Jesusen Bihotza (Urgull)
| Jesusen Bihotza (Urgull) | |
|---|---|
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Donostia |
| Koordenatuak | 43°19′30″N 1°59′20″W / 43.325°N 1.989°W |
![]() | |
| Historia eta erabilera | |
| Irekiera | 1950 |
| Izenaren jatorria | Jesusen bihotz guztiz santu |
| Izena | Jesusen bihotz guztiz santu |
| Arkitektura | |
Jesusen Bihotza (Jesusen Bihotz guztiz santua) Donostiako Urgull mendiko gailurrean dagoen monumentu erlijiosoa da, Mota (edo Urgulleko) gazteluaren gainean eraikia, Jesus Nazaretekoa omentzeko. Proiektua Pedro Muguruza Otaño arkitektoak egin zuen 1947. urtean, eta eskultura Federico Collaut Valera eskultoreak. 1950. urtean inauguratu zen.[1][2][3] Eskulturak Jesus Nazaretekoak Jesusen bihotz guztiz santu eraspenaren katolikoaren arabera irudikatzen du.
Frankistek eraikitako monumentu erraldoi horrek era guztietako iritziak sortu ditu gerora donostiarren artean. Batzuen iritziz, horixe da, frankismoak Donostian utzitako arrastorik nabarmenena; gainera, ondarea historikotzat hartzen den gaztelu baten gainean eraiki eta desitxuratu zuen. Beste batzuen ustez, ordea, kristautasunaren ikurra besterik ez da.
2025ean, Donostiako Sinbologia frankistari buruzko lantaldeak proposatu zion Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeari monumentu frankista izaera aitortu ziezaiola monumentuari, «memoria demokratikoaren aurkako sinboloen eta elementuen» katalogoan sartzeko,[4] 20/2022 Legea, urriaren 19koa, Memoria Demokratikoari buruzkoak arautzen duen bezala,[5] baina udal gobernuak ez zuen onartu.[6][7][8]
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVIII. mendearen amaieran hasi ziren Jesusen Bihotzaren inguruko lehenengo kanpainak. «Jesusen Bihotzaren milaka irudi» banatu ziren Gipuzkoan barrena, eta XX. mendearen lehen laurdenekoak dira hainbat eta hainbat irudi. Parte Zaharreko Santa Maria elizakoa izan ezik, 1766koa omen da, eta itxuraz, penintsulako zaharrena da.
1926an, Pio XI aita santuak egindako adierazpenen ondotik, Gasteizko apezpiku Zacarias Martínez Núñezek sustatuta, «fededun talde batek» elizbarrutiko buletinean jaso zuen Urgullen Jesusen Bihotza eraikitzeko ideia. Apezpikuak kargua utzitakoan, berriz ere, animatu zituen gipuzkoarrak obra hori egitera: «Koloso bat Urgullen, Gipuzkoako hiriburu ederra menderatzen duen puntu horretan altxatua; zeruaren, lurraren eta itsasoaren artean, zuen herrialde katolikoaren seme-alabak goieneko bedeinkazioak erakar zitzan». Apezpikuak, gutun horretan, «ideia azkeneraino eramateko borondate sutsuari eusteko» eskatu zien fededunei, eta Gipuzkoako eliza guztietan irakurri zen gutuna, eta diru «dezente» lortu zela kontatzen du Prado Ayuso apezpikuak.[9][10]
Eraikuntza eta inaugurazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espainiako gerra zibila oraindik bukatu gabe, hirian 400dik gora fusilatu, milaka erbesteratu eta errepresio giro itogarria zegoen bitartean, proposamena berrartzeko une aproposa zela iritzi zuten Legión Católica eta nazioarteko Otoitzaren Apostoluak mugimenduek. Monumentua eraikitzeko ideia bere gain hartu zuen 1938an urte hartako Donostiako alkate frankistak, Antonio Pagoagak, eta argudiatu zuen Urgull puntan egon behar zuela.
Donostiako Udalak, 1939ko ekainean (maiatzaren 31ko udalbatzan), 100.000 pezetako dirulaguntza ematea onartu zuen Jesusen Bihotza eraikitzeko. Monumentuak «gudan hildakoak eta martiriak» omendu behar zituen, Espainiako Errepublikaren aurka altxatutako hildakoak, jakina. Hona hemen Udalak plazaratu bilkuraren aktako bi pasarte:[oh 1]
| « | Gurutzada Nazionaleko martirien errenuntziamendu heroikoa adierazpen handi batez betikotu nahi duen ekimen hau bi aldiz da atsegina, aldi berean bere baitan biltzen baitu altxamenduaren espiritu funtsean erlijioso mugikor guztia. Izan ere, idazkian adierazten den bezala, forma eta arnasa ematen dio ideia bati, alkateak udaletxeko balkoietatik aldarrikatutako asmo bati, uztailaren 18ko plazan ospe ahaztezinez bildu zen Donostiako herriaren aurrean... | » |
| « | Franco zorioneko "Caudillo"aren gidaritzapean, Espainia eta Europa inbasio boltxebiketik salbatu gaituzten gure gudarien alde egin dezakeguna huskeria da. Izan ere, beraien heroitasun, pairamen eta sakrifizioari esker, bakea eta oparotasun aroaz gozatzeaz gain, Espainiako Inperio Handia berriro ere ikusteko aukera dugu. Baina bizirik irten zirenek gure sana merezi badute, Espainia eta Francoren alde, "Gora Kristo Errege!" oihupean odola isuri eta bizia eman zutenek gure esker on betierekoa eta mirespena merezi dute. Baita fedearen alde eta Espainia eta "Caudillo"arekiko leialtasunagatik, ideia erlijioso eta aberkoiak zituztelako doilor hil zituztenek ere. | » |
| « | Horregatik, probintzia, hiri eta herrixka guztiak martirien eta erorien omenezko monumentuak prestatzen ari dira, eta emulazio-kanpaina zintzo honetan, Gipuzkoa eta Donostia ezin ziren atzean geratu, eta probintziaren eta Hiriaren duintasunaren pare dagoen zerbait egin nahi dute, are duinagoa gure lurralde honetako martirien eta eroritakoen alde. | » |
| « | Hiri honetan Monumentu handia eraiki behar da, Jesusen Bihotzaren estatua erraldoi batez burutua. Bere besoetan, Aberriaren Caudillo Salbatzailearen jeinuak gidatuta, maitasunez hartuko ditu bere bizitza eman duten guztiak. | » |
Asmoak asmo, monumentua bideratzeko sortu zen batzordea ez zen 1944ko udaberrira arte erabat martxan jarri. Hurrengo urtean, 1945eko urrian, udalbatzak bilera egin zuen monumentua non jarri erabakitzeko. Urte batzuk lehenago Urgullen jartzeko ideia mahaigaineratu bazen ere, bozketan berdinketa gertatu zen, eta, beraz, zinegotziek erabaki zuten San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak apezpikuaren eta Arkitektoen Eskola Nazionalari eraikuntzaren kokapenaz iritzia eman zezan eskatzea. Aurkako jarrerak ere egon ziren, beste behar batzuk zeudela argudiatuta.
Hamar proiektu aurkeztu ostean, 1947ko irailean, Pedro Muguruza eta Federico Coullant Valerarena aukeratu zuten; obrak hasi eta 1950ean amaitu zituzten. Eraikuntzan parte hartutako langileen eta beraien senitartekoen izenak monumentuaren bihotzean idatzita gorde zituzten, egindako lanaren esker onez.[11]
Sorrerako testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gotzon Garmendia historialariak, Frankismoaren nazionalkatolizismoaren ideologiaren baitan kokatzen du monumentua egitearen bultzada. Primo de Rriveraren diktaduraren garaian, nazionalkatolizismoa politikaren erdigunean jarri zen. Garai hartan, 1928. urte inguruan, Pio XI.ak, Jesusen Bihotzaren Sakratuaren eta Cristo Reyren irudiak egitea sustatu zuen. Espainiako Bigarren Errepublikak, ordea, 80 urte lehenago Elisabet II.aren gobernuak bertan behera utzi zuen Eliza Katolikoarekin sinatutako Konkordatua.
Hortik aurrera, Eliza Katolikoak etsaitzat jo zituen errepublikazaleak. Bada, gerra zibila piztu zenean, altxatutakoen alde jarri zen, eta Gurutzadara deitu zuen.[12] Orduan, 1937 inguruan, hasi ziren gurutzeen eta frankisten alde hildakoen omenezko monumentuak egiten, baita beste oroigarri eta monumentu batzuk ere, Isidro Gomá kardinalak hauspotuta batez ere.[13] Tuteran, besteak beste, Jesusen Bihotz monumental frankista bat eraiki zen 1942an, antzina Tuterako nafar gaztelua zegoen leku berean, Santa Barbara muinoan.[14] Bilbokoa Primo de Riveraren diktaduran egin zen.
Nafarroan Jesusen Bihotzaren eskultura gehiago daude, eta frankismoa bukatu ostean egiten jarraitu dira, adibidez, Iruñeko apaiz mintegiaren aurrean, muino txiki baten gainean jarri zena, 2010ean[15] edo Ezkaba mendian jarritakoa 80ko hamarkadan. Jose Maria Muruzabal del Val eta Jose Maria Muruzabal del Solarrek XX. eta XXI. mendeetan eraiki diren eskultura handi zerrendatu dituzte.[16]
Aurrekari historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1919. urtean, Alfontso XIII.a Espainian errege zela, ekitaldi politiko-erlijioso bat ospatu zen non, Espainia Jesusen bihotz guztiz santuari kontsakratu zen. Eta horretarako propio, Jesusen irudi erraldoi bat inauguratu zuten Madrildik hurbil dagoen Getafe herriko Cerro de los Ángelesen.[17] Kontsakrazio mota hori beste herrialde katolikoetan ere egin zen.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Urgull mendiko gailurra monumentua eraiki aurretik.
- Erreketeek Espainiako gerra zibilean erabili zuten a Jesusen Bihotz Sakratudun bandera.[oh 2] Sinboloa Karlos Marai Borboikoarena da eta Karlistek ere erabili zuten 36ko gerran.
- Jesusen Bihotz Sakratuaren irudia zuten plakak degin ziren ateetan jartzeko.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Jatorrizko bertsioa, gaztelaniaz: (1) “La iniciativa que aspira a perpetuar en una expresión grandiosa al heroico renunciamiento de los mártires de la Cruzada Nacional recogiendo al mismo tiempo todo el espíritu fundamentalmente religioso móvil principal del alzamiento, resulta doblemente simpática, porque da forma y aliento como se indica en el expresado escrito a una idea, a un propósito proclamado por el Sr. Alcalde desde los balcones de la Casa Consistorial, ante el pueblo de San Sebastián congregado en la plaza del 18 de julio con ocasión de una solemnidad inolvidable...”, (2) “El Sr. Presidente manifiesta que todo cuanto hagamos por nuestro soldados que bajo el supremo mando del providencial Caudillo Franco han salvado a España y a Europa de la invasión bolchevique, nos parecerá siempre poco, porque gracias a sus heroísmos, abnegaciones y sacrificios podemos disfrutar de una era de paz y prosperidad y contemplar el restablecimiento del gran Imperio español, pero si los supervivientes merecen nuestros obsequios, los que derramaron su sangre y dieron su vida en los campos de combate por España y por Franco y al grito de Viva Cristo Rey, merecen nuestro eterno reconocimiento y admiración así como los que por profesar los ideales religiosos, y patrióticos han caído vilmente asesinados en cárceles, calles y plazas perdonando a sus verdugos y haciendo pública profesión de fe y de amor a España y al Caudillo.”, (3) “Por eso todas las provincias, ciudades y aldeas, preparan sus Monumentos de homenaje a los mártires y a los caídos y en esta noble campaña de emulación, Guipúzcoa y San Sebastián no podían permanecer a la zaga y quieren hacer algo digno de la provincia y de la Ciudad, pero más digno aún de los mártires y de los caídos en esta nuestra tierra.”, (4) “en esta Ciudad ha de levantarse el grandioso Monumento que rematará en una colosal estatua del Sagrado Corazón que cobijará bajo sus brazos amorosos a cuantos por él y por España han dado su vida guiados por el genio del Caudillo salvador de la Patria.”
- ↑ Sinbolo hori, debozioaren jatorria den Santa Margarita María Alacoquerengoak bizi zuen agerpen miraritsuaren kontaketan oinarrituta dago. Ikus: https://www.ewtn.com/es/catolicismo/devociones/devocion-al-sagrado-corazon-14698
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Jesussen bihotza». Ingeba
- ↑ «Donostiako eskulturen atlasa» San Telmo Museoa
- ↑ (Gaztelaniaz) El Sagrado Corazón podría quedar sin protección en el Plan del Patrimonio, www.diariovasco.com. 2009-11-14.
- ↑ (Gaztelaniaz) Díaz, Martxelo. (2025-06-02). «Proponen calificar el Sagrado Corazón de Urgull como «contrario a la memoria democrática»» naiz: (kontsulta data: 2025-06-20).
- ↑ «20/2022 Legea, urriaren 19koa, Memoria Demokratikoari buruzkoa» BOE, 252 zk., 2022-10-20koa.
- ↑ «Sinbologia frankistari buruzko lantaldeak Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeari egindako proposamenak» ehbildu.eus (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Euskadi, elDiario es. (2025-06-02). «Piden no conmemorar el 75 aniversario del Sagrado Corazón de Urgull en Donostia porque "exalta" el franquismo» ElDiario.es (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2025-06-03). ««'Jesusen Bihotza' eraikitzeko iniziatiba 36ko gerraren aurrekoa da»» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-06-15).
- ↑ Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2025-06-12). «'Jesusen Bihotza', itxita ez dagoen eztabaida bat» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-06-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Prado Ayuso, Fernando, CMF. (2025). [https://elizagipuzkoa.org/wp-content/uploads/2025/06/La-memoria-en-el-corazon.pdf LA MEMORIA EN EL CORAZÓN En el mes del Sagrado Corazón de Jesús. ].
- ↑ «Dokuteka: Jesusen Bihotza, frankismoaren oroigarri» www.ikasbil.eus (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) cabasés, lola. (2013-05-12). «"La injerencia de la Iglesia fue decisiva en el antirrepublicanismo"» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2025-06-15).
- ↑ Lekuona, Peli; Cambra, Iraia. (2025-06-09). «Gotzon Garmendia: "Eskultura ez zen borondate herrikoiaren emaitza izan"» Naiz irratia (kontsulta data: 2025-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérez-Nievas, Fermín. (2022-10-20). «Un tudelano de 80 años en el cerro de Santa Bárbara» Diario de Noticias de Navarra (kontsulta data: 2025-06-15).
- ↑ Iruñeko Udala. «Jesusen Bihotzaren monumentua» Guía de escultura urbana.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ «Wayback Machine» josemariamuruzabal.com (kontsulta data: 2025-06-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Redacción Religión. (2020-06-19). «Así fue la consagración de España al Sagrado Corazón de Jesús, con Alfonso XIII» COPE (kontsulta data: 2025-06-14).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baisotti, P. A. (2015) «El Sagrado Corazón de la guerra civil española y de la “paz franquista "», in Cultura Latinoamericana, ISSN 2346-0326, 22 lib., 1, 147-177.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1939ko Udalaren akta, Jesusen Bihotz guztiz sakratuaren eskultura erraldoia eraikitzeko diru partida onartzen duena.
- Gara (2025-06-06) «Donostiako gotzaina: 'Jesusen Bihotza bakearen irudia da, ez ikur frankista'» Gara
- Alonso, Carolina (2021-04-19) «El Sagrado Corazón de Urgull explicará su origen franquista». Noticias de Gipuzkoa
- «Piden no conmemorar el 75 aniversario del Sagrado Corazón de Urgull en Donostia porque “exalta” el franquismo». EuropaPress
- Lopetegi, Arantxa (2025-05-06) «Lamentan que no se atienda la propuesta de incluir el Sagrado Corazón en el Catálogo de elementos contrarios a la memoria democrática.» Noticias de Gipuzkoa.
- Estatua del Sagrado Corazón de Jesús (Monumentos en San Sebastián / Donosti). San Sebastían-Donostia
