Jim Bolger
James Brendan "Jim" Bolger (Opunake, Taranaki eskualdea, 1935eko maiatzaren 31) zeelandaberritar politikaria da. 1990-1997 bitartean lehen ministroa izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irlandar etorkinen semea zen, eta erlijio katolikoan hezi zen. Familiaren nekazaritza- eta abeltzaintza-enpresetako administrazioan parte hartu zuen. 1966an, politikan sartu zen, nekazari eta abeltzainen korporazioko kideen interesen defentsan, eta, handik, joera liberal-kontserbadoreko Alderdi Nazionalera pasatu zen. 1972an Parlamentuan diputatu-aulkia lortu zuen. Robert Muldoonen gobernuan parte hartu zuen 1977tik 1984ra, laboristek kontserbadoreak gobernutik bota zituzten arte. Handik aurrera, bere alderdiaren gidaritza hartzen saiatu zen, baina ez zuen lortu, 1986an Muldoonek erretiroa hartu zuen arte.
1990ean, Alderdi Nazionalak hauteskundeak irabazi zituenean, lehen ministro izatera iritsi zen eta, nekazaritzaren aldeko jarreraz gainera, Estatu Batuekiko hurbiltze-politika bultzatu zuen berehala. 1992an, Frantziako Gobernuarekiko erlazio diplomatikoak konpontzen saiatu zen, 1985az geroztik hondaturik baitzeuden, frantsesek Zeelanda Berriko uretan Rainbow Warrior ontzi ekologistaren aurka egindako erasoa zela eta.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.