Edukira joan

Juan Carlos Pérez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Carlos Perez» orritik birbideratua)


Juan Carlos Pérez

(2008)
Bizitza
JaiotzaMutriku1958ko maiatzaren 28a (66 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria
KidetzaItoiz

IMDB: nm2265812 Musicbrainz: 3bae6d50-ed32-4224-90db-1df2186b0483 Discogs: 1004623 Allmusic: mn0001850890 Edit the value on Wikidata

Juan Carlos Pérez Gómez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958ko maiatzaren 28a) euskal musikaria da, Itoiz taldeko sortzaile, abeslari eta gitarra-jolea izan zena.

Herriko udal musika akademian ikasketak egin ondoren Zuzenbidean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta 1970eko hamarkadaren urte haietan hasi zen musika ibilbidea, Indar Trabes taldearekin lehenik eta Itoizekin gero (1978-1988). Aldi berean, musika ikasketetan sakondu zuen Bilbon eta telebistarako lanak egiten hasi zen 1984an.

Azken urteotan bakarka aritzen da abeslari eta musika konpositore gisa, proiektu berritzailetan murgildurik.[1]

Itoiz taldeko abeslari eta kantuen egilea izan zen Juan Carlos Pérez, 1978tik 1988ra bitartean. Geroztik, bakarkako bide luze eta emankorra egin du, urteekin garatuz joan den heziketa eta ikerketa musikala sorkuntzaren zerbitzura jarriz hainbat esparrutan. Pop diskoak kaleratu ditu, telebista, dantza, zinema eta antzerkirako musika sortu du, gaur egungo musikako obrak konposatu ditu, eta orkestra sinfonikorako obra bi estreinatu ditu: Bizkaieraz eta Itoiz Suite.

Juan Carlos Pérez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958) oso gazterik murgildu zen musikaren sorkuntzan. Solfeo, gitarra eta klarineteko oinarrizko ikasketak egin zituen Mutrikuko Udal Musika Eskolan, eta, hamasei urte zituela, Indar Trabes plaza taldea sortu zuen, Mutriku eta Ondarroako beste lau lagunekin. Indar Trabes Itoiz bilakatu zen 1978an, eta zazpi disko kaleratu zituen hurrengo hamarkadan; euskal musikaren erreferentziazko talde bihurtu zuten disko horiek.

Itoizen garaian, 1984an, hasi zen Juan Carlos Pérez bestelako sorkuntza lanak egiten, pianoa ikastearekin batera. Telebistarako (TVE eta ETB) sintoniak sortzen hasi zen, La aventura humana, Los tres anillos, La puerta abierta, Dr. Livingstone... supongo eta beste zenbait saiotarako, hain zuzen ere. Lan hori Bitacora cahiera (Esan Ozenki, 2002) diskoan bildu zuen. Halaber, Bernardo Atxaga idazleak asmatutako istorio baten gainean ETBk ekoitzitako Flannery eta bere astakiloak (1986) marrazki bizidunetako sailari musika jarri zion.

Itoizen desagerpenak, 1988an, diskoak eta kontzertuak egiteko zurrunbilotik askatu zuen Pérez, eta Bilboko Kontserbatorioan solfeo, piano eta estetika ikasketak egiteko baliatu zuen aukera. Adierazpide berriak ikertzeari ekin zion, gaur egungo musikako sorkuntzari lotutakoak batez ere. Arkatza eta borragoma hartu, eta musika idazten hasi zen. Bakarkako lanera lotu zen. Hala ere, ez du pop musika erabat baztertu, baizik eta sorkuntzaren beste alderdi horrekin tartekatu du azken hogei urteetan. Hala, JC Pérez izenarekin hiru disko plazaratu ditu: Atlantic River (Elkar, 1994) -Itoiz desegin eta gero gitarraren ordez pianoarekin eta partitura baten gainean konposatzeak bere kantugintzara ekarritako aldaketen lekuko garden eta ederra-, Hau berua (Elkar, 1996) -Van Morrisonen eta orkestra latindarren soul eta jazz eraginak azaldu zituen lan horretan, eta berau aurkezteko agertokietara itzuli zen talde handi batekin- eta Hiriko istorioak (Elkar, 2006), Itoizen diskoetatik eta bakarka grabatutakoetatik aukeratutako hainbat kantu eta berri batzuk jazz moldean emanak jasotzen dituen obra. Tartean, Maskarada antzerki taldearen Ikaro dantza ikuskizunerako musika sortu zuen, «rock psikodelikoa», Ikaro (Elkar, 2000) diskoan argitaratutakoa.

Dena den, gaur egungo musikaren esparruak bereganatu dio arreta nagusia azken hamarkadan. «Sonoritate berrien bila nabil beti, eta musika garaikideak lehen rockak ematen zidana ematen dit: mundu zabal bat lan egiteko (...) Beti interesatu izan zait bide hau, eta esango nuke nire lanaren oinarrian beti egon dela konposiziorako lotura bat. Beharbada jende askok euskal kantari gisa ikusten nau, baina ni ez naiz sekula rock edo folk singer sentitu». Hari laukoterako obra bat, Blues for String Quartet, idatzi zuen 1997an, eta Musika Berrien Donostiako VIII. Jaialdian estreinatu zuen Arkadius hari laukoteak, hari instrumentuetarako beste hiru obrarekin batera. Lau konposizioak Quatuor diskoan (No-CD Rekords, 1997) grabatu zituen Arkadius String Quartetek. Hari laukoterako obra hori Estatu Batuetako Louisville hiriko Unibertsitatearen Grawemeyer Music Collection bilduman dago.

Esparru berean Juan Carlos Pérezek sortu dituen beste obra batzuk dira Zazpi dantza haize boskoterako konposizioa, Gintonic 8:40 in the blue night flauta eta pianorako sonata, Foxtrot eta Zortziko saxofoi eta perkusiorako lanak... Bizkaiko Diputazioaren enkarguz, Bizkaieraz sortu zuen, orkestra sinfonikorako lana, eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak 2007an estreinatu zuen, Bilkoko Euskalduna jauregian. Albokaren soinuan inspiratuta dago Bizkaieraz, tresna horrek definitzen baitu herrialdearen soinua, Pérezen iritziz.

Lan haren haritik sortu zen Itoizen kantuak arlo sinfonikora eramateko proiektua. Perez bera arduratu zen taldearen abesti esanguratsuenetako batzuen zatiekin osaturiko konposizioa sortzeaz, Itoiz Suite. 2009ko Bilboko Aste Nagusian estreinatu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoak, eta geroago CD eta DVDan argitaratu zen.

Perezen obrak Donostiako Musika Hamabostaldian, Zumaiako Hamabostaldian, Bilbao Orkrestra Sinfonikoaren Ganbera Musikako Zikloan eta Leioako Gaur Egungo Musikaren Astean estreinatu dira, besteak beste.

Azken urteetan, Hiriko istorioak zuzenean aurkezten ibili da Pérez, Fernan Irazoki (bateria), Gonzalo Tejada (kontrabaxua), Andrzej Olejniczak (saxofoia), Rubén Salvador (tronpeta) eta Alberto Urretxok (tronboia) osatutako taldearekin.

Beste taldeentzako ekoizpen lanak ere egin ditu Juan Carlos Pérezek urte hauetan guztietan: Jotakie, Tahúres Zurdos, Laja trikitilaria, Maixa ta Ixiar, Sugan...

2024an bere Saturraran "Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia", opera ondu zuen, Kirmen Uriberen libretoarekin. Aurkezpena Bilboko Arriaga antzokian egin zen, 2024ko ekainaren 20an egin zen.[2] Argumentua elkar maitatu ezin diren bi emakumeren kontakizuna da Saturraran. 80ko hamarkadan, Ane, alturako arrantzale baten alaba, eta Luna, furgoneta batean heldutako andaluziarra, elkarrekin maiteminduko dira. Heroinaren zurrunbiloak harrapatuko ditu eta, herritarren gaitzespena dela eta, Saturrarango kartzelaren hondakinetan hartuko dute babesa. Jose, Aneren aita alarguna, haiek laguntzen ahaleginduko da. Desberdina onartzearen zailtasuna, heroina eta HIESaren oldarraldia, arrantzaren munduaren gainbehera. Libreak izaten irakatsi zigun belaunaldi galduari egindako omenaldia da Saturraran.[1]

  1. Itoiz (1978)
  2. Ezekiel (1980)
  3. Alkolea (1982)
  4. Musikaz blai (1983)
  5. Espaloian (1985)
  6. Nobela beltza (1985)
  7. Ambulance (1987)
  8. eremuko dunen atzetik dabil... (1988)
  9. Itoiz 1978-1988 (2000)
  10. Itoiz-Antologia 1978-1988 (2008)
  1. Atlantic River (Elkar, 1994)
  2. Hau berua (Elkar, 1996)
  3. Ikaro (Elkar, 2000)
  4. Hiriko istorioak - JC Pérez Live (Elkar, 2006)
  5. Itoiz Suite, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera (Brian's Records, 2009)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]