 urteetan Indiako ozeanoan Andromède ontziarekin ibili zen.
- 1845eko abenduan itsasotzi-lotinant gradua lortu zuen.en décembre 1845.
- Alger eta Océan itsasontzietan 1846 eta 1848 artean zerbitzatu zuen, Caton delakoan 1849an eta Valmy ontzian 1852an.
- 1852tik 1854ra Chimère avisoan Senegal eta Antilletan ibili zen eta 1855ean Grenade kanoiontzian Krimeako Gerran. Ievpatoria eta Kinburneko borrokaldietan aritu zen moduak 1856ko abenduan fragata kapitain kargua irabazteko balio izan zion.
- 1857an Tolonen eskifaia-dibisioaren Maior izendatu zuten[1].
- Txinarako espedizioan Gironde itsasontziaren agintea hartu zuen lehen eta Primauguet korbetarena gero, Rigault de Genouillyren ontzidiaren barruan. Kotxintxinara egindako espedizio franko-espainiarrean Đà Nẵngeko (orduan Tourane deitua) gotorlekuen kontrako erasoan esku hartu zuen 1858an eta beranduago Saigoneko zitadelaren okupazioan 1859ko otsailean; bertan Kỳ Hòako gotorlekuen hartzean nabaritu zen Henri Rieunier itsasontzi-lotinantarekin. Rigault de Genouilly 1859ko apirilean tropen gehiengoarekin Đà Nẵngerantz joan zenean bera geratu zen zitadelaren agintean mila bat laguneko goarnizio batekin. 1859eko apirilaren 21ean vietnamdarren gotorleku baten aurkako eraso sorpresa baten ostean, non hainbeste gizon galdu zuen, hegoaldeko gotorlekuan setiatuta geratu ziren Kỳ Hòako batailan (1861eko otsailaren 25ean) vietnamdarrek galdu zuten arte.
- Meurthe ontziaren buru Txinako ontzidian Tangguko eremua, Hai He ibaiko gotorlekua eta Beijing okupatu zituen eta ekintza horiekin hiru aldiz saritu zuten.
- 1860ko uztailean itsasontzi-kapitain kargua lortu zuen[2].
- 1861eko urrian Senegaleko gobernadore izendatu zuten eta bertan Faidherberen hedapen-politika segitu zuen, Casamanceko[3] herrietako buruekin akordioak sinatuz.
- Émile Pinet-Lapradek hartu zion erreleboa maiatzaren 13an eta metropolira bueltatu zen; zenbait fragata korazaturen ardura eman zioten: Normandie 1863tik 1865era, Revanche 1867an.
- 1869an Tolonen ontzidiaren maior[4] eta 1870eko naiatzaren 24an kontralmirante izendatuta, Ipar Itsasoko "Eboluzio-eskuadrako"[5] buruordea izan zen Héroïne fragata korazatuan.[6].
1870eko gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1870eko irailean Cotentineko (Normandia) defentsa antolatzeko ardura eman zioten. Prusiarren inbasioa suertatu eta Pariseko setioaren ostean Loirako armadako 16. ataleko 1. dibisioaren agintea hartu zuen eta berarekin Orleanseko iparraldean borrokatu zuen 1870eko azaroaren amaieran: Poupry, Loigny eta Villepionen. Bere portaerak armadaren aipamena merezi izan zuen. Tourseko[7] delegazioko kidea izan zen. Abenduaren 1 eta 2an Coulmiers eta Patayn ere borrokan gogor aritua, Defentsaren agintaritzak Chanzyren armadaren 16. atalaren buru jarri zuen abenduaren 6an, baita 9an amiralorde izendatu ere. Armada horren Lavaleranzko erretretan ere nabaritu ei zen, bereziki 1871eko urtarrilaren 11ko "Le Mans-eko batailan".
Gerra amaitu eta gero, 1871eko otsailaren 8an orduan Behe Pirinioak deitzen zen departamenduko diputatu atera zen[8] Hirugarren Errepublikako Biltzarrerako; bertan "zentro-eskuinean" kokatu zen eta Édouard de Cazenove de Pradinesek eskatutako bake-atariko eta erregu publikoen alde jo zuen. Toloneko itsas-prefeta izendatu zuten hurrengo maiatzaren 29an eta horretan aritu zen, ontzidia berrantolatzeko lanetan gehienbat. Karguen bateraezintasun legea promulgatu zenean nahiago izan zuen bere diputatu kargua 1971ko abenduaren 4an utzi eta bere karrera militarrarekin segitzea. Pierre-Charles Chesnelongek ordezkatu zuen.
Karrera politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amiralgoaren kontseiluko kidea 1875eko irailaren 13tik, Behe Pirinioetan senatarigai aurkeztu zen baina arrakastarik ez: 254 boto 540 botoemaileen artean. 1876ko urriaren 1ean Mediterraneoko ontzidiaren komandante eta gero Itsas-armadaren kontseiluko presidente bihurtuta, Senatuak "senadore mugiezin" izendatu zuen 1879ko maiatzaren 27an hil berria zen Léon de Malevilleren ordez (168 boto alde 249tik).
Birritan izendatu zuten "Itsas-armada eta Kolonietako" ministroa:
- 1879ko otsailaren 4tik 1880ko irailaren 23ra, William Henri Waddingtonen gobernuaren eta Charles de Freycineten lehen gobernuaren barruan. Esan daiteke azken honekin Frantziako politika kolonial berria definitu zuela, hots inperio frantsesa. Zabalkunde militar eta gero komunikazioetakoenean oinarrituta, metropoliaren -eta ustez kolonien- garapen ekonomikorako nahiz azken hauen biztanleen "zibilizatzean" oinarrituta zegoen. Gehienbat ekimen pribatuek bultzatutako inperialismo batetik estatu-inperialismo batera pasatu zen. 1880an Jauregiberrik Gustave Borguis Desbordes komandanteari "Goi Senegaleko" aginte militarraren ardura eman zion eta horrela etorkizuneko "Mendebaldeko Afrika Frantsesaren"[9] (egungo Benin, Boli Kosta, Burkina Faso, Ginea, Mali, Mauritania eta Senegal) sorrera bultzatu zen.
- 1882ko otsailaren 30etik 1883ko urtarrilaren 29ra, Freycineten bigarren eta Charles Duclercenean.
1883ko urtarrilaren 28an dimisioa aurkeztu zuen bere ustez "Tonkineko espedizioaz" gobernuak eginiko aldrebeskeria eta printzeen kanporaketaz burutu zen "Ballue diskusio" delakoagatik. Senatari hutsa berriro, kanporaketa-legearen kontra aritu zen eta 1883ko maiatzaren 24an lege horren derrigorrezko komisario zibilari buruzko artikulua aldatzea lortu zuen. Abenduan, aurrekoan bezala, Tonkinerako kreditu baten aldeko eskaera egin zuen. 1886ko ekainaren 22an printzeen kanporaketaren kontrako boto eman zuen. 1885etik "Mediterraneoko burdinola eta obren" presidenteordea zenez, Frantzia ordezkatu zuen 1886ko urriaren 28an Askatasunaren Estatua inauguratu zenean.
Parisen hil zen 1887an 72 urterekin.
Omenaldiak, kondekorazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Senatuko busto-galeriako 32etako bat berarena da: Jean-Bernardin Jauréguiberry, Aristide Onésime Croisyk egina.
1893an Jauréguiberry korazatua itsasoratu zen eta 1955ean Jauréguiberry "eskuadra-eskoltaontzia".
Kondekorazio hauek jaso zituen:
- Ohorezko Legioaren Komandantea 1861eko abuztuaren 10ean.
- Ohorezko Legioaren Ofizial Handia 1870eko azaroaren 17an.
- Ohorezko Legioaren Gurutze Handia le 14 janvier 1879ko urtarrilaren 14an.
Bere karreran inportantzia handia izan zuen Tolon hiri okzitaniarrean Palais des sports Jauréguiberry kiroldegia dago; egun Hyères-Toulon Var Basket lehen mailako saskibaloi taldeak jokatzen du.
Baionarekiko lotura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mayou (okzitaniera arautuan Major, egun rue d'Espagne Baiona Handian) karrikako 14. zkian. jaioa, Bernard Jauregiberri Baionako portuko kapitainaren eta Jeanne Chambaten semea zen. Aitaren partetiko aitona Jean Jauregiberri[10] ere, itsasontzi-kapitain izana, portu-lotinenta izan zen.
Baiona jaioterriak karrika izen bat eskaini dio, "Amiral Jauregiberri kaia" hain zuzen. Baiona Handia auzoan dago, Errobiren ertzean Xaho kaiaren parez-pare. Hala ere, izendapen berriarekin lehenago zuen izena, "Euskaldunen kaia"[11] alegia, desagertu egin zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Taillemite, Etienne: Dictionnaire des marins français ; Jean-Bernard Jauréguiberry
- ↑ Id. eta Thomazi, Auguste « La conquête de l'Indochine », Payot, Paris, 1934, 291 or. (33-40.or.).
- ↑ Senegaleko hegoaldeko eskualde hau estatuko besteekiko oso desberdina da eta mugimendu independentistak daude gaur egun.
- ↑ Major général de la Flotte: armategi baten zerbitzu militarrak zuzentzen dituen ofiziala.
- ↑ Escadre d'évolution: garai horretan Ontzidiaren eskifaien instrukziorako balio zuen eraikuntza-multzoa.
- ↑ Id.
- ↑ Tours 1870eko irailaren 12tik abenduaren 12ra gobernuko behin-behineko egoitza izan zen.
- ↑ 41768 boto lortu zuen 61049 botoemaileen artean, seigarren geratuz; izena emandakoen kopurua 110425 izan zen.
- ↑ Ikus Chailley, M: Histoire de l' Afrique occidentale francaise, 1638-1959, Paris, 1968 eta Wesseling, H.L: Divide y Vencerás. El reparto de África (1880-1914), Bartzelona, Península, 1999.
- ↑ Ez konfunditu Jean Jauregiberri zuberotarrarekin.
- ↑ Lapurdiko herrietatik etorritakoek jasotzen zituelako horrela deitua. Iturria: Jean Marie eta Raymond Chabaud: Les rues de Bayonne, J&D Editions, 1995, Biarritz
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Pierre Larousse : Grand Dictionnaire universel du XIX×10{{{1}}} siècle, 15 liburuki, (1863-1890)
- Larousse entziklopedikoa koloretan, France Loisirs, 1978.
- Adolphe Robert & Gaston Cougny : Dictionnaire des Parlementaires français, Bourloton, Paris, 5 liburuki.
- Taillemite, Etienne Dictionnaire des marins français, Tallandier, Editions maritimes et d’outre-mer, 1982, 360 or. Argitalpen berri zuzendu eta handitua: 2002ko maiatza 573 or.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Bernard Jauregiberri |
- (Gaztelaniaz) Jauregiberri euskomedian.