Jonas (haur literatura)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Jonas, Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956ko martxoaren 24a) sortutako eta Mikel Valverdek (Gasteiz, 1966ko irailaren 6a) ilustratutako haur eta gazte literaturako pertsonaia da. Bien arteko eginiko lanaren ondorioz Jonas protagonista den zazpi liburu ditugu gaur egun. Jonasen liburu hauek Mendi Sorgindua bildumaren parte dira eta Aizkorri argitaletxekoak dira. Jonas protagonista den liburuak ondorengo hauek dira:

  • Jonas eta hozkailu beldurgarria (1998)
  • Jonasen pena (1999)
  • Jonasen iratzargailua (2001)
  • Jonas larri (2002)
  • Jonasek arazo potoloa du (2004)
  • Adio Jonas (2007)
  • Jonasen ipuinak (2011)

Argitaratu ziren lehenengo sei ipuinetan Jonasek protagonizatzen duen gertakizun baten kontakizuna egiten da eta horren bitartez emozio edo sentimendu baten inguruan hitz egiten du ipuinak. Argitaratu zen azken liburuak aurreko kontakizunen bilduma bat da eta Jonasen abentura guztiak biltzen ditu liburu bakar batean. Jonas protagonista den liburu horiek, lehen irakurleei zuzenduak daude, zehazki, 6 urtetik aurrerako haurrei.

Jonasen ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonas hiru urteko mutiko bat da, hiru urteko haurra izatean adin horretako haurrek dituzten sentimendu eta emozioak ditu. Horien kontakizuna egiten da ipuinetako istorio ezberdinetan. Ipuin hauetan, pertsonaiaren izaeraren zati diren beldur eta sentimenduak azaltzen ditu Juan kruz Igerabidek, bakoitzak pertsonaiaren ezaugarri bat ezagutzeko aukera ematen duelarik.

Mikel Valverdek eginiko ilustrazioen bidez, protagonistari aurpegia jarri dieziokegu. Jonas, hiru urteko haur bat da eta bere adina kontuan hartuta itxura fisikoa ere adin horretako haurrek dituzten ezaugarri fisikoei egokitzen da. Bere ilea kolore marroikoa da eta aurpegian bere masailetako kolore gorrixka da deigarriena. Ilustrazio horiei esker bere itxura fisikoa ikusteaz gain, bere izaeraren zenbait ezaugarri nabari daitezke; izan ere, irudiak eta hitzak bat doaz eta bien arteko loturak Joansen inguruko irudi bat eraikitzen laguntzen dute.

Jonas bere adineko haurrak eta beste edozein pertsonak bezala sentimendu ezberdin asko dituen haurra da. Liburu hauetan zehar bere izaeraren alderdi ezberdinak erakusten ditu bere ekintzen bitartez. Besteak beste ondorengo emozioak adierazten ditu Jonas txikiak bere gertakizunen bidez: beldurra, pena, jeloskortasuna, enbidia, lotsa, maitasuna, poza eta egonezina. Sentimendu eta bizi dituen emozio guztiek bere izaera zehazten dute liburuz liburu eta hura ezagutzeko aukera ematen dio irakurleari.[1]

Bildumako liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonas eta hozkailu beldurgarria (1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo liburua da eta 1998an argitaratu zen. Urtebete geroago, 1999an, Euskadi Saria irabazi zuen. Liburu honetan haurren beldurren inguruan hitz egiten da. Beldur horiei hitzak jarri dizkio Juan Kruz Igerabidek Jonasen lehen kontakizun honetan. Liburuaren hasiera eta amaiera humoretsuak izan arren, liburuan zehar Jonas beldurtuta sentituko da etxean bakarrik gelditzean. Bakarrik egotean, beldurra sentitzen du eta etxeko objektu guztiak ere beldurtuta ikusten ditu. Beldurra handitzen doan heinean, bere irudimena ere handitzen doa, otsoaren irudi bat eraikitzeraino. Hozkailua dardarka ikusten du eta beraz ondorioztatzen du otsoa bertan dagoela, barruko janari guztia jaten.

Ipuina kontatzeko idazleak erabiltzen duen hizkuntza, bat dator istorioarekin. Hizkera bizia, erritmoduna eta egunerokoa da. Narrazio itxura du, baina hala ere, sortzailearen poesia kutsua mantentzen du. Istorioak ere aldi berean tradizioa eta modernoa uztartzen ditu, hain zaharra den beldurraren sentimendua gaur egungo egoera batera ekarriz.

Mikel Valverderen ilustrazioak ere aipatzekoak dira, horiek testuarekin bat doaz eta. Ederki islatzen dute Jonasek sentitzen duen beldurra keinuetan, jarreretan eta erabilitako koloretan. [2]

Jonasen pena (1999)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko liburuan bezala Jonas da liburuko protagonista. Bigarren ipuin hau liburu sinple, arin eta landua da eta bestea baino urtebete beranduago argitaratua izan zen, 1999. urtean hain zuzen ere. Liburua sinplea da, kontatzen duen istorioa Jonasek gurasoekin ematen duen ibilaldi bat delako, baina aldi berean arina da erabiltzen duen erritmoa, hizkera eta sentimenduen deskribapena dela eta.  

Oraingoan Jonas gurasoekin paseo bat ematera joaten da. Paseoan dabilela saltoka ibiltzea gustatzen zaio. Salto horietako batean gurasoak haserre daudela sumatzen du eta triste jartzen da. Pozik dagoenean bere bihotza puztu egiten zaion bezala honelako kasuetan uzkurtu egiten zaio. Liburu honetan ere hizkera narratiboa erabiltzen duen arren, hizkera poetikoaren kutsu handia dauka, izan ere, metaforen erabilera egiten du sentimenduak adierazterako orduan Juan Kruz Igerabidek.

Gainera, aipatzekoa da oraingoan ere Mikel Valverderen lana, izan ere, sortutako irudiak oso adierazkorrak dira. Horiek begiratuz soilik istorioa jarraitzeko aukera dago eta irakurleen arreta bereganatzea lortzen du ilustrazio horiekin.[3]

Jonasen iratzargailua (2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren liburua 2001. urtean argitaratu zen. Aurreko liburuetan beldurra eta pena sentimenduak lantzen badira, hirugarren honetan ere beste sentimendu batekin agertzen da Jonas. Arrebaren etorrerarekin Jonasek sentimendu kontrajarriak ditu eta jeloskortasuna agertuko da. Sentimendu horiek adierazterakoan, Juan Kruz Igerabidek aurreko liburuetan bezala erritmo eta musikalidadez egiten du hori, baita ere, hizkuntza sinple eta argiarekin erabilera eginez.

Liburuak orainaldia eta iraganaren kontakizuna egiten du, bi planotan kontatuta dago. Batetik arreba jaio zeneko egoerak kontatzen ditu eta egoera horren aurrean Jonasek zituen sentimenduak aipatzen ditu, besteak beste, jeloskortasuna. Bestetik, orainaldia gertatzen dena kontatzen du eta orainaldia eta iraganaren arteko lotura izenburuan agertzen den obejktuarekin egingo du, iratzargailuarekin. Aitak oparitutako iratzargailuaren bidez jauziak egingo ditu denboran. Garrantzi handiko objektua da hori, izan ere, istorioa ere honekin hasten da eta hori izango da, zehazki bere soinua, etxean gertatzear dagoen gertakizunaren aurrean Jonas erne mantenduko duena.

Aipatzekoa da Valverdek egin duen lana ipuin honetan. Istorioa bi denbora ezberdinetan kontatzen da, denboran zehar jauziak eginez eta ederki ilustratu ditu horiek ipuinean zehar. Bi denbora desberdin horiek bereizteko kolore desberdinak aukeratu ditu, egoera bakoitzerako bat: iragana, kolore biziekin irudikatzen du eta oraina, tono zuri eta berdexkekin.[4]

Jonas larri (2002)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002. urtean argitaratu zen Jonas larri liburua, Jonas protagonista den laugarren liburua da hau. Istorio honetan Jonasek bizi duen beste egoera bat kontatzen du Juan Kruz Igerabidek. Oraingoan Jonas amarekin gozo dendara joaten da. Bertan hainbeste gustatzen zaizkion txokolatezko arrautzak ikusten ditu. Horietako bat hartzeko tentazioa dauka, hasiera batean tentaziaori eusten saiatzen den arren, bertan erortzen da arrautza bat patrikan sartuz.[5] Arrautza hartu eta larrituta sentitzen da. Jonas nahastuta agertzen da liburu honetan, izan ere, gero gozogileak beste bat oparitzen dio, baina berak jada bazuen bat.

Liburu honen narrazio erritmoa aurrekoekin alderatuta ez da hain ona edota bizia. Baita ere, ipuinaren bukaera irakurleek espero dezaketena da eta honek ez du erritmoan laguntzen. Hala ere, zenbait irakurleri irribarrea ateratzea lortuko du oraingoan ere Jonasek abentura berri honekin. [6] Ilustrazioei dagokionez, lan bikaina egiten du oraingoan ere Mikel Valverdek. Ilustrazioak eta letrak bide berdinetik doaz, sentimenduen eta sentsazioen barne mundu bat erakusteko.[5]

Jonasek arazo potoloa du (2004)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bostgarren liburua 2004. urtean argitaratu zen. Beste behin Jonas da protagonista eta oraingoan ere bere bizitzako gertakizun baten inguruan arituko da. Oraingoan, lo dagoen bitartean izaten dituen ametsgaiztoen ondorioz ohea bustitzen du gauero Jonasek. Ametsgaiztoan sorgin bat agertzen zaio eta kilimak egiten dizkio sabelean. Jonas kezkaturik dago egoera honen aurrean eta baita bere gurasoak ere, orduan, Izenba Paulirengana joango dira erremedio baten bila. [7]

Adio Jonas (2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007. urtean argitaratu zen eta liburu honetan Jonas larri liburuan bezala, hasiera batean sinplea zirudien egoera guztiz korapilatzen da. Jonasek Izeba Pauliri oparia eman nahi dio, eta aukera izaten duenean etxetik ihes egiten du. Izebaren etxera erraz iritsiko zela pentsatu arren bidaia guztiz korapilatzen zaio.

Sentimendu ugari nahasten dira, pozik egotetik triste egotera pasatzen da, beldurra, damua eta bakardadea ere sentitzen ditu. Jonasekin bat egiteko, idazleak gertakarietan zehar gogoetak txertatzen ditu. Sentimendu hauekin bat egiteko ere ezinbestekoak dira bertan dauden ilustrazioak.

Jonasen egoera korapilatu egiten den arren, amaiera zoriontsua du ipuin honek eta amaiera honetan nabari daiteke herri ipuinen kutsua.[8]

Jonasen ipuinak (2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jonasen protagonista den ipuinei amaiera ematen dion liburua da hau. 2011. urtean argitaratu zen eta Jonas protagonista den ipuinen bilduma da, orainarte aipatutako guztiak batera jarri ditu Juan Kruz Igerabidek ipuin luze bat osatuz. Azken liburu honetan Jonas nolakoa den ikus daiteke, banan banan aurretik ikusten joan garen guztia biltzen baita bertan. Azken liburu honekin, bizi dituen arazo desberdinak, bere bizimodua, bere familia eta bere sentimenduak ezagutuko ditugu liburu bakar baten bidez irakurleak.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Igerabide, Juan Kruz (2011), Jonasek Ipuinak, Aizkorri .
  2.   Sagastume, Laura (1999), «Jonas eta hozkailu beldurgarria», Behinola (1), http://www.galtzagorri.eus/euskara/argitalpenak/jonas-eta-hozkailu-beldurtia?p=1&a=0&g=0&i=Egilea&t=jonas .
  3.   Etxaniz, Xabier (2000ko otsailaren 5a), «Bihotza uzkurtzen denean», Egunkaria, begia gehigarria, http://www.galtzagorri.eus/euskara/argitalpenak/jonasen-pena?p=1&a=0&g=0&i=Egilea&t=jonas .
  4.   Sagastume, Laura (2001), «Hirugarrenean ere», Behinola (5), ISSN 1575-8168 .
  5. a b   Moreno, Sara (2004), Revista Lazarillo (11), http://www.galtzagorri.eus/castellano/publicaciones/jonas-larri?p=1&a=0&g=0&i=Autor&t=jonas .
  6.   Etxaniz, Xabier (2003ko iraila), «Jonas larri», CLIJ (163), http://www.galtzagorri.eus/castellano/publicaciones/jonas-larri?p=1&a=0&g=0&i=Autor&t=jonas .
  7.   Igerabide, Juan Kruz (2004), Jonasek Arzo potoloa du, Aizkorri .
  8.   Etxaniz, Xabier, Gero arte, Jonas, http://www.galtzagorri.eus/fitx/irudiak/ADIO%20JONAS.pdf. Noiz kontsultatua: 2018ko apirilaren 6a .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

http://www.galtzagorri.eus/euskara/irudigileak/mikel-valverde-tejedor

http://www.galtzagorri.eus/euskara/idazleak/juan-kruz-igerabide-sarasola

http://www.galtzagorri.eus/euskara/argitalpenak?g=0&i=Egilea&t=jonas&a=0