Joxe Arregi Izagirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Artikulu hau ETAkideari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Joseba Arregi (argipena)».
Joxe Arregi Izagirre
Bizitza
Izen osoa José Ignacio Arregui Izaguirre
Jaiotza Asteasu1951
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Madril1981eko otsailaren 13a (29/30 urte)
Heriotza modua : tortura
Jarduerak
Jarduerak terrorista
Kidetza Euskadi Ta Askatasuna
Izengoitia(k) Joseba Arregi

Joxe Arregi Izagirre (Asteasu, Gipuzkoa, 1951 - Madril, Espainia, 1981eko otsailaren 13a) ETAko kidea zen. Espainiako Polizia Nazionalak egindako torturen ondorioz hil zen.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko otsailaren 4an Brigada Regional de Seguridad Ciudadana poliziako kideek atxilotu zuten Isidro Etxaberekin batera Madrilgo hirigunean. Atxilotu eta Dirección General de Seguridad de la Policíara eraman zituzten. Bertan 9 egun eman zituzten, bakartuta, Lege Antiterroristaren aplikazioaz.

Carabanchelen hil zen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil aurreko egunean Joxe Arregi Carabanchelgo espetxeko ospitalera eraman zuten. Mediku txostenaren arabera, honako zauriak zituen Carabanchelen sartu zenean: «hematomas periorbitales con derrame conjuntival en ojo derecho, diversos hematomas en hombro derecho, caras internas de ambos brazos y piernas, grandes hematomas en ambos glúteos, heridas por quemaduras de segundo grado en plantas de ambos pies». Horrezaz gainera: «estado estuporoso del que se recuperaba paulatinamente, disnea intensa y dolor abdominal difuso sin signos de abdomen agudo». Egin zizkioten erradiografiek «un pulmón relativamente encharcado» zeukala erakutsi zuten.

Carabancheleko ospitalean ziren Iñaki Agirre (ETA (pm)), Xose Lois Fernández González (GRAPO), eta Lois Alonso Riveiro (PCE (r)) preso politikoek Arregirekin egon eta bere lekukotza jasotzeko aukera izan zuten: Gutun batean adierazi zutenez, oso latza izan da! esaldiarekin laburbildu omen zuen Joxe Arregik hamar egun haietan pasatakoa.

Haren egoera ikusita, Carabancheleko zuzendariak ospital zibil batera eramateko agindu zuen, baina ez zen kartzelatik bizirik irten.

Autopsiaren arabera, Joxe Arregiren heriotzaren eragile nagusia bronkoneumonia izan zen. Santi Brouard HASIko presidente eta sendagileak adierazi zuen "bañera" izenez ezagutzen den tortura motak baino ezin zezakeela eragin bronkoneumonia hori[1].

Jose Manuel Blanco, Poliziaren Zuzendari Nagusiak, Arregiren heriotza zabaldu orduko adierazi zuen "atxilotu horri egindako galdeketetan ez zaio inolako tratu txarrik egin"[2]. Handik gutxira dimisioa emango zuen.

Joxe Arregiren gorpuaren argazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arregi tortura.jpg

Joxe Arregi torturen ondorioz hil zela are begi bistakoagoa egin zen, pertsona anonimoei esker, bere gorpuari egindako argazkiak komunikabideetan zabaldu zirenean. Argazki haietan torturak eragindako zauri eta ubeldura nabarmenak ikus zitezkeen, hala nola, oinetan zituen erredurak.

Berria egunkariak, 2009ko maiatzaren 24an Igandea gehigarrian argitaratutako erreportajean [3] [4], argazki haiek Juan Kruz Uzurrunzagak eta Bixente Ameztoik egin zituztela argitu zuen.

Torturaren gaineko auzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrilgo Giza Eskubideen Batzordearen arabera, 73 poliziak hartu zuten parte Joxe Arregiren galdeketetan, Brigadas Regionales eta Central de Informacion taldekoak. Horietako bost atxilotu eta Joxe Arregiren heriotza eragin zuten torturen egile izatea leporatu zieten: Ricardo Sanchez, Juan Antonio Gonzalez, Juan Luis Mendez, Julian Marin Rios eta Juan Antonio Gil. Martxoaren 25ean libre gelditu ziren denak.

Antonio Gil Rubiales eta Julián Marín Ríos polizia kideak baino ez zituzten prozesatu. 1983. urtean epaitu zituzten Madrilgo Auzitegi Probintzialean. Epaiketan, Marinek, Joxe Arregi atxilotu eta galdekatu zuten polizia taldearen buruak, esan zuen "jakina eta ezaguna dela terroristak autolesionatu eta gero tratu txarren aurkako salaketak jartzen dituztela". Epaitegi horrek bi aldiz absolbitu zituen. 1989. urtean Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu egin zituen: hiru hilabeteko atxiloaldia eta bi urtez lanik eta soldatarik gabe Gili, eta hiru hilabeteko atxiloaldia eta hiru urtez lanik eta soldatarik gabe Marini.

Sendagileak ere bai[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste aldetik, Bartzelonako Medikuen Elkargo Ofizialak eta Hego Euskal Herriko berrehun sendagilek Joxe Arregiren zaurien larritasuna estaltzen saiatu ziren lau mediku salatu zituzten, eta Deontologia Batzordearen zigorra eskatu: Santiago Martín Pachón, Estatuko Segurtasuneko Zuzendaritzaren mediku-zerbitzuen burua, Miguel Usieto Arvej, Isidro Alvarez García eta Javier Juan Etreros Huarte doktoreak ziren salatutakoak. Azken hiru horiei torturak estaltzeko txostenak manipulatzea leporatu zieten. Madrileko Medikuen Elkargo Ofizialak ez zuen inolako neurririk hartu mediku horien kontra.

Madrileko Giza Eskubideen aldeko elkarteak ere mediku hauek prozesatzea eskatu zuen, baina zabaldutako prozesamenduko espedientea itxi egin zuen Madrileko 13. instrukzioko epaitegiko Jose Antonio de la Campa epaileak.

Espainiako Barne Ministro Juan Jose Rosonek Santiago Martin Pachon kargutik kendu zuen jendaurreko agerraldi batean, baina kasuaren oihartzuna iraungi zenean, berriro jarri zuen Estatuko Segurtasuneko Zuzendaritzaren zerbitzu medikoen buru, inolako publizitaterik gabe. Izanez ere, Martin Pachon Goi Mailako poliziaren inspektorea ere bazen.

Torturatzaileen geroko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Antonio Gil Rubiales 1985ean Iruñean inspektorea zela, kazetariek in fraganti harrapatu zuten kalez jantzitako beste 11 polizirekin batera, manifestazio bateko partaideak beisboleko bate eta katez jipoitzen. Mikel Zabalza hiltzeraino torturatu zutelako beren samina agertzen ari ziren herritarrak jipoitzen, hain zuzen ere.

1992an Madrilgo Brigada de Seguridad Ciudadana delakoan ziharduen, gero Unidad de Intervencion Polizialaren buru izendatu zuten, 2003an Arona (Tenerife) herriko polizia buru eta 2005ean Tenerifeko Probintziako Komisario buru. Gil Rubiales 2008ko uztailaren 7an hil zen Santa Cruz de Tenerifeko bere bulegoan. Estatuaren, militarren eta eliza katolikoaren ohore ofizialekin lurperatu zuten [5].

Auzi honetan kondenatutako beste polizia, Julian Marin Rios, Poliziaren Artezilari Taldearen buru izendatu zuten 1987ko irailean. Orain, Julián Marínek, urteak daramatza Kitoko (Ekuador) Espainiako enbaxadan, «Agregado de Interior» gisa.

Hasieran auzipeturiko beste hiru polizien kasuan, Ricardo Sánchez «Brigada Central de Policía Judicial»-eko inspektore-nagusi zen dagoeneko 92an, eta Juan Luis Mendez Madrilgo «Brigada Provincial de Seguridad Ciudadana»-ko buru 94ean. Juan Antonio González Garcíak ere oso kargu garrantzitsuak izan ditu, eta gaur egun «Comisaría General de la Policía Judicial»-eko burua da [6].

Herriaren oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zizurkilen herriko plazari Joxe Arregi izena eman zioten 1981ean. Herrian gehiengoa zuen Ezker Abertzalea 2007ko udal hauteskundeetan legez kanpo utzi zutela baliatuta, 2008ko apirilaren 14an Angeles Lazkano (EAJ) buru zuen Zizurkilgo udalak izena aldatzea erabaki zuen «biktimen sentsibilitateari eraso» egiten ziola argudiatuta. Zinegotzi guztiek bozkatu zuten mozioaren alde, EAJko bost zinegotziek, EAko biek, eta PSE-EE, PP eta Aralar-EB koalizioko banak [7].

Euskal Herrian, Joxe Arregi hil zeneko eguna gogoratzeko, Torturaren Aurkako Eguna egiten da otsailaren 13an.

Aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]