Edukira joan

Jean Etchebarneren gerrako kaskoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Etchebarneren gerrako kaskoa
borroka-kaskoa eta babes-ekipamendua
Gerra kaskoa, Adrian modelokoa.
Fabrikazioa
DiseinatzaileaLouis Adrian
Historia
Sorrera1916
GatazkaLehen Mundu Gerra
JabeaJean Etchebarne 1916-1956
Nafarroako Etnologia Museoa 2014-

Jean Etchebarneren gerrako kaskoa Lehen Mundu Gerran frantziar armadan soldadu ibilitako Jean Etchebarne euskal herritarraren kaskoa izan zen[1].

Kaskoa, altzairuz egindako Adrian modelokoa, frantziar armadan erabiltzen zen kaskoen eredua da. Jean Etchebarneri militar gisara zegokion nortasun-xafla darama soldatua, kate batekin zintzilik. Bertan armadan sartu zeneko urtea ageri da: 1916[2].

Jean Etchebarne

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jean Etchebarneren identifikazio txapa, kaskoan soldatuta.

Jean Etchebarne Zalgizen jaio zen 1896ko otsailaren 1ean[3]. 1915ean, 19 urte besterik ez zituela, soldadu joateko deitua izan zen, nahiz eta ahuldade[2] eta altuera[3] arrazoiengatik hasiera batean baztertua izan.

Bigarren mailako soldadu gisa iritsi zen frontera 1916ko abuztuaren 22an, eta irailaren 2an Artilleriako 13. Erregimentuan jarri zuten. 1916ko urriaren 19an baimena eman zioten, baina abenduaren 22an ez zen bueltatu, eta urte horretako abenduaren 27n lehen desertzio horregatik atxilotze agindua egon zen[3]. Donibane Garazin atxilotu eta gerrara bidali zuten berriro ere 1917ko otsailaren 20an. Azaroaren 25an berriro ere desagertu zen, eta azaroaren 29an desertore gisa sailkatu zuten, berriro ere. Parisko Gerra Kontseiluak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion[3].

1917ko negu hartan Pirinioak gurutzatu eta ia heltzeko zorian egon zen, baina euskaraz hitz egiten zuen nafar mugazain baten familiak aurkitu eta artatu zuen[3]. Hortik Lizarraraino iritsi zen, non beste desertore batekin aurkitu zen, Lamaison abizenekoa. 1921ean, Argentinara joan zen: han, hamar urtez metalaren inguruko lanetan aritu zen. 1931an, Lizarrara itzuli zen eta bertan geratu, 1956an hil zen arte[2].

Kokagune aldaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Julio Caro Baroja" Nafarroako Etnologia Museoak dohaintzan jaso zuen Etchebarne sendiaren bidez. 2014an, Karlismoaren Museoan egindako "Un vecino de Estella en la Primera Guerra Mundial: Jean Etchebarne" izena zeraman erakusketan ikusgai egon zen[2].

2015ean, Lehen Mundu Gerrako mendeurrenaren inguruan antolatutako erakusketa bat zela eta, Baionako Euskal Museoan egon zen ikusgai erakusketak iraun bitartean[4] eta ondoren Nafarroako Etnologia Museora itzuli zuten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Azkenaldian jasotakoak. Lehen Mundu Gerrako kaskoa - navarra.es» www.navarra.es (kontsulta data: 2025-03-17).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) Estella, r aramendía. (2014-12-11). «El casco de la I Guerra Mundial que llegó a Estella» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2025-03-17).
  3. a b c d e Larronde, Jean-Claude; Ribeton, Olivier. «La Grande Guerre, Bayonne et le Pays Basque» Bulletin du Musée Basque (Euskal Museoaren Adiskideak) 183.
  4. «El Museo Etnológico presta un casco de la Primera Guerra Mundial para una exposición en Bayona» www.navarra.es (kontsulta data: 2025-03-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]