Juan Martinez de Irujo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Juan Martinez de Irujo

Bizitza
JaiotzaIbero1981eko azaroaren 4a (42 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Lehen hizkuntzagaztelania
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakesku huskako pilotaria
Pilota
 
Pisua84 kilogramo
Altuera186 zentimetro
Jasotako sariak

Juan Martinez de Irujo Goñi, pilota arloan Martinez de Irujo deituraz ezaguna (Ibero, Nafarroa Garaia, 1981eko azaroaren 4a), esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari aritzen zen, Aspe enpresarekin. Profesionaletako lehendabiziko partida 2003ko ekainaren 6an jokatu zuen, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 2016ko binakako finala izan zen jokatu zuen azken partida; gero aurkitu zioten bihotzeko gaitz batek behartuta hartu zuen erretiroa. Juan Martinez de Irujok iraultza ekarri zuen esku huskako pilotara; batez ere buruz buru jokatzeko erara,[1] baina baita binaka eta lau eta erdian jokatzeko moldera ere. Hark ekarri zuen gaur egungo jokatzeko modua, aireko jokoa gailendu duena. Ohikoa bilakatu zuen sakeak airez errestatzea.[2] Irujo da hiru txapel nagusiak (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) urte berean janztea bi aldiz lortu duen pilotari bakarra: bai 2006an, bai 2014an bereganatu zituen hiru txapelak. Parte hartu zuen lehenengo Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, 2004an. Esku huska, Irujo eta Aimar Olaizola dira pilotari nabarmenenak XXI. mendean, lehiaketa nagusietan Juanek hamahiru txapel eta Aimarrek hamalau irabazita. Esku huskako inoizko pilotari guztien zerrendan, 20 txapel jaso zituen Julian Retegi handia baizik ez da gorago ageri titulu kopuruari dagokionez.

Indar handiko pilotaria, gogor jotzen zuen pilota bi eskuekin, aireko joko handia zuen, abiadura handia ematen zion jokoari, erasora jokatzearen zalea zen (zenbaitetan, gehiegi arriskatuta tanto asko galtzea eragiten zion horrek), ikuskizuna ematen zuen, eta oso defentsa ona zuen orobat. Lehiarako grina handia zuen, eta ikusleengan sentimendu bizia sortzen zuen: hasieran, joko klasikoaren zale askok joko molde azeleratuegia eta burugabea zela uste izan zuten; baina arian-arian, partidak irabazten zituenez eta ikuskizuna ematen zuenez, pilotazale zorrotzenak konbentzitu zituen, eta zale gazte ugari erakarri.[1][3][4] Esku huskako hiru modalitateetatik (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa), lau eta erdikoan izaten zuen zailtasun gehien, hain indartsua izaki zaila egiten baitzitzaion bere jokoa eremu murriztu horretara mugatzea; dena dela, modalitate horretan ere irabaziak ditu hiru txapelketa.[4] Binaka jokatzen ari zenean, asko laguntzen zion bere atzelariari, zailduko ziren pilotetara airez sartuz, eta aurkariak atzelaria nekarazten ari zirenean jokalekuan atzerago jarrita pilotakadaren batzuk joz. Irujok irabazi du binakako txapelketa nagusian titulu gehien, Maiz II.arekin eta Retegi II.arekin batera: bosna txapel bereganatu dituzte.

Umore eta jendetasun handiko gizona, Mutiloabeitin bizi da, Gemma neska-lagunarekin. Bi alaba dituzte, Arhane (2010eko maiatzean jaioa) eta June (2013ko urrian jaioa). Neska-laguna eta alabak askotan etortzen zitzaizkion pilotalekuan animatzera.[5][6] Elkarpelota pilota akademia sortu zuen 2016an, Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate esku huskako pilotari profesional ohiekin batera, eta hor irakasle lan egiten du.[7]

Kirol ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilotari tradizioko familia baten jaio zen, Iberoko pilotalekuaren ondoan dagoen Ezkoz etxean. Sei urterekin, aitak Iruñeko Oberena pilota eskolara eraman zuen.[8]

Amateurretan, Martinez de Irujok gorputz luzea eta indargea zuen. Hemeretzi urte inguru zituela, ordea, hilabete gutxian hamahiru zentimetro luzatu zen, eta ia hogei kilo hartu zituen: gorakada itzela egin zuen.[8]

Profesionaletara igarotzeko, uneko bi enpresa nagusien eskaintza izan zuen: Asegarcerena eta Asperena. Diruz ez zen alderik bi eskaintzen artean, baina Asegarcek lau urterako sinatzea nahi zuen, eta Aspek bi urterako. Horregatik erabaki zuen Irujok Asperekin jokatzea; ondo atera zitzaion aukera hori, zeren eta, berehala izango zuen arrakastarekin, kontratu laburra izateari esker berehala lortu zuen askoz soldata handiagoko kontratua sinatzea.[8]

Izan ere, profesionaletan debutatu eta berehala, sekulako eztanda egin zuen: hiru hilabetera goi-goi mailan ari zen, sei hilabetera partida nagusiak jokatzen, eta urtebetera buruz buruko txapeldun eta binakako txapeldunorde zen jada. Ordurako, kazetari eta pilota jakitun denek esaten zuten 22 urteko mutil indartsu hori pilotaren historiara pasatuko zela.

2004ko maiatzaren 9an, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Aimar Olaizolaren aurka jokatu zuen buruz buruko finalerdietako partida. Juan bere lehen Buruz Buruko Txapelketa Nagusia jokatzen ari zen, eta orduan txapeldunordea zen Aimar Olaizolari 22-1 irabazi zion. Jendea aho zabalik utzi zuen, eta huraxe izan zuen ordu arteko partidarik gogoangarriena.

2004. eta 2005. urteetako bakoitzean txapel bat eta txapeldunordetza bat eraman zituen, eta 2006a ezin urte oparoagoa izan zuen tituluen aldetik, hiru txapelak irabazi baitzituen urte berean.

2007. eta 2008. urteak txarrak izan zituen, lesioen ondorioz, eta ez zuen txapelketa nagusietako bat ere irabazi. 2007an, final bat bera ere ez zuen jokatu. 2008an, luzaroan sufritzen aritua zen lesioa sendatzearren urtarrilaren 11n eskuin eskutik nodulu bat kentzeko ebakuntza egin ziotelarik,[9] binakako txapelketa nagusitik kanpora geratu zen;[10] buruz burukoan ez zen ondo aritu (final laurdenetan kanporatu zuen Gonzalezek); eta lau eta erdikoan, azkenik txapelketako finala jokatzea lortu zuen berriro, nahiz eta Olaizola II.aren aurka galdu.[11]

2009a, aldiz, oso urte ona izan zuen: lesioak eta ebakuntzak ahaztuta, binaka eta buruz buru txapeldun izan zen, eta lau eta erdian berriz ere txapeldunorde.

2010ean bere laugarren buruz burukoa irabazi zuen. Bere alaba jaio berri Arhaneri eskaini zion. Partida amaieran, pilotariak bere txapelik garrantzitsuena izan zela esan zuen. Izan ere, egun hartan, txapel bat gehiago irabazi ez ezik, bolada txar luze bat amaiarazi zuen; eta, oraindik jardun profesionalean jarraitzen zuten pilotari guztien artetik, txapel gehien zituena bihurtu zen.

2011, 2012 eta 2013an porrot gogorrak jasan zituen Olaizola II.aren aurka; 2011ko Lau t 'erdiko finalean 22-12 galdu zuen, 2012ko eta 2013ko buruz buruko bi finaletan Aimarrek 22-7 egurtu zuen eta 2013ko Lau t 'erdiko finalean 22-16 galdu zuen.

2013ko binakako txapelketa nagusia irabazi zuen ordea, txapelketa horretan debutaria zen Jose Javier Zabaleta lagun. Ustekabean, Zabaletak maila ikusgarria eman zuen: adituen artean adostasun zabala dago, txapelketako atzelaririk hoberena izan zela.[12][13][14][15][16][17] Irujok asko lagundu zion horretan, pilota txarrak eta sakeak kenduz.[18] Txapelketa osoko bikoterik hoberena izan ziren, nahiz eta finala, bi tantoz aurretik zihoazela (6-4), Pablo Berasaluze aurkariaren lesioagatik irabazi zuten.[19]

2014an, Abel Barriola atzelaria lagun binakako txapelketa jokatzen ari zela, ezker eskua mindu zitzaion. Lesio hori sendatu gabe jokatu zituen hortik aurrerako partidak, eta, hala ere, binakako txapelketa hura irabazi zuten, finalean Olaizola II.a eta Aretxabaleta 22-13 mendean hartuta, maiatzaren 25ean, Irujo bera protagonista eta izar nagusia izanik.[20] Hainbat adituren ustez, mesede egin zion lesio horrengatik eskuinez pilota indartsuago astintzeak eta serioago jokatzeak.[21] Buruz burukoan ere —sendatu arte ez jokatzeko gomendioei entzungor eginda— lesio horrekin eta joko estilo serioago horrekin jardun zuen, eta, han ere asko sufrituta, txapelketa hori ere irabazi zuen, finalean Retegi Biri 22-9 nagusitu baitzitzaion, ekainaren 29an.[22] Ondoren, uste baino geldialdi luzeagoa egin zuen, lesioa sendatzearren: hiru asteko atsedenaldia hartzekoa zen hasieran, baina azkenean ia zazpi aste izan ziren, abuztuaren 14an jokatuko baitzuen hurrengo partida.[23] Abenduaren 14an, lau eta erdiko txapelketaren finalean Aimar Olaizola 22-16 mendean hartuta, berriz lortu zuen urte berean hiru txapelketa nagusiak irabaztea. Hiru txapelak urte berean janztea bi aldiz lortu duen pilotari bakarra da.

2015ean txapelketa nagusietako final bakarra jokatu zuen, lau eta erdikoa, eta Mikel Urrutikoetxearen aurka galdu zuen, 22-20.

2016ko lehenengo txapelketa nagusian ere, binakakoan, finaleraino heldu zen, baina partida bukatu aurretik erretiratu behar izan zuen, eskuin eskuko hatz luzea hautsita, 16-10 galtzen ari zela. Apirilaren 9a zen.[24]

Geroztik ez du beste pilota partidarik jokatu:[25] izan ere, urte hartako uztailaren 13an iragarri zuenez, bihotzeko gaitz bat aurkitu zioten. Sendabidearen bila ia urtebetez aritu ondoren, 2017ko maiatzaren 20an iragarri zuen behin betiko erretiratu zela.[26][27] 2017ko ekainaren 24an, omenaldia egin zioten bere enpresa Aspek, hainbat pilotarik eta pilotazaleek, Iruñeko Labrit pilotalekua mukuru beteta.[28] Elkarpelota pilota akademia sortu zuen 2016an, bera bezala esku huska arituak diren Fernando Goñi, Patxi Eugi eta Peio Martinez de Eulate pilotari profesional ohiekin batera, eta hor irakasle lan egiten du.[7]

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Futbolean, Real Sociedaden zale sutsua da.
  • 2006 arte, belarritakoak eramaten zituen; baina, bat galdu ondoren, bestea ere kendu egin zuen.
  • Bere kirol-ibilbidearen hasieran elastikoan «MTEZ. IRUJO» izan ohi zuen idatzita, baina buruz buruko lehen txapela irabazi ondoren «MTZ. de IRUJO»ra aldatu zuen.
  • Profesionaletan aritu baino lehen trinketean ibili zen denbora batez, eta han biziki hobetu zuen aireko jokoa.
  • 21 urte bete arte, Iruñeko Oberena taldean ibili zen.

Kirol lorpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza Pilotalekua
2004 Martinez de Irujo Xala 22-12 Atano III.a
2005 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-18 Atano III.a
2006 Martinez de Irujo Olaizola II.a 22-17 Atano III.a
2009 Martinez de Irujo Olaizola II.a 22-12 Atano III.a
2010 Martinez de Irujo Xala 22-13 Ogeta
2012 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-07 Bizkaia
2013 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-07 Bizkaia
2014 Martinez de Irujo Retegi Bi 22-09 Atano III.a

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Emaitza Pilotalekua
2004 Titin III.aGoñi III.a Martinez de Irujo - Lasa III.a 22-10 Atano III.a
2005 Martinez de Irujo - Goñi III.a Bengoetxea VI.aBeloki 22-12 Atano III.a
2006 Martinez de Irujo - Martinez de Eulate Olaizola II.aZearra 22-11 Ogeta
2009 Martinez de Irujo - Goñi III.a Olaizola II.aMendizabal II.a 22-21 Atano III.a
2013 Martinez de Irujo - Zabaleta Berasaluze VIII.a(1) - Albisu 22-04 Bizkaia
2014 Martinez de Irujo - Barriola Olaizola II.aAretxabaleta 22-13 Bizkaia
2016 Olaizola II.aUrrutikoetxea Martinez de Irujo(2) - Rezusta 16-10 Bizkaia

(1) Lesionatuta erretiratu zen, orpazurda hautsita, 5-4 galtzen ari zela.
(2) Irujok eskuin eskuko hatz luzea hautsi zuen 11-10ekoan, eta jarraitzen saiatu zen arren, minaren minez bertan behera utzi behar izan zuen finala.[24]

Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelduna Txapeldunordea Emaitza Pilotalekua
2006 Martinez de Irujo Barriola 22-21 Ogeta
2008 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-17 Atano III.a
2009 Gonzalez Martinez de Irujo 22-18 Atano III.a
2010 Martinez de Irujo Barriola 22-17 Atano III.a
2011 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-12 Bizkaia
2013 Olaizola II.a Martinez de Irujo 22-16 Ogeta
2014 Martinez de Irujo Olaizola II.a 22-17 Bizkaia
2015 Urrutikoetxea Martinez de Irujo 22-20 Bizkaia

Estatistikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokatutako partidak Irabaziak Galduak Garaipen portzentaia
938 570 368 % 60,76

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euzkitze, Xabier. (2017-06-25). «Bihotza bete lan» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2017-06-26).[Betiko hautsitako esteka]
  2. (Gaztelaniaz) Lezeta, Joseba. (2017-06-24). «Adiós a una figura irrepetible» Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2017-06-26).
  3. (Gaztelaniaz) Santi Agirre: «Gran Reserva», Revista Frontón, 27. zenbakia, 2017ko ekaina.
  4. a b (Gaztelaniaz) «Irujo, el volcán», 21iguales.com, 2014-11-19.
  5. (Gaztelaniaz) Iñaki URBISTONDO: «En Ibero con Juan Martínez de Irujo: “Habría sido un puntazo jugar la final en San Mamés”», Mundo Deportivo, 2013-06-19.
  6. (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «Martínez de Irujo: "Cuando la Duquesa de Alba sale en la tele, algún amigo me dice: 'Mira, tu tía'"», Diario de Noticias, 2011-08-29.
  7. a b (Gaztelaniaz) «Juan Martínez de Irujo, expelotari profesional: “Uno puede dejar de vestirse de blanco, pero nunca deja de ser pelotari”» Deia 2017-06-05 (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
  8. a b c Koldo ALDALUR: «Juan Martinez de Irujo: pilotalekuko Errege berria», Argia, 1947. zenbakia, 2004-06-06.
  9. (Gaztelaniaz) L. GUINEA: «Irujo pasa hoy por el quirófano para reparar su derecha y será baja 3 meses»[Betiko hautsitako esteka], Diario de Navarra, 2008-01-11.
  10. (Gaztelaniaz) «Vuelve Irujo», La Rioja, 2008-03-17.
  11. (Gaztelaniaz) L. GUINEA: «Juan, el imparable», Diario de Navarra, 2010-12-08.
  12. Imanol MAGRO: «Bizitakoaz ikasten»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2013-03-27.
  13. (Gaztelaniaz) «José Javier Zabaleta ha sido la gran revelación»[Betiko hautsitako esteka], Mundo Deportivo, 2013-04-10.
  14. Imanol MAGRO: «Zazpirekin, barrura»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2013-02-07.
  15. (Gaztelaniaz) Igor G. VICO: «José Javier Zabaleta, zaguero de Aspe: "Estoy con golpe, con confianza y con ganas de jugar este tipo de partidos"»[Betiko hautsitako esteka], Noticias de Gipuzkoa, 2013-02-06.
  16. (Gaztelaniaz) Javier LEONÉ: «Zabaleta da el golpe»[Betiko hautsitako esteka], 2013-02-11.
  17. (Gaztelaniaz) «Irujo y Zabaleta no tuvieron misericordia de Barriola», Diario Vasco, 2013-02-03.
  18. Imanol MAGRO: «Armstrongi barkatu zion gaztea», Berria, 2013-04-23.
  19. (Gaztelaniaz) Jon ORMAZABAL: «A Pablo Berasaluze se le fracturó mucho más que el talón de Aquiles», Gara, 2013-04-29.
  20. Leire ETXAZARRA: «Irujo eta Barriola, jaun eta jabe», EITB.com, 2014-05-04.
  21. Imanol MAGRO EIZMENDI: «Abel Barriola, Aspeko pilotaria: "Zirkulu bat itxi dudala sentitzen dut"», Berria, 2014-05-06.
  22. Jon ESKUDERO: «Juan Martinez de Irujo: bosgarrena, "bereziena"», Berria, 2014-07-01.
  23. Imanol MAGRO EIZMENDI: «Irujo: "Txapela irabaztearen adinako poza hartu dut"», Berria, 2014-08-13.
  24. a b Magro Eizmendi, Imanol. (2016-04-10). «Zoritxarra gonbitik gabe sartu da festan» Berria.
  25. Eizmendi, Imanol Magro. «Juan Martinez de Irujo, pilotaria: “Ametsetan jokatzen dut pilotan, eta pena ematen dit esnatzean”» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
  26. (Gaztelaniaz) «Martínez de Irujo: “No volveré a jugar más, pero nunca me iré de las kantxas”» Aspepelota 2017-05-20 (Noiz kontsultatua: 2017-06-26).
  27. (Gaztelaniaz) «Juan Martínez de Irujo anuncia su retirada definitiva por una patología cardiaca» Marca (Noiz kontsultatua: 2017-06-23).
  28. (Gaztelaniaz) «Irujo: “Esto es lo más grande que me ha pasado”» Deia 2017-06-25 (Noiz kontsultatua: 2017-06-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]