Jose Joakin Mitxelena
| Jose Joakin Mitxelena | |
|---|---|
![]() | |
| Bizitza | |
| Jaiotza | Oiartzun, 1924ko uztailaren 20a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Oiartzun, 1988 (63/64 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | bertsolaria |
Jose Joakin Mitxelena Agirrezabala (Oiartzun, Gipuzkoa, 1924ko uztailaren 20a - 1988)[1][oh 1] bertsolaria izan zen. Aitona eta osaba ere bertsolariak zituen. Bere herrian aritu zen lehen aldiz 14 urte baino ez zituela, Saiburu eta Telleri-Txikirekin batera. 1960ko hamarkadako Bertsolari Txapelketa Nagusietan parte hartu zuen, bai eta 1980koan ere. Azken horretan, gaixoaldi baten erruz erretiratu behar izan zuen. Gipuzkoako txapelduna izan zen 1962an.[2]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Joxe Joakin Mitxelena Oiartzunen 1924ko uztailaren 20an jaio zen, Iturrioz auzoko Makuso baserrian[2]. Baserri kaskarra zela zioen Mitxelenak. Haren aitak kanpoan egiten zuen lan, Errenteriako fabrika batean. Patxi izeneko anaia bat izan zuen, bera baino zaharragoa zena, baina 1935 eta 1940 artean hil egin zen[3].
Eskolara joan behar zuen garaian lanean hasi behar izan zuen auzoan zegoen sagardotegirik zaharrenean, 8-9 urte zituela. Sagardotegi hark “Sidras Mitxelena” izena zuen[2].
Gerra Zibila hasi zenean 12 urte zituen Joxe Joakin Mitxelenak. Urte zailak izan ziren haiek. Haien herria erreketeak hartu zuten. Egun batean alde egin behar zutela esan zieten haiek, etsaien kanoi bat haien baserria begira zegoelako. Hala egin zuten, eta osaba baten etxean eman zuten gaua. Hurrengo egunean, kanpotik ez bazirudien ere, baserriaren barruan kanoikada bat lehertu zen eta Mitxelenak eta haren etxekoek zuten guztia galdu zuten. Hala ere, oraindik ere jatekoa zuten; ondoren etorriko zena okerragoa izan zen[2].
Hamahiru urterekin Pasaian hasi zen lanean Luzuriaga izeneko enpresa batean. Egunero 18 kilometro egiten zituen oinez, etxetik lanera eta lanetik etxera. Orlandonean ere ibili zen, “13 erreal irabaziz”. Hamasei urterekin gailetak egiten hasi zen Errenterian, “Olibet” enpresan. Errazionamendua zela eta, urte erdia itxita egoten zen. Beste urte erdian mendira edo harrobira joan behar izaten zuten lanera. Horren ostean Pasaiko portuan hasi zen lanean, deskargan, eta hogeita bat urte eman zituen bertan lanean, 1965. urtera arte[2].
Gazterik ezkondu zen Victoria Moneo Yanguasekin. Ez zuten ondorengorik izan, ezin izan baitzuten haurrik izan[3].
Kartzeleratua izan zen 1947an; izan ere, lan baldintza duinagoengatik borrokatu zuen. Garai hartan, 14 erreal irabazten zituzten zortzi ordu baino gehiagoko jornada batean. Horren aurrean, 18 errealeko soldata eskatu zuten. Horiek aldarrikatzeko, 1947ko egun batean, greba egin zuten 160 pertsonak baino gehiagok[2].
Honen aurrean, autoritateek Ondarretako kartzelan sartu zituzten grebalari guztiak. Hainbeste ziren, non bi pertsonentzako zeldetan zazpi sartu behar izan zituzten. Horretaz gain, ilea erabat rapatu zieten. Batzuk 10-15 egun egon ziren; beste batzuk, ordea, bi-hiru hilabete, gerra garaian gorriekin ibilitakoak baitziren[2].
Pasaiko portuarentzat gogorra izan zen gertaera hura, eta 160 lagunen hutsunea betetzeko kanpoko jendea kontratatu behar izan zuten. Inor ez zen, ordea, honen aurrean mobilizatu; izan ere, garai hartan jendea burumakur ibiltzen zela dio Mitxelenak 1978an eman zuen elkarrizketa batean. Harentzat kartzela ez zen hain gogorra izan, andregaiak paketeak ekartzen baitzizkion[2].
Kontrabandoan ere ibili zen. Whiskya, tabakoa eta botikak pasatzen zituen, eta hala ibili zen 25 urtez. Hiru multa jaso eta arriskuaren aurrean utzi egin zuen. Hori ikusita, eta bildutako aurrezkiekin, erretegi bat jartzea erabaki zuen, "Atamitx" izenez ezagutu zena[3].[4]
BERTSOAK
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertsotan txikitatik aritu zen; ezagutu ez zuen aitona bertsolaria zuen, eta baita ezagutu zuen osaba bat ere. Hala dio lehen aipatutako elkarrizketa hartan: “Osaba batek eramaten zituen bertso-paperak etxera eta horiekin, eta gero lagunartean, bildu, haiek puntuak jarri eta nik erantzun; horrela hasi nintzen”[2].
Plazetan lehen aldiz, ordea, hamalau-hamabost urte zituela agertu zen. Hain zuzen ere, 1939an, Gerra amaitu zela ospatzeko festa batean, Zaiburu eta Telleria Txikia errenteriarrak eta oiartzuar Ibañez bertsolariak saio egiteko zeuden. Lagunek berak ere kantatzen zuela esan, eta hala hasi zen plazetan bertsotan egiten. [3]
Bertsolari bizia, zirikatzailea eta jario handikoa izan zen. Bertsokidea aurkari gisa hartu eta hura azpiratu arteko onik ez zuen bertsolari klasea zen oiartzuarra[5].
Lizasok berak dio Mitxelena “arrazoietan ugaria eta zorrotza” zela: “Bertsotan beti ongiena egitea gustatzen zitzaiola. Beti, ordea, ez zuen gorputzaldi bera edukitzen. Baina txarrenean ere ondo bete ohi zuen”. Gainera, Lekuonak dio “oso herrikoia” zela bere estiloa: “Oso bizia, oso sistematu gabea, tradizio baten araberakoa. Mitxelenaren bertsogintzan gutxi nabari zen idatzizko estiloaren eraginik eta presentziarik. Eta, beraz, ahozko munduko bertsogintza zen berea: bizia, baina akastuna”[5].
Sariei dagokienez, Gipuzkoako txapeldunorde izan zen 1959an, txapeldun 1962an eta hirugarren postuan sailkatu zen 1964an.[4]
1960ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian seigarren egin zuen, bosgarren 1962an eta laugarren 1965ean. 1980an txapelketei berrekin zitzaienean itzuli zen Mitxelena, baina osasun arazoak medio utzi egin behar izan zuen[4].
Atamitx ireki zuenean, bertsoetan beherakada izan zuen, gutxiagotan eta emaitza gutxiagorekin arituz, eta hamar urtez egon zen zirkuitotik kanpo. Itzuli zenean, ordea, bertsoen eta bertsolarien panorama arras aldatua zegoen. Izan ere, hamar urte haietan bertsolari berriak eta korronte berriak agertzen hasi ziren, bertsolaritza sozialaren ibilbidea eta azken urteotako bertsolaritzaren berritzea eta erakundetzea nabariak zirelarik. 1980ko txapelketara aurkeztu zen, baina gaixoaldi batek erasanda, sariketa utzi eta etxera joan behar izan zuen[4].
1978an, X. Bertsolari Egunean, omenaldia egin zioten Karmelo Baldan. Plazako azkeneko bertso saioa 1988ko abuztuaren 15ean egin zuen, Ernialden. Handik aste batzuetara hil zen, abenduaren 3an, Oiartzunen.[1]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Jaiotza dataren inguruan kontraesana dago iturrietan (Auñamendik, 1927; BDB Bertsolaritzaren datu-baseak, 1924). Jakin badakigu 1938an aritu zela lehen aldiz, 14 urte zituela, horregatik 1924 urtea lehenestea erabaki da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1 2 Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa – Bertsozale. Jose Joakin Mitxelena - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea. (kontsulta data: 2017-01-28).
- 1 2 3 4 5 6 7 8 9 (Gaztelaniaz) «José Joaquín Mitxelena Agirrezabala» Euskomedia (kontsulta data: 2017-01-28). Aipuaren errorea: Invalid
<ref>tag; name ":0" defined multiple times with different content - 1 2 3 4 Lizaso, Kosme. (1998). Jose Joakin Mitxelena gogoan. Auspo Liburutegia.
- 1 2 3 4 Kazabon, Antton. (1996). Jose Joakin Mitxelena bertsolaria. Auspo argitaletxea.
- 1 2 Martin, Jon. (2018-12-28). «Mitxelena eta Atamitx, bi agur» Bertsolari Aldizkaria (kontsulta data: 2025-12-23).
