Jean Haritxelhar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Haritxelhar
Jean Haritxelhar
Jean Haritxelharren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jean Haritxelhar Duhalde
Jaio 1923ko maiatzaren 13a
Euskal Herria Baigorri, Nafarroa Beherea
(Euskal Herria)
Hil 2013ko irailaren 1a
(90 urte)
Euskal Herria Biarritz, Lapurdi (Euskal Herria)
Bikotekidea(k) Colette Neveu
Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfontso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Jean Haritxelhar Duhalde (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1923ko maiatzaren 13a - Biarritz, Lapurdi, 2013ko irailaren 1a) euskaltzainburua, politikaria eta literatura ikerlaria izan zen. Haritxelharrek hainbat alorretan egin zuen lan, baina euskararen aldeko jardunagatik izan zen ezagun. Baionako Euskal Museoaren zuzendaria izendatu zuten. 1962az geroztik, baita ere, euskaltzain osoa, 1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen, eta 1989tik 2004 arte euskaltzainburu. Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.[1][2] «Izatez nafarra eta politikoki frantziar hiritarra» zela zioen berak.[3]

Biografia

Okzitaniako Tolosako, eta Sorbonako unibertsitateetan eta Saint Cloudeko irakasle eskolan goi mailako ikasketak egin zituen. Irakaslea izan zen 1952tik 1959ra Ageneko lizeoan. Bordeleko unibertsitatean gaztelania, euskara eta euskal literaturako irakasle izan zen, 1962tik 1986ra bete duen Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedratik. 1962an, euskaltzain oso izendatu zuten, eta euskaltzainburuorde 1966an (kargu horretan jardungo zuen, 1988an euskaltzainburu izendatu zuten arte). Letretan doktoretza lortu zuen 1969an Sorbonako Unibertsitatean.

Berak idatzi zituen Deux chansons perdues d'Etchahun-Barkoche (1961), Le rythme poétique (4+7)-(4+6) dans la chanson «Intchauspeko alhaba dendaria» (1962), Etchahun et Chamisso (1963) eta Contribution a l'étude de la littérature basque: Martin Larralde-Bordachuri, le poète-galérien (1963) azterlanak. 1967. urtean idatzi zuen Etchahun eta Otxalde idazlana eta 1969an Etxahuni buruzko doktoretza tesia: Le poète Souletin Pierre Topet-Etchahun (1969), L'Oeuvre Poètique de Pierre Topet-Etchahun (1970). Gure herria, Bulletin du Musée Basque, Revista de Etnografía, Euskera, Bulletin hispanique, Pilotari eta Estudios de Deusto agerkarietan eman ditu argitara lan aipagarrienak. Herria astekarian idazten du astero (Gexan Pontto izengoitiaz). 1997an Federico Krutwigen omenez argitaratutako lanean parte hartu zuen eta 1999an Vasconiana lana eman zuen argitara. 1995ean Ponttokeriak lana kaleratu zuen.

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuten 1982. urtean, eta Baionako Erakustokiko zuzendari izan zen. Euskaltzainburua izan zen 1988an Aita Villasantek utzitako lekua hartu zuenetik 2004ra.

1988an Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen. 2004an Manuel Lekuona Saria jaso zuen. Baigorri jaioterriko auzapeza izan zen 1971tik 1980ra. EIZIEko ohorezko kide zen 1996az geroztik.

Ahotsak proiektuak 2010. urtean Haritxelarri eginiko elkarrizketaren laburpen bideoa.[4]

Erreferentziak

Kanpo loturak