Jon Mikel Arano Aramendi
Jon Mikel Arano Aramendi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Itsasondo, 1961eko azaroaren 21a (63 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta poeta |
Izengoitia(k) | Mikel Aramendi eta Jon Arano |
Jon Mikel Arano Aramendi —Jon Arano edo Mikel Aramendi sinatu ohi du—[1] (Itsasondo, Gipuzkoa, 1961eko azaroaren 21a) euskal idazlea da, kazetaritzan eta olerkigintzan nabarmendu dena.
Txikitatik izan da irakurzale amorratua, eta kazetaritzan sartuta dabil oso gaztetatik, idatziz (Argia, Egin, Diario Vasco, Gara, Egunkaria, Berria eta beste) nahiz ahoz (Herri Irratia, Euskadi Irratia). Kantillape, Goierritarra eta Ostiela! aldizkariak sortzeko lanetan parte hartu du, eta hiruretan izan da zuzendari.
Mikel Aramendi kazetaria eta Joxe Luis Aramendi itzultzailea ditu lehengusu.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zeruko Argian argitaratu zituen aurreneko poemak. Urte batzuk geroago, bi poema liburu atera zituen: Bileterik gabe (1985) eta Malezia sorta (1991).
1992an, Eustakio Mendizabalen poemak apailatu eta argitaratu zituen, Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren Olerkiak liburuan.
1995ean, Paperzaleak kultura elkartea sortu zuen. Haren bitartez argitaratu zen Ostiela! aldizkaria, harik eta 2006an, 40. zenbakia kaleratu eta gero, aldizkaria plazaratzeari uztea erabaki zuten arte, «euro-prezioei eutsi ezinda».[2]
Euskal Idazleen Elkartearen enkarguz, Komatxo artean literatura irratsaioa sortu eta koordinatu zuen bi urtez (1998 eta 1999), Herri Irratian.[1][3]
2002an, merkaturatzeko ohiko zirkuituak erabiliz euskaraz argitaratu den lehenengo aldizkari pornografikoa kaleratu zuen, argazkien lagungarri literatura testu erotikoak ipinita: Pornolore, larrugintzako eskuliburua (Ostiela! aldizkariaren 26. zenbakitzat argitaratua).[4][5]
2007an, Joseba Jaka V. Literatura Beka jaso izanari esker, Zeruak eta ifrentzuak poema liburua argitaratu zuen, aurrekoa atera zuenetik hamasei urte igarota. Jon Arano askoz helduago ageri da, aurrekoan egindako isekez eta hitz gogorrez damututa, gaztetan gauza asko «pentsatu gabe» eta «indarrez» egin zituelakoan.[6] Hitz jokorako eta hitz berrien asmaketarako joera ageri du liburuan, eta beste hainbat idazleren testuen aipamenez josita dago.[7]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zeruak eta ifrentzuak (2007, Elkar)
- Beste 39 euskal poetarekin: XX. mendeko poesia kaierak (2002, Susa): Koldo Izagirreren edizioa.
- Malezia sorta (1990, Susa)
- Bileterik gabe (1985, Susa)
Editore gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2002: Pornolore, larrugintzako eskuliburua (euskarazko lehenengo aldizkari pornografikoa, Ostiela! aldizkariaren 26. zenbakitzat argitaratua)
- 1992: Hitz etena. Eustakio Mendizabal Txikiaren olerkiak
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Jon Mikel Arano Aramendi»[Betiko hautsitako esteka], Euskal Idazleen Elkartea.
- ↑ «Ostiela! aldizkaria argitaratzeari uztea erabaki du Paperzaleak elkarteak»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2006-04-05.
- ↑ «Jon Arano», Susa argitaletxearen webgunean.
- ↑ Leire KORTABARRIA: «Irakurketa freskagarriak: Putz, The Balde, Pornolore», Sustatu, 2002-07-16. Iruzkinen artean, Jon Aranoren beraren ohar argigarria dator.
- ↑ «Ostiela! 26. zenbakia: Pornolore», Literatur Emailuak, 2002ko ekaina.
- ↑ Juan Luis ZABALA: «Jon Arano: "Irakurtzeko hobea da malditismoa norberak bizitzeko baino"»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2007-10-31.
- ↑ Felipe JUARISTI: «Infernuaren ifrentzu», Diario Vasco, 2007-11-09.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jon Arano, Literaturaren Zubitegian.
- (Gaztelaniaz) Félix IBARGUTXI OTERMIN: «Jon Mikel Arano Aramendi», Auñamendi Eusko Entziklopedia.