Jose Frantzisko Navarro Arzak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Frantzisko Navarro Arzak

Bizitza
JaiotzaDonostia1823ko martxoaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaNew York1909ko otsailaren 3a (85 urte)
Jarduerak
Jarduerakasmatzailea eta ekintzailea

Jose Frantzisko Navarro Arzak ( Donostia, Gipuzkoa, 1823ko martxoaren 21a - New York, AEB, 1909ko otsailaren 3a), euskal herritar ingeniaria, asmatzailea eta enpresaburua izan zen, AEBetako 20 dirutza handienetako baten jabea.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Jose Navarro Vianaren ondorengoa zen, 1744an Frantziako Toulonen ingelesak garaitu zituen, horregatik Viktoriako markeserria eta bere ondorengo belaunaldietako senideek Espainiako Itsas Eskolan izen emateko eskubidea jaso zuen.

Nicolás Navarro aita , donostiarra zen, eta Maria Fernanda Arzak ama, Altza herrikoa (gaur egun Donostiako auzoa). Jose Frantzisko Arzak, osaba eta aitapontekoa, Donostiako alkatea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1835ean Jose Frantziskok kadete gisa Espainiako Cádiz hiriko Itsas Eskola Militarrean ikasi zuen. 1838an Kubako Habana hiriburuan bizitzen jarri eta bere osabaren taller mekanikoan urte betez lan egin zuen, bitartean Habanako Unibertsitatean ikasketa teknikoak burutuz. Unibertsitate horretan irakasle izaten amaitu zuen.

1840an AEBetara bidaiatu eta Baltimore hirian Kirkland & Chase ontziolan lan egiten zuen bitartean ingeniaritza ikasi zuen. 1843an Kubara itzuli eta Cárdenas udalerrian burdinbidearen eraikuntzan lan egin zuen. Leku honetan bere lehen asmakuntza garatu zuen, txispa-babesa: lokomotoreen tximinietan jartzen zen metal-oihalezko babesa, hartatik txispak irten eta suteak ekidinidez. Urte batzuk beranduago, asmakuntza hori bera New Yorkeko burdingide garaian ezarri zuen.

Txispa-babesaren patentea saldu, eta 1844an itsas merkataritzan jarduten zuen Casanova, Navarro y Cía (1844) enpresa sortu zuen.

New York[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Equitable Life Building eraikina.

1855ean New Yorken bizitzen jarri eta finantzagizon aberats baten alaba zen Ellen Amelia Dyckers estatubatuarrarekin ezkondu zen.

1855ean José María eta Antonio Mora kubatar anaiekin elkartu eta Kuban azukre merkararitzan jardungo zuen Hermanos Mora y Navarro enpresa sortu zuten. Merkataritza honetan jarduteko, 1859ean AEBetako lehen burdinezko baporeontzia eraikiarazi zuen, «Matanzas» delakoa.

1859an Henry Hyde estatubatuar adiskide eta enpresaburuarekin batera The Equitable Life Assurance Society of the United States aseguruetxea sortu zuten, Madrilen La Equitativa sukurtsala izanez. 1870 ean aseguruetxeak bere egoitza Broadwayko Equitable Life Building eraikinera aldatu zuen. Eraikin hau hiri horretako igogailudun lehen bulego-eraikina izan zen. Zoritxarrez, 1912an sute batek kiskaldu eta 1915ean gaur egungo Equitable Building eraikinak ordezkatu zuen.

1865ean United States & Brazil Mail Steamships Company ontziola sortu zuen, nagusiki Brasil eta AEBetako posta garraioan jardunez, horregatik bi herrialdeetako gobernuen diru-laguntzak jaso zituen. 1867an, bere itsas operazioei babesa emateko, Commercial Warehouse Company enpresa sortu zuen, New Yorkeko portuan itsasontzientzako biltegiak, kaiak eta banku agentzia batez osatua. 1873an hasitako krisialdi ekonomikoak 1876an konpainia horren desagertzea ekarri zuen.

Aldi berean, 1867an New Yorkeko ur-kontagailuak ekoizteko Hydraulic Machine Company sortu zuen, eta 1871n Simon Ingersollek asmatutako mailu hidraulikoa garatzeko Ingersoll Rock Drill Company enpresa. 1986an Hydraulic Machine Company enpresak Ingersoll Rock Drill Company bereganatu zuen.

Navarrok bere jaioterria ez zuen inoiz ahaztu, 1867an bere familiarekin batera Donostia bisitatuz.

Zortzi eraikinez osatutako Navarro Apartments multzoaren sustatzailea ere izan zen, eraikin bakoitzak iberiar penintsulako hainbat hirien izenak zituzten: Madril, Córdoba, Granada, Valencia, Lisboa, Bartzelona, Salamanca eta Coímbra. Multzo hau Central Parken parean zegoen. Zortzi solairu garaieko eraikin hauek igogailudun lehen etxebizitza eraikinak izan ziren. 1883an eraikitzetik amaitu eta haietan 6 milioi dolarretako inbertsioa burutu zen. Zoritxarrez, 1927an eraitsiak izan ziren.

1878an, Navarrok, Cornelius Garrison eta George Pullmanekin batera, Seigarren Etorbideko burdinbide garaia eraiki zuten, horrek New York burdinbide garai bat izan zuen munduko lehen hiria bilakatu zuen. Burdinbide garaiaren linearen azpian tranbiak eta zalgurdiak zirkulatzen jarraitzen zuten. 1881ean proiektu horretako bere akzioak saldu eta etekin handia lortu zuen. Egitura hori 1938 arte mantendu zen.

1882an, Thomas Alva Edison hiriko Manhattan barrutiko argiztapen publikoa eratzeaz arduratu zen. Edisonek argindarrarekin lan egiteko hainbat enpresa sortu zituen. Navarrok haietan diru laguntzakin eta zuzendaritza karguetan lan eginez kolaboratu zuen. Edisonek Navarrori bere asmakuntzaren eskubideak Espainiako Itsasoz Haratagoko lurraldeen argiztapenean erabiltzeko laga zizkion. Helburu horrekin, 1882an bi asmatzaileek Edison Spanish Colonial Light Company enpresa sortu zuten.

1872an AEBetan jatorriz Ingalaterrakoa zen Portland zementua ekoizten hasi ziren. 1883tik Navarro zementu mota horren ikerketa eta ekoizpenean jardun zuen. Patentea erosiz hasi eta haren fabrikazio prozesuan hobekuntza nabarmenak garatu zituen. 1899an bere zementu lantegi guztiak fusionatu eta Atlas Portland Cement Company sortu zen, AEBetako zementu sektorean liderra bilakatuko zena. 1904ean Panamako kanalerako eraikuntzarako zementua hornitzen hasi zen, kasik hornitzaile bakarra bilakatuz. Enpresa mundu mailako Portland zementu ekoizle handiena izatera igaro zen.

1909ko otsailaren 3an New York hirian zendu zen.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]