Juan Jose Ibarretxe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Juan Jose Ibarretxe
Ibarretxe.jpg
Escudo del Pais Vasco.svg
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

1999ko urtarrilak 2 - 2009ko maiatzak 7
Jose Antonio Ardanza - Patxi López
Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea

1995eko urtarrilak 4 - 1999ko urtarrilak 2
Jon Imanol Azua - Idoia Zenarrutzabeitia
alkate

Bizitza
Jaiotza Laudio1957ko martxoaren 15a (60 urte)
Herrialdea  Araba, Euskal Herria
Hezkuntza
Heziketa Euskal Herriko Unibertsitatea
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak politikaria eta ekonomialaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolizismoa
Alderdi politikoa Euzko Alderdi Jeltzalea

Juan Jose Ibarretxe Markuartu (Laudio, 1957ko martxoaren 15a - ) euskal herritar politikaria da, jelkidea eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria 1999ko urtarrilaren 2tik 2009ko maiatzaren 5a arte.

Estreinako urteak politikan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibarretxe 1979an hasi zen politikan, EAJn sartu zenean. 1983ko udal-hauteskundeetan, Laudion EAJko zerrendaburua izan zen. Bozen % 31,5 eta 7 zinegotzi lortu zituen: nahiz eta gehiengo absolutua ez lortu (udala 21 zinegotzik osatzen baitzuten), legegintzaldi horretarako alkate izan zen.

Horrekin batera, Arabako Batzar Nagusietan aritu zen; 1983 eta 1994 bitartean, prokuradorea izan zen eta presidentea 1986ko irailaren 30etik 1991ko ekainaren 26 arte. Eusko Legebiltzarrera 1984an sartu zen, bigarren legegintzaldian.

Bi urte geroago, Ekonomia eta Aurrekontuen batzordeko presidente izendatu zuten. Kargu horretan hiru legegintzaldian jardun zuen, 1995eko urtarrilaren 4 arte, Jose Antonio Ardanza lehendakariak lehendakariorde izendatu baitzuen.

Lehendakariordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ardantza buru zuen bosgarren legegintzaldiko gobernua EAJk, EAk eta PSE-EEk osatzen zuten. Koalizioak 1998ko uztailera arte iraun bazuen ere, legegintzaldiaren amaiera arte Ibarretxe lehendakariorde eta Ogasuneko sailburu izan zen (1999).

Ogasun sailburua izanda, 1997ko martxo eta maiatzaren bitartean Espainiako gobernuarekin kupoa negoziatzeko eta kontzertu ekonomikoa berritzeko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren burua izan zen Ibarretxe. Garai hartan, Jose Maria Aznar Espainiako presidente izendatzeko Madrilgo Diputatuen Kongresuan PPk eta EAJk hitzarmena adostu arren, negoziazio gogorrak izan ziren. Euskal Autonomia Erkidegoak BEZ izan ezik,zerga guztien gainean arautzeko eta biltzeko ahalmen ia-ia osoa lortu zuen.

Lehendakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VI. Legegintzaldia (1998-2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak 1998an.

V. Legegintzaldia Jose Antonio Ardanzaren azkena izan zen, politikako fronteko lehen lerroan urte gehiegi eman ondoren; haren ordez, Euzkadi Buru Batzarrak Ibarretxe hautatu zuen: Kontzertu Ekonomikoaren negoziazioaren arrakastak alde izan zuen.

Hauteskundeeak 1998ko urriaren 25ean egin ziren. Testuinguru politikoa nabarmen aldatu zen, ez bakarrik Ardantzak berriro aurkezteko muzin egin izanagatik: izan ere, irailaren 17an, ETAk su-etena ezarri zuen, 11n Lizarrako Akordioaren sinaduraren ostean. Hauteskundeetan, EAJk botoen % 27,28 lortu zuen, Eusko Legebiltzarreko 21 eserlekurekin.

Ibarretxe lehendakari 1999ko urtarrilaren 2an izendatu zuten, lehenengo arabarra eta historiako gazteena, 41 urte baitzituen. EAJ, EA eta Euskal Herritarroken babesa jaso zuen. Martxoan, hiru alderdi abertzaleon arteko gobernu-hitzarmena adostu zen, eta EAJ eta EAren arteko koalizio-gobernua osatu. Akordio hartan, Euskal Herritarrokek politikaren mesedetan ekintza armatua baztertzen zela adierazi zuen.

Nolanahi ere, 1999ko azaroaren 27an ETAk su-etena hautsi zuenean, EAJ eta EAri hitzartutakoa bete ez izana egotzi zion. 2000ko urtarrilaren 21ean, ETAk 20 kilo dinamitaz betetako bonba-autoa leherrazi zuen Madrilen. Horren ondorioz, Pedro Antonio Blanco teniente koronela hil zen. Ibarretxek EHrekiko akordioa etenda utzi zuen. ETAk Fernando Buesa PSE-EEko agintaria eta Jorge Díez bizkartzaina hil ondoren, akordioa apurtu egin zen.

Akordioaren hausturaren eta Euskal Herritarrokek legebiltzarra utzi izanaren ondorioz, EAJ gutxiengoan geratu zen gobernuan. Orduko euskal politika bi frontetan zegoen banatuta: batetik, konstituzionalistak (PP eta PSOE); bestetik, abertzaleak (gainerakoak). PSE eta PPren arteko oposizio bateratuaren aurrean, legeak ezin ziren aurrera atera. 2001eko aurrekontuak ez ziren onartu, eta 2000koak berriz erabili behar izan ziren. Hori dela eta, hauteskundeak 2001eko maiatzaren 13ra aurreratu ziren.

VII. Legegintzaldia (2001-2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak, 2001ean.

Eusko Legebiltzarerako 2001eko hauteskunde kanpaina historiako gogorrenetakoa izan da, oso proposamen ezberdinetako bi bloke aurkeztu baitziren. EAJ eta EA elkarrekin joan ziren, programan garaiko egoera politiko gainditzeko asmoa garbi aldarrikatuta. Abertzalea ez izan arren, Ezker Batua bloke nazionalistaren barruan sartu zuten hainbat komunikabidek. Euskal Herritarrok ere aurkeztu zen. Nahiz eta Ibarretxek euren botoez gobernatzeko baliatuko ez zela adierazi, inon jartzekotan, komunikabideek nazionalisten aldean kokatu zituzten.

Bere aurrean, PP eta PSE-EE aurkeztu ziren, konstituzionalistak deitzen zirenak, koalizio berean joan ez arren. Espainiako hedabide nagusi guztiek babestuta, Jaime Mayor Orejak eta Nicolás Redondo Terrerosek (bi alderdien buruak, hurrenez hurren) bat egin zuten garaiko sistema politikoa (Gernikako Estatutua eta 1978ko Espainiako Konstituzioa) irmo defendatzean, eta terrorismoa amai zedin abertzaleak botere-gunetik kentzea beharrezkoa zela argudiatzean.

Azkenean, aldea uste baino askoz handiagoa izan zen. EAJ-EAk botoen % 42,7 lortu zuten eta 33 eserleku (26 EAJk eta 7 EAk); Ezker Batuak, 3; PPk eta PSOEk, 32 (19 PPk, 13 PSOEk); eta Euskal Herritarrokek, 7. Horiek horrela, 2001eko ekainaren 12an, EAJ-EA eta EBen babesarekin, Ibarretxe lehendakari hautatu zuten eta hiru alderdiok gobernua osatu.

Hala ere, gehiengo absolutua lortzeko bi parlamentari behar zituen gobernuak, baina modu batean edo bestean, aurrekontuak aurrera atera ziren: 2002an Sozialista Abertzaleak abstenitu zen zenbait partidatan, 2003an Jaime Mayor Oreja ez zen bozketara iritsi, eta 2005ean parlamentari sozialista batek huts egin zuen bozkatzean.

Legegintzaldiko ekimen sonatuena Ibarretxe Plana zeritzona izan zen. Hauteskunde programan agindu bezala, garaiko egoera politikoa gainditu nahi izan zuen Eusko Jaurlaritzak. Independentismoa aldarrikatu gabe, Espainia eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko erlazioa asoziazio askean oinarritzen zela adierazten zuen. Eusko Legebiltzarrean 2004ko abenduaren 30ean onartu zen Plana, Sozialista Abertzaleen sei parlamentarietako hiruk alde bozkatu zutelako eta beste hirurek aurka. Espainiako Kongresuak, ordea, uko nabarmena egin zion planari: 313 boto kontra (PSOE, PP, Ezker Batua, Coalición Canaria eta Chunta Aragonesista), 29 alde (EAJ, EA, Nafarroa Bai, CiU, ERC eta BNG) eta bi abstenzio (IC-V).

VIII. Legegintzaldia (2005-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak, 2005ean.

2005eko apirilaren 17ko hauteskundeetan EAJk eta EAk uste baino emaitza pobreagoak lortu zituzten: botoen % 38.67 eta 29 eserleku. Ezker Batuak 3 eskuratu zituen. PSE-EEk 18 parlamentari atera zituen eta EHAKk, 9. Aralarrek, eserleku bat lortuta, Eusko Legebiltzarrean sartzea lortu zuen. Ibarretxe lehendakari EAJ, EA eta EB-Ben bozek izendatu zuten ekainaren 23an.

2004ko martxoaren 14ko hauteskundeen ondorioz, Espainiako gobernu berria zela medio, Madril eta Gasteizen arteko hartu-emana arindu zen. Gainera, Ibarretxe Planaren polemika lausotu zen ETAren su-etenarekin. Legegintzaldi honetan, beraz, bi blokeen politikak elkarlanari utzi dio bidea ezarian-ezarian.

Su-etenaren testuinguruan, Ibarretxe alderdi guztiekin elkarrizketatu zen, baita Batasuneko Arnaldo Otegi, Juan Jose Petrikorena eta Pernando Barrena ordezkariekin ere. Orduko Batasuna legez kanpo zegoela eta, Ermuko Foroak Ibarretxe salatu zuen Justizia Jauregi Gorenean (geroago, PSEko Patxi López eta Rodolfo Ares ere bai, gauza bera egin baitzuten). Hori dela eta, 2007ko urtarrilaren 31n Ibarretxek deklaratzera joan behar izan zuen.

Politika uztea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko maiatzaren 5ean, politika utziko zuela esan zuen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Juan Jose Ibarretxe Aldatu lotura Wikidatan


Aurrekoa
Jose Antonio Ardanza
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Escudo del Pais Vasco.svg

1999ko urtarrilaren 2a - 2009ko maiatzaren 7a
Ondorengoa
Patxi López
Aurrekoa
Jon Imanol Azua (Lehena)
Fernando Buesa (Bigarrena)
Escudo del Pais Vasco.svg
Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordea
1995-1999
Ondorengoa
Idoia Zenarrutzabeitia
Aurrekoa
Jon Larrinaga (Ekonomia)
Escudo del Pais Vasco.svg
Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailburua
1999-2009
Ondorengoa
Idoia Zenarrutzabeitia
Iñigo Urkullu Patxi López Juan Jose Ibarretxe Jose Antonio Ardanza Carlos Garaikoetxea Ramon Rubial Jesus Maria Leizaola Jose Antonio Agirre