John Lennonen hilketa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Dakota eraikina, John Lennonen hilketa gertatu zen lekua.

John Lennonen hilketa 1980ko abenduaren 8an gertatu zen. Mark David Chapmanek lau tiro eman zizkion Dakota eraikineko sarreran. Lennon Record Plant Studiotik zetorren etxera, emazte Yoko Onorekin batera.

John Lennon britainiar rock musikari ospetsua zen, The Beatles talde arrakastatsuaren sortzaileetako bat. Ondoren, bakarlari eta gerraren aurkako ekintzaile sutsua izan zen, era berean.

St. Luke's-Roosevelt Hospital Center ospitalera iritsi bezain pronto, heriotza egiaztatu zuten, zauri larri haien ondorioz, odolustu egin baitzen. Berehala, inguruak eta The Dakota jendez bete ziren.

1980ko abenduaren 10ean, erraustu zuten New Yorkeko Hartsdaleko Ferncliff hilerrian. Omenaldi ugari izan ziren ondoren, baina Yoko Onok hiletarik ez egitea erabaki zuen.

Hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko abenduaren 8ko goizean, Annie Leibovitz argazkilaria Lennon eta Onoren etxera joan zen, Rolling Stone aldizkarirako argazkiak egiteko asmoz. Bikotearen argazki bat izango zen aldizkari horren azala, baina John Lennon bakarrik agertzen zen argazkia ere atera nahi izan zuen, beharbada, artista bakarrik ateratzea erabaki zitekeelako. Lennon ez zen ados egon ideia horrekin eta horrelaxe alde egin zuen Leibovitzek etxetik esandako argazkiak hartu ondoren.

Argazki saioa eta gero, Johnek azken elkarrizketa eskaini zuen. Dave Sholin San Franciscoko DJrentzat izan zen RKO Radio Networkeko musika programa baterako.

Arratsaldeko bostetan, John Lennon eta Yoko Ono etxetik atera ziren Record Plant Studiora joan behar zutela-eta, bien artean egiten zuten Walking on Thin Ice abestiaren pista nahasteko. Normala izaten zen fanatikoak Dakota eraikinaren ateetan pilatzea, Lennon ikusteko itxaropenaz. Bikotea limusinaren bila etxetik atera bezain pronto, jendetza hurbildu zitzaien autografo eske. Inguratu zirenetako bat Mark David Chapman zen, Honolulutik (Hawaii) joandako 25 urteko ospitaleko langilea.

Azaroan, jada, New Yorken izanda zegoen Chapman Lennon hiltzeko asmoz, baina iritziz aldatu zen azken unean eta ezer egin gabe itzuli zen etxera. Double Fantasyren ale bat eskaini zion John Lennoni eta horrek sinatu egin zion. Hori da dena? galdetu zion artistak eta Chapmanek baietz erantzun zion. Paul Goresh argazkilariak une haren argazkia egin zuen.

Lennondarrek ordu batzuk eman zituzten Record Plant estudioan eta ez ziren 22:50ak arte itzuli. John Lennonek ez zuen kanpoan afaltzerik nahi izan, 5 urteko seme Sean oheratu baino lehen etxeratu nahi zuelako. Gainera, gustuko izaten zuen Dakota eraikina atarian pilatzen ziren zaletuak ikustea eta agurtzea.

Dakota eraikineko atezaina José Perdomok eta taxi gidari batek Chapman ikusteko aukera izan zuten, arku baten itzalean geldi. Yoko Ono aurrean zihoan eta, Lennon parera iritsi zenean, Chapmanek tiro egin zion bost aldiz. Chapmanek ez omen du ezer gogoratzen. Tiroetako batek huts egin zuen eta Dakota eraikinaren leiho batean jo zuen, John Lennonen buru gainetik pasa ondoren, baina beste bi zuzen-zuzen joan zitzaizkion bizkarrera eta azkenekoak sorbaldara. Lau bala haiek larri zauritu zuten eta bat aortara iritsi zitzaion. Bost bat eskailera igo zituen eta Tiro egin didate esan zuen, ziplo erori aurretik.

Kanpoan, José Perdomo atezainak pistola kendu zion Chapmani. Hiltzaileak berokia eta burukoa erantzi eta, poliziaren zain geratu zen espaloian eserita. Perdomok zer egin zuen ba ote zekien galdetu zion oihuka eta Chapmanek baietz erantzun zion, John Lennoni egin ziola tiro.

Steve Spiro eta Peter Cullen izan ziren iritsiko ziren lehen poliziak. Chapman lasai-lasai aurkitu zuten espaloian eserita. Pistolarik ez eta J.D. Salingerren The Catcher in the Rye liburua zuen eskuetan. Mezua zuen idatzita liburu tartean:

« To Holden Caulfield. From Holden Caulfield. This is my statement  »

(Holden Cauldfieldentzat. Holden Caulfielden partez. Hau da nire adierazpena)


Bere bizitza propioa liburuaren protagonista Holden Caulfieldenaren isla zela esango zuen gerora.

Berehala bertaratu ziren polizia gehiago. Bill Gamble-k eta James Moran-eki eta Lennon kotxean sartu eta Roosevelt ospitalera eraman zuten. Bidean, John Lennon konorterik gabe geratu zen. Stephan Lynn sendagileak larrialdietan hartu zuen eta pultsurik gabe zegoela ikusi zuen; ez zuen arnasarik hartzen. Hogei bat minutuz, bihotza itzartzen saiatu ziren, alferrik. Odolustu egin zen eta, 23:15ean, hil egin zen.

Ono ezin sinetsirik geratu zen eta shock egoeran zegoen Roosevelt ospitalean. Hurrengo egunean, zera esan zuen:

« Ez diogu Johni hiletarik egingo. Johnek gizateria maitatu eta haren alde errezo egin zuen. Egin ezazue gauza bera Johnen alde. Yoko eta Sean  »

Oihartzunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Strawberry Fields Memoriala
10. urteurrena Strawberry Fields Memorialean

John Lennonen hilotza Westchesterreko Ferncliff Cemeteryn erraustu zuten eta, Yoko Onok esan bezala, ez zen hiletarik izan. Alargunak mezua iritsarazi zuen Dakota eraikin atarian kantari zegoen jendetzari, haien abestiekin esna egon zela esanez eta, nahi izanez gero, hurrengo egunean Central Parken egingo zen otoitz isilera gonbidatuz.

1980ko abenduaren 14an, milioika pertsona izan zen mundu osoan Lennonen ohorez Onok eskatu zuen 10 minutuko isilunea mantendu zuena; 30.000 Liverpoolen, 225.000 New Yorkeko Central Parken... Pare bat pertsonak bere buruaz beste egin zuten, miretsitako artista hil zutela-eta, eta Yoko Onok lasai egoteko eskatu zion desesperatuta zirudien jarraitzaile orori.

1981ean, Yoko Onok bakarkako albuma argitaratuko zuen, Season of Glass. Azalean, John Lennonen odolez zipriztindutako betaurrekoen argazkia jarri zuten. 1997an, berriro atera zuten albuma, oraingoan Walking on Thin Ice abestia erantsiz, John eta Yokok Record Planten grabatu zuten azken abesti hura.

1981eko ekainean, Chapmanek, abokatuek besterik aholkatzen bazioten ere, Lennonen heriotzaren errudun zela aitortu zuen. Betirako kartzela zigorra eman zioten, baina 2000rako, 20 urte espetxean egon eta gero, baldintzapeko askatasunerako ateetan zegoen. Ukatu egin zioten askatasun hura eta, bi urtez behin berriro eskatzen badu ere, Atticako kartzelan jarraitzen du.

1980ko abenduaren 8an Annie Leibovitzek hartutako argazkia Rolling Stone aldizkariaren azala izan zen 1981eko urtarrilaren 22an. Bilutsik zegoen Johnek Yoko besarkatzen zuen bere bizitzako azken eguna izango zen hartan. Artikulu, gutun eta argazki ugarik osatu zuten ale berezi hura, Lennonen bizitza eta heriotzaren omenez.

2005ean, American Society of Magazine Editorsen iritzian, azken 40 urteetako aldizkari azal arrakastatsuenetako bat izan zen hura.

Memorialak eta omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liverpooleko John Lennon aireportua
Yoko Ono 2005ean, Strawberry Fields Memorialera loreak eramaten
Sean Lennon 2009an

Asko dira munduan Lennonen omenez egindako ekitaldiak.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 40° 46′ 35″ N, 73° 58′ 34″ W / 40.776436°N,73.976006°W / 40.776436; -73.976006