Edukira joan

Joaldun (entzierroetakoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bortz joaldun bertze hainbertze zezen zezen-plazarantz gidatzen, Iruñeko Estafeta karrikan.

Joalduna da Iruñeko sanferminetako entzierroetan zezenak zezen plazara eramaten laguntzen duen animalia. Euskaraz 'joaldun' erraten zaio, lepoan joare handi bat daramalako zintzilik -entzierroko soinu bereizgarrienetako bat sortzen duena-; gaztelaniaz 'cabestro' edo 'manso' erraten diote. Berez, joaldunak ere zezenak dira (idiak), haragitarako arrazaren batekoak, eta bi urterekin zikiratu dituztenak otzanagoak izan daitezen.

Sanferminetako entzierroetan hamar joaldunek hartzen dute parte. Sei zezenekin batera abiatzen dira Santo Domingo aldapako ukuilutik. Bertze laurak minutu bat geroago askatzen dituzte, toki beretik, bidean despistatuta geldi litezkeen zezenak hartu eta bide onetik eramateko.

Zezenak ez bezala, joaldunak ez dituzte egunero hiltzen. Sasoian dauden artean, urtetik urtera joaldun berdinak erabiltzen dituzte, entzierro guztietan, eta hori dela-eta ederki dakite zein den zezenek egin behar duten bidea.

Joaldunen arriskua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berez, joaldunek ez ohi dituzte korrikalariak adarkatzen, baina kolpeak erruz ematen dituzte eta ez dira gutxi apatxekin zapaltzen dituztenak. Oinkada horiek oso arriskutsuak izaten dira, indar handikoak baitira. Adibidez, 1977ko uztailaren 8ko entzierroan, jende pilaketa handia gertatu zen zezen plazara sartzeko kailejoian. Zezenek eta joaldunek korrikalarien gainetik pasatu behar izan zuten, eskalatzen ia. Zauritu anitz izan ziren, eta hildako bat: Jose Joaquin Esparza Sarasibar. Joaldun batek saihets bat hautsi zion oinkada batez eta horrek sortutako barne hemorragiaren ondorioz zendu zen[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Historia trágica» Sanfermin.com (kontsulta data: 2025-06-03).