Jone Forcada
| Jone Forcada | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Donostia, 1933 |
| Herrialdea | |
| Heriotza | 2025eko urriaren 17a (91/92 urte) |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Jose Luis Alvarez Enparantza |
| Seme-alabak | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa |
| Irakaslea(k) | Elbira Zipitria |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | irakaslea |
Jone Forcada Adarraga, edo Jone Forkada, (Donostia, 1933 - 2025eko urriaren 17a) euskararen eta beste zenbait kausaren militantea izan zen; besteak beste, andereño aitzindarietako bat izan zen Hendaiako ikastolan[1] eta Euskal Herrian Euskaraz mugimendu euskaltzaleko sortzaileetariko bat izan zen[2].
Lan handia egin zuen bizitza osoko ekinkide eta bidelaguna izan zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren obra eta pentsamendua finkatzen eta zabaltzen, hura 2012an hil zenetik.[3][4] Forcada 92 urterekin hil zen, eutanasia protokoloa ezarrita, berak eskatu bezala.[2]
Maistra ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenteria eta Donostia artean handitu zen Forcada, aita euskaldun berria zuen Forcadak, baina bera txikitatik euskalduna.[5]
Gerra galdu izanaren zama oso astuna zen, eta frankismoko errepresioak ezkortasuna errotu zuen abertzaleen artean. Etxean bertan ikusi zuen hori Jone Forcadak, artean Txillardegiren neskalaguna zenak. Beraren gurasoak EAJkoak ziren eta ez zuten inolako itxaropenik. Ezkortasun horri aurre egitea izan zen gerra ondoko gazteen aurreneko lana, beraz. Txillardegi eta Forcada bezalako zenbait gazte elkartzen hasi ziren «zer edo zer» egin zitekeela pentsatuz, beldur horri aurre egiteko adina gogorekin. Laster asko parte hartu zuten hainbat ekintza apal bezain arriskutsutan.; esate baterako, Espainiar Estatu Burutzarako 1947ko Suzesio Legearen erreferendumaren kontrako propagandarako papertxoak banatzea, Donostiako Alde Zaharrean etxez etxe ate azpitik sartuz.[6]
Irakasle ikasketak 1955ean bukatuta, ikastolen sorreran ibili zen, Donostiako kaiko 1. atariko etxebizitzaren lehenengo solairuan dozena bat umeren andereñoa izan zen. Egongelak ez zituen hogei metro karratu ere izango.[7] Elbira Zipitria andereño ezagunaren kide zela. Desadostasunak zituzten arren, biak aritu ziren euskararen aldeko borrokan buru-belarri, bizitza osoan. Garai hartan ezagutu zuen gerora senarra izango zuena: Jose Luis Alvarez Txillardegi.[2][5]
Txillardegik 1961ean erbesteratu behar izan zuen, eta familiak ere bai hilabete batzuk geroago. Forcadak eta Txillardegik hamasei urte igaro zituzten erbestean, jardun politikoari eta familia guztiari batera eusten. Parisen egon ziren aurrena, eta han jaio zen bikotearen laugarren umea. Lapurdin ere igaro zuten bolada bat, eta gero, Belgikan egin zituzten urte batzuk. Euskal Herrira ahalik eta gehien hurbildu nahian, Forcada Bordelen ere aritu zen euskara irakasten, harik eta Frantziak Ipar Euskal Herrira etortzeko baimena eman zion arte. Hendaian egon zen sei urtez, eta, tarte horretan, Iparraldeko bigarren ikastola izan zena irekitzen lagundu zuen.[2][5]
Hego Euskal Herrian, oraindik Franco diktadorea bizi zela, 1970eko urte zailetan, Jone Forcada Hendaiako Gure Ikastolako lehen andereñoa izan zen. Forcadak, guraso batzuek eta beste hainbatek egindako borroka eta lanari esker ikastola hura martxan jarri zuten. 2019an, Hendaiako ikastolak plazer eta poz handiz jaso zuen aspaldiko andereño aitzindari hura. Gaztelu Zaharreko ikasleek, askotariko galdera egiteaz gain, kantak eta lora sorta bat eskaini zioten.[1] Bertrand Russellen Azken iritziak liburua itzuli zuen Forcadak 1970ean Eiharalarre ezizenez.[6][8]
Franco hil ostean, familia Donostiara itzuli zen, eta irakaskuntzan jardun zuen Forcadak, Añorgako (Donostia) ijitoen eskolan.[2]
Donostiako lehen andereñoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elbira Zipitria andereñoaren ikastola-ereduaren lehen jarraitzaileak 1960ko hamarkadaren aurretik andereño hauek izan ziren, Donostian denak.[9]
- 1950.ean Itziar Arzelus, bere etxean.
- 1954an Jone Forcada, Kale Nagusiko 2an, behean eta ondoren portuko San Pedro elizaren alboko etxean, lehen solairuan.
- 1955ean Karmele Esnal, Artzai Onaren Plazan, 14an behean.
- 1957an Mari Karmen Mitxelena, portuko aipaturiko etxean; Mari Karmen Lasarte, Aingeru kaleko bere etxean; eta Faustina Carril, Alde Zaharrean, zenbait urtez bakarrik, eta 1965az geroztik Koro Egaña bere ilobaren laguntzarekin.
16 urtez erbestean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frankismo-garaian erbestetik erbestera ibili zen familia osoa 16 urtez: Hazparne, Paris, Antony, Brusela, Bordele, Tarnose eta Hendaia. Kontrabandisten gisan zeharkatu zuen Txillardegik Dantxarineako zubitxoa 1961eko urtats egunean. Gauez, poliziak alde egin ondotik. Zubiaren bestaldean zain zituen Agustin Zumalabe eta Piarres Xarriton euskaltzaleak. Hasieran Donostian geratu zen Jone Forcada urte eta erdiko Jon eta Joseba seme bikiekin eta sei hilabeteko Maddi haurrarekin. Jonek esaten zuen berak ez zuela sufritu, oso baikorrak zirelako, halako garaipen sentsazioa zutela eta indarra soberan. Departamendutik edo gero Frantziatik ere bota zituztenean, berdin, beraiek beti aurrera.[6]
Zailtasun adina aukera eskaini zizkioten atzerriko egonaldiek. Francoren itxituratik kanpo, Europako intelektualen lanak bertatik bertara ezagutzeko xantza izan zuten Parisen nahiz Bruselan, eta bestelako prentsa, irrati eta liburuak izan zituzten esku artean. Ipar Euskal Herriak zabaldu zien leihorik garrantzitsuena, dena den. Hegoaldean topatzen ez zuten elkartasuna aurkitu zuten bertan, eta ahalik eta gehien baliatu ere. Euskara batuaren oinarriak ipintzeko zubiak eraiki zituzten euskaltzaleen artean, eta alde bateko zein besteko abertzaleak elkartzeko ahaleginean aritu ziren.[6]
1970an Bordeletik Baionatik sei kilometro eskasetara dagoen Tarnose Landetako herrira mugitu zirenean, Donostiako irakasle esperientzia baliatuta, Baionako ikastolan hasi zen lanean Forcada.[6] Geroago Hendaiara mugitu ziren eta han andereño aitzindarietako bat izan zen Forcada Hendaiako ikastolan.[1]
1976an itzuli ziren Donostiara. Baina muga igarotzea gaitza izan zen familiarentzat. Bizitza berri bat hastearen parekoa. Baina, garaiko baikortasunak kutsatuta, eguneroko gauza txikiek hauspotzen zuten. Taberna batean sartu eta euskaraz tabernariarekin lasai aritu ahal izatea munta handiko gertakaria zen haientzat. Malkartsua izan zen itzulera; politikoki, baita bizi ohituren aldetik ere Hego Euskal Herrian zoramena zen haientzat. Egokitzeko nahiko lan izan zuten seme-alabek, bereziki gazteenek.[6]
Txillardegiren obra eta pentsamendua zabaltzen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txillardegi 2012an hil zen hainbat eta hainbat idazlan argitaratuta. Jone Forcadaren laguntza funtsezkoa izan da obra hori bildu eta katalogatu ahal izateko.
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren heriotzaren hirugarren urteurrenarekin batera, 2015eko urtarrilaren 14an iragarri zuen Jakin Fundazioak soziolinguista, idazle, pentsalari eta politikari donostiarraren lanen digitalizazioa burutzeko asmoa zuela, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen bati esker. Bi urte igaro ziren orduko diputatu nagusi Martin Garitanok, Kultura diputatu Ikerne Badiolak, Jone Forcadak eta Jakineko Joan Mari Torrealdai eta Lorea Agirrek egitasmoaren berri eman zutenetik eta 2017ko martxoaren 22an aurkeztu zuten Txillardegiren obra osoaren bertsio digitala.[10]
Lehenengo fase hori bukatuta, Euskal pentsamenduaren transmisioa sustatzeko "XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa" proiektua jarri zuen martxan Jakinek 2017ko Elkar Saria irabazi zuenean. Prentsa-agerraldian, Joxemari Sors Elkar Fundazioko lehendakariak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Jone Forcadak iragarri zuten Txillardegiren obra ezagutzera ematea izango zutela proiektuaren lehen urratsa.[11][8]
Jakinek 10.000 euroko diru-laguntza jaso zuen horretarako sariarekin, eta Txillardegiren inguruko liburu bilduma, ikus-entzunezko laburrak eta haren obra digitalizatua biltzeko web atari berezia osatu zuen.[11] Jakin aldizkariak 2017an sortu zuen webgunean, Txillardegiren lan osoa eskura dago. Bertan 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde bildu zituzten. Horietatik, 1.634 idazlan Txillardegik berak 55 urtez idatzi eta argitaratutakoak dira. Gainerako 350 argitalpen digitalizatuak Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira. Txillardegik euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio-arazoa eta beste hainbat gai landu zituen bere obran.[12][8]
2019an Miren Rubiok Jakinekin argitaratu zuen "Txillardegi. batasunaren pentsalaria" liburu biografikoan bereziki Jone Forcadari eskertu zion liburuan egindako ekarpena. Forcada eta beste hamabi pertsona elkarrizketatu zituen liburua idazteko: Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai, Jean-Louis Davant, Alaitz Aizpuru, Pilartxo Etxeberria, Patxi Zabaleta, Fito Rodriguez, Lorea Agirre, Xabier Eizagirre, Iñigo Astiz, Lander Muñagorri, eta Joseba Alvarez.[6][8]
| « | Nik beti esaten dut: ama izan da familiaren itsasgarria. Zutabea. Elkartuta mantendu duena, guztiaren gainean egon dena, guztiari eutsi diona | » |
—Maddi Alvarez Forcada[13] | ||
Militante euskaltzale historikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskararen aldeko militante nekaezina izan zen azken egunetaraino. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen, eta kide, bukaerara arte. Bestalde, Bagera euskaltzaleen elkarteko bazkidea eta Mintzalaguna izan da urte luzez. Azken urteotan, mugitzeko zailtasunak zirela eta, Skype bidez egiten zuen mintzapraktika, Nafarroa hegoaldeko euskaldun berriekin.[5][14]
Donostian ohiko ekintzailea izan da ez euskararen alde bakarrik, baita ere euskal presoen eskubideen alde, migratzaileen eskubideen alde, hiri eredu turistifikatuegiaren kontra… Hendaian bizi izan zenez, berak ondotxo zekien turismoaren eragina zein izan zitekeen. Saiatzen zen hiri ereduari loturiko manifestazioetan parte hartzen, hala nola turismoaren edo Donostiako Metroaren kontrako borrokan.[5][14]
Heriotza duina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jone Forcada 2025eko urriaren 17an zendu zen, berak eskatutako moduan. Irutxuloko Hitzak informatu zuenez, «Forcadak gaitz larririk ez zuen arren, gorputza gero eta okerrago zuela eta, abuztuan erabaki zuen heriotza duina nahi zuela». Izan ere, azken urteetan, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea mugimenduan aritu zen buru-belarri, eta bere heriotza berak aldarrikatu bezala izatea erabaki zuen. “Oso ausarta izan da”, senideen iritziz.[15][5]
Hogei urte baino gehiago ziren Jone Forcadak Aurretiazko Borondateen Dokumentua egina zuela eta Heriotza Duinaren aldeko Elkarteko (DMD) kide zela. Alaba Maddirekin lasaitasunez hitz egin zuen heriotzari buruz. Azken urtean Jonek gainbehera handia izan zuen. Ahizpa hil zitzaion ―hau ere eutanasia bitartez, baina beste egoera batean― eta horrek zer pentsatu asko eman zion. Izebak gainbehera handia izan zuen, erdi deskonektatuta ikusten zuen, elkarrizketak ezin jarraitu eta hori gure Jonerentzat azkena zen. Hori ez zuen nahi beretzat. Ez zuen amaierako prozesu luze eta gogor batean sartu nahi. Baina, era berean, familiari ere zama kendu nahi zion. Berak burua oso ondo zeukan, prozesu zorrotza pasatu zuen eutanasiara arte. Baina kontziente zen ez bazuen berak erabakitzen orduan, handik hilabete batzuetara familiarrek erabaki beharko zutela eta zama hori kendu nahi zien. Maddi eta Joseba seme-alabak izendatuta zituen bere ordezkari berak buru gaitasunak galduz gero.[15]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Gure Ikastola (Hendaia). (2019). «Jone Forcadaren Bisita» Gure Ikastola Hendaia (kontsulta data: 2025-10-17).
- ↑ a b c d e Lasa, Irune. (2025-10-17). «Jone Forcada euskararen militantea zendu da» Berria (kontsulta data: 2025-10-17).
- ↑ Jakin. (2019). «Txillardegiri eskainitako sailarekin abian da 'Dabilen pentsamendua' liburu bilduma» JAKIN Dabilen pentsamendua (kontsulta data: 2025-10-17).
- ↑ Altuna, Maite. (2019-04-05). «Alvarez-Forcada familia Donostiako etxean: 'Bere pentsamenduarekin zen leiala eta politikoki batere ez konbentzionala'» Euskadi Irratia (kontsulta data: 2019-04-05).
- ↑ a b c d e f Ramirez, Xalba. (2025-10-17). «Jone Forcada euskaltzale eta militante nekaezina hil da» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-10-18).
- ↑ a b c d e f g Rubio, Miren. Txillardegi. Batasunaren pentsalaria. ISBN 978-84-949758-2-0. (kontsulta data: 2019-02-12).
- ↑ Santamaria Ibarburu, Antxon. (2025-10-30). «Jone Forcadaren egunkari ezkutua» Berria (kontsulta data: 2025-10-30).
- ↑ a b c d Komunikazioa, Jakin. (2025-10-20). «Jone Forcada euskaltzale eta militantea hil da» JAKIN Dabilen pentsamendua (kontsulta data: 2025-10-24).
- ↑ Oiarbide, Aintzane. (2022-10-16). «Ikastolen hazia -» Goiena.eus (kontsulta data: 2024-04-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) El DiarioVasco. (2017-03-22). «Txillardegiren ekarpena, formatu digitalean» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-10-18).
- ↑ a b Jakin. (2017). «Jakinen XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuak jaso du 2017ko Elkar Saria» JAKIN Dabilen pentsamendua (kontsulta data: 2025-10-17).
- ↑ Txillardegi: Digitalizazioaz eta obraz - Jakin.eus. (kontsulta data: 2017-05-25).
- ↑ Ramirez, Xalba. (2022-01-07). «"EAJrekiko jarrera da aitari barkatzen ez diotena, ez ETAkoa izatea"» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-10-20).
- ↑ a b «Jone Forcada hil da, militante euskaltzale historikoa» Argia (kontsulta data: 2025-10-18).
- ↑ a b Mujika, Amagoia. (2025-11-15). «Jone Forcada, askatasunaren bidea azken arnasa arte urratu duen emakumea» GAUR8 (kontsulta data: 2025-11-16).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Rubio, Miren, Txillardegi Batasunaren pentsalaria. Donostia, Jakin, UPV/EHU eta AEK. ISBN 978-84-949758-2-0
- Torrealdai, Joan Mari (2014): "Batasunaren bidea urratzen. Txillardegiren eragintza praktikoa", Jakin, 204:11-96.
- Zapiain, Markos (2024): Txillardegi hizkuntzalari. Elkar.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Txillardegi: Digitalizazioaz eta obraz Txillardegiren lan osoa digitalizatuta eta eskura (Txillardegiren 1.782 idazlan). Jakin.eus (2022). Biografia eta Txillardegiren ekarpena atalak ere baditu.
- Txillardegiren bibliografia 1956-1999 Azkue bibliotekak paratua, Euskera-XLV,2000
- Txillardegiren lanak, Literaturaren Zubitegian.
- Txillardegi: Digitalizazioaz eta obraz Txillardegiren lan osoa digitalizatuta eta eskura (1.634 idazlan). Jakin.eus (2015eko urtarrilaren 14)
- "Txillardegiren omenez" Bat Soziolinguistika Aldizkariaren ale berezia (71. alea. 2009ko bigarrena)
- Txillardegiri buruz erreportajea Hamaika Telebistaren eskutik (2014-07-07).
- Txillardegi, euskara batuaren aita Euskaltzaindiak 2012an hil ziren euskaltzainak omentzeko bileran Jean-Louis Davant euskaltzain osoak idatzitako hilberri txostena, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren omenez (2013ko urtarrilaren 25).
- Txillardegiren heriotza. Berria egunkariko artikulu bilduma, Txillardegik utzitako ondareari buruzkoa. 2012ko urtarrila.
- Txillardegiren omenezko ekitaldia egin du Korrikak / Berria 2019-02-09
