Jirafa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Jirafa
Giraffa camelopardalis angolensis.jpg
Iraute egoera

Ahula (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaArtiodactyla
FamiliaGiraffidae
GeneroaGiraffa
Espeziea Giraffa camelopardalis
Hedapen mapa
Giraffa camelopardalis distribution.svg
Datu orokorrak
Haurdunaldia 457 egun
Altuera 4,6 m
Bihotz-frekuentzia 150 pultsazio minutuko

Jirafa (Giraffa camelopardalis) jatorriz Afrikako ugaztun ungulatua da. Oreinen eta behien ahaidea da, baina Giraffidae familan sailkaturik dago, okapiarekin batera.


Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrean bizi den animaliarik altuena eta hausnarkaririk handiena da. Azalean orban handi irregularrak ditu, horixkatik hasi eta beltz kolorerainokoak, marra zuri, horixka edo beltzez banatuak. Azpiespezie guztien arteko batez bestekoa eginez, ar helduen batez besteko pisua 1.192 kilokoa da eta eme helduena, 828 kilokoa. Haien altuera 4,3 eta 5,2 metro artekoa da batez beste, eta inoiz aurkitutako alerik altuena 6 metro luze zen eta 2.000 kiloko pisua zuen. Dena den, azpiespezieek desberdintasunak dituzte, tamainari dagokionez: horrela, azpiespezie txikienean arren batez besteko pisua ez da 1.000 kilora iristen, baina Masai jirafa azpiespezie handienarena maiz 1.600 kilokoa da; era berean, 2.000 kg-ko arrak ere aurkitu izan dira.

Beraz, tamaina kalkulatzeko, azpiespezieen arabera aztertzea komenigarria izan liteke: oro har, haien batezbesteko pisuari dagokionez, esan genezake 750-1600 kilo bitarteko pisua daukatela, eta pisu hori batzuetan (batez ere Masai jirafaren kasuan) gainditzen dutela.

Lepo eta hanka luzeak izan arren, gorputz nahiko motza du eta isatsa belaunetaraino iristen da. Mihi luzea du, luzagarria eta bilgarria, gihar berezi batzuei esker. Begiak oso handiak ditu eta kolorez ikusteko gai da; ikusmenarekin batera, entzumena eta usaimena ere oso garatuak ditu. Are-ekaitzetatik eta inurrietatik babesteko, sudurzuloak erabat ixteko gai da; horrekin batera, akazia arantzatsuak segurtasun osoz jateko, ezpainak, ahoaren barnealdea eta mihia papila bereziez babestuta dauzkate.

Buruan, bi adar ditu; hala ere, berez ez dira adarrak, buruezurraren bi mutur iletsu baizik.

Jirafa mundu lehorreko laugarren animalirik handiena da, soilik elefantea, errinozeroa eta hipopotamoaren atzetik.

Hedapena eta habitat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jirafak Txadetik Hegoafrikaraino hedaturik daude. Sabanetan, belardietan edo baso irekietan bizi daitezke. Janaria urria denean, baso itxiagoetan sar daitezke. Akaziadun basoak atsegin dituzte. Ur-kantitate handiak edaten dituzte eskura dutenean eta, horri esker, denbora luzez bizi daitezke eskualde lehorretan.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jirafak belarjaleak dira baina sarraskiak eta hezurrak miazkatzen ere ikusi izan dira. AcaciaCommiphora eta Terminalia generoetako zuhaitzen adaxkak eta hostoak jaten ditu, proteina eta kaltzioz beteriko zuhaitzak direlako, ezinbesteko bi osagai beraien hazkuntzarako.

Harrapari naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jirafa helduak lehoi taldeen hatzaparretan jaus daitezke: jirafak ehizatzen trebatzen diren lehoi-taldeak daude; izan ere, haien elikaduraren zati esanguratsua dira. Lehoiak dira jirafa helduak ehiza ditzaketen harrapari bakarrak; hala eta guztiz ere, ez da lan samurra: horren saiakeran lehoi batzuk hil izan dira.

Jirafa kumeak eta gaztetxoak berriz, hienek, lehoinabarrek eta afrikar basatxakurrek ere ehiza ditzakete.

Agian, ura edatera hurbiltzen direnean, krokodiloen erasoengatik ere jaus daitezke.

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bederatzi azpiespezie ezagutzen dira, azal eta ilearen morfologia eta kolore patroiei esker sailkatuak:

- Giraffa camelopardalis camelopardalis

- Giraffa camelopardalis reticulata

- Giraffa camelopardalis angolensis

- Giraffa camelopardalis antiquorum

- Giraffa camelopardalis tippelskirchi

- Giraffa camelopardalis rothschildi

- Giraffa camelopardalis giraffa

- Giraffa camelopardalis thornicrofti

- Giraffa camelopardalis peralta

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa poligamoa da, arrak eme emankorrekin ugaltzen dira. Arrek eme heldu gazteak nahiago dute ugaltzeko, eta normalean gaztetxoegiak eta heldu zaharrak baztertzen dituzte. Emankorrak diren edo ez jakiteko, euren txiza usaintzen dute eta ugaltzea erabaki dutenean, ar menderatzailea da aurrera pausoa ematen duena, mendeko aurrak emearengandik urrun mantenduta.

Ernaldia 400-460 egunez luzatzen da eta emeak kume bat izan ohi du; gutxitan bikiak erditu ditzake.

Aipagarria da jaio berri den jirafa kume batek 1,8 metroko garaiera izatea, baita jaio eta ordu gutxira korrika egiteko prest egotea ere; beraz, oso azkar hazten diren animaliak dira, ustez, harrapariak errazago saihesteko.

Arren arteko borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrak, zeintzuk diren mendekoak eta zeintzuk menderatzaileak erabakitzeko, lepoak eta buruak bata bestearen kontra astinduz borrokatzen dira: lepoa albo batetik bestera mugituz, indarra ematen diote azken lepokadari. Mugimendu ikusgarri eta arriskutsu hori "necking" izenaz ezagutzen da. Normalean, borroka horiek zauritu larririk gabe suertatzen dira, baina larri eta hilik atera diren arrak ezagutzen dira, bai burezurra, bai barailezurra eta bai bizkarezurra apurtuta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jirafa Aldatu lotura Wikidatan
  1.   Linnaeus (1758), 1, Syst. Nat., 66. orrialdeak  .