Edukira joan

Jose Maria San Sebastian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Maria San Sebastian
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJosé María San Sebastián Zubillaga
JaiotzaDonostia, 1933ko maiatzaren 21a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2008ko abenduaren 5a (75 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta apaiz katolikoa
Ezizena(k)Latxaga
Ideologia eta sinesmenak
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Jose Maria San Sebastian Zubillaga "Latxaga" (Donostia, 1933ko maiatzaren 21a - Lizarra, 2008ko abenduaren 5a) gipuzkoar elizgizon eta idazlea izan zen. Euskararen babesle handia izan zen eta, horregatik, hizkuntza ikasten pasatu zuen bizitza osoa. Bere liburuak zein lanak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez zein ingelesez idatzi zituen.[1]

Jose Maria San Sebastian "Latxaga" 1933an jaio zen Aldakonea kalean dagoen Latxaga etxean, Egia auzoan(Donostia). Etxearen izena hartu zuen ezizen moduan, horregatik, denek, Latxaga gisa ezagutzen zuten.[1]

Donostian jaioa, bere gurasoak Juan San Sebastian arrantzalea eta Maria Josefa Zubillaga etxekoandrea ziren, eta bi arreba zituen: Maritxu eta Isabel. Nafarroan igaro zuen bere haurtzaroa, Berako Ugainborda baserrian. Bere bi amodioak euskara eta baserria ziren, izan ere, jaio eta berehala eraman zuten amonaren baserrira, Nafarroan. «Oso baserri pobre batean hazi nintzen», aipatu zuen 2001eko elkarrizketa batean. Gainera, herrira jaisten zenean, «burla» egiten zioten, gaztelaniaz hitz egiten ez zekielako.[1]

1957an, Donibane Garazitik Iruñeraino oinez joan zen.[1] Donostian, jesuitekin egin zituen ikasketak eta 17 urterekin Gasteizko seminarioan sartu zen, 1955era arte. Ondoren, Parisko Notre Damen 1958an apaiz bihurtu zen. Zortzi egun geroago, Groseko San Ignazio parrokian hasi zen meza ematen. Bertan, frankismoaren urte gogorrenetan murgilduta zeuden bitartean, meza euskarara itzuli zuen.[1]

Ondoren, Parisera bueltatu zen, eta Saint-Severin parrokian aritu zen lanean. Parisen Teologia (1976), Antropologia (1979) eta Hizkuntzalaritza (Sorbona, 1983) ikasi zituen. Gero Estatu Batuetan eta Mexikon bizi izan zen.[1]

1962an, San Joan Jainkoarenaren Anaien ospitaleko kapilau izendatu zuten. Orexako erretore izendatu zuten eta, bertan, euskara irakasten zuen. Halaber, hainbat liburu idatzi zituen.[1]

Teologiako doktoretza lortzeko asmoa zuenez, alemana ikastea beharrezkoa ikusten zuen, horregatik, Friburgora joan zen hizkuntza ikastera. Bertan, goiko masail hezurrean infekzioa aurkitu zioten eta Donostiara bueltatu zen. Hala ere, titulua lortzera Friburgora itzuli zen azkeneko aldiz, 1976an. 1979an, gainera, Antropologiako doktoretza eskuratu zuen Sorbonan. 1973an, Nafarroako Foru Aldundiak antolatutako euskara irakasleak prestatzeko ikastaroan parte hartu zuen.[1]

1970eko eta 1980ko hamarkadetan Estatu Batuetan eta Mexikon bizi izan zen. Bertan, beste hainbat liburu idatzi zituen eta, gainera, ospitalean lanean aritu zen New Yorken, apaiz eta antropologo moduan.[1]

1999an, Euskal sena liburua argitaratu zuen, euskal herritarren izaerari buruzkoa. Halaber, hainbat liburu editatu eta artikuluak plazaratu zituen Euskal Herriko hainbat egunkaritan. Esate baterako, 1997az geroztik, Diario de Navarra egunkariko euskarazko orrien arduraduna izan zen.[1]

Aitortza gisa, gaur egun, Aitor ikastolako guraso elkarteak Latxaga izena du.[3]

Izengoiti desberdinak erabiliz ("Ugain borda", "Aida") Latxagak 600 artikulu eta hemezortzi liburu idatzi zituen:

  • Felix Ibargutxi: Jose Maria San Sebastian Zubillada (1933-2008). Eusko Jaurlaritza, 2010. 24 or. .

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2025-09-11). «Latxaga, euskara eta baserria» Irutxuloko Hitza (kontsulta data: 2025-09-12).
  2. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/san-sebastian-zubillaga-jose-maria/ar-114167[Betiko hautsitako esteka]
  3. «Donostia.eus - Listado de asociaciones - Aitor Ikastolako Latxaga Guraso Elkartea» www.donostia.eus (kontsulta data: 2025-09-13).
  4. Latxaga. (1976). Jaka'ra oñez Naparroa'n Zear. La Gran Enciclopedia Vasca ISBN 84-248-0258-6. PMC 432426668. (kontsulta data: 2022-05-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]