Jeffersondar demokrazia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Alderdi Demokratako jeffersondarrak zatituta, Puck aldizkarian irudikatu bezala (1883)

Jeffersondar demokrazia (ingelesez: Jeffersonian democracy) Estatu Batuetako ikuspegi politiko eta mugimendu nagusietako bat zen, Thomas Jeffersonekin (1776ko Independentzia Adierazpenarekin) hasi, 1790eko hamarkadan umotu eta 1830 inguru arte luzatu zena. Izendapen hori erabiltzen zen Thomas Jeffersonen Alderdi Errepublikanoaren ikuspegi politikoari erreferentzia egiteko, Alexander Hamiltonen Alderdi Federalistari aurkajarria. Ez du loturarik 1854an sortutako Alderdi Errepublikanoarekin, eta bai, ordea, Alderdi Demokratarekin.

Printzipio orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeffersondarrek (Andrew Jacksonen garaian Old Republicans ere deituak) errepublikar ideologia zuten gobernurako, herriaren gobernuaren eta aukera berdintasunaren aldekoak ziren. Bereziki betebehar zibikoaren aldekoak eta pribilegioen kontrakoak ziren. Lehentasuna ematen zieten baserritar kapareei (yeoman farmers), alegia, baserritar jabe txikiei, nekazariei, eta herri xumeari.

Alde horretatik, jeffersondarrak Erresuma Batuko sistemaren guztiz kontrakoak ziren, baita merkatarien elitismo aristokratikoari, bankariei eta industrialariei aurkajarriak ere, baina baita fabrikako langileen mugimendu proletarioari ere. Horrenbestez, oso arretaz zeuden Estatu Batuetan ezar ez zedin Erresuma Batuaren antzera aristokrazia batek gidatutako gobernu sistemarik. Jeffersondarrak ez zeuden berez industria garapenaren kontra, baina gaitzesten zituzten aberastasun eta botere metaketa handiak.

Estatuari buruzko ikuspegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere, printzipio errepublikanoen zaleak ziren eta, horrenbestez, gardentasuna zein erantzukizuna (accountability) zeuzkaten gobernu onaren adierazletzat. Estatuaren egituraketari dagokionez, gobernu txikiaren aldekoak ziren, alegia, estatuen gobernuaren aldekoak, eta ez gobernu federal handi, zentralizatu eta urrunaren aldekoak. Azken hau (big government deitua) ustelkeriaren ernamuintzat jotzen zuten, praktika ilunak leporatuta. Beraz, nazioko estatuen eskubideak gordetzearen aldeko agertzen ziren.

Hala ere, Thomas Jefferson eta James Madison errepublikarrak izan ziren lehenak kezkatzen Independentzia Adierazpenak bakarrik herren utz zezakeela independentzia aldarrikatu berria (1776), britainiarrak bitarteko oso handiekin mugitzen baitziren eta errepublika berria kolokan jar zezaketelako (colonial script, bertako interes gabeko dirua faltsutuz eta indarrik gabe utziz, adibidez, 1780 aldera). Metropolitik bereizitako 13 estatu askeentzako lokarri politiko-administratiboak ezartzeko beharra ikusi zuten, europarren (britaniarren, edo espainiarren) erasoei aurre egin ahal izateko.

Egitura horren beharretik sortu zen jeffersondar errepublikarrek, baina ez bakarrik, bultzatutako Estatu Batuetako Konstituzioa (1787) eta gobernu federala. Hala ere, Jeffersonek eta Madisonek zuzenketak (amendments) gehitu zizkioten berehala konstituzioari, nabarmenduz herria eta estatuak direla gobernuaren iturriak eta, botere zentralaren gehiegikerien kontra, azkenean, estatuak askeak zirela zein norabide hartu nahi zuten erabakitzeko.

Gerra zibil arte (1861-1865), hainbat estatuk hartu zuten uneren batean edo bestean, epe laburrez, Estatu Batuak uzteko edo gobernu federalari men ez egiteko erabakia, eta eskubide horri lotu zitzaizkion Hegoaldeko estatuak ere Estatu Batuetako Gerra Zibil garaian Estatu Batuetatik banantzeko, Estatu Batuetako konstituzioari lotuz. Hegoaldeko estatuak demokratak ziren oro har, Andrew Jackson bezala, baina bigarren honek sutsu defendatu zuen estatu indartsu bat edukitzea, bereziki europar potentzien aurrean independentzia mantentzeko.

Erabakietan, jeffersondarrak (jatorrizko demokratak) kongresu indartsu baten nagusitasuna defendatzen zuten, adierazten baitzuen herriaren subiranotasuna. Hala ere, eguneroko gobernuaren praxian, gauzak besterik ziren, eta errepublikako presidentearen ahalmen exekutiboa sendotzeko prest agertu ziren, demokrazia hori babesteko beharrezkotzat jotzen bazuten, Thomas Jefferson presidente zela, adibidez (1801-1809). Andrew Jackson presidenteak (1828-1837), era berean, errepublikar jeffersondar peto-petotzat zuen bere burua, baina exekutiboa guztiz indartu zuen hainbatetan. Gainera, estatuen subiranotasun jeffersondarra errepublikaren batasunean kokatzen zuen.

Jeffersondar printzipioen aztarna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jeffersondar ikuspegiak Alderdi Demokrataren baitan jarraitu zuen XX. mende hasiera arte, William Jennings Bryan presidentetzarako hautagaiaren baitan adibidez (1900. urtearen bueltan). Woodrow Wilson presidente demokratarekin, ordea, eredu hori galdu egin zen gehienean, estatuen rol handiagoan (1960ko hamarkada arte) eta ezkertiar aztarna baten nahasketa batean ez bada.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]