Josepa Narbaiza
| Josepa Narbaiza | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Mallabia, 1867 |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Berriz, 1949ko abuztuaren 6a (81/82 urte) |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | irrintzia |
Josepa Narbaiza Bilbao (Mallabia, Bizkaia, 1867 – Berriz, Bizkaia, 1949ko abuztuaren 6a) irrintzilaria izan zen, Josepa Goti bezala ezaguna zen baserritarra.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mallabiko Zengoitte auzoko Goti (Zengotita Goiti) baserrian jaio zen eta Berrizko elizan izan zen bataiatua. Beraz, udaletxez mallabitarra zen eta elizaz, ostera, berriztarra[1]

Domingo eta Rufina ziren haren gurasoak. Bera baina, ezkongabea izan zen eta bi urte zaharragoa zen Maria ahizparekin,[2] haren senar Agustin Agirrebeitia[3] eta bikotearen seme-alabekin bizi izan zen beti.[1]
Auzoan ezaguna zen botatzen zituen irrintziengatik, ijuixek haren euskalkian. Trebea zen diotenez eta iratzargailurik ez zegoen sasoian, auzokide guztiak esnatzen zituen. Goizetan oilarrak jo orduko amaiera bako ijui luze batekin egunari diosala egitea gustatzen zitzaion, Zengoitte osoa esnatzeko besteko irrintziarekin.[1]
Etartean, baserriko atarian egur txikitzen egiten zuen gogor, ziritxo bat eta mazotxo bat hartuta, tak-tak-tak! Baita gari-ebaten eta ortuko beharretan gogoratzen dute gertutik ezagutu zutenek.[1]

Zengoitteko ermitan, domekan-domekan, arratsalde erdian errosarioa errezatzen zen eta bera zen dei-kanpaiak jotzeko ardura zuena. Auzoko mutikoei adarra jotze aldera, begiak itxi eta lo plantak egiten zituen. Haiek elkarri “Hi, lo eitten xok gañera, kanpaie joten eta lo!”. Baina ondo esna egoten zen, begiak apropos itxita auzoko erremintei barre eragiteko. Hango edo hemengo baserrian kontu kontari egotea gustatzen zitzaion eta edozer gauzak sortzen zion barrea, algara itzelak eginez.[1]

Zengoittekoak Berrizera jaitsi behar ziren mezetara, egunero, eta goizeko 6,30etarako eliz ondoan egon. Joseparen kargu zegoen lastazaoa hartu, ixiotu beheko suan eta haren argiaren laguntzarekin irrintzi hutsez inguru guztiak esnatzearena, elkarrekin egiteko elizara arteko ostera aldapatsua.[1]
Soloan gari-ebate lanetan zegoela jada emakume edadetua zela Diego Quiroga Losada, Santa Maria del Villarreko IX. Markesak ateratako bi argazki tarteko, bere irudia hainbat argitalpen eta egutegitan agertu izan da, eta Gerediaga Elkarteko argazki funtsako parte da.[4][5]
1944. urtean Goti utzi eta Berrizera eraman zuen bizitzak, Etxaburu Aurrekoa baserrira. Han eliza ondoko leku jakin batera joateko ohitura zuen irrintziok ganoraz egiteko, soinua hobeto entzuten zela irizten ziolako. Umeek bat botatzeko eskatzen bazioten, lar erregutu barik asetzen zituen. Mariaren familiarekin Etxaburu baserrian biz izan zen, harik eta 1949an zendu zen arte.[1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g «Josepa Narbaiza, goizean goizeko iratzargailua - Mallabia» drogetenitturri.eus (kontsulta data: 2025-10-10).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» www.internet.aheb-beha.org (kontsulta data: 2025-10-10).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» www.internet.aheb-beha.org (kontsulta data: 2025-10-10).
- ↑ «Garitzan Goti barreneko soloan -» drogetenitturri.eus (kontsulta data: 2025-10-10).
- ↑ «Zengoitten gari-ebaten -» drogetenitturri.eus (kontsulta data: 2025-10-10).