Juan Manuel Iglesias Sánchez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Manuel Iglesias Sánchez
Bizitza
JaiotzaCortegana, 1961
Herrialdea Euskal Herria
BizilekuaSestao
HeriotzaSestao1977ko urtarrilaren 9a (15/16 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-gutxiegitasuna
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakikaslea

Juan Manuel Iglesias Sánchez (Cortegana, Huelva, 1961Sestao, Bizkaia, 1977ko urtarrilaren 9a) 15 urteko gaztea zen, Sestaon polizia karga bortitz batetik ihesean zegoelarik bihotz-gutxiegitasunak jota hil zena. Polizia kargak amnistiaren aldeko manifestazio bat erreprimitzeko erabili ziren[1][2].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Manuelen familia Corteganatik (Huelva) ailegatu zen Euskal Herrira, gazteak 7 urte zituela. 4 urtez Araban bizi ostean Sestaora joan ziren. Bere aita, Juan Manuel, kazikismo andaluziarretik ihes egin zuen, soldata miserableen eta kaleratze bidegabeengatik[3]. Babcock & Wilcox enpresan aurkitu zuen lana eta Langile Komisioak sindikatura afiliatu zen.

1977ko urtarrilaren 9an Begoñako Andra Mari elizatik amnistia osoaren aldeko manifestazio bat abiatu zuten, 3.000 lagun bildu zituena. Aurreko gaua 110 pertsonek eliza barruan eman zuten. Mobilizazio bukaeran euskarazko komunikatua irakurriko zenean Guardia Zibila eta Polizia Armatuak kargatu zuten. Lekuko askoren arabera Sestaok bizi izandako gertaerarik gogorrera izan zen[1]. Ordu horretan Juan Manuel joko areto batean zegoen polizia lokalean sartu zen arte. Poliziek barruan zeudenak jotzen hasi ziren eta Juan Manuel alde egin eta alboko atari batean sartu zen. Polizia ere atari horretan sartu eta lekuko batzuen arabera, kolpeak eman zizkioten. Lehen solairuko eskaileraburutik salto egin zuen barruko patiora. Ondoren beste patio batera salto egin zuen, 3 metroko jauzierarekin, eta bertan erori zen. Etxearen bizilagunak norbait lurrean zegoela ohartuta, hartu eta Villar y Villate kalera atera zuten, 2. ataritik. Mediku batek lehen laguntza, kardio-masaje eta ahoz ahokoa egin zion, baina ezin izan zuen bere bizitza salbatu[3].

Heriotzaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal eragile politiko gehienek komunikatuak (indibidualak eta bateratuak) kaleratu zituzten Juan Manuelen omenez eta karga polizialen kontra[4][5][6][7].

Hurrengo egunean Ezkerraldeko ia enpresa guztietan (Altos Hornos, General Eléctrica, La Naval, Aurrera, Astilleros de Olabeaga, Lemoniz, Mecánica Lapeña eta Petronor, besteak beste) paroak antolatu ziren Juan Manuelen heriotza salatzeko. Babcock & Wilcox enpresaren langileak, aitaren lankideak, manifestu bat aurkeztu zuten urtarrilaren 11an greba orokor bat egiteko. Bizkaiko enpresa nagusietako ordezkariek bat egin zuten manifestuarekin. Euskal eragile politiko ezkertiarrak ere gehitu zirenː Comité Central Socialista de Euskadi, EKA, Eusko Sozialistak, KAS koordinadorako erakundeak, LCR-ETA, EMK, ORT, EPK, PT, UGT, USO eta Langile Komisioak[8][9].

Eguerdian 25.000 lagun bildu ziren hiletan, Sestaoko Espainia plazan (gaur egungo Kasko plaza). Hilkutxa plazaren kioskoaren erdian ipini zen eta bere alboetan gaztearen bi argazki handi[10]. Begoñako elizaren parrokoak Juan Manuelen heriotzari buruz hitz egin zuenː

Atzo familia bisitatu genuenean, ama berak kontatu zigun zelan bere semearen gorpua ikusi zuen eta ez zuela kanpoko lesiorik izan. Hala ere, gure herriaren iritzi hedatuena da egoera normaletan Juan Manuel igandean ez zela hilko. Egia esanda, herriak arrazoi sendoak ditu era horretan pentsatzeko, izua jota ere hil daitekeelako[3].

Oroimen historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hil zen atarian, Villar y Villate kalearen bigarren zenbakian, plaka batek sestaorra omentzen eta gogoratzen du.

Gogoan Sestao elkarteak Juan Manuel Iglesias, Jenaro Sánchez eta Victor Manuel Pérez Elexpe gazteen bizitzak eta memoria bildu zituen Oroimena duen herria dokumentalean[11].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Ceberio, Jesús. (1977). «Malestar en Vizcaya por la muerte de un joven en Sestao» El País ISSN 1134-6582. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2019-05-14) (Noiz kontsultatua: 2020-09-08).
  2. (Gaztelaniaz) Retratos municipalesde las vulneracionesdel derecho a la vida en el caso vasco. Sestao, 1960-2010.. , 16 or. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-09-08).
  3. a b c (Gaztelaniaz) Zabalza, Joseba. (2017). «También de pánico se puede morir» www.euskalmemoria.eus (Euskal Memoria) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2020-09-08) (Noiz kontsultatua: 2020-09-08).
  4. (Gaztelaniaz) PCU alderdiaren agiria. .
  5. (Gaztelaniaz) GEK antolakundearen agiria. .
  6. (Gaztelaniaz) ORT alderdiaren agiria. .
  7. (Gaztelaniaz) Hainbat mugimenduren agiria. .
  8. (Gaztelaniaz) «Vizcaya por la amnistia» Punto y Hora: 5..
  9. 1977 Amnistia urtea. 40 urte geroago. Iratzar, 73 or..
  10. (Gaztelaniaz) Angulo, Javier. (1977-01-11). «Paros en Vizcaya y Guipúzcoa por la muerte de Juan Manuel Iglesias» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-09-08).
  11. «Ayuntamiento de Sestao - Homenaje a Jenaro Sánchez, Víctor Manuel Pérez Elexpe y Juan Manuel Iglesias» www.sestao.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-08).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]