Edukira joan

Joan Piarres Duvoisin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau euskal idazle ainhoarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Joan Piarres Duvoisin (argipena)».
Joan Piarres Duvoisin

Bizitza
JaiotzaAinhoa, 1810eko maiatzaren 16a
Herrialdea Lapurdi, Euskal Herria
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaZiburu, 1891ko urtarrilaren 30a (80 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta aduanazaina
Jasotako sariak
Izengoitia(k)Gazteluberri
Ezizena(k)Gazteluberri

Literaturaren Zubitegia: 287

Joan Piarres Duvoisin, edo Jean Duvoisin,[1] izengoitiz Gazteluberri[1] (Ainhoa, Lapurdi, 1810eko maiatzaren 16a - Ziburu, Lapurdi, 1891ko urtarrilaren 30a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen.

Haurtzaroa Ezpeletan igaro ondoren, Larresoroko apaiztegian ikasi zuen. Diziplina gabeko ikaslea zen arren, irakurtzeko zaletasuna eta geografia, historia eta literatura ikasteko grina piztu zitzaizkion han. 20 urterekin, apaiztegia utzita bere aita bezala mugako aduanetan hasi zen, bai eta kapitain izatera iritsi ere.

Mugako aduanetako kapitaina izateaz gain, Luis Luziano Bonaparte printzeak euskararen ikerketarako hautatu zituen lankideetarik gorenetakoa zen, eta berari eskatu zion Biblia osoaren itzulpena, 1859. urtean hasi eta 1865.ean argitaratua. Era berean, euskara-frantses hiztegia egiten hasi zen, aurreko burubide bera eramanik. Hartarako, euskarazko liburu anitz irakurri behar izan zituen, eta hitzetara ez ezik, esaldietara ere zaletu zen. Irakurketa haietan, besteak beste Agustin Kardaberazen Aita San Ignacioren Egercicioen gañean afectoac liburua dago: gipuzkeratik lapurterara bihurtu eta 1856an Liburu Ederra izenburuarekin argitaratu zuen. Handik bi urtera, Laborantzazko liburua idatzi zuen, bere lanik ezagunenetakoa, Bonaparte printzeak eskaturik.

Hala ere, euskal nobelagintzari ekarritako ekarpenik garrantzitsuena Baigorriko Zazpi Liliak liburua da. 1832an bildutako ipuinekin osatutako lan hori ez zen 1884-1885 arte argitaratu. Parisen zatika ateratzen hasi zen Revue des Basses-Pyrénées et des Landes aldizkariaren lehen bi liburukietan. Ipuinez osatua bada ere, nobelatzat har daiteke, ipuinek elkarrekin duten koherentziagatik batez ere, bata bestearekin lotzeko erak liburuari batasuna ematen baitio.

1891n hil zen Ziburun, hainbat lan argitaratu gabe utzirik, adibidez, Cervantesen On Kixote, hiztegi bat, gramatika lanak, historia artikuluak eta abar.

Duvoisin kapitainaren malura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa da Duvoisin kapitaina heroi handia bailitzan aurkeztea Biblia osoa itzuli zuelako, eta, halaber, Bonaparte printzea aipatzea euskal kulturaren bultzatzaile probidentzial gisa. Baina Duvoisin kapitainaren malura liburuan Kepa Altonagak usadiozko interpretazio hori eztabaidatu eta irauli egin zuen.[2] Soka-tira gogorra izan baitzen Bonaparte printzearen eta Duvoisin kapitainaren artean. Duvoisinek literatura egin nahi zuen euskaraz, euskarari proiekzio kulturala emango zion erabilera supradialektala landu nahi zuen. Printzeak, ordea, aniztasun dialektala aztertu eta finkatu nahi zuen; are gehiago, euskalkiak eta azpieuskalkiak jasotzean, eta notarioaren begiz haien lekukotasuna gordetzean Bonapartek jarri zuen arreta hura euskararen kulturizazioaren aurkakotzat jotzen du Altonagak. [3][4][5][6][7][8]

Luis Luziano Bonaparte printzea.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. Altonaga, Kepa, 1958-. (2018). Duvoisin kapitainaren malura : Bonaparte printzearen itzalean. Pamiela Argitaletxea ISBN 9788491720713. PMC 1080310839. (kontsulta data: 2019-09-03).
  3. «DUVOISIN KAPITAINAREN MALURA» Katakrak 2018-10-23 (kontsulta data: 2019-09-04).
  4. Garate, Miren. (2018-10-23). «'Baina' bana Duvoisini eta Bonaparteri» Berria (kontsulta data: 2018-10-23).
  5. Pamiela etxea. (2018). Kepa Altonaga - Duvoisin kapitainaren malura. Pamiela etxea. Youtube (kontsulta data: 2019-09-03).
  6. Idazleen Biltzarra 2019 - Kepa Altonaga. (kontsulta data: 2021-02-22).
  7. Kepa Altonagak "Duvoisin kapitainaren malura" aurkeztu du | Bilbo Hiria irratia. (kontsulta data: 2019-09-04).
  8. Rojo, Javier. (2018). kritiken hemeroteka » Printzearen itzala. El correo- kritikak.armiarma.eus (kontsulta data: 2019-09-04).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]