Joseph L. Mankiewicz
Joseph Leo Mankiewicz (Wilkes-Barre, Pennsylvania, 1909ko otsailaren 11 - Bedford, New York, 1993ko otsailaren 5a)[1] estatubatuar zinema zuzendaria, gidoigilea eta ekoizlea izan zen. 48 gidoi idatzi zituen, eta 20 film baino gehiago ekoiztu. Bitan irabazi zuen zuzendari onenaren Oscar saria, 1949ko A Letter to Three Wives eta 1950eko All About Eve filmengatik.[2]
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Joseph L. Mankiewicz Wilkes-Barren jaio zen, Pennsylvanian, 1909ko otsailaren 11n. Gurasoak alemaniar jatorriko etorkin juduak ziren. Lau urte zituelarik, familia New Yorkera aldatu zen, eta hango Stuyvesant High School-en lortu zuen gradua.
Herman anaiaren babespean eman zituen lehenbiziko urratsak zinemaren munduan. Anaia Citizen Kane maisulanean aritua zen, eta indarra eta izena zituen Hollywoodeko jauntxoen artean. Beraz, dialogoegile lanetan hasi zen lehenik anaiaren laguntzaz, gidoigile gero, ekoizle planean hurrenik eta zuzendari azkenik, berak idatzi edo beste norbaitek prestatutako gidoiak moldatuz.[2]
Beldurrezko drama ilun batekin estreinatu zen zuzendaritzaren ofizioan, Dragonwyck (1946), Gene Tierney eta Vincent Price aktoreekin. Baina handik hiru urtebetera iritsi zitzaion lehenbiziko arrakasta biribila: Akademiak zuzendari onenari eta egokitutako gidoi onenari eskainitako oscarrak irabazi zituen A Letter to Three Wives ederrarekin. Ondoren, zinemaren eta antzerkiaren atzean ezkutatzen den mundu zikina, ustelkeria eta azpijokoa larrutu zituen All About Eve (1950) eta The Barefoot Contessa (1954) zoragarrien bitartez.[2]
Musikalera jo zuen Guys and Dolls (1955) lanean, eta antzerkiarekin bueltaka ibili zen Shakespeare eta Tennessee Williamsekin. Arrazionalismoaren porrotak, amerikar bizi moduraren kritikak, boterearen erabilerak eta denboraren iraganak osatu zuten bere filmografia. Aktore gehientsuenek ez zuten haren lan mekanismoa inoiz ametitu —Katharine Hepburnek txistua bota zion aurpegira Suddenly, Last Summer (1959) filmatu ondoren—, baina Bette Davis, Ava Gardner, Rex Harrison, Elizabeth Taylor edo Marlon Brando gutxitan egon ziren pantailan haren aginduetara bezain ongi.[1]
1972an errodatu zuen bere azken filma, Sleuth; labirintoen jolasa zine autentikoa egina bi aktore bakarrekin, Laurence Olivier eta Michael Caine.[2] 1992ko Donostiako Zinemaldian egin zuen bere azkeneko agerpen publikoa. "Garai bateko intimismoa eta sentiberatasuna galdu ditu zinemak, eta gaur egun bortizkeria, tiroak eta sexua nagusitzen ari dira" esan zuen orduan. "Martxa honetan, gangster guztien bizitzak kontatuta izango dira laster, ez da bat bera ere geratuko kontatzeko", azaldu zuen ironiaz. 1993ko otsailaren 5ean hil zen, bihotzekoak jota.[1]
Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zuzendari[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ a b c Gostin, A.. Mankiewicz hil egin da. Euskaldunon Egunkaria, 1993ko otsailak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-6).
- ↑ a b c d Gostin, A.. Mankiewicz, prosaren printzea. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko irailak 18, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-6).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
|