Juan Bautista Anza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Juan Bautista Anza
Juan Bautista Anza
Datu pertsonalak
Izen osoa Juan Bautista Anza Bezerra Nieto
Jaio 1736ko uztailak 6/7
Fronteras, Sonora
(gaur egun Mexiko)
Hil 1788ko abenduak 19
Arizpe, Sonora
(gaur egun Mexiko)

Juan Bautista Anza Bezerra Nieto (Fronteras, Sonora, Espainia Berria, gaur egun Mexiko, 1736ko uztailaren 6 edo 7a - Arizpe, Sonora, Espainia Berria, gaur egun Mexiko, 1788ko abenduaren 19a) euskal jatorriko[1] militar, esploratzaile eta agintaria izan zen. 1777–1787 bitartean Espainiar Inperioaren Mexiko Berriko probintziako gobernadorea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Bautista Anza Fronterasen jaio zen, Espainia Berriaren iparraldeko mugan bizi zen familia batean. Aita, Juan Bautista Anza I.a, Fronterasko presidioko kapitaina izan zen, 1740an apatxeek hil zuten arte[2]. 1752an Fronterasko presidioko armadan sartu zen. Laster igo zen mailaz, eta 1760an kapitaina zen. 1761ean Francisco Pérez Serrano, espainiar meatze-jabearen alabarekin ezkondu zen. Anzak hainbat sarraldi zuzendu zituen amerindiar etsaien lurraldean (apatxeen aurka, esate baterako) eta, era horretan, gaur egungo Arizonako bazter gehienak esploratu zituen.

1773an Antonio Maria Bucareli Urtsua erregeordeak Sonora Kalifornia Garaiarekin lotuko zuen bidea esploratzeko baimena eman zion. Bi arrazoi zeuden espedizioari baietza emateko. Batetik, Kaliforniako misioak hornitu ahal izateko beharrezkoa zen lehorreko bidea ezartzea, hornidura itsasoz eramatea zaila eta arriskutsua zelako. Bestetik, Europako beste indarrak (Erresuma Batua eta Errusia, batez ere) Pazifikoan aurrerapen handiak egiten ari zirenez gero, Espainiako erregeak Kalifornia Garaia kolonizatzeko ahalegina egin nahi zuen[3].

Beharrezko prestaketak eginik, 1774ko urtarrilean Anza kapitaina, Aita Francisco Garcés frantziskotarra, soldadu eta zerbitzari batzuk eta 200 behi eta zamari inguru irten ziren Tubacetik. Gila eta Colorado ibaien bilgunean harreman adiskidetsuak izan zituzten Yuma etniako indioekin, eta hauen buruzagi Salvador Palmaren laguntza erdietsi zuten. Laguntza hau erabakigarria izan zen Gila eta Colorado ibaiak zeharkatzeko. Sierra Nevada gurutzatu ostean, 1774ko martxoaren 22an espedizioa San Gabriel misiora (gaur egungo Los Angeles hiritik gertu) iritsi zen. Iparralderantz Monterreyraino jarraitu zuen, eta gero Tubacera itzuli zen[3][4].

Bidaldiaren arrakasta ikusirik, Bucarelik beste espedizio bat antolatzeko agindu zion Anzari, orduko hartan kolonoekin. 1775eko urriaren 25ean Anza, militar gutxi batzuk eta 240 gizon, emakume eta haur Tubacetik abiatu ziren. Bost hilabetez zaldiz, mandoz eta oinez ibili eta gero, 1776ko martxoaren 10ean Monterreyko presidiora heldu ziren. Oso bidaia gogorra izan zen, hotzak, goseak eta egarriak asko sufritu baitzuten kolonoek; hala ere emakume bat baino ez zen hil (erditzeko konplikazioengatik) eta lau ume jaio ziren. Berriz ere, bidean topatu zituzten indioen laguntza ezinbestekoa izan zen espedizioaren arrakastarako. 1776ko ekainean kolonoek, José Joaquín Moraga tenientea buru zutela, San Frantziskoko badiara joateko baimena eskuratu zuten eta bertan presidioa eta misioa eraiki zituzten[3].

1777an Espainia Berriko erregeordeak Mexiko Berriko gobernadore izendatu zuen Juan Bautista Anza. 1779an komantxeen aurkako zigor espedizio bat zuzendu zuen eta, gaur egungo Pueblotik (Colorado) hurbil, Cuerno Verde buruzagia hil zuten. 1787 arte jardun zuen gobernadore karguan. 1788ko abenduaren 19an hil zen, Arizpen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. r William A. DOUGLASS, Jon BILBAO (1975(2005)): Amerikanuak: Basques in the New World Reno, NV: University of Nevada Press. p. 190. ISBN 0-87417-625-5. 2014ko apirilean begiratua.
  2. Donald GARATE (2005): Juan Bautista de Anza: Basque Explorer in the New World, 1693-1740 University of Nevada Press. 2014ko apirilean begiratua.
  3. a b c Spanish Exploration and Colonization of "Alta California" 1774-1776: Historical Context Anza.uoregon.edu
  4. Carl WALDMAN, Alan WEXLER: Anza, Juan Bautista de Fofweb.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Bautista Anza Aldatu lotura Wikidatan