Juan Antonio Castro Izagirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Antonio Castro Izagirre
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJuan Antonio Castro Izaguirre
JaiotzaTolosa1911ko ekainaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz1994ko ekainaren 23a (82 urte)
Familia
AitaLuis Castro
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmilitarra
Zerbitzu militarra
Adar militarraSpanish Republican Navy (en) Itzuli
Frantziako Itsas Armada
Graduaalférez de fragata (en) Itzuli
ontzi-kapitain
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Irungo gudua
Bigarren Mundu Gerra

Juan Antonio Castro Izagirre (Tolosa, 1911ko ekainaren 26a - Biarritze, 1994ko ekainaren 23a) itsas armadako militarra izan zen Espainiako zein Frantziako itsas armadetan[1].

Juan Antonio, Luis Castro Casalen, tolosar jurista eta politikariaren, semea zen. San Fernandoko Itsas Akademian sartu zen 1931n. Handik bost urtera amaitu zituen ikasketak, fragata-alferez mailarekin.

Espainiako Gerra Zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Gerra Zibilaren hasierak jaioterrian harrapatu zuen eta ondorioz Tolosako defentsan eta Irungo batailan parte hartu zuen. Ondoren, Cartagenako itsas basera joan zen eta han Méndez Núñez gurutzontzi arineko bigarren komandante izendatu zuten. 1937ko apirilean Bilbora joan zen eta Ciscar 1 destruktorearen ardura hartu zuen.

Iparraldeko frontea erori ondoren, familaiengana joan zen Donibane Lohizunera non errefuxiatuta baitzegoen. Errepublikako arduradunen aginduetara jarri zen eta urrian Le Havreko portu frantsesera bidali zuten Jose Luis Diez destruktorearen komandante moduan haren konponketa-lanez arduratzera. Tarte horretan tripulazioa aldatu eta konfiantzako gizonez osatu zuen, tartean euskal herritar ugari.

Le Havren zegoela matxinatuen eskaintzak jaso zituen bandoz aldatzeko, baina Castrok ez zion Errepublikari traiziorik egin. Flota Errepublikanoaren Agintaritzatik El Havretik Cartagenako Itsas Basera joateko agindua jaso zuen 1938 udan. Cartagenara iristeko, Gibraltarko itsasartearen itsasontzi matxinoen blokeoa hautsi beharra zuen. Blokeoa hausteko aukera gehiago izateko, Jose Luis Diez detruktorea mozorrotu egin zuen Royal Navyren destruktoreen plantak egiteko, Txurruka klaseko ontzi espainiarren oso antzekoak baitziren[2]. Alemaniako espioitza-zerbitzuak matxinatuak abisatu zituen eta itsasartean zain zituen Francoren ontziak, 7tik gora, tartean Canarias gurutzontzia. Borroka latza hasi zen Jose Luis Diaz destruktorea arrimatu zenean, baina ez zuten ez hondoratzea ezta harrapatzea ere lortu. Larri matxuratuta, Gibraltarko portuan babestea lortu zuen. Britainiarrek ez zioten laguntzarik eman ontzia konpontzeko eta Castrori agindu zioten bere baliabidez konpondu beharko zuela hilabete baten epean. Abenduan britainiarrek tripulazioa atxilotu zuten eta Almeriara eraman, artean Errepublikaren esku.

Castro komandanteak Cartagenara eta handik Bartzelonara eta Frantziara iristea lortu zuen. Espainiako beste errefuxiatu askorekin batera, Gurseko kontzentrazio-esparruan sartu zuten. Handik ihes egitea lortu zuen eta Donibane Lohizunera joan zen. Bertan otarrainontzi bat lortu zuen eta euskal errrefuxiatu batzuekin batera Irlandaraino nabigatu zuen.

Frantziako Itsas Armada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940. urtea amaitu baino lehen, de Gaulle jeneralaren Frantzia Askearekin harremanetan jarri zen. Frantzia Askearen armandan Triomphant gurutzontziaren bigarren komandante izendatu zuten eta Bigarren Mundu Gerra Ozeano Pazifikoko uretan borrokatu zuen.

Gatazka amaituta eta nazionalitate frantsesa eskuratuta, Simone Larroderekin ezkondu zen. Hurrengo urteetan hainbat ardura hartu zituen Frantziako itsas armadan, tartean Toulongo Itsas Basearen komandantzia eta Armadako Zerbitzu Meteorologikoetako buruzagitza.

Biarritzen hil zen 1994ko ekainaren 23an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Fernández Díaz, Victoria.. (2009). El exilio de los marinos republicanos. Universitat de València ISBN 978-84-370-8324-7. PMC 969853566. (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).
  2. (Gaztelaniaz) Nuevatribuna. «Castro Izaguirre, un marino leal a la República» Nuevatribuna (Noiz kontsultatua: 2020-09-23).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]