Johann Georg Mezger

Wikipedia, Entziklopedia askea
Johann Georg Mezger

Bizitza
JaiotzaAmsterdam1838ko abuztuaren 22a
Herrialdea Herbehereetako Erresuma
HeriotzaParis1909ko martxoaren 3a (70 urte)
Jarduerak
Jarduerakmedikua eta fisioterapeuta

Johann Georg Mezger (Amsterdam 1839ko abuztuaren 22a - Paris 1909ko martxoaren 3a), herbeheretar medikua izan zen, Europan masajearen teknika garatu eta sintetizatu zuena, eta fisioterapiaren aitzindaria.

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak alemaniarrak ziren, Württembergetik Amsterdamera (Ipar Holanda) etorritakoak. Aita harakina zen, eta Johann gazteak berarekin lan egiten zuen; aldi berean, Westermarkt-en Inrigting voor Gymnastic zentroan entrenatzen zuen. 1856ean zentro horretan ikasle bezala onartua izan zen. Bertan, Dussau doktoreak eskoliosi pazienteak artatzen zituen, eta ariketa terapeutikoa asko erabiltzen zuten; bere dohaiak ikusita, Dussauk medikuntza ikastera animatu zuen.

Medikuntza ikasketak 1860an hasi zituen, besteak beste Adriaan Heynsius irakaslearen lezioak hartuz. Lana ikasketekin txandakatuz, landa-eremuko mediku bezala formatu zen, eta gero Leidengo Unibertsitatean lizentziatura egin zuen. Amsterdameko Unibertsitate Klinikan mediku laguntzaile gisa aritu zen Jan van Geuns (1808-1880) irakaslearen aginduetara. Pehr Henrik Ling suediarraren eta Kungliga Gymnastiska Centralinstitutet (GCI, "Gimnastika Erret Institutu Zentrala") ikastetxekoen lanen jakitun, bere ikasketetan "frantziar igurtzi metodoekin" orkatileko esgintzeetan entseguak egin zituen. 1868an doktoratua atera zuen, De behandeling van distorio pedis met fricties tesiarekin ("Distorio pedis-aren tratamendua igurtzien bidez"); hurrengo urteetan bide horretan zentratuko zen, arrakasta handiarekin. Garai hartan muskulu-lesioen tratamenduan bendaje estuak eta gelditasuna agintzea zen ohikoa; Mezgerrek, ordea, ariketa terapeutikoa agintzeko zaleagoa zen.[1]

Masajearen garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezger, 1900eko hamarkadan

Bere ikasketetan zehar, masajearen teknika eta erabilera ikertu zituen. Mugimenduak klasifikatzeko frantsesezko izendapena erabili zuen, gaur arte iraun duena: effleurage, pétrissage, frictions, tapotement eta massage.[2]

Suediarrekiko lehia eta arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezgerren lanak GCi-koen arbuioa jaso zuen, haien lanaren plagioa egiten ari zelakoan; izan ere, masajea Pehr Henrik Lingen dizipuluek erabiltzen zituzten tekniketako bat zen. Ezin da esan beraz (leku askotan argitaratu izan den bezala) masajea Mezgerrek asmatu zuenik; bai ordea, Europan haren praktika sistematizatu eta sakondu zuela.[3] Tirabirak tirabira, urte gutxiren buruan ezagupen hauen sintesi naturala gertatu zen, Ameriketako Estatu Batuetan hain zuzen ere. Han, CGI-koen "gimnasia suediar" eta Mezgerren "masaje" kontzeptuak integratu ziren, "masaje suediar" kontzeptu berria -baina ez oso zuzena- sortuz.[4]

Beste osagileen aldetik txerpolari salaketei ere aurre egin behar izan zion Mezgerrek; eta 1870eko prentsa artikulu batek asko lagundu zion: Bonnen, erorketa baten ondorioz urteetan oheratutako emakume nagusi baten kasuak oihartzun handia izan zuen. Bestalde, Karl von Mosengeil zirujauaren laguna egin zen, eta bere tekniken erakustaldiak egin zizkion;[5] honek ere bere alde egin zuen,[6] besteak beste 1875ko Zirujau Alemaniarren Kongresuan bere teknikak aurkeztuz.[5] Gainera, Gilen III.a Herbehereetako erregearen seme bat tratatu zuen, emaitza onekin; honek bere lehen erret-kondekorazioa ekarri zion (gero gehiago etorriko ziren),[7] eta jende famatua tratatzeak duen dei efektua piztu zuen.

Amstel hotela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amstel hotela 2009an

1870ean, Mezgerrek Amsterdamgo Amstel hotelean jarri zuen kontsulta; hotela 3 urte lehenago irekia zen, eta ez zihoan oso ondo. Baina bere aktibitateak bezero asko erakarri zituen, eta negozioari bultzakada eman zion: nazioartetik etorritako paziente aberatsak bertan gelditzen hasi ziren. Bere tratamenduaren osagarri bezala, Mezgerrek pazienteak Zandvoortera (Ipar Holanda) bidaltzen zituen, Ipar Itsasoan bainuak hartzera. Tarteka Bonnen kontsulta pasatzen zuen, eta 1871ean 13 urteko Gustav printzea (gero Gustavo V.a Suediakoa) hartu zuen, erorketa baten ondorioz mokorreko mina zuena; Mezgerrek hiru astean sendatuko zuela agindu zion, baldin eta Amsterdamera etortzen bazen. Hori egin zuen, eta egunean birritan 10 egunez tratamendua hartu ostean, mutila berriro oinez hasi zen; honekin Mezgerren ospea handitu zen eta bigarren erret-kondekorazioa ekarri zion. Honek paziente are gehiago erakarri zizkion, asko aberatsak eta ospetsuak: Sissi Austriako enperatriza, Walter Rotschild bankaria, Eugenia de Montijo Frantziako enperatriza, Leon XIII aitasantua, Joseph Joachim musikaria, Elisabet Errumaniako erregina...

Mezger Amstel hotelean bertan bizi izan zen zenbait urtez; gero pareko etxe batera mugitu zen (Amstel 177) eta gero hegoalderago zegoen etxe ikusgarri batera (Ruyschtraat 1).

Bi bider ezkondu zen: 1868an eta 1874an; bigarren emaztearen izena Pieternella Johanna Borsius zen.[8] Lau haur izan zituen, bat adoptatua eta hiru biologikoak.

Nieuwendam[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nieuwendammerdijk 300-308, 2012 urtean.

Nassauko Sofiak (gerora Suediako eta Norvegiako erregina izango zena), Gustav printzearen amak alegia, Nieuwendamen (Ipar Holanda) lur sail batzuk oparituak zizkion esker onez. Lur horiek landa-eremuan zeuden, Amsterdam baino giro garbiago eta bakartiagoan. 1875 inguruko eraikin multzo neoklasiko batean (Nieuwendammendijk kalea, 300-308), Mezgerrek paziente aberatsei zuzendutako egoitzak prestatu zituen. Eraikinak oraindik zutik diraute; luzaroan gobernuak etxebizitza sozial bezala alokatuak izan ditu, eta gaur egun gehienak partikularrei saldu dira.

Amsterdametik kanpo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezger kexu zen Amsterdameko Udalak ez zituelako bere pazienteak behar bezain ongi tratatzen. 1884an, Hagara aldatu zen, bertako Hotel des Indes ospetsuan instalatuz. Amsterdameko Udala, zapuzturik, Mezgerri katedra bat eskaini zion hiriburura itzul zedin. Baina ez zuen onartu: Amsterdamen zituen jabetzak enkantean saldu, eta 1888an Wiesbadenera (Alemania) aldatu zen. Han bi laguntzaile izan zituen, Gustaf Berghman eta Uno Helleday.[9] 1893an Parisera joan zen; aurrerantzean negua han igaroko zuen, baina udan Herbeheretan lanean jarraitu zuen.

Domburg[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Domburgeko bainuetxe berria
Mezgerren estatua Domburg herrian

Mezgerren emaztea Middelburgekoa zen (Zeelanda) eta haren bidez Domburg kostaldeko herri txikia ezagutu zuen. 1886ean, udak bertan igarotzen hasi zen. 1887an etxe bat eraiki zuen, Villa Irma;[10] han hartzen zituen pazienteak. Ez zituen aberatsak bakarrik artatzen: Zeelandako herritar xehe asko ere joaten zitzaizkion. Nekazariak zain zituenean, hain zuzen ere, askotan besteen aurretik pasarazteko ohitura zuten, Mezgerren esanetan "haiek ez zutelako zain egoteko astirik". Honekin lotutako anekdota bat ere kontatzen da: behin andere batek horregatik protestatu omen zuen "Baina ni kondesa nauzu!" argudiatuz; Mezgerrek "Nik ez ditut kondesarik, pazienteak bakarrik" erantzun omen zion.[8]

Domburg 1834tik jada bainu eta turismo lekua bazen ere, Mezgerrek eta bere paziente aberatsek publiko gehiago erakarri zuten Walcheren penintsulara: urte haietan trenbidea bertaraino ekarri zen, eta 1888an bainu etxe berri bat eraiki zuten.

Mezger Parisen hil zen, 1909ko martxoaren 3an. Gorpua Zeelandara eraman zuten, eta Oostkapellen ehortzi zuten, Villa Irmatik hurbil.[8]

1910ean Domburg erdigunean Mezgerren estatua bat ezarri zen, August Falisek (1875-1936) egina, gaur egunean ere han dagoena.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezgerren idazlanen artean nabarmendu daitezke:

  • De behandeling der voetverstuikingen met fricties, ("Oinetako esgintzeen tratamendua igurtzien bidez"). Disertazioa. Van Helden, 1868
  • "Aan de moeders in Nederland“ en de polemiek hierover met Dr. H. Simons te Krommenie, ("Herbehereetako amei" eta horri buruzko polemika Krommenie-n H. Simons doktorearekin).1882

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Nederlanderaz) Communicatie, FIZZ Marketing &. «Ons Amsterdam | Mokumse medici (4): Johann Georg Mezger» onsamsterdam.nl (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  2. 1970-, Dryden, Trish, 1954- Moyer, Christopher A.,. (cop. 2012). Massage therapy : integrating research and practice. Human Kinetics ISBN 0-7360-8565-3. PMC 849718210. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  3. Praxis der konservativen Orthopädie 175 Tabellen. 2007 ISBN 978-3-13-142461-7. PMC 255476594. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  4. Ottosson, Anders. (2011). [https://www.researchgate.net/publication/225429089_The_Manipulated_History_of_Manipulations_of_Spines_and_Joints_Rethinking_Orthopaedic_Medicine_Through_the_19th_Century_Discourse_of_European_Mechanical_Medicine The Manipulated History of Manipulations of Spines and Joints? Rethinking Orthopaedic Medicine Through the 19th Century Discourse of European Mechanical Medicine. ] Medicine Studies, 3:83–116 or..
  5. a b (Ingelesez) «Klinik der Gelenkkrankheiten mit Einschluss der Orthopaedie : auf anatomisch-physiologischen Grundlagen nach klinischen Beobachtungen für Ärzte und Studirende bearbeitete / von C. Hueter.» Wellcome Collection (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  6. Darmstaedters, Ludwig. (1908). Handbuch zur Geschichte der Naturwissenschaften und der Technik. (Zweite, umgearbeitete und vermehrte Auflage. argitaraldia) ISBN 978-3-662-43152-8. PMC 913648817. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  7. (Nederlanderaz) «Het blijft kwakzalverij» www.medischcontact.nl (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  8. a b c (Nederlanderaz) focusgroningen. (2012-03-30). «Zeeland Domburg - Dr. Johann Mezger» FocusGroningen (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  9. Ostrom, Kurre. (2013). Massage and the Original Swedish Movements.. Read Books Ltd ISBN 1-4474-8125-9. PMC 936200053. (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).
  10. «Villa Irma Domburg 1930 (foto 1610 uit de beeldbank Stichting Cultuurbehoud Westkapelle)» www.westkapelle-beeldbank.nl (Noiz kontsultatua: 2021-06-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]