Jose Placer Martinez de Lezea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Jose Placer Martinez de Lezea
Bizitza
Jaiotza Ozeta, 1896
Herrialdea  Araba, Euskal Herria
Heriotza Gasteiz1937ko uztailaren 5a (40/41 urte)
Hobiratze lekua Santa Isabel hilerria
Heriotza modua heriotza zigorra: fusilamendua
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Zerbitzu militarra
Adar militarra Eusko Gudarostea
Gradua komandante
Parte hartutako gatazkak Espainiako Gerra Zibila
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Abertzale Ekintza

Jose Placer Martinez de Lezea (Ozeta, Araba, 1896 – Gasteiz, Araba, 1937ko uztailaren 5a) 1936ko gerran faxismoaren aurka borrokatu zen gudari bat izan zen, Eusko Abertzale Ekintzako kidea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabako Barrundia udalerriko Ozeta herrian jaioa, han hazi zen, harik eta oso goiz Gasteiza lanera joan behar izan zuen arte. 1930ean, Eusko Abertzale Ekintza (EAE/ANV) sortu zen, eta Josek alderdi ekintzailearekin bat egin eta Arabako bultzatzaile nagusietakoa izan zen, ideia abertzale eta ezkertiarrak oinarri. Alderdiko Batzorde Nazionaleko kide eta herrialdeko ordezkari izendatu zuten. 

1936ko hauteskunde-kanpainan, modu aktiboan hartu zuen parte, eta herriz herri ibili zen Araban zehar, baita Gasteiz hiriburuan ere, non ANV barne hartzen zuen Fronte Herritarrak alde handiarekin irabazi zien aurkariei. Hauteskundeen ondoren, Arabako Batzorde Kudeatzaile Probintziala (egun Aldundia litzatekeena) berritu egin zen, eta Jose Placer, Jose Maria Belaustegigotia ekintzailearekin batera, ANVko kudeatzaile izendatu zuten. 

1936ko altxamendu militarraren ostean, Placerrek ihes egin behar izan zuen. Lehenengo, Antzoki Berrian (egun Principal Antzokia) ezkutatu zen, eta, ondoren, Ozetara alde egin zuen, hantxe Ofelia arreba gaztea zuelarik (gurasoak Narbaxan zeuden, gaixoren bat artatzen). Arrebaren bitartez, herriko gazte batek (geroago ekintza horregatik errepresaliatua izan zen) Elgea mendilerroan zehar eraman zuen Gipuzkoako Eskoriatza herriraino.    

Hantxe, Placer Eusko Jaurlaritzaren agintaritzapean oste frankistei aurre egin zien armadan erroldatu zen, eta EAE/ANVkoek osaturiko Euzko Indarra batailoiko komandante hainbat artilleria-unitate gidatu zituen. Lehenik eta behin, Donostian borrokatu zen, Felix anaiarekin batera. Honek, Euskadiko gudontzidian (Euskadiko itsas armada laguntzailea), 3. torpedo-ontziaren kontrako ekintza nautikoa zuzendu zuen, eta gero komandantea izan zen Tronuetako frontean, non tirokatuta hil zuten. Gipuzkoako hiriburuan borrokatu ondoren, Jose Placer Gernikarantz abiatu zen eskualdeko artilleria-unitateen ataleko agintari. Gernikan, beste anaia batekin elkartu zen, Eloyrekin, hain zuzen; hau tenientea zen, eta geroago Santoñan hartu zuten preso. 1937ko apirilaren 26an, armada naziaren Kondor Legioak Gernika bonbardatu zuen, buruzagitza frankistaren Euskal Herriko ikurrik adierazgarriena suntsitzeko estrategiari jarraiki. Astelehena zen, azoka-eguna, eta bonbaketarien eta ehiza-hegazkin alemaniarren erasoak (italiarrek ere parte hartu zuten) sarraski hutsa eragin zuen. Geroxeago, Placer atxilotua izan zen, beste hainbat gudarirekin batera, Gernikako inguruetan. Egun haietan, era berean, Estepan Urkiaga Lauaxeta kazetaria, olerkaria eta Euzko Gudarosteko komandantea atxilotu zuten. Donostiako Ondarretako espetxean izan ondoren, Gasteizko El Carmen kartzelara eraman zituzten, eta hantxe Placerrek eta Urkiagak oso harreman estua hasi zuten.

1937ko uztailaren 5ean, epaiketa sumarisimoa egin ondoren, faxistek tiroz hil zuten Santa Isabel hilerriko iparraldeko horman; Lauaxeta ere bertan fusilatu zuten, ekainaren 25ean. Olerkariaren azken hitzak, Alfonso María Moreno apaiz jesuitak bere egunkarian jaso zuenez, bere bizitzaren gidari izandako ideien adierazpenik onena izan ziren: «Gora Euskadi Askatuta!» oihukatu zuen bere hiltzaileen aurrean, hormatzarraren behealdera erori aurretik.

Alfonso María Moreno apaizak 1937ko martxoaren eta 1938ko ekainaren artean idatzitako egunkariaren laburpena:

« Lo dago erruduna bere ziegan. Dei bat… jantz zaitez!

Zer sentitu zuen Placerrek une hartan?

Erabat zurbil. Bere emaztearen bila abiatu naiz.

Ondoren, bere arrebak ere sartu dira.

Kateek eragindako estutasun beldurgarria, kamionetara igotzeak eragindako estutasun beldurgarria, hilerrirako gero eta abiadura motelagoak eragindako estutasun beldurgarria, emozio ikaragarriak. Jaitsi gara. Hormen parean gaude. Deskarga bat...

Placer hotz eta ausart, oso ausart... tiroek txikitu egin dute...

Bere hiltzaileen aurreko azken oihua hauxe izan zen: Gora Euskadi Askatuta!

»

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]