Jesús Ibáñez Alonso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jesús Ibáñez Alonso
Bizitza
Jaiotza1928
Herrialdea Espainia
Heriotza1992 (63/64 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Tesi zuzendariaSalustiano del Campo Urbano
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraksoziologoa
Enplegatzailea(k)Madrilgo Complutense Unibertsitatea

Jesús Ibáñez Alonso (San Pedro del Romeral, Cantabria, 1928Ruan, Frantzia, 1992) soziologiako katedraduna izan zen. Haren lan teorikoa metodologia soziologiko kualitatiboan eta kontsumo-gizartearen azterketan oinarritu zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pedro del Romeral herrixkako saltoki txiki baten eta behi batzuen jabe zen ama ezkongabe baten seme bakarra izan zen. Berehala interesatu zitzaion filosofia, eta geroago Zientzia Politikoak ikastea erabaki zuen, Madrilera joanda.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (orduan Madrilgo Unibertsitatea) Politika eta Ekonomia Zientzien Fakultatean, Espainiako pentsamenduaren pertsona garrantzitsu bihurtuko ziren hanbat pertsona disidenterekin harremanetan jarri zen, hala nola Alfonso Sastre eta Ignacio Aldekoarekin. 1956an hainbat ikasle eta intelektual atxilotu izan zirenean, Ibañezek eta beste hiru ikaslek elkartasun-idazki bat idatzi zuten. Laurak epaitu zituzten eta Ibañezi sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, baina azkenean sei hilabete besterik ez zituen bete.

Kartzelaratze hark zenbait erakunde akademikoetatik kanporatua izatea ekarri zion: Iritzi Publikoaren Institututik (Instituto de la Opinión Pública), Kazetaritza Eskolatik eta Unibertsitate Konplutentsetik. Kartzelatik atera zenean, Ibañezek lanik gabe eta lan berri bat aurkitzeko aukerarik gabe geratu zenez ECO Merkatu Ikerketen Institutua sortu zuen.

1960ko hamarkadaren amaieran, Madrilgo CEISA Gizarte Zientzien Eskola Kritikoaren fundazioan parte hartu zuen. Baina irakaskuntza-esparru libre hori behin eta berriz itxi zuen polizia frankistak. 1974an, Unibertsitate Konplutentsera itzuli zen Ibañez, besteak beste, Salustiano del Camporen laguntzari esker. 1982an, unibertsitate horretako Gizarte Ikerketarako Metodo eta Tekniken katedra lortu zuen.

Jarduera politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesús Ibáñezek, Julio Cerón Ayusorekin batera, protagonistetako bat izan zen Askatze Fronte Popularraren (FLP, Frente de Liberación Popular) prestakuntzan, 1958an. Fronte hori, “Felipe” izenaz ezagunagoa da, frankismoaren aurkako kolektibo garrantzitsua izan zen.

Demokraziarako trantsizioan, hainbat alderdiren gonbidapenak jaso zituen, bereziki PSOErena, bertan sartzeko. Hala ere, Ibañezek ez zuen horiek onartu eta 1977ko hauteskundeetan Candidatura de Unidad Popular (CUP) izenekoa sustatu zuen.

Ekimenak porrot egin zuen adostasun-ezagatik, eta azkenean Jesus Ibañez Mugimendu Komunistak sustatutako hautagaitzan sartu zen, zerrendako bigarren postuan.[1][2][3] Urte haietan, Madrilgo Barrio del Pilar auzoan merkataritza-zentro bat eta autobide bat eraikitzearen aurkako mobilizazio ospetsu batean ere parte hartu zuen.

Pentsamendua eta obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maiz erabili zituen espazio intelektualen arteko jarraitutasuna da Jesús Ibáñezen pentsamendu soziologikoaren bereizgarri nagusia. Batetik, itxuraz neutroak ziren dispositibo metodologikoen zama politikoa salatu zuen, bestetik, esku-hartze politikorako tresna soziologiko sofistikatuak erabili zituen. Bere bost obra nagusiak hiru azpimultzotan bana daitezke:

Idazki metodologikoak (Más allá de la sociología eta Del algoritmo al sujeto)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako merkatu-azterketen aitzindarietako bat izan zen Ibáñez. Hainbat gairi buruzko mila inkesta eta azterketa enpiriko egin zituen, eta “eztabaida-taldea” erabili zuen Espainian, korronte soziologiko kualitatibisten ikerketa-tresna bereizgarrietako bat. Praktika soziologikoari buruzko bere gogoetak bi liburutan azaldu zituen: Más allá de la sociología (Soziologiatik harantzago) eta Del algoritmo al sujeto (Algoritmotik subjektuari). Lan horietan, soziologia tradizionaleko inkestaren tresna metodologikoak kritikatzen ditu; izan ere, soziologia tradizionalan inkestak lehen mailako ikuspegi mekanizista bat du, ideia hori konduktismotik hurbil dagoena, eta ideologia nagusiaren aliatua da. Ibáñezek defendatzen duen “bigarren mailako” proposamen metodologikoak soziologiaren dimentsio intersubjektiboa azpimarratzen du, eta ikerketa enpirikoen “erreflexioatasunaren” aurrekontuaren gainean artikulatzen da.

Alde horretatik, Ibañezek gizarte-interbentzioko tresna gisa ikusten du soziologia, jada ikuspegi metodologikotik: “Subjektibotasunaren aldarrikapena, dimentsio epistemologikoa editzeaz gain, aldarrikapen guztiz politikoa da”. [4]

Kontsumo-gizartearen kritika (El regreso del sujeto eta Por una sociología de la vida cotidiana)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El regreso del sujeto liburuan (Subjektuaren itzulera), Ibañezek bere metodologiaren ezaugarri dialektikoak nabarmentzen ditu, eta “sozioanalisia” deritzon ikerketa-tresna berri bat proposatzen du. Ikerketa soziologikorako modu bat da, hermeneutika eta beste diziplina batzuetatik —hala nola hizkuntzalaritzatik edo zibernetikatik— datozen baliabideak erabiltzen dituena gizarte-errealitate esanguratsua ulertzeko bide gisa. Zehazki, Ibañezek kontsumismoaren azterketa du ardatz, kapitalismo aurreratuaren ezaugarri den mendekotasun-egitura aintzat hartzen baitu. Hala, Por una sociología de la vida cotidiana liburuan (eguneroko bizitzaren soziologiaren alde), hainbat gairen inguruko ikerketen bilduma da —azken mendeetan etxeak izan dituen aldaketak, publizitate-kanpainak edo zientzia-fikziozko literatura (Ibáñez aditu handia zen horretan)—, eta kontsumo-gizartearen kritika du ardatz.

Idazki politikoak (A contracorriente)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bizitzan zehar, Ibañezek hainbat artikulu idatzi zituen bizitza publikoan pl-pilean zeuden gaiei buruzko aldizkako argitalpenetan, betiere ikuspegi ezkertiar batetik. Idatzi horiek A contracorriente hil ondoko lanean bildu ziren, 1970eko hamarkada eta haren heriotzaren artean argitaratutako testuak batu ziren liburuan. Diktadura frankistaren aurkako jarrera erradikala alde batera utzita, Ibañezek behin eta berriz hartu zuen parte lau arlo nagusitan (baina ez horietan bakarrik). Lehenik eta behin, Ibáñez oso kritiko agertu zen Espainian demokraziarako trantsizioa garatu zen moduarekin; izan ere, erregimen frankistarekiko benetako haustura eragotzi zuela uste zuen, ildo horri “demokrazia formalaren” mugen kritika orokorrarekin eman zion jarraipena gero. Bigarrenik, Ibañezek garai hartako gobernu sozialdemokratei eraso egin zien, eta gobernu horiek, haren ikuspuntutik, gizarte-nahiak traizionatu zituzten korronte ekonomiko neoliberal nagusietara egokitzeko. Hirugarrenik, behin eta berriz idatzi zuen euskal gatazkari buruz, terrorismoa gaitzetsiz, eta, aldi berean, independentistekiko negoziazioaren eta autodeterminazio-eskubidearen alde idatzi zuen, krisiari aurre egiteko. Azkenik, ezker-mugimendu ez-tradizionalei arreta handia jarri zien: ekologistak, antimilitaristak, feministak, etab.

Jesús Ibáñezen testuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesús Ibáñezen bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ibáñez, Jesús (1979). Más allá de la sociología. Madrid: Siglo XXI. {{ISBN|84-323-0351-8}}. 
  • Ibáñez, Jesús (1985). Del algoritmo al sujeto. Madrid: Siglo XXI. {{ISBN|978-84-323-0534-4}}. 
  • Ibáñez. Autobiografía. Los años de aprendizaje de Jesús Ibáñez. ISSN 0211-5611.
  • Ibáñez, Jesús (1994a). El regreso del sujeto: la investigación social de segundo orden. Madrid: Siglo XXI. {{ISBN|978-84-323-0833-8}}. 
  • Ibáñez, Jesús (1994b). Por una sociología de la vida cotidiana. Madrid: Siglo XXI. {{ISBN|84-323-0835-8}}. 
  • Ibáñez, Jesús (1997). A contracorriente. Madrid: Fundamentos. {{ISBN|84-245-0763-0}}. 

Jesús Ibáñezi buruzko bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]