Jokin Zaitegi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jokin Zaitegi
Jokin Zaitegi.jpg
Bizitza
Izen osoa Jokin Zaitegi Plazaola
Jaiotza Arrasate1906ko uztailaren 26a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Donostia1979ko abuztuaren 17a (73 urte)
Lanbidea
Lanbidea poeta, itzultzailea eta apaiz katolikoa
Kidetza Euskaltzaindia
Mugimendua Euskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolizismoa
Erlijio-ordena Jesusen Konpainia

Jokin Zaitegi Plazaola (Arrasate, Gipuzkoa, 1906ko uztailaren 26a - Donostia, Gipuzkoa, 1979ko abuztuaren 17a) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza izan zen. Hainbat modutan sinatu zituen bere lanak: «Udalaizpe», «Artzai» eta «Zaitegi´tar Iokin».

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamalau urterekin, Durangoko jesuiten etxean sartu zen. Geroago, Comillas, Loiola eta Oñan egin zituen ikasketak. Loiolan zela, ikaskide izan zituen Estepan Urkiaga "Lauaxeta", Plazido Mujika eta Andima Ibiñagabeitia. Hauek, beste apaizgai euskaltzale zenbaitekin batera, Euskal Elerti Bazkuna, euskal akademiatxoa, sortu zuten. Haien asmoa jesuita gazte euskaldunak euskaraz prestatzea zen, ordenatutakoan euskaraz lan egin zezaten. Lagundiko zenbait agintarik gaizki hartu zuten taldearen asmoa, eta saiatu ziren taldekideak sakabanatzen. Hori zela eta, 1929an lagundiak Venezuelako Méridara bidali zuen Jokin, irakasle[1].

Venezuelan hiru urte igaro ostean, 1932an Marneffera (Belgika) joan zen Teologia ikastera. Bertan gogo berriz ekin zion euskaraz idazteari, eta 1934an Zarauzko Euskal Poesiaren V. Eguneko lehen saria irabazi zuen, Tori nire edontzia poemarekin[1]. 1935eko uztailaren 31n lehen meza eman zuen Marneffen, eta urtebete geroago Morialméra aldatu zen, Lagundiaren zehazkizunetan trebatzera[2]. Bi urte geroago, Espainiako Gerra Zibila hasia zela eta, Hego Amerikara bidali zuten, Panamara lehenik, eta San Salvadorrera gero. Hiri honetan irakaskuntzari lotu zitzaion, euskaraz idazteari utzi gabe; lan horien emaitza izan zen Bidalien Eginak itzulpena[2].

1944an, haren nagusiek euskal kulturaren inguruan zuten jarrera itxia zela eta, Jesusen Lagundia utzi, eta Guatemalara joan zen. Guatemalako Hirian San Carlos Unibertsitatean eta Amerikako Institutuan irakatsi zuen. 1950ean Euzko-Gogoa aldizkaria sortu zuen. Bertan oso itzulpen garrantzitsuak argitaratu ziren (Shakespeare, Zizeron, Virgilio, Kafka...) eta euskarazko agerkari garrantzitsuenetako bilakatu zen. Lankide nagusiak Orixe eta Andima Ibiñagabeitia izan zituen[3].

1951n Landibar lizeoa sortu zuen Guatemalan, eta baita Santa Monika egoitza ere, geroago Euskal Etxea izango zena. 1953an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen. 1955ean Euskal Herrira itzuli zen, eta Biarritzen jarri zen bizitzen. Bertan Euskal Idazleen Etxea sortzen ahalegindu zen. 1956an I. Euskal Mundu Batzarrean parte hartu zuen, Parisen. 1956tik aurrera Biarritzen argitaratu zuen Euzko-Gogoa. Guatemalatik ekarritako hirurogei mila dolar euskal kulturaren aldeko enpresa horretan inbestitu zituen arren, 1960an, ekonomia zein banaketa arazoek jota, aldizkariaren ibilbidea amaitu zen[3][1].

1962an Guatemalara itzuli zen, eta han bizi izan zen 1972 arte. Urte horretan, Euskal Herrira itzuli zen, Arrasatera hain zuzen ere. 1976an, Arrasatek seme kutun izendatu zuen; eta Euskaltzaindiak, ohorezko euskaltzain. Azken urteetan Oñatiko zahar etxean bizi izan zen, San Martin egoitzan. 1979an, Donostian hil zen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eragile eta euskararen bultzatzaile izateaz gain, bi eratako lanengatik ezagutzen da Zaitegi: literaturan egindako lanengatik eta itzulpenengatik.

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi olerki bilduma argitaratu zituen[4]:

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanik handiena itzulpengintzan egin zuen, batez ere klasikoak euskaratzen[4].

  • Kizkiña (1933)[7], aita Labururen Citologia lanaren itzulpena.
  • Sofoklesen Antigone (1933).
  • Henry Wadsworth Longfellowen Ebangeline (1945)[8].
  • Sopokelen Antzerkiak (1946-1958)[9], Sofoklesen obraren euskal bertsioa, bi liburukitan.
  • Bidalien egiñak (1955), Apostoluen Eginak, Itun Berriko liburuaren itzulpena.
  • Abere-indarra (1950), Jacinto Benaventeren La fuerza bruta lanaren euskal bertsioa.
  • Platon´eneko Atarian (1962), Platonen esanak eta gogoetak.
  • Euripidesen Medea (1963).
  • Platon I: Oturuntza, Protagora eta Menon (1975).
  • Platon II: Gorgia (1977).
  • Platon III: Eutifron eta Sokrateren apologia (1978).
  • Platon IV: Kriton eta Faidon (1978).
  • Platon V: Ipia Txikia eta Alkibiada (1979)

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Koldo Izagirre: «Zaitegiri zor diogu nolabaiteko hari bat luzatu izana gure literaturan gerraurretik hirurogeikadan lehertuko zen modernotasuneraino»[10].
  • Juan San Martin: «Euskararen alde bere bizitza guzia eskaini zutenen artean ez da izango beste gizon bat Zaitegik haina eman duenik. Gizon kementsua, ekintza handi eta luzeak aurrera eramateko dohainez betea, bere osasuna eta ondasuna euskararen alde eman dituena. Batere zalantzarik gabe egin nezake aitorpen hau»[11].
  • Joan Mari Torrealdai: «Zaitegi euskaltzale amorratu bat izan da, bere izerdia eta dirua euskal gauzetan eman dituena. Bide irekitzaile izan zen Euzko-Gogoarekin: hemengo katakonbetako euskal idazleei irteera eman zien. Euskara eta kultura edo filosofia ezkontzen saiatu zen eten gabe. Hortxe dagoke Euzko-Gogoaren meriturik handienetakoa; eta horixe da baita bere itzultzaile lanaren arrakasta»[12].

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Garate, G. (2005): Lauaxeta menderik mende, Bilbo: Mendebalde Kultura Elkartea.
  • Ibiñagabeitia, A. (P. Urkizu ed.) (2000): Erbestetik barne-minez. Gutunak 1935-1967, Donostia: Susa.
  • Intxausti, J. (1979): "`Euzko-Gogoa´-ren lankideak: Zaitegi eta `Euzko-Gogoa´ (I)"], Jakin, 12, 120-137.
  • Intxausti, J. (1980): "Hamar urteko lana (1950-1959): Zaitegi eta `Euzko-gogoa´ (eta II)" Jakin, 13, 96-113.
  • Intxausti, J. (1990): Euskara, euskaldunon hizkuntza, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • Orixe (P. Iztueta eta I. Iztueta prestatzaileak)(2006): Orixe. Gutunak (1917-1961), Donostia: Utriusque Vasconiae.
  • Iztueta, P. eta Iztueta, I. (prestatzaileak)(2007): Jokin Zaitegiri egindako gutunak, Donostia: Utriusque Vasconiae.
  • Sudupe, P. (2000): Iokin Zaitegi 1906-1979, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  • Velez de Mendizabal, J.M. (1981): Iokin Zaitegi Arrasate: Arrasateko Udala.
  • Velez de Mendizabal, J. M. (2000): "Jokin Zaitegi, euskal literaturgilea: bizitza eta obra" Hegats, 20, 93-123.
  • Zaitegi, J. (P. Iztueta, P. eta I. Diaz prestatzaileak) (2007): Gutunak (1923-1973), Donostia: Utriusque Vasconiae.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Pako SUDUPE (2000): Iokin Zaitegi 1906-1979 Eusko Jaurlaritza
  2. a b Josemari VELEZ DE MENDIZABAL: Iokin Zaitegi, bi belaunaldiaren arteko zubia Euskonews.com
  3. a b Euzko-Gogoa Ibiñagabeitia Proiektua. Andima.armiarma.com
  4. a b Santi ONAINDIA (1990): Jokin Zaitegi eta Plazaola Euskal literatura VI, Etor. Zubitegia.armiarma.com
  5. Jokin ZAITEGI (1946): Goldaketan "Pizkunde" Euskal-argitaratzallea; Mexiko'n D.F.: Bolibar irarkolan. Liburuklik.euskadi.net
  6. Jokin ZAITEGI (1962): Berriz ere goldaketan La Hispania, Guatemala. Armiarma.com
  7. Jokin ZAITEGI (1933): Kizkiña RIEV. Hedatuz.euskomedia.org
  8. Henry WADSWORTH LONGFELLOW: Ebangeline Itzultzailea: Jokin Zaitegi. Guatemala, "Hispania" Irarkolan, 1945. Liburuklik.euskadi.net
  9. SOFOKLES: Sopokel'en Antzerkiak: eladeratik euskeratuak Itzultzailea: Jokin Zaitegi. Mexiko D. F.: "Pizkunde" Euskal argitaratzailea: Bolibar irarkolan, 1946. Liburuklik.euskadi.net
  10. Koldo IZAGIRRE (2000-2002): «Jokin Zaitegi» XX. mendeko poesia kaierak, Susa. Zubitegia.armiarma.com
  11. Juan SAN MARTIN (1981): «Jokin Zaitegiren kemena (I)» Bidez, gure herriko gauzak, Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa. Zubitegia.armiarma.com
  12. a b Josemari VELEZ DE MENDIZABAL (1981): Iokin Zaitegi Arrasate: Arrasateko Udala. Euskonews.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]