Joan Antonio Mogel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joan Antonio Mogel
Bizitza
JaiotzaEibar1745eko abenduaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMarkina-Xemein1804ko maiatzaren 11 (58 urte)
Familia
AitaJoan Ignazio Mogel Almazan
AmaGabriela Ignazia Urkiza Aranzabal
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea, apaiz katolikoa eta inkisidorea
Lan nabarmenakPeru Abarka
KidetzaEuskalerriaren Adiskideen Elkartea
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Literaturaren Zubitegia: 472

Joan Antonio Mogel Urkiza[oh 1] (Eibar, Gipuzkoa, 1745eko abenduaren 6a - Markina, Bizkaia, 1804ko maiatzaren 11) euskal idazlea eta apaiza izan zen, euskarazko lehen eleberria (Peru Abarka) idazteagatik ezaguna.

Haren iloba Bizenta eta Juan Jose Mogel ere euskal idazleak izan ziren.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibarren jaio zen, bere aita bertako medikua zelarik. Lau urte zituela Debara joan ziren bizitzera eta han lau urte igaro ondoren Markinara aldatu ziren. Aita, Joan Ignazio Mogel Almazan medikua, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kidea zen. 1770ean apaiz egin zen, eta Markinako erretore izan zen 1788az gero, hil arte. Frantziako Iraultzatik ihesi Hegoaldera zetozen Iparraldeko apaizei etxean babesa eman zien[erreferentzia behar]. Harremanak izan zituen, besteak beste, Astarloarekin, Peñafloridako kondearekin, Samaniegorekin, Vargas Poncerekin eta Joan Batista Agirrerekin.

Filosofia eta Teologia ikasi zituen, eta 1774 eta 1778 artean Markinako abade parroko edo «arimazaina» izan zen. Arazoak izan zituen Inkisizioarekin, neska batekin zuen harremana zela eta. 1777an Logroñora joan behar izan zuen deklaratzera.[1] 1779an Inkisizioak zigortu zuen:

« Izan bedi gatibua gogorki gaitzetsia Marina delakoarekin duen prozeduraren inguruan (...) gizon zein emakumeak izpiritualki zuzentzea debekatuz, idatziz zein hitzez izpirituari buruzko kontsultei erantzuteko ere (...) »

[oh 2]


Fiskalak kartzela zigorra eskatu zuen, baina Milagrora eraman zuten, erretiroan. Bertan idazteko probestu zuen. Idazle moduan, "sorterria eta hizkuntza" indartzeko asmoa agertu zuen. Inkisizioko epaile ere izan zen.

Mogelen Peru Abarka, eleberri itxurako lehen euskal idazlana dela uste da. Mogelek 1802 urte inguruan idatzi zuen, baina 1881 urtera arte ez zen inprimatu liburu moduan, nahiz eta aurreko urtean egunkari batean epeka argitaratu. Nahiz eta euskarazko idazlana izan, jatorrizko izenburua gaztelaniaz dago: El doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua bascongada en la universidad de Basarte o diálogo entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Euskal bertute guztien jabe den baserritarraren eta harroputz bezain ezjakina den bizargile kaletarraren elkarrizketak eta bizipenak darabiltza Mogelek, euskal kulturari buruzko lan etnografiko bat idazteko. Baserri munduko lanbideak, lanabesak, animaliak eta hauen gorputz-atalak, landare-zuhaitzak,... horiek denak azalduko dizkio Peru Abarkak Maisu Juan lagunari, eta bere jakinduriarekin Maisu Juan kaletarra txundituta geldituko da. Eta horixe da idazlearen helburua: Euskal hizkuntza eta kulturaren apologia bat egitea.

Ipuinak izeneko alegia sorta luze samar baten itzultzailea ere bada. Joan Antoniok bere iloba Bizentarekin batera paratu zituela alegia horiek. Badakigu lanaren kitzikatzailea osaba izan zela. Bizentarenak gipuzkeraz emanda daude; Joan Antoniorenak bizkaieraz. Hizkuntza landua eta eztitasuna aipatzen ditu kritikak obraren goresmen meritu bezala.

Lanaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Humboldt alemaniar ikerlaria Euskal Herrira etorri zenean Mogelekin egon zen, eta berak eman zion Humboldti Leloren kantuaren berri. Pedro Antonio Añibarroren adiskide izan zen, eta biek batera finkatu zituzten bizkaiera literarioaren oinarriak, nahiz eta Mogelek lehen liburuak gipuzkeraz idatzi zituen.

Mogel eta Añibarro bat zetozen Bizkaian bertako euskalkia erabili behar zela eliz zereginetan, hala sermoietan nola katekesi liburuetan. Ez ziren iritzi bereko, ordea, zein bizkaiera mota behar zen idazterakoan.

Puntu honetan Añibarrok zabalago eta, gaurko ikuspuntutik, zentzudunago jokatzen zuen, artikuluak eta hitzen bukaerak ondo bereiziz, lekuan lekuko fonetismoak gaitzetsita; Mogelek, berriz, herrian –Markinan– hitz egin eta entzun bezalaxe idazten zuen, bitxikeria fonetiko guztiak maila idatzian ere gordetzen zituela. Mogelen lan aipagarriak dira: Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800), gipuzkeraz idatzitako katixima; Versiones bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos eta Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, para que se puedan entender ambos dialectos (1802), batera argitaratuak, Zizeronen, Salustioren, Tito Livioren eta Curtzioren lan batzuen euskarazko itzulpena jasotzen dutenak; Konfesino ona edo zeinbat gauzak lagundu biar deutseen konfesinuari ondo egiña izateko (1803); Kristinauaren jakinbidea (1805), Asteteren itzulpena; Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Moguel sobre la lengua vascongada (1854); Peru Abarka (1881). 1802. urterako Mogelek bukatua zeukan Peru Abarka, baina arazoak izan zituen argitaratzeko eta handik laurogei urtera kaleratu zen. Peru Abarka da Mogelen lanik ezagunena, hura izan baitzen euskaraz idatzitako lehen eleberria edo eleberri tankerakoa: “En cierto modo es, en forma dialogada, el primer conato de novela en vascuence” (Mitxelena 1960, 115. or.). Liburuaren gaia, Villasantek dioen bezala, euskararen alorrean baserritarrak direla maisu da: “La tesis, pues, de Moguel viene a ser que, tratándose del euskera, los rústicos son los maestros y doctores de quien debemos aprender; y los otros, los cultos, no son más que corruptores que sólo aprenderán a condición de ser discípulos del casero Peru” (1979, 213. or.).

1987an, Luis Villasanteren eskutik, Kristaubaren ikasbidea edo doktrina kristiania izeneko obra argitaratu zen. Mogelek alegia batzuk ere idatzi zituen, Bizentak, haren ilobak, eta Juan Mateo Zabalak beren lanetan jaso zituztenak. Idazle euskaldunen artean, Mogel bezala, XIX. mendean bereziki agertzen dira alegialariak. Bizenta Mogelek 1804an, Ipui onak liburua idatzi zuen gipuzkeraz, Esoporen alegia batzuk itzuliz.

1842an Iturriagak Samaniegoren berrogeita hamabost alegia itzuli zituen Fábulas y otras composiciones en verso bascongado, dialecto guipuzcoano, con un diccionariovasco-castellano de las voces que son diferentes en los diversos dialectos obran. Artxuk La Fontaineren beste batzuk zubererara bihurtu zituen 1848an La Fontainaren alegia berheziak, neurtitzez franzesetik uskarara itzuliak obran. Egile bera hartuz, Goihetxek 1852an Fableac edo aleguiac Lafontainenetaric berechiz hartuac idatzi zuen lapurteraz. RIEV aldizkarian kaleratu zituen Grazian Ademak bereak. Juan Mateo Zabalak idatzitakoak Julio de Urquijok argitaratu zituen Fábulas en dialecto vizcaíno izenburupean. Jose Manterolak bere Cancioneron bildu zituen Uriartek bizkaieraz idatzitako alegiak. Oxobik Alegiak lana plazaratu zuen…

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Konfesio ta komunioko sakramentuen gañean erakasteak (1800)
  • Versiones bascongadas de varias arengas y oraciones selectas de los mejores autores latinos eta Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, para que se puedan entender ambos dialectos (1802)
  • Konfesino ona edo zeinbat gauzak lagundu biar deutseen konfesinuari ondo egiña izateko (1803)
  • Kristinauaren jakinbidea (1805)
  • Cartas y disertaciones de don Juan Antonio Moguel sobre la lengua vascongada (1854)
  • Peru Abarka (1881)

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Gaztelaniazko testu originala: «Sea el reo gravemente reprehendido y conminado sobre su iluso modo de proceder en la dirección de dicha Marina, vana y perjudicial credulidad, privado perpetuamente de dirigir espiritualmente hombres y mujeres, de responder a consultas de espíritu de palabra o por escrito; de tratar del mismo modo de semejantes visiones, revelaciones y apariciones»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bidador, Joxemiel. (1998-4-17). Mogelen aurrekoei buruz hitz labur bi: Milagroko lokia. Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2017-08-22).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salaberri Muñoa, Patxi: A. Kardaberaz eta J.A. Moguel: literatur bizkaieraren lehen uneak testuen argitan. - Egan, 2004-1/2, 89-107.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]