Jean Isidore Harizpe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Isidore Harispe» orritik birbideratua)
Jean Isidore Harizpe

Bigarren Inperioko senataria

1852ko urtarrilaren 26a - 1855eko maiatzaren 26a
Frantziako par

1835eko abenduaren 5a - 1848
Member of the Chamber of Deputies (en) Itzuli

1834ko ekainaren 21a - 1835eko abenduaren 14a
Barrutia: Pirinio Atlantikoak
Hautetsia: 1834 French legislative election (en) Itzuli
Member of the Chamber of Deputies (en) Itzuli

1831ko uztailaren 5a - 1834ko maiatzaren 25a
Barrutia: Pirinio Atlantikoak
Hautetsia: 1831 French legislative election (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaBaigorri1768ko abenduaren 7a
Herrialdea Nafarroa Beherea, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaLakarra1855eko maiatzaren 26a (86 urte)
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta ofizierra
Lantokia(k)Paris
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Adar militarraFrantziako Indar Armatuak
Graduadibisio-jeneral
Parte hartutako gatazkakNapoleondar Gerrak
Konbentzioaren Gerra

Jean Isidore Harizpe (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1768ko abenduaren 7a - Lakarra, Nafarroa Beherea, 1855eko maiatzaren 26a), lehenbiziko Harizpeko kondea, militarra izan zen, Frantziako Armadan aritu zena; 1851n, Frantziako marexal izendatu zuten.

Hasierako urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Isidore Harizpe 1768ko abenduaren 7an jaio zen, Baigorriko Gaineko karrikan. Etxalde handikoa zen, eta aitak apaiz batengana bidali zuen eskolatzera.[1] 1792an boluntario sartu zen Pirinioetako mugak babesteko sortu ziren Euskal Herriko Ehiztariak izeneko lau konpainietako batean. 1793an, Espainiaren aurkako Konbentzio Gerra hasi zelarik, Euskal Herriko Ehiztarien konpainia bateko kapitain izendatu zuten. Baigorri inguruan borrokatu zen Espainiako armadaren aurka; Arrola,[2] Izpegi eta Berderizko guduetan bereziki nabarmendu zen, eta koronel maila erdietsi zuen.[3]

Konbentzio Gerra 1795ean amaitu zen, Basileako Bakea izenpetu zenean. Horren ostean, Harizpe Bordelera igorri zuten, eta Garona Garaiko matxinatuen aurka borrokatu zen. 1799an, Grisons Kantonamenduko kanpainian jardun zuen, MacDonalden agindupean. Italiako kanpainian Moncey eta Bruneren agindupean ibili ondoren, Angulemako Euskal Herriko Ehiztarien brigada-erdiko buruzagi izendatu zuten 1802ko maiatzean.

Napoleondar Gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1804. urtean, Frantziako Inperioa aldarrikatu zenean, Napoleonen konkista asmoen alde agertu zen Harizpe. 1805 eta 1806an Jacques Desjardinen dibisioan borrokatu zen. Alemaniako Jenako guduan zauritu zuten 1807ko urtarrilean, eta brigadako jeneral izendatu zuten ondoren. Soult marexalaren agindupean, Gludstadt, Heilsberg eta Friedlandgo batailetan parte hartu zuen, eta berriro zauritua izan zen.

Iberiar penintsulara jo zuen 1808an, Moncey marexalarekin, eta bost urtez borrokatu zen Espainiako gudarostearen aurka. Lannes marexalaren agindupean parte hartu zuen Tuterako guduan eta Zaragozako setioan. Lannes Frantziara itzuli zelarik, Suchet jeneralaren estatu nagusi-buru bilakatu zen. Belchite, Tarragona, Lleida eta Valentzian borrokatu ondoan, Ohorezko Legioa jaso zuen eta konde izendatu zuten. 1814an Ipar Euskal Herrira jo zuen, Soult marexalak deituta; Orthezen eta Tarben borrokatu ostean, erretreta jo behar izan zuen Okzitaniako Tolosaraino, ingeles osteei ezin eutsirik.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borboi errege-erreginen berrezarpenean, San Luisen zaldun bihurtu zen. Napoleonen ondoan jarraitu zuen, hala ere, Ehun Egunetan (1815), Pirinioetako mugetako zaindari gisa, eta kargu guztiak kendu zizkion Luis XVIII.a Frantziako erregeak. Pirinioetako departamenduetako Komandante Nagusi izendatu zuten 1830. urtean eta Frantziako pare bost urte geroago. Bere barrutiko diputatua izan zen 1831 eta 1834an. Marexal titulua, ordea, Napoleon III.aren eskutik jaso zuen 1851. urtean. Bigarren Inperioko senatari izendatu zuten 1852an. Lakarrako bere gazteluan hil zen 1855ean, 87 urte zituela, eta bertako hilerrian dago hobiratua. Haren izena Parisko Garaipen Arkuan dago idatzia, mendebaldeko aldean.

Harizperen balorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziar estatuarentzat euskal herritar guztiz eredugarria den bitartean, euskaltzale eta abertzaleen ikuspuntua ezin ezberdinagoa da. Adibidez, hauxe idatzi zuen Piarres Xarritonek 1991n:[4]

« Harispe marexalari pastoral bat eskaintzen ziotela Muskildiarrek jakiteak ez zidala atseginik eman aitortu behar dut. Bainan ez baitut oraino ikusi delako pastorala gerta liteke gure ziberotar euskaltzaleak aski trebeak izaitea Baigorriko frantses militarraren berreskuratzeko. Agian bai! [...] Arrotzen alde odola ixuri duten euskaldun militar ospetsuen historiaz dihardugunaz geroz, Loiolaren mendeurrena gogoratzen zait [...] egia erran, beren alde borrokatu zen gipuzkoarraren berreskuratu nahiak Espainolen aldetik ez nau harritzen: handiagorik ikusi dugu, hala nola Xabierko seme ezaguna, espainoldu nahi digutelarik zenbaitzuek [...]. »

1991an Muskildi herriak, Pier Paul Berzaitz idatzitako Harizpe pastorala taularatu zuen eta hortik dator kritika.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Mullié, C.. Biographie des célébrités militaires des armées de terre et de mer de 1789 à 1850. fr.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2018-10-27).
  2. Mixel Oronoz: Oilandoiko ermita, 2001, Elkarlanean).
  3. Harispe, Jean Isidore (1985ko bertsioa). Auñamendi Eusko Entziklopedia, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-27).
  4. «Harispe eta Loiola», Euskaldunon Egunkaria, 1991-VII-20.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean Isidore Harizpe Aldatu lotura Wikidatan