Jusepe de Ribera

Wikipedia(e)tik
José de Ribera» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jusepe de Ribera (XIX. mendeko grabatua)
Sileno horditurik, 1626

Jusepe de Ribera (Xàtiva, Valentzia, 1591ko urtarrilaren 12a - Napoli, Italia, 1652ko irailaren 2a) —garaiera txikia zuelako, Italian lo Spagnoletto («Espainiar Txikia») deitua— pintorea eta imprimatzailea izan zen. Espainiako pintore barroko nagusietako bat izan zen, eta, bereziki, erlijio eta mitologiako eszenetan erakutsi zuen errealismo biziarengatik nabarmendu zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Italian eman zituen bizitzako urte gehienak. Badirudi Francisco Ribaltarekin egon ondoren Italia aldera jo zuela, Parmara lehenik eta Erromara gero (1608-1610). Garai hartan Espainiako koroaren mendean zegoen Napolin ezkondu zen (1616), eta han ezarri zuen pintura-lantegia, erregeordeen eta Erromako hierarkia katolikoaren zerbitzuan. Caravaggioren jarraitzaile nagusietako bat izan zen Italian. Erlijio-gaiak bezala (1616-1620, Osunako kolegiatako erretaula; 1624, San Bartolomeren martiritza), maisutasun handiz landu zuen, besteak beste, mitologiaren mundua (1626, Sileno horditurik; 1634, Bakoren alegia; 1637, Venus eta Adonis; 1637, Apolo eta Marsia). Azken muturrera eraman zuen eszenetako errealismoa, eta egunoroko pertsonak ez bezalakoetara jo zuen zenbaitetan (1631, Abruzziko emakume bizarduna), baina gehiago izan ziren kaleko erretratu arruntak (1637, Edale alaia; 1637, Neskatxa panderojolea; 1643, Nanoa eta zakurra); dastamena, entzumena eta usaimenaren pertsonifikazioak ere aurkeztu zituen obra banatan. Konposizio-maila handiko obrak ere egin zituen, bizitzako azken urteetan, batez ere (Jakoben ametsa, 1639; Errege Magoen adorazioa, 1651; Apostoluen jaunartzea, 1651). Bizirik zegoela, ospe handia izan zuen Europa guztian, eta bereziki preziatu zuten XVIII. mende bukaeratik aurrerako pintore erromantikoek.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jusepe de Ribera Aldatu lotura Wikidatan