Jean Laffite

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jean Laffite

Bizitza
JaiotzaBiarritz eta Frantzia, 1776
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaKaribea, 1826 (49/50 urte)
Familia
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerakkortsarioa, ekintzailea, pirata eta espioia
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak1812ko angloamerikar gerra
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrata
Artikulu hau pirata-kortsarioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lafitte».

Jean Laffite, beste grafia batzuetan Lafitte, Laffitte edo Lafite[1] (Biarritz?, 1783ko urriaren 6? -?), ustez Lapurdin jaio eta XIX. mendearen hasieran Mexikoko golkoan pirata edota kortsario aritu zen. New Orleansen merkataritza jardunean ere ibili zen eta Andrew Jackson orduan jeneral eta geroo AEBetako presidentea izan zenari britainiarren kontrako New Orleanseko bataila irabazten lagundu zion. Haren bizitzaren argilunak, anaia Pierreren laguntzaz kondaira bihurtu dira AEBetan

Deituraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagunak diren dokumentuetan (bere balizko jaiotza eta familiarenak, heldua zenean bildutakoak) deitura horren frantsesezko lau grafia posibleak biltzen dira: Laffite, Lafitte, Laffitte eta Lafite. Artikuluaren izenbururako lehena erabiltzeko hautua honetan oinarritzen da: berak sinatzeko erabili zuen bakarra zen eta Louis-Jean Calvet ikertzaileak hainbeste aukera baloratu eta gero hautatu zuena delako; azken urteetako beste argitalpen batzuek ere hala jasotzen dute. Bigarrena, Lafitte, askotan erabili izan da batez ere Louisianan eta ingelesez[2]. Beste aldaera biak minoritarioak dira.

Hala ere, deituraren jatorria okzitanieran dago eta hizkuntza horretako grafia arautuan idazkera egokiagoak Lahita, La Hita (batez ere gaskoiaa) eta Lafita, La Fita (okzitanieraren beste aldareretan arruntagoa) dira. Hita eta fita hitzek "mugarri" esan nahi dute.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaioterri eztabaidatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean eta anaia Pierre Louisianan eta Mexikoko golkoko beste leku batzuetan ibili zirenean ez ziren batere argiak beren jatorriaz, eta jaiolekuaz, emazteaz... galdetzen zitzaienean, beti bertsio kontrajarriak ematen zituzten. Itxura osoz, nahita ari ziren, datu zehatzik ez uzteko. Kontuan hartu behar da anaien bizitza kontraesan handi batek markatu zuela: askoren ustez, piratak ziren (esklaboen merkatuan zihardutenak, besteak beste); aldiz, beraiek New Orleanseko gizartearen aurrean kortsario patriotak eta, ahal zen neurrian, merkatari zilegien moduan aurkeztu nahi zuten beren burua. Horregatik, hainbat bertsio aurkitu dira:

  • Encyclopædia Britannicak Baionan "1780 baino apur bat lehenago jaio" zela jasotzen zuen.
  • Larousseren Grand Dictionnaire Universelaren 1891ko edizioaren arabera, Bordelen 1781ean jaio zen.
  • Gilles Lapougek Baiona, Bordele aldean edo Sant-Malòn (Bretainia) jaio zela idatzi zuen.
  • Saint-Dominguen[3] jaio zela dioenik ere bada. Hortik joko zuen Louisianara, frantses kolono askok garai horretan egin zuten bezala.
  • Jack C. Ramsayk, horiez gain beste aukera batzuk ere aipatzen ditu: Urduña (Bizkaia) edo Westchester konterria (New York estatua).
  • Bertrand Guillot de Suduiranten[4] teoria: berak eskuratu duen eskuizkribu baten arabera, anaien gurasoak Antoine Lafite eta Guillomette Chataigné bordelesak omen ziren. Testu berean, Pierrek Europatik 1810ean alde egin zuela ageri da; anaia New Orleansen 1804an zeudela jakina denez, teoria horrek kale egiten du.
  • William C. Davisek zenbait datatan emaitza sinesgarriagoa uzten duen teoria landu du: Paulhacen[5] edo bere ingurumarietan (Okzitania) jaioa izango zen, gurasoak Pierre Lafitte eta bere bigarren emazte Marguerite Desteil zituela. Horren arabera 1782an jaio ei zen baina 1786an bataiatu omen zuten. Pierre anaiaren balizko ama bere aita izenkidearen lehen emaztea izango zen, Marie LaGrange, bera jaiotzean hil ei zena. Davisek berak aitortzen du datu asko falta zaizkiola bizitzaren lehen hogei urteetatik.

Geuk, ordea, Louis-Jean Calvet frantsesak bere 1998ko Barataria eleberrirako burutu zuen ikerketa lana hobetsiko dugu; liburuan bertan aztertutako dokumentazio guztia eta aurretik zeuden beste teorien kontraesanak azaldu zituen. Diotenez, hainbat hiritako udaletxeei eskakizun berbera egin[6] eta gero Biarrizko artxibotik izen horiek zituzten bi anaiaren berri dagoela adierazi zioten; Calvetek zuhurki aipatzen du ezin dela erabat ziurtatu bi anaiek "baieztatu nahi direnak" direla baina adinei buruzko data eta datu guztiak koherenteak dira Ameriketan jasotzen diren kontrastatutakoekin, beste teorietan gertatzen ez den bezala. Hipotesi biarriztarraren arabera Jean Laffite 1783ko urriaren 6an jaio zen hiri lapurtarrean eta bere gurasoak Laurens eta Marie izan ziren; azken hau Dagerre edo momentuko frantses grafian Daguerre deitura zuena. Aita "Candele" etxekoa zen eta lanbidez itsasontzi kapitaina.

Louisianan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ustez Laffiterena zen denda New Orleansen.
Barataria, New Orleans eta Misisipiko delta.

Dokomentatuago dago Laffiteren ibilbidea Louisianan. Haitik 1804an independentzia eskuratu zuen eta ia urte berean[7] Louisiana AEBen barruan sartu zen; estatu honetan eta New Orleansen[8] bereziki bi gizataldek talka egiten zuten: frantsesak eta britainiar jatorriko estatubatuar etorri berriagoak, Espainiaren interesak ere oso handiak zirela[9]. AEBen historiarako gakoak izan ziren urte horietan garatu ziren Laffite anaien gorabeherak; bizitza osoan Jeanek burmuinaren papera jokatu zuen.

1808an gobernuak ezarri zuen enbargo legeak, ordea, egoera konplikatu zuen. Anaiek joko bikoitza segitzeko ondo ezagutzen zituzten Misisipiko deltako lurraldeetan deskargatzeko leku alternatibo baten bila hasi ziren; Barataria badian topatu zuten. Hor lehorreratzen ziren merkantziak (edo esklaboak, aberastasun handia eman zien aktibitateetakoa) piragua edo bestelako barku txikiagoen bidez garraiatzen ziren hirira. Pierre New Orleansen bertan finkatu zen, harreman sarea zaintzeko asmoz. Jeanek banaketan ematen zen denbora hobetu nahian, 1812an Temple ("tenplua") izena hartu zuen hiria eta Baratariaren arteko leku batean sal-erosketetarako gune ilegala eratu zuen.

Estatuko gobernadorea batzuetan guztion ahotan zebilen negozio horiek oztopatu nahian ibili zen baina lan honetan ez zuten New Orleanseko hiritarrengan laguntza handirik lortu, beraiek (aberatsenek barne) begi onez ikusten zituztelako anaien nondik-norakoak eta etekina lortzen zutelako. 1812an britainiarren kontrako gerra hasi zen eta AEBetako gobernuak Erresuma Batuko itsasontziak kortsario gisa erasotzeko erraztasunak eman zituen baina Laffitetarren sistemarekin beste nazio batzuetako itsasontziak abordatuta ere, beren merkantzia era "paraleloan" banatzen zen eta horrek kaltea ekartzen zion zergak biltzeko egiturari. 1814 arte arazo legalak handitu egin zitzaizkien: atxilotuak izan eta alde egin zuten, epaiketak, kontrabandisten guneak desegiteko espedizioak, Jean harrapatzeko ordainsariak eskaintzea...baina denak porrot egin zuen hiritar askoren konplizitateagatik; Jean Laffiteren kondairaren neurria handituz joan zen.

AEB-Erresuma Batua gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pierre atxilotu egin zuten baina garai horretan britainiarren presentzia eskualdean areagotzen ari zen eta orduan joko bikoitzaren beste aldi bat zabaldu zen; Nicholas Lockyer kapitain britainiarrak eskaintza egin zion Jeani gerran bere alde jartzeko. Laffiteren analisian gogoeta hauek sartzen ziren: AEBek gerra irabaziko zuten; estatubatuarrek Baratariaren kontrako erasoa egiteko asmoa zuten, britainiarrei lagunduko ziotelako susmoak zituztelako. "Patriota ona" bai eta pirata kupidagabea ez zela erakusteko aukera ikusi zuen eta britainiarrengandik denbora lortu zuen, bere gizonak konbentzitu behar zituela esanez. Bien bitartean agintari estatubatuarrei hitzarmena proposatu zien: Pierre askatzearen trukean (kasualitatez edo akordio horren eraginez egun gutxitan "ihes egin" zuen) New Orleansen defentsan bat egingo zuten.

Lehen momentuetan proposamenak ez zuen arrakasta handirik izan eta gobernuak 1814ko irailaren 13an itsasontzi bat bidali zuen Barataria suntsitzeko. Kalte handiak eragin bazituzten ere, ez zuten Jean harrapatu. New Orleansen harrapatutako merkantziez eztabaida zabaldu zen: Laffiteren defendatzaileek argudiatzen zuten Indietako Cartagenako banderapean aritzen zirela eta ez zutela AEBetako itsasontzirik erasotzen. William C.C. Claiborne gobernadoreak Jeanen Louisiana defenditzeko proposamena kontuan hartzeko gomendioa eman zuen, britainiarren arriskua gero eta larriagoa zelako. Orduan jenerala zen Andrew Jacksonek oniritzia eman zuen; abenduaren 1ean helduta, bera zen hiria babesteko ardura izango zuena.

Beste erremediorik ere ez zuen: hiriaren harresi eta babeslekuak ez ziren bat ere nahikoak eta motibaziorik gabeko gizonak baino ez zituen bere agindupean. "Baratarriarrak" haserre zeuden jasandako erasoagatik baina Laffite eta Jacksonen arteko akordio baten arabera barkatuak izango lirateke New orleans defendatzeko milizian esku hartzearen truke; askok marinel gisa aritzeko izena eman zuten eta beste batzuek hiru artilleria konpainia sortu zituzten. Abenduaren 23an britainiarren tropak Misisipi ibaiaren bokalera heldu ziren; eremua inork baino hobeto ezagutzen zuen Laffitek taktika prestatu zuen, askoz gizon gehiago izanik zetorren armada handiagoari aurre egiteko eraginkorra izango zena. Abenduaren 28an hasi zen New Orleanseko bataila, Chalmette[10] herriaren inguruan zehatzago esanda. Britainiarren saiakera guztiak alferrikakoak izan ziren eta Laffiteren konfiantzazkoak ziren Renato Beluche eta Dominique Youren artilleriak geldiaraztea lortu zuten; itsasoan, bestalde, Baratariaren kontrako erasoa burutu zuen Daniel Pattersonek berak aitortu zuen piraten abilezia ezinbestekoa izan zela bataila irabazi ahal izateko. Andrew Jacksonek eraman zuen meritu publikoa baina erabat ezinbestekoa izan zen Laffiteren taldearen parte hartzea AEBetako historian garrantzia handia izan zuen bataila honetan. 1815eko otsailaren 6an piratek barkamen osoa eskuratu zuten.

Galvestonera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen momentuetan New Orleansen Laffite egindakoagatik esker onaz jasotzen zuten hango hiritar orok baina AEBetako sozietate zein egitura politiko garatu berrietan gero eta leku txikiagoa geratzen zitzaion bere betiko jardueretarako. Garaiko egoera geopolitikoari etekina ateratzen segitu nahi eta dagoeneko maisuak ziren joko bikoitzetan beste atal bat hasi zen: 1815eko amaieran anaiak orduan Mexikoko independentzia gerran murgilduta zegoen Espainiaren aldeko espioitzan aritzen hasi ziren, New Orleansen estatu honek zuen kontsularekin eta apaiz batzuekin kontaktatuta. Espainiarrentzat anaiak "13 zenbakia" ziren; Pierrek hirian gertatzen zenaren berri pasatzen zien eta Jean Louisianaren mugan Texasen zegoen Galveston uhartera joan zen. Texas orduan Espainiaren menpean zegoen ofizialki eta espainiarrek suposatzen zuten Laffitetarrak alde zituztela; balizko Mexiko independentearen barruan legoke eta uhartean bazeuden horren alde aritzen ziren Louis-Michel Aury kortsarioa edo Xabier Mina euskalduna bezalakoak; horien begien aurrean Laffite potentzia handien kontrakoa agertzen zen. Amaitzeko, AEBek ere bera kontrolatzeko gero eta grina handiagoa erakusten zuten eta neurri batean behintzat haientzat Laffite "patriota ona" zen. Bien bitartean uharte hori de facto inork kontrolatzen ez zuen lurraldea zen eta horrek balio handia zuen Laffiterentzat: Barataria desagertuta zegoenez, bere betiko aktibitateekin segitzeko aukera ematen zien gune berria zen; beste zenbait naziotako (Indietako Cartagena, oraindik independentea ez zen Mexiko[11] edo existitzen ez zen nazio bat) "kortso patenteak" baliatuta nazio guztietako itsasontziak abordatzen zituzten.

Europarren kolonizaziotik eratortzen diren botere handien arteko talkaz gain, ezin aipatu gabe utzi beste bi gizatalderen zorigaitzak: uhartean etorri berriak baino lehen bizi ziren bakarrak auia edo karankawa "indiarrak" ziren; batzuetan Laffiteren taldearekin harreman onak izan bazituzten ere, 1818an piratek bertako emakume bat bahitu zutenez hauek eraso egin eta bost gizon hil zituzten; horren ostean Laffiteren artilleriak ia gizon auia guztiak hil zituzten. Beste aldetik beltz esklaboak ditugu: zenbait lekutan esklabotza ezeztatzen ari bazen ere, oraindik legalki edo ilegalki abian zegoen beste batzuetan; AEBek esklabotzaren kontrako borrokan baino, negozio horretatik ateratzen zen etekinaz bere zerga sistemak probetxua ateratzea zuten helburu eta hori ekiditen Laffite maisua zen; lan horretan bidelagun batzuk izan zituen, ezagunenetakoa James Bowie[12].

Uhartean Laffitek kolonia finkatu zuen; Maison Rouge deitzen zen lekuan zentralizatzen zituen jardunak. Hala ere, egoera ahulean aurkitzen ziren: AEBek eta Espainiak edozein momentutan eraso egin ahal zuten, kokagune "irregulartzat" jotzen zutelako. Garai horretan Laffiteren helburua beti izan zen denbora irabaztea; Mexikoren aldekoak neutralizatzen zituen bitartean (horrek Espainiaren oniritzia jasotzen zuen) estatubatuarrekiko kontaktuak mantendu eta "patriota" irudia lantzen zuen.

1818ko irailean urakan batek izugarrizko triskantzak eragin zituen. 1821ean buruaren onespenik gabe Laffiteren gizon batzuek AEBetako itsasontzi bat abordatu zuen; gobernuak USS Enterprise goleta bidali zuen; Laffitek beraiekin negoziatu zuen eta uhartetik borrokatu gabe ateratzea hitzartu zuen. Dena suntsitu eta gero alde egin zuten.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hortik aurrera dokumentatuta dauden datuak ahulago bihurtzen dira eta zurrumurruekin nahasten dira. Laburbilduz esan daiteke Laffiteren agindupeko gizonak asko gutxitu zirela, batez ere jakin zutenean ez zutela inongo estaturen oniritzirik eta beraz pirata hutsak zirela. Hortik aurrera bere jardunarekin segitu zuten baina kokaleku hain finkorik gabe (Kuban, Haitin, Yucatan edo Floridan ibili ziren hala moduan) eta autoritate ofizialekin gero eta arazo gehiago izanik. Behin baino gehiagotan atxilotu eta bere konplizitate sareagatik askatu omen zuten, iturri desberdinen arabera. Mexikoko golkoa bere osotasunean zeharkatzen zuten eta egoera politikoaren arabera batzuetan (ustez 1822an bezala) gobernu jaioberriren batek, Kolonbiak kasu, bere babespean hartzen zituen kortsario gisa.

Jaioterriaz segurtasun gutxi badago ere, are gutxiago non eta noiz hil zen jakiteko orduan; inoiz egin diren teorien arabera Mexikoko golkoa, Yucatan, Texas, Louisiana, Hego Carolina, Illinois, León (Nikaragua) edo Azoreetako São Miguel uhartea aipatzen dira. Batzuek faltsua dela demostratu den dokumentazioa dute oinarri eta edozein kasutan batek ere ez du gutxieneko ziurtasuna eskaintzen; datekin berdin: 1823ko otsailean Honduras parean espainiar itsasontzi bat abordatzen hil zela aipatzen dutenengandik Altonen (Illinois) 1854an hil zela dioen (eta faltsua dela demostratu den) eskuizkribura, tarteko data batzuekin. Horrek guztiak Robin Hoodekin konparatu duten Laffiteren inguruko kondaira handitzeko besterik ez du balio izan.

Okerrean leporatutakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste batzuen artean hauek dira Laffitek egin gabe berari leporatutako ekintzak:

Haren oroimenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laffite irudikatzeko 1895ean egindako marrazki bat.

Louisianan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jean Lafitte eta Lafitte estatuko herrixkak dira, kortsarioarengatik hala deituak; AEBetako estatu horretan izen bereko parke historiko natural bat dago.
  • 1957tik, Lake Charles hirian urtero maiatzaren lehen bi asteetan Contraband Days jaialdia egiten da Laffiteren omenez.
  • New Orleansen, Laffiterena izan omen zen denda (Lafitte's Blacksmith Shop) ikus daiteke, besteak beste.

Literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bere bizitzan oinarritutako lehen eleberria 1826koa da: The Memoirs of Lafitte, or The Baratarian Pirate; a Narrative Founded on Fact.
  • Askorentzat Lord Byronen The Corsair poema Laffiterengan inspiratua da; arrakasta handia izan zuen.
  • Georges Blondek bere abenturak kontatzen ditu Moi, Laffite, dernier roi des flibustiers liburuan.
  • Marc Bourgne eta Franck Bonnetek Les pirates de Barataria komikia egin zuten.
  • One Piece mangan ere agertzen da.
  • Isabel Allendek El Zorro bere liburuan Laffite pertsonaia gako moduan sartzen du; berdin 2009ko La Isla Bajo el Mar liburuan.

Euskal literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zineman eta beste[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko musikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Frantsesez) Calvet, Louis-Jean: Barataria. L'étrange histoire de Jean Laffite, pirate, Plon, Paris, 1998. ISBN 2-259-18313-1
  • (Frantsesez) Bertrand Guillot de Suduirant: Étaient-ils basques? Pierre et Jean Laffite, derniers flibustiers des Antilles artikulua Ekaina aldizkariko 58. alean, 1996.
  • (Frantsesez) Georges Blond: Moi Laffite, dernier roi des flibustiers, Albin Michel, 1985.
  • (Frantsesez) Madeleine Fabiola Kent: Jean Laffite, corsaire, Calmann-Lévy, 1957.
  • (Ingelesez) Ramsay, Jack C.: Jean Laffite: Prince of Pirates, Eakin Press, 1996. ISBN 978-1-57168-029-7
  • (Ingelesez) Davis, William C.: The Pirates Laffite: the treacherous world of the corsairs of the Gulf, Harcourt Books, 2005. ISBN 978-0-15-100403-4

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikus "Deituraz" atala.
  2. Ikus "Louisianak gogoan" atala.
  3. Hau da, Haiti independentea bihurtu baino lehenagoko kolonia frantsesa.
  4. Ikus "Bibliografia".
  5. Medoc eskualdean, Bordeleko ardoaren eremuan.
  6. Esaten duenez, eskaera hori egin zuen lehena izan zen, bere harridurarako.
  7. 1800ean Espainiak berriro utzi zion Frantziari Louisiana baina 1803an Napoleon Bonapartek estatubatuarrei saldu zien.
  8. Orduko La Nouvelle-Orléans.
  9. 1763tik 1800era Louisiana espainiarren esku egon zen eta Florida menperatzen zuten.
  10. Chalmette hiritik ekialdera dago, ibaiaren bokalerako bidean.
  11. Mexikoren independentzia aldarrikapena 1810ekoa da baina 1821 arte ez zen onartua izan.
  12. Bowiek horrela egin zuen dirutza baina beranduago Texaseko independentziaren heroia bilakatu zen eta oso ospetsua den El Álamoko guduan hil zen.
  13. Iturria: La Voz de la Merindad, 188. alea, 2010eko maiatzaren 1a.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]