Jose Mari Sagardui

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Mari Sagardui

Bizitza
JaiotzaZornotza1958ko uztailaren 10a (65 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
KidetzaEuskadi Ta Askatasuna

Jose Mari Sagardui, Gatza (Zornotza, Bizkaia, 1958ko uztailaren 10a[1] - ) espetxean denbora gehien egin duen euskal herritarra da. 1980ko uztailaren 8an Guardia Zibilak atxilotu eta harrez gero Espainiako hainbat espetxetan egon ostean, 2011ko apirilaren 13an irten zen Jaengo espetxetik.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ia 70 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkion, ETAko hainbat ekintzatan parte hartu zuelakoan, Juan Cruz Hurtado eta Jose Maria Arrizabalagaren hilketetan, besteak beste.[2] Espetxe zigor hori 30 urtetan bildu zitzaion, atxilotu zutenean indarrean zegoen Kode Penalaren arabera, espetxean jarraian bete daitekeen kondenarik luzeena. Gerora Parot doktrina aplikatu zioten, baina 30 urte beteta ere ez zuten kaleratu. Azkenean, 2011ko apirilaren 13an irten zen kalera, ihesaldia saiakeragatik eta kartzelari batekin izandako liskar batzuengatik espetxe zigor gehiago erantsita.[3]

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Mari Sagardui 1980ko uztailaren 8an atxilotu zuten, beste zortzi lagunekin batera.[4] Gainerako guztiak aspalditik daude kalean. Atxilotutako guztiek Guardia Zibilaren etxean torturatu zituztela salatu zuten. Epaitegiek ez zuten salaketa horien gaineko inolako ikerketarik egin. Hala ere, polizia etxean egindako deklarazioak erabili zituzten froga modura Sagardui eta gainerako atxilotuak kondenatzeko.

Espetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sagarduik 34 kartzela aldaketa izan ditu eta 13 kartzela ezberdinetan egon da: Carabanchel, Soria, Puerto I, Herrera de la Mancha, Alcala Meco, Hospital Penitenciario Carabanchel, Herrera de la Mancha, Sevilla II, Mallorca, Sevilla I, Granada, Hospital Penitenciario Carabanchel, Sevilla II, Puerto II, Jaen II, Langraitz eta Jaen II.

Granadako espetxean 1993ko martxoaren 6an ihesaldi baten saiakeran espetxeko murruak zeharkatzerakoan soka apurtu, behera jausi eta hankak apurtu zituen. Guardiako poliziek jipoitu egin zuten ospitalera eraman aurretik. Ihesaldi horren ondorioz espetxe zigorra luzatu egin zioten, erredentzioak kenduz eta zigor gehiago erantsiz.

Kaleratzeko data[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Auzitegi Nazionalak ia 70 urteko espetxe zigorra ezarri zion ETAko hainbat ekintzetan parte hartu zuelakoan. 2009.08.30ean amaitu zuen espetxe zigorra, baina Parot doktrina aplikatu zioten. Atxilotu zutenean indarrean zegoen Kode Penalaren arabera preso batek ezin du jarraian 30 urte baino gehiago egin espetxean. Hala ere, 30 urte beteta ere ez zuten kaleratu, beste bi zigor arin betearazi nahi zizkiotelako, biak espetxean zela jarritakoak: bata 1991ean funtzionario batekin izandako liskarragatik eta bestea 1996an ihes egiteko saio bategatik ezarritakoa. Horiek kontutan hartuta, Espetxeetako Administrazioak jakinarazi dio kaleratze data 2011.04.13an zuela. Bere abokatuaren arabera, baina, kartzelan gehitutako bi zigor horiek 1991 eta 1996koak izanik, dagoeneko iraungita zeuden[3]

Zigor gehigarria bete eta gero, 2011ko apirilak 13an askatu zuten Jaengo kartzelatik. Ukabila altxatuta eta amnistiaren aldarrikapena soinean irten zen "Gatza", 9:00ak inguruan. 35 bat pertsona bildu ziren atarian preso ohiari ongietorria emateko, horien artean, lagunak, senideak, ezker abertzaleko ordezkariak, preso ohiak eta abokatuak. Arratsaldean Zornotzan egitekoa zen harrera eta larunbatean antolatuta zegoen ekitaldia debekatu zituen Grande Marlascaren eskariz Herrizaingo Sailak[5][6].

1996an Elkartasun Taldean zebilen Contxa Luna ezagutu zuen. Gerora berarekin ezkondu eta Goiztiri alaba izan zuten.[7]

Lunaren Goiztiri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005. urtean Juan Luis Mugertza Unanue idazleak Lunaren Goiztiri liburua argitaratu zuen Ataramiñe etxean, Copyleft lizentziarekin. Liburuak Gatza bisitatzera doan alabaren historia kontatzen du.[8] Lunaren Goiztiri liburua osorik pdf formatoan.

Arnaldo Otegiren aurkako kondena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2 urteko espetxe zigorra eta 16 urteko inhabilitazioa ezarri zizkion Arnaldo Otegiri 2005eko ekainaren 9an Gatzaren aldeko ekitaldi batean parte hartzeagatik.[9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]