Joxemari Iriondo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Joxemari Iriondo
Bizitza
Jaiotza Azpeitia1938ko ekainaren 10a (79 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
Jarduerak
Jarduerak kazetaria
Kidetza Euskaltzaindia

Joxemari Iriondo Unanue[1] (Azpeitia, Gipuzkoa, 1938ko ekainaren 10a) kazetaria da, eta lan handia egin du bertsolaritza, trikitia eta euskal kantagintza zabaltzen. Loiolako Herri Irratian izandako 22 urteko jardunean artxibo dokumental aparta osatu zuen, irratiko estudioan bertan zein hamaika bertso saio, erromeria eta kantaldietan egindako zuzeneko grabazioez osatua. Euskal kantagintza berriari bultzada handia eman zion Iriondok, eta Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuen. 2010ean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.[2] Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urrestilla auzoan jaio zen Joxemari Iriondo, 1938ko ekainaren 10ean. Mutil koskorra zela irratigintzak lilura piztu zion, baita euskararekin lotutako kontuek ere. Soldadutzan egin zituen lehen irratsaioak, Sidi Ifnin (Maroko) eta handik itzulitakoan, Loiolako Herri Irrati hasi berrian hartu zuten lanerako, 1961. urtean. Kontabilitatea eramaten zuen hasieran, baina pixkanaka kazetari lanak egitera pasatu zen. Herrietako informazioa jorratu zuen hasieran, eta geroago elkarrizketak eta euskal kulturarekin lotutako gaiak. Bertsozale eta trikitizale amorratua zen eta saioak eta erromeriak grabatzen hasi zen, ondoren irratian emateko. Beste batzuetan, trikitilariak, bertsolariak edota kantariak estudiora joaten ziren, grabatzera. Geroago, beste zeregin batzuk ere hartu zituen bere gain; esaterako, gai-jartzaile lanetan aritu zen hainbat urtez, bertsolari gazteen txapelketa antolatu zuen Herri Irratian eta 1962an, trikitilarien sariketa antolatzen hasi zen. Trikitia bultzatzeko egindako lanarengatik, EITBk omenaldia egin zion 2006. urtean, San Jose Eguneko Trikiti Jaialdian.

Beste zaletasun nagusia kantagintza zuen eta hor ere lan eskerga zor zaio, kantari berriak ezagutzera eman zituelako 60ko hamarkadan. Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskarbi eta hain ezagunak egin ez ziren beste hainbat abeslari irratira eraman zituen, zuzeneko grabazioak egiteko. Halaber, Ez Dok Amairu taldea eratzeko bileretan parte hartu zuen. "Artze, Lourdes [Iriondo] eta hirurok bildu ginen, eta erabaki genuen bilera bat egin behar genuela euskaraz kantatzen zutenekin. Donostiako Iturriotz tabernan bildu ginen. Hamabost egunera beste bilera bat egin genuen, eta erabaki genuen talde bat sortu behar genuela. Izena gero onartu zen: Ez Dok Amairu. Nire borroka zen jesuitek eta zuzendariek nola hartuko zituzten kanta haiek. Oso ondo hartu zituzten, ez nuen inolako oztoporik izan. Niretzat zoragarria izan zen artista haiek denak grabatzea. Lanean jardundako 42 urteko unerik politena izan zen hori".[3]

Hogeita bi urtez aritu zen Iriondo Herri Irratian lanean, eta 1975ean hura utzi eta TVEko Telenorte-n hasi zen beharrean, Euskalerria saioan astero erreportaje bat eginez. 1983an EITBn sartu zen eta 1985ean, ETBko zuzendari izendatu zuten. 1989tik 1998ra bitartean, EITBko irratietako burua izan zen. 2003. urtean erretiroa hartu zuen.

Hainbat biografia idatzi ditu: Lourdes Iriondo, Estitxu, Julen Lekuona, Inazio Eizmendi Basarri, Joxemari Aranalde, Auntxa eta Iturbidetarrak...

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hedabideetan haren izena Joxe Mari edo Jose Maria idatzita ere ageri da, baina berak Joxemari izenpetzen du. Ikus, adibidez, berak idatzitako «Antonio Zavalaren hilberri-txostena» (Plazaberri, Euskaltzaindia, 2010-02-01).
  2. Euskaltzaindiko Prentsa Zerbitzua: «Joxemari Iriondo ohorezko euskaltzainak diploma jaso du», Plazaberri, Euskaltzaindia, 2010-03-30.
  3. Berria, 2003ko irailaren 21a.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]