Jose Antonio Villar

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Jose Antonio Villar Ez Dok Amairu taldeak 1966an emandako jaialdi gehienetan parte hartu zuen Joxe Antonio Villarrek (Oñati, Gipuzkoa, 1939). Bakarlari gisa hasi zen kantari eta geroago bi disko txiki grabatu zituen Arrasate orkestinarekin Goiztiri diskoetxearentzat. 60ko hamarkadaren erdialdera, 'euskal ye ye' esan izan dioten kantugintza modernoaren ahots nabarmenenetakoa izan zen Villar. Aktore lanetan ere aritutakoa da Goenkale telesailean.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962ko abendutik 1963ko martxora bitartean, Donostian egin zen Artista Berrien II. Lehiaketan aurkeztu zen Jose Antonio Villar jendaurrean kantari. Bigarren saria jaso zuen kanta modernoaren atalean. Euskaraz estrainekoz hilabete batzuk geroago abestu zuen, 1963ko irailean, Urretxun (Gipuzkoa), Euskal Festa egunean, gitarra baten laguntzaz. Jose Maria Iparragirre urretxuarraren bizpahiru abesti jota, txalo zaparrada beroa jaso zuen Ederrena pilotalekuan.

Musika eta abesteko zaletasuna etxetik bazetorkion ere, Maristetako irakasleen bultzada funtsezkoa izan zen pianoa, gitarra eta musika ikasketak egin zitzan. 60ko hamarkadaren hasieran, Arrasate orkestina sortu zuen Felipe Vitoriarekin, Rafael Ortubairekin, Eusebio Gomezekin eta Pako Perezekin; orkestina harekin, orduan modan zeuden atzerriko kantuak euskaraz abestu zituen, eta hala gazteek garai hartan zuten gogoari erantzun zieten. Euskaraz kantu modernorik abes zitekeela zalantzan jartzen zen garaian, entzuleek arrazoia eman zioten Villarri. "Badira euskera koraletan eta bertsolariak bakarrik erabiltzekoa dela esaten dutenak ere. Baina egia esan, gazte jendeak arreta aundiarekin artu ditu tankera onetan eman diran lehenengo urratsak", zioen orduko elkarrizketa batean (1).

Dantzalekuetara zuzendutako euskarazko kantugintza moderno (euskal ye-ye esaten zioten) edo "arinaren" aitzindarietakoa izan zen Villar. Irratietan eta herriko jaietan lortutako oihartzunari esker disko bat grabatzeko eskaintza onartu eta Basque party izenburuko bi disko txiki grabatu zituen Goiztiri diskoetxearentzat 1964an, Arrasate orkestina lagun hartuta. Egun batean grabatu zituen bi diskoak, Baionan, oso baldintza txarretan. "Lekua ezegokia zen, tresneria ezegokia, eta grabazioaren maila teknikoa oso apala...". Kantari gazteen artean banatzeko Julen eta Juan Mari Lekuonak euskaratutako abestien artean oso ezagunak ziren zortzi aukeratu zituen Villarrek diskora eramateko: "Begiak begitan" (François Hardy frantziarrak ezagun egindako "Tous les garçons et les filles"-en moldaketa), "Arratsa Mosku'n", "Eta orain", "Aitortzen dut"...

Ez Dok Amairu sortzeko Kursaaleko beheko solairuan egin ziren bileretan parte hartu zuen, baita herriz herri ibili zen taldeak 1966. urtean eman zituen jaialdietan ere: Hernanin, Irunen, Zumarragan, Ordizian, Madrilen, Donibane Lohizunen eta Errenterian, besteak beste. Urte berean, Usurbilen (Gipuzkoa) egindako Euskal Kantu Jaialdian parte hartu zuen, eta letra onenaren saria irabazi zuen "Maitasun" abestiarekin (Julen Lekuonarenak ziren hitzak). Hala ere, Arrasate orkestinarekin abesten jarraitu zuen, eta, geroago, Bergarako Arizona dantzalekuko orkestinan hasi zen kantari.

Musikariaz gain, aktore ere aritu da Jose Antonio Villar hainbat urtez, Euskal Telebistako Goenkale telesail arrakastatsuan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]